Duela
hiru urte, Blas de Oteroren heriotzaren hogeigarren urteurrenean,
Sabina de la Cruzek egia bihurtuta ikusi zuen bere ametsik handienetariko
bat: hain zuzen ere orduantxe jarri zen abian olerkariaren izena
zeraman Fundazioa. Ahaleginak eta bi egin ondoren, katedradun
eta ikertzaile ezagunak Bilbon bilduko dituen Oteroren inguruko
lehenengo biltzarra antolatzea lortu du, azkenean. Egilearen obra
osoa kaleratzear dagoela, belaunaldi berriak gaztelaniak inoiz
eman duen olerkaririk handienetariko batengana hurbilduko balira
poz handia hartuko lukeela aitortzen du.
-Luze eta zabal
hitz egin da Otero sozialari buruz, ‘Pido la paz y la palabra’,
‘Que trata de España’ edo ‘En castellano’ bezalako obren
egileaz, baina gutxitan aipatzen da erlijioarekin hain lotuta
egon zen olerkari existentzialista, ‘Ángel fieramente humano’
edo ‘Redoble de conciencia’ bezalako obren egilea (bi hauek, gerora,
‘Ancia’ obran bilduko ziren). Nolakoa izan zen Blas de Otero olerkariaren
ibilbidea? Blas txikitan hasi
zen idazten. Zortzi urte zeuzkanetik hamabost bete arte, aitaren
lana zela-eta, Madrilen bizitu zen. Eta hango jendeak asko apreziatzen
zuen, olerkiak idazten zituelako. Hemen ez zuketen hainbeste apreziatuko.
Lagun batek, txantxetan, esaten zion Bilbon futbolean jokatzeko
erabiliko zuketela bere burua. Blas bokazioz zen olerkaria,
eta hori oso garrantzitsua da bere olerkietan islatzen den sufrimendua
ulertzeko. Oso gaztea zen anaia zaharrena hil zitzaionean, eta
handik hiru urtera, gainera, aita hil zitzaion. Hamabost urterekin,
ama eta arrebak besterik ez zeuzkan. Jaio zenetik olerkaria izan
nahi zuen, baina Zuzenbidea ikasi behar izan zuen. Amorebietako
burdinola batean hasi zen lanean, abokatu bezala, eta, olerki
batean dioenez, hantxe hasi zen bere lehenengo liburua idazten.
Berez, San Juan de la Cruzen jaiotzaren laugarren urteurrenaren
inguruan prestatu zituen olerki batzuk ziren. Cántico
Espiritual izenburua ipini zien. Olerkietako batean dio "fabrikako
entretenimendu" bat direla. Oso olerki erlijiosoak ziren,
hezkuntza ere halakoa izan zuen-eta. Baina beretzat oso traumatikoa
izan zen aukeratutako bidea utzi behar izatea. Fabrikan, abokatu lanetan,
gehiegi sufritzen zuenez, Burdinolak utzi eta Madrilera joan zen,
Filosofia eta Letrak ikastera. Baina erabaki horrek ikaragarrizko
erruduntasun sentimendua sortu zion eta bizitza guztian zehar
ez zuen gainetik kentzerik lortuko. Gurasoek beretzat prestatutako
proiektuari leial ez izate horrek depresio ziklikoak eragin zizkion.
Nolabait familia ordezkatzen zuen pertsona ama zen bere kasuan.
Aita baten aurka altxa zaitezke, baina ama baten aurka sekula
ez. Eta ez baldin baduzu zure ustez berak nahi duena egiten, urtetan
ordaindu behar izango duzu. Nik uste dut hortik etorri zirela
Blasen krisiak, erlijio krisia baino gehiago, bokazio krisia zelako
berea.

Bokazioaren eta familiaren
obligazioaren artean zalantzatan zebilen bitartean, kanpoan gerra
bat amaitu orduko bestea zetorren: Espainiako Gerra Zibila lehendabizi,
eta Bigarren Mundu Gerra handik gutxira. Bilbora erbesteratu asko
iritsi ziren, hildakoz betetako irudien oroitzapenekin, eta Blas
hain zen sentibera, denak eragiten ziola. Bere barneko mundua
apurtzen zihoan bezala, behera zetorren inguruan zeukan mundua
ere. Horixe da Ángel fieramente humano eta Redoble
de conciencia-n jasotzen duen inpresioa: "Dónde
estás, oh Dios, oh Padre, dónde estás que
abandonas a tus hijos", "poderoso silencio, alzo la
mano y tú me la cercenas, abro los ojos, me los ajas vivos".
Babesa eskaini beharko liokeen Aitari laguntza eskatzen dio, baina
ez zaio iristen. Hala ere, hori ez zitzaion
Blasi bakarrik gertatu; adin bereko beste batzuei ere entzunak
dizkiet horrelakoak. Baina Blasentzat izugarrizko kataklismoa
izan zen. Horrela sortu zituen Ángel eta Redoble-ko
olerki hunkigarri zoragarri horiek. Bide berri bat zabaldu zuen,
bizitzarako plan berri bat. Bitxia zen bere fedea. Berak espero
bezalakoa ez izan arren, eta erantzunik ez jaso arren, objektua
aldatu eta mantendu egin zuen: gizaki guztiak zituen anai-arrebatzat.
Horixe dio Pido la paz y la palabra-n, eta baita ere ángel
fieramente humano-n ("surto un agua, hermanos, eterna
no, parada ante la casa"). Goitik ez zaigu erantzunik etortzen,
baina sakrifizioak eta minak batu egiten gaituzte. Horrela hasten
da Blas bere olerkia besteengana zabaltzen. "Salí
un día echando espuma por los ojos, ebrio de amor, mirando
sin saber a dónde". Begirada hori da besteei, anai-arrebei,
zuzentzen diena.
-Olerki soziala
bereziki...
Olerki
soziala deituriko hori hiru liburutan agertzen da bereziki: Pido
la paz y la palabra, En castellano eta Que trata
de España-n, baina bere liburuetan beste gai batzuk
ere ukitzen ditu beti, gai intimoak, maitasunezkoak, existentzialak,
tristeak. Olerki batean, zera dio: "Yo entre álamos
y ríos, ¿cómo es posible que yo, tan triste como
estoy, pueda estar disfrutando aquí del canto del río,
del sonido de los pájaros?, ¿cómo es posible?".
"¿Qué haces ahí, qué haces ahí?
Anda, no sufras, anda, ya vendrá mañana. Iremos
de verdad a ver el río". Munduarentzako bakean pentsatzen
egon arren, ezin zituen barruan zeramatzan minak ahaztu. Bere
olerkietan, gizakiaren alderdi guztiak agertzen dira: gizakiaren
alderdi soziala, eta barnean sufrimendua daraman gizakiaren alderdi
intimo eta existentziala. Gerraostea oso latza izan zen
Espainian. Gerra zibilak oso gogorrak izaten dira, anaien artekoak
direlako: gorrotoa, kartzela, heriotza... Eta, gerra amaitu ondoren,
etxe berdinean bizitzen jarraitu behar dute. Gerraostean gerran
baino askoz ere jende gehiago hil zen. Eta hain zuzen ere panorama
horrekin egin zuen topo Blas gazteak: bizitzen hasi orduko, askatasunik
gabeko egoera bat zuen aurrean, gauza guztiak debekatzen zituen
diktadura bat, eta hasteko liburuak. Egoera horrek, hitzaren bidez
jendearen duintasun eta askatasunaren alde borrokatzera eraman
zuen. Blasek ondo baino hobeto zekien jende horrek ez zuela olerkirik
irakurtzen, baina ziur zegoen egoera historiko eta soziala aldatzerakoan
irakurri egingo zuela. Jende hori guztia bere olerkietako protagonista
bihurtzen du, eta horien guztien izenean mintzatzen da duintasun
eta askatasuna lortzeko. Askotan galdetu didate zergatik
zeukan Blasek bere olerkietan bakearekiko halako obsesioa. Baina
kontua da bera gerraz gerra bizitu zela. 1916an jaio zen, Lehenengo
Mundu Gerra hasi zenetik bi urtera; hemeretzi urte zeuzkanean,
gerra zibila piztu zen; eta, hau bukatu bezain pronto, Bigarren
Gerra Mundiala hasi zen. Eta, gero, gerraosteko espainiar latz
hura etorri zen. Ni gerraosteko haurra naiz, eta ondo dakit hori
zer den. Beti horrelako egoeratan bizitu den pertsona batek, halabeharrez,
bakea opa dei denei. Baina bakeak ez du gerrarik
gabeko egoera bakarrik adierazi nahi. Bake mota gehiago daude:
etxe barruan zaren bezalakoa izateko eta pentsatzen duzuna esateko
askatasuna izatea, adibidez. Blasek horrelako bakea ere nahi zuen.
Eta bada beste bake mota bat ere: zeure buruarekin pozik egoteak
ematen duena. Blas bake horren bila ere aritu zen denbora batean.
"Yo doy todos mis versos por un hombre en paz" esaten
duenean, bake mota horiei guztiei buruz ari da hitz egiten.

Bada beste oso gauza
bitxi bat, inork esan ez duena, eta ez dakit zergatik. Esate baterako,
bere liburu batek En castellano du izenburua. Zergatik?
Liburuaren hasieran, Menéndez Pidal-en obra batean aipatzen
den Poema de Fernando González azaltzen da: "estos
castellanotes, decían los fieles al rey, son apartadizos
y rebeldes. Parecen vascos". En castellano horrek,
garbi hitz egitea esan nahi du. Liburu hau ezin izan zenez Espainian
argitaratu, Frantzian atera zen, Parler clair izenburuarekin.
Que trata de España liburuko olerki gehienak Espainiatik
kanpo idatzi zituen, Parisen, Moskun eta Txinan, 60-61 urteetan,
etxetik urrun, bertoko hizkuntzak ezagutu ere egiten ez zituen
lekuetan. Izugarrizko herrimina sentitzen zuen. Hantxe idatzi
zituen Bilbo eta Orozkori buruzko olerki gehienak. Olerki batean
dio "recobrar a golpe de palabra la tierra que está
lejana". Espainia herri modura irudikatu nahi du. Horregatik
idazten du minuskulaz, eta ez maiuskulaz, erregimen frankistak
bezala. Beste Espainia bat azaldu nahi zuen, herria bera, benetakoa.
-Dámaso
Alonsok Gabriel Celaya eta José Hierro bezalakoen artean
sartu zuen Oteroren gerraosteko olerkia, sustraitu gabeko olerkia
deitu izan den horretan. Nolanahi ere, Oterok maitasun eta gorrotozko
harremana zeukan bere jaioterriarekin, eta ahal zuen guztietan
itzultzen zen hara. Zenbateko eragina izan zuten Bilbok eta Orozkok
bere olerkian? Gerraosteko olerkiari
dagokionez, Dámaso Alonso izan zen Espainian bizi zen egoera
larriaz jabetu zen lehenengoa. Benetako errealitateaz hitz egiten
eta idazten hasi zirenei, sustraitu gabeko olerkari deitu zien.
Baina, sustrairik gabeko olerkiak al dira? Zer da sustrairik gabeko
olerkia? Nire ustez, justu kontrakoa da: egoera historikoan errotuta
dagoen olerkia da, une horretan bizi den sufrimenduaz hitz egiten
duen olerkia. Hauek ez ziren ameskerietan ibiltzen, garcilazistak
bezala. Blasek Bilborekin izan zuen
lotura, berriz, nik uste dut nahiko garbi gelditzen dela Poemas
vascos irakurrita. Zer da pertsona bati minak eta krisiak
eragiten dizkiona, eta bizitzaren aurrean izango duen jarrera
markatzen diona? Bere ingurua. Blas Bilbo burgesean jaio zen,
baina bere aita dirurik gabe gelditu eta gero ezagutu zuen burgesia
hori. Eta hori oso garrantzitsua da, bokazioa bideratzeko modurik
gabe ikusi zuelako bere burua. Izugarri sufritu zuen kontu horrekin.
Poemas vascos-en, benetan gogorrak diren olerki batzuk
dauzka: "Me diste hasta el fondo del alma". Borrokatzen jarraitzeko, eta
bera izaten jarraitzeko, kanpora joan behar izan zuen, garai hartan
jende gehienak egin zuen bezala. Hori bai dela sustraiak uztea.
Dena den, zera zioen Que trata de España-n: "no
estoy desarraigado aunque ande asido, más bien como una
rama asida con las dos manos a su raíz". Eta horrelakoak
ere bai: "esta tarde oigo el golfo de Vizcaya aquí,
en estos mares de China jadeantes de nocturno marfil". Berdin
zuen Shangaien edo La Habanan egon; zegoen tokian zegoela, bere
lurraren oroitzapenak etortzen zitzaizkion gogora. Hori maitasunaren
fruitua da. Asko borrokatu behar izan zuen maitasun horren alde,
baina beti eraman zuen barruan.

Madrilen bizi ginenean,
hiru egun libre geneuzkan bezain laster, Bilbora etortzen ginen.
Uda ere hemen pasatzen genuen, hementxe baitzeuden bere ama eta
ahizpak, eta nire familia. Zergatik eragiten zion Bilbok halako
haserrea? Ba bere gaztaroko Bilbo bera zelako, borrokatzen ibili
behar izan zuen garaiko berbera. Orozko, aldiz, oporrekin, zelaiekin,
amonarekin eta askatasunarekin lotzen zuen. Hori da leku idilikoekin
gertatzen dena.
-Nolako harremana
izan zuen euskal olerkari eta sortzaileekin? Eta euskararekin?
Hainbat olerkitan, eta Lourdes Iriondori eskainitakoan bereziki
(‘Euskera egin dezagun’), Oterok aspalditik daukagun zor bat kitatu
beharra aldarrikatzen zuen: euskara berreskuratzea.
Pido la paz y la palabra
idatzi zuenetik, beti aipatzen zituen euskal olerkariak: Lauaxeta,
Lizardi, Etchepare… Koldo Mitxelena ezagutzen genuen, eta Oteizarekin
ere bagenuen traturik —hilabete inguru eman genuen Arantzazun
berarekin bizitzen—. Nik uste dut Blasek beti izan zuela "ordaindu
gabeko letra" deitu zuen horren inpresioa. Barru-barruan zeraman
sentimendu hori, eta euskal olerkariak aipatzen zituenean azaleratu
egiten zuen. Ikurrina Espainia guztian zehar zintzilikatzen zen
garaian idatzi zuen Lourdes Iriondori eskaini zion olerkia, 68.
urtean. Borroka betean zebilen herri euskaldunaren aldeko aldarrikapen
bat zen.

Blas Gabriel Aresti
ezagutu zuenean jabetu zen bere euskalduntasunaz. Arestik Bilbon
ikasi zuen euskara, eta Blasek ikaragarrizko inbidia zuen hark
bazekielako euskaraz egiten, eta berak ez. Euskarak Orozkoko Pepita
amonaren oroitzapenak ekartzen zizkion gogora. "Al nacer
me mutilaron la lengua", esaten zuen Orozkoko eta Durangaldeko
bere arbasoen hizkuntzari buruz. Beste alde batetik, oso interesgarria
iruditzen zitzaion euskararen eta gaztelaniaren arteko harremana,
hizkuntzaren teoria. Bere pentsaera berezia, hain zehatza, hain
laburra, "corto en palabras como el hierro vizcaíno",
oso lotua zegoen bere izaerarekin. Eta olerkariek hizkuntzan islatzen
dute beren izaera. Blas hitzen artean bizi zen, sortzaile guztiak
bezala. Hori zen jasotako oinordetza. Euskararik ez zekien arren,
euskarak eragin handia izan zuen gaztelaniaz idazteko moduan.
Hizkuntzak sortzaile guztiengan du eragina. Eta Blas konturatzen
zen horretaz.
-Nola ezagutu
zenuten elkar? 1971ko irailean izan
zen, nire etxean. Agustín Ibarrolarekin eta, bera bezala,
Paristik etorritako beste margolari batzuekin etorri zen. Bere
olerki batean dio: "en septiembre del 71 salí del
oui y entré en el bai de mi país".
Garai hartan buruz nekien Blasen obra guztia. En castellano
argitaratu berri zuen, eta Frantziatik ezkutuan ekarri genuen,
muga zeharkatzeko. Blas de Otero zela esan zidanean, txundituta
gelditu nintzen. Oso gizon erakargarria zen. Gure harremana benetako
amodiozkoa izan da. Une asko bizitu ditugu elkarrekin, gaixotasunak
tartean —Blasek nahiko osasun kaskarra zeukan—, baina beti poz
eta maitasunez beteta. Oso gazterik hil zen, 63 urterekin ez baita
hiltzeko garaia, baina behintzat bat-batean hil zen, ezer sentitzeko
astirik gabe.
-Filologia
Erromanikoan doktorea zara, eta urtetan euskarazko klaseak ematen
aritu zara Madrilgo Complutense Unibertsitatean.
Madrilgo
Complutense Unibertsitatean euskarazko klaseak baldin badaude,
horien ardura nik hartu nuelako da. Nire tesina euskara eta gaztelaniaren
arteko harremanari buruz egin nuen, Mitxelenarekin, baina ez nekien
euskaraz hitz egiten. Beraz, lanpostua eskaini zidatenean, hasieran
erokeria iruditu zitzaidan. Hala ere, ordurako ikasle dezente
zeudenez klaseetarako apuntatuta, baiezkoa eman nuen, baina baldintza
batekin: euskara menperatzen zuen norbait azaldu orduko, nik utzi
egingo niola eskolak emateari. Eta horixe egin genuen. Lagun asko egin nituen garai
hartan, eta batzuk oraindik ere oso adiskideak ditut gainera.
Aukera izan bezain laster, nire ikasle izandako baten esku utzi
nituen klaseak, Pilar Muñoa donostiarraren esku. Urtetan
izango zen euskarazko irakasle. Nire ikasle izandako batzuk euskal
hizkuntzalaritzako ikertzaile ezagunak dira orain, Maite Etxenike
adibidez.
-Argitaratu
dituzun lanen artean, Oteroren obrari buruzko hainbat azterlan
dauzkazu. Pertsonalki ezagutu izanak izan al du eraginik zure
lanean? Gaztea nintzenean olerkiak
idazten nituen, eta hor bai izan zuela eragina Blas ezagutu izanak.
Halako olerkari on bat ezagututa, nor ausar daiteke olerkiak idaztera?
Dena den, badauzkat oraindik argitaratu ez diren olerki intimo
batzuk. Sukaldean, egin beharreko erosketen orrien artean uzten
nituen olerkiak dira. Noizean behin olerkiren bat edo beste idazten
nuen, eta hurrengo egunean Blasek berak idatzitako bat aurkitzen
nuen nirea utzitako lekuan. Gero kritika lanetan aritu nintzen,
testu iruzkinak egiten. Klaseak prestatzeko denbora asko behar
izaten nuen. Eta, gainera, emakume guztiek bezala, etxeko lanak
ere egin behar nituen.
Nire
doktore tesian, bere obrari buruzko edizio kritiko bat egin nuen,
berarekin askotan hitz egiten nuelako bere testuei buruz. Edizio
kritiko bat egin ahal izateko, oso garrantzitsua da sortzaile
batek lana nola egiten duen jakitea, eta are gehiago sortzaile
hori olerkaria bada, olerkariak oso sortzaile bereziak direlako.
Ez dute, eleberrigileek bezala, lana egunero-egunero egiten, baizik
eta ia oharkabean iristen zaien uhin erritmiko moduko batean murgilduta.
Egun batzuetan erabat joanda egoten dira, gainerako guztia existitu
ere egingo ez balitz bezala. Blasen kasua oso bitxia zen,
epealdi horietan oso lasai egoten zelako, bakean. Gauez idazten
zuen, eta egunez, berriz, lo kuluxka bat egin eta musika entzuten
zuen. Isila zen, zoriontsua. Epealdi hori pasatakoan, olerkiak
makinaz pasatzen hasten zen. Blasek esertzeko eta entzuteko eskatzen
zidan arte, sekula ez nuen bere olerki bat bera ere irakurtzen.
Ez nintzen bere intimitatean sartzera ausartzen. Hainbeste maite
nuen, ez nuela bere intimitatea urratu nahi. Olerkiak irakurri
ondoren, elkarren artean komentatzen hasten ginen. Asko ikasi
nuen Blasekin.
-Askotan aipatu
izan da Blas de Otero lotsatia eta barnerakoia zela, baina nolakoa
zen egunerokotasunean? Oso erraza zen berarekin
bizitzea. Inoiz ez zuen ezer eskatzen. Baina jakin egin behar
zen zergatik hitz egiten zuen hain gutxi. Batzuetan pentsatzen
nuen agian ez zegoela gustura, baina denborarekin konturatu nintzen
isilune horiek bakez beteta zeudela, inoiz edo behin olerkiren
batean esan zuen bezala. Nire ustez, oso harreman aberatsa
izan genuen, niretzat batez ere. Eta badakit Blasi etxe barruan
behar zuen askatasuna ematen jakin nuela. Etxean nahi zuen guztia
egiten zuen, jakinik egiten zuena egiten zuela, beti begi onez
ikusiko nuela. Eta hori oso garrantzitsua da olerkari batentzat.
Askotan esaten nion guk ez geneukala errurik nik nire klaseekin
berak bere olerkiekin baino diru gehiago irabazteagatik. Oso harreman
ona izan genuen, oso lasaia. Hori zen berak behar zuena.
-Hemendik gutxira,
Blas de Oteroren obra guztiak bilduko dituen edizio bat kaleratuko
da. Olerkaria hil zenetik 23 urte igaro direnean, zer dauka bere
obrak eskaintzekorik? Oso garrantzitsua da,
Blasen obrako pasarte batzuk argitaratu gabe daudelako oraindik:
Hojas de Madrid —Madrilera itzuli zenean hasi zelako idazten
darama izenburu hori— eta La galerna, Kantauri itsasoko
ekaitzari buruzko liburu bat, Blasek izaten zituen depresioak
sinbolizatzen dituena: "a lo lejos ya viene la galerna, la
espero a pecho descubierto, pecho como la guitarra de Bob Dylan".
Depresio horiek bere obran jasotzeak on handia egin zion, horiek
gainditzen lagundu ziolako. Hil aurreko urteetan oso ondo egon
zen, ez zen lehen bezainbeste deprimitzen. Oso gizon bizizalea
zen. Izugarri gustatzen zitzaion zinera joatea, kalean paseatzea,
eta lagunekin egotea —lagun minekin esan nahi dut, jendetzak ez
baitzitzaizkion batere gustatzen—. Beste alde batetik, lehenengo
hauteskundeetako kanpainan parte hartu zuen, eta uste dut ia ezin
zuela sinistu ere egin. Askatasun eta duintasunaren alde hainbeste
borrokatu ondoren, izugarrizko poza eman zion demokrazia bazetorrela
ikusteak. Franco bera baino lehenago hil zen. Obra honen edizioan, azterketa
zientifikoan prestatutako testua joango da, baina ez da edizio
kritiko bat izango. Aurrerago bai, argitaratuko dugu edizio kritikoren
bat, oso garrantzitsuak izaten direlako ikertzaileentzat.

Obra honi esker,
Blasen obra guztia irakurri ahal izango dugu: bai argitaratu gabe
dagoena, bai agortuta dagoena. Irakurleak Blasek idatzi zuen guztia
irakurtzeko aukera izango du: lehenengo olerkitik hasi eta azkenekora
bitarteko guztia. Jende guztiarentzako moduko edizioa izango da.
Blasek irakurleentzat zenbateko garrantzia duen ikusi ahal izango
da, beti zeukalako irakurlea gogoan, irakurle gaztea batez ere.
Horrela dio Poemas vascos-en hasieran: "pero yo llamo
a mi puerta, y su sonido sé que responde, no por sí
sola, sino a golpes de otras manos seguramente jóvenes".
Nahiko nuke esku horiek gazteak balira. Blasek hitzetan oinarritu
zuen bere bizitza guztia. Zuek olerki horiek irakurri eta zaindu
egin beharko dituzue, horiek dira-eta utzi dizkigun seme-alabak.
Sabina
de la Cruz
Sabina
de la Cruz, Blas de Otero Fundazioko lehendakaria
da 1999az geroztik (sortu zen urte beretik).
Filologia Erromanikoan doktorea, Madrilgo Complutense
Unibertsitateko irakaslea izana da. Filologia
Erromanikoa, Dialektologia Italiarra, Euskal
Hizkuntzalaritza eta Espainiar Literatura Garaikideko
klaseak eman ditu unibertsitatean.
Real
Academia de la Lengua Españolako Lexikografia
Mintegian ikertzaile gisa parte hartu du. Blas
de Oteroren literatur obran eta biografian aditua
da. Hainbat lan idatzi ditu bere inguruan, eta
hitzaldi ugari eman ditu Espainian zein atzerrian.
Bere
lanean artean, aipatzekoak dira:
"Contribución
a una edición crítica de la
obra literaria de Blas de Otero". Madril.
Universidad Complutense. 1983
"Historias
fingidas y verdaderas"-en edizioa, sarrera
eta oharrak. Madril. Alianza ed. 1980
"La
erotización del espacio en los poemas
de amor de Blas de Otero" artikulua.
Eros literario. Universidad Complutense. 1989
"Blas
de Otero, mediobiografía" edizioa,
Mario Hernández-ekin batera. Madril.
Turner
"Poesía
escogida de Blas de Otero". Vicens Vives.
Sabina de la Cruz eta Lucía Montejo-ren
edizioa. Bartzelona. 1995
|
|
|
Argazkiak: Estibalitz Ezkerra (Blas de Oteroren omenez Bilbon egindako erakusketan
hartutako argazkiak dira)
Euskonews & Media 168.zbk
(2002 / 5 / 24-31)
|