Halliday
eta Hasan-en (1976) lanaren geroztik oso ugariak izan dira kohesioaren
inguruan egindako lanak. Autore hauek proposatutako tipologiak
oihartzun handia izan du psikolinguistikaren esparruan, eta ugariak
izan dira kohesioan parte hartzen duten elementuen garapena aztertzeko
egin diren lanak, batez ere narrazioan oinarrituta daudenak, esate
baterako Bennet-Kastor (1986), Hickmann (1980), Garcia Soto (1996)
... Hala eta guztiz ere, azterketak ahozko ekoizpenetara mugatzen
dira gehienetan, eta salbuespenak
salbu -Rutter & Raban (1982), De Weck, (1991); De Weck &
Schneuwly (1994)- oso gutxitan hartzen da kontuan hizkuntza idatzia.
Bestalde, euskarara jotzen badugu, ez dugu aurkituko narrazio
idatziaren kohesioaren garapena aztertzen duen lanik. Hutsune
hori betetzeko, uste dugu, neurri batean behintzat, lagungarria
izan daitekeela egin berri dugun ikerketaren ekarpena.
Lan horretan, Bronckart-en
(1985, 1996) marko teorikoan oinarriturik, kohesioa testualizazio
mekanismoen artean kokatu dugu, eta bere baitan aditz-kohesioa
eta izen-kohesioa bereiztu ditugu. Azterketarako, berriz, bigarrena
bakarrik hartu dugu kontuan. Izen-kohesioaren zeregina bikoitza
da, alde batetik testuan zehar gai edo pertsonaia berriak aurkeztea,
eta bestetik, gai edo pertsonaia horien berreskurapena antolatzea
eta ziurtatzea. Diskurtsoko objektu horien harilkatzean zer ikusi
handia dute adierazpide anaforikoek (izenordainak zein bestelako
izen sintagmak). Gauzak horrela, ikerlanak bi alderditan jartzen
du arreta: derrigorrezko irakaskuntzaren azken urteetan euskaraz
idatzitako narrazioetan erabiltzen diren adierazpide anaforikoetan,
eta adinetik adinera erabilera horretan ager daitekeen bilakaeran.
Anaforizatuak eta
anaforizatzaileen artean sortzen diren erlazioak oso era ezberdinetakoak
izan daitezke: esaldi mailakoak zein testu mailakoak, erreferentziakidetasunezkoak
zein erreferentziakidetasunik gabekoak, etab. 11, 13 eta 15 urteko
ikasleek euskaraz idatzitako narrazioetan garbi ageri da testu
genero horretan ia era guztietako anaforizatzaileek dutela lekua.
Zentzu honetan, narrazioa testu egokia izango da erlazio anaforiko
ezberdinak bideratzen dituzten forma linguistikoak lantzeko, alegia,
aurrekaria berrartzeko edo anaforizatzeko dauden era ezberdinetan
trebatzeko.
Dena dela, adierazpide
anaforiko guztiek ez dute garrantzi berdina izango testu genero
honetan. Kontakizunaren izatasunak berak baldintzatuko du batzuen
edo besteen agerpen urriagoa edo ugariagoa. Beste hizkuntzetan
egin diren azterketen arabera, narrazioaren ezaugarrietako bat
izenordainen ugaritasuna da. Narrazioetan hainbat pertsonaien
gorabeherak kontatzen dira, eta pertsonaia
horiek testuan zehar behin eta berriz aipatzeko erabiliko diren
elementu garrantzitsuenak (izen bereziak alde batera uzten baditugu)
izenordainak izango dira. Kontua da frantsesez eta ingelesez izenordainaren
erabilera derrigorrezkoa den bitartean, gaztelaniaz eta euskaraz
elementu hori gehienetan ezabatu egiten dela. Hala eta guztiz
ere, gure emaitzetan De Weck-ek (1991) fantsesez idatzitako testuetarako
ateratzen zuen ondorio bera baieztatzen da, euskaraz ere izenordainak
izango baitira elementurik erabilienak. Berreskuratu behar
diren elementuak bizigabeak direnean, aldiz, anaforizatzailea
izenordina ez den izen sintagma baten formapean agertuko da, eta
orduan, aurrekaria eta adierazpide anaforikoaren arteko erlazioa
zeharkakoa zein erreferentziakidetasunean oinarritutakoa izan
daiteke; nabaria da asoziazio bidezko anaforek narrazioetan hartzen
duten lekua.
Bestalde, bat izan
ezik, sailkatu ditugun forma anaforiko guztiak agertzen dira talde
guztietan. Talde baten besterik agertzen ez den forma hori nominalizazioarena
da. De Weck-ek (1991) dioen bezala, narrazioetako elementu konstanteak
pertsonaiak eta gertaerak dira eta ez prozesuak; horrek azalduko
luke baliabide horren erabilera eza edo urria gure corpusean.
Anafora leial (erreferentziakidetasunean
oinarritutakoak) eta ezleialen erabilerari erreparatzen badiogu,
anafora leialen kopuruak behera egiten du 11 eta 13 urte bitartean,
eta anafora ezleialen kopuruak, berriz gora. 13 eta 15 urte bitartean,
aldiz, joera biak egiten dira egonkorrak
Laburbilduz, esan
daiteke garapena ez dela prozesu itxia. Bilakaera horretan gorabeherak
egongo dira eta adinaren arabera, ikasleek era ezberdinetan ebatziko
dute testuaren harilkatze edo jarraikortasun tematikoa.
Argazkiak: "hola.com"
eta "sureuropa.com" webguneetatik |