Jose
Antonio Fiestras 1943ko otsailaren lehenengoan jaio zen Gasteizen.
Oinarrizko batxilerra egin eta zenbait urtetan industria lanean
aritu ondoren, bere zaletasunetik bizitzea erabaki eta enpresa
utzi zuen hogeita hamar urterekin. Mende erdi baino gehiago duen
gizonak bere ametsa egia bihurtu du. Bere artelanak munduko zenbait
museo eta bilduma pribatutan aurkitzen dira, hala nola Kolonbia,
Kanada eta Mexikon, espainiar estatuaz gain. Baina artista arabarrak
badu ezkutuko beste zaletasunik ere: poesia idaztea. Oraindik
ez du baztertu horiek argitaratzeko ideia. Eta bere lagunekin
golfean ari denean, jokoan duen maisutasuna pintura lanetan aplikatuz
gero munduko margolaririk onena izango litzatekeela adierazten
die, umore klabean.
-Diotenez,
Hamilton argazkilariaren errealismo fantastikoaren antza dute
zure koadroek... Egia esan, margotzen
hasi nintzenean argazkilari honen lana jarraitzen nuen, bere lanak
oinarritzat hartu eta horiek margotzen nituen. Bai, eragina nabarmena
dela esan daiteke. Nire hastapenean puntilismoa jorratu nuen.
Baina denborarekin puntuek zertzeladak ziruditen, eta beste zerbaiti
heldu behar niola iritzi nion. Gasteizko Antxo Jakintsua kalean
bazegoen leihoaren atzean panpinak zituen etxabe bat. Haiek marrazteari
ekin nion, eta kristalaren ostean zegoenak eragindako efektua
atsegin nuela ikusi nuen. Horregatik margotzen ditut lausodurak.
-Beti lotu
al zaituzte errealismo fantastikoarekin? Jaso ditudan kritika
gehienetan "oniriko" hitza agertu izan da. Ametsekin
loturiko elea den arren, ez da barruan daramadan ezer. Nik beti
egin dut atsegin dudana, sentitzen nuena, eta ez zaizkit axola
izan kritika horiek. Nire koadroek gidatu naute beti, eta ez naiz
inoiz nire estiloaren menpeko izan.

-Arabar pinturaren
aitzindaritzan aurkitzen zaitugu aspalditik. Nola ikusten duzu
azken urteotan emandako bilakaera? Gazte nintzela Grupo
Pajarita zeritzona izan zen lehenengo ezagutu nuena, eta hura
hartu nuen erreferentzia gisa: Suárez Alba, Pichot,...
Gerora Ortiz de Elgea, Mieg, eta hauen gisako pintoreak zeuden
denon ahotan. Eta gaur egun artisten artean "denak balio
du" ideia dagoela deritzot. Baina Grupo Pajarita edo Orain
ziren ez bezala, gaur ez dago talde ideiarik. Gaur egun lagunen
taldeak daude, beste batzuk alboratzen dituztenak eta kritika
guztiek sinadura bera daramate...Ez bazara horien gustukoa, agur!
Baina ni ez naiz horretan sartzen, bakarrik ibiltzea nahiago baitut.
-Egia esan,
oso eskaintza zabal eta joria dugu arabar pinturan: zu zeu, Carmelo
Ortiz de Elgea, Rafa Lafuente, Mieg... Bai. Baina gauza bat
argi utzi behar da. Ez dakit ni marrazteko orduan arruntegia ote
naizen, baina aipaturiko beste artistak teknikaren hausleak izan
ziren, ni baino gehiago bai behintzat. Denek bide desberdinei
ekin genien, batzuetan topo egin dugun arren. Gainerako artisten
aukerak errespetatzen ditut… denak duinak direlako.
-Oker ez banago,
ez zara arte galerien produktu tipiko horietakoa. Behintzat, zure
komertzializazioa ohiko zirkuituetatik kanpo dagoela uste
dut... Egia esan, ni arte
galeria komertzialen produktu izana naiz. Bertan dagoenak badaki
arte galeriak zutaz baliatzen direla negozioa aurrera eramateko,
eta ez alderantziz. Azken finean ez dakizu norentzat diharduzun
lanean, zuretzako edo beraientzako. Orokorrean hitz eginda: arte
galeriek "odola zurgatzen" diote artistari. Sarri erakustokian
duzuna saldu arren, ez da irabazirik lortzen. Baina benetan ospea
lortu nahi bada, oso zaila da galeria hauetan egon gabe lortzea.
Nire zoria bestelakoa izan da. Bost bat urte daramatzat leku hauetan
ezer erakutsi gabe, eta ahoz aho iritsi naiz jendearengana.
-Oso eztabaidatua
izan da, eta oraindik ere horrela da, erakundeen arte-inbertsioetarako
politika. Beharrezkoa ikusten da, baina nor agintarien erabakietatik
kanpo geratzen denean... haxe zalaparta! Noraino lagundu behar
dute erakunde publikoek arte plastikoa? Nire aburuz, instituzioek
estutu egiten dituztelako hartzen dute esku artelanen erosketan,
eta ez benetan sentitzen dutelako. Eta bigarren arrazoiak izan
beharko luke pisu gehiago. Berriz ere nire ustetan, jendeak esan
edo pentsa dezakeenaren aurrean politikari askok lotsa ikaragarria
dute. Hori dela eta edozer erosteko prest agertzen dira, nahiz
eta artelan hori ulertu ez. Baina niri ez dit askorik axola horrek,
nik atsegin dudana egiten jarraitzen dudalako.
-Apirilaren
26an Artium-a inauguratu zen Gasteizen. Zer sentsazio mota igar
dezakezu zure baitan? Nahiko galduta nago
kontu horren aurrean. Egia esan, Gasteiz eta Bilboren arteko borrokaren
zati bat dela deritzot. Publikoari saldu zaiona zera da: sotoetan
aurkitzen den ustezko bilduma zoragarria, Espainiako onenetarikoa
omen dena argitaratzeko proiektua dela Artium-ekoa. Jazoera ikusgarri
horrekin, Gasteiz artearekin gerta daitekeen panazearen hurrena
izango dela saldu da. Eta masak, esan zaiona ikus dezan nahi dut.
Beraz zabaltzearen "aldekoa" naiz. Ea zer gertatzen
den hurrengo egunean…

-Zerk inspiratzen
zaitu? Batzutan ideiaren bat
izaten dut kaskezurrean, eta hortik abiatzen nahiz gutxi gora
behera. Baina sarri ez dut ezer ikusten. Beraz, koadro abstraktu
bat egiten dut, alde batera eta bestera jarriaz, zerbait esaten
didan arte. Orduan ideiak ateratzen hasten dira. Bitxikeria bezala
nire alabari oparitu diodan azken lanean gertatutakoa: Koadroaren
goiko aldean geriza ugari daude, bata bestearen aldamenean. Baina
jaisten diren heinean, tarte gehiago dago batetik bestera. Lan
hau egiteko inspirazioa Frantziako Itzulia ikusten lortu nuen,
mendiko mailotari esker. Orokorrean esan daiteke koadroak gidatzen
nauela, baina beti hori ere menperatzen saiatzen naiz. Hiru gauza
garrantzitsu ikusten ditut lan ona egiteko: argia, konposaketa
eta kolorea. Hauekin jokatzea ezinbestekoa dut.
-Eguneko zer
orduak nahiago dituzu margotzeko? Goiza. Egunero goizeko
bederatzietarako estudioan egoten naiz, nahiz eta bertan ordu
askorik ez eman. Esperientzia izateak asko laguntzen du lan egiteko
orduan. Sarri koadro bat baino gehiagorekin jarduten dut lanean,
azken ukituak emanez, aldaketak eginez. Azkenean, gehiago egin
ezin dezakedala ikusita amaitutzat ematen dut artelana.
-Non ikusi
nahiko zenuke zure koadroren bat?
Biziki
zorionekoa naizela uste dut, nire zaletasunetik bizi naiz eta.
Munduko bilduma garrantzitsuenen artean gure artelanak ikustea.
artista gehienon ametsa dela uste dut. Tira, zergatik ez!
-Inoiz esan
al diozu balizko bezeroren bati, ezetz, ez zeniola koadroa egin
edo salduko? Bati baino gehiagori.
Esaterako erretratuak eskatu dizkidan pertsona orori. Artearen
alde pertsonalegia dela deritzot, eta ez dut eremu hori jorratu
nahi izan. Beste behin Fernando Buesari, Arabako Foru Diputazioko
presidentea zenean. Nik gogoko nuen koadro bat erosi nahi zidan,
eta ezetza eman nion, nire etxera eraman eta bertan jarri nahi
nuelako. Pentsatu eta egin.
No me busquéis
entre las muchedumbres, buscadme... siempre
al borde de la niebla, donde apenas se nota
la silueta, donde el sol lucha a
muerte con la sombra, y el paisaje amanece
diferente... y es ambigua la fauna
que lo puebla... (J.A.Fiestras)
Jose
Antonio Fiestras (Gasteiz, 1943)
Jose
Antonio Fiestras 1943ko otsailaren lehenengoan
jaio zen Gasteizen. Oinarrizko batxilerra egin
eta zenbait urtetan industria lanean aritu ondoren,
pintura bere jaiduratik bizitzea erabaki eta
enpresa utzi zuen. Ordudanik badira dagoeneko
hogeita hamabost urte eta ez du egun bat ere
bere langelatik pasatu gabe utzi, bere barne
mundua biziki dosifikaturiko artelanetan islatzeko.
Bere obra munduko zenbait bilduma pribatutan
aurkitzen da, hala nola Kolonbia, Kanada eta
Mexikon, espainiar estatuaz gain.Azken hogeita
hamabost urteotan erakusketa ugari egin ditu
Fiestrasek, Euskal Herrian zein kanpoan.
|
|
|
ERAKUSKETA
Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal
Euskonews & Media 167.zbk
(2002 / 5 / 17-24)
|