Arantzazun
frantziskotarrak daudenetik 500 urte bete direla eta erakusketa
bat antolatu dute aurtengo irailera arte. Santutegiaren hastapenetik
gaur egunera arte jazotakoak aipatzen dira bertan: Santutegiaren
bilakaera, Arantzazuko erreketak, aintzinako liburuak etab. daude
ikusgai. Horretaz gain Arantzazuko Adiskideen Elkartea sortu da,
Arantzazu bera eta bere misioaren etorkizuna bermatzeko asmoz.

Bostehun urte bete
dira Frantziskotarrak Arantzazura iritsi zirenetik. Bost mende
hauetan historiak bere arrastoa utzi du, bere hondarra, Arantzazuren
muina zein izan den argitzeko baliagarria. Horregatik, milurte
erdiko zehazkizun eta protagonista nagusien giropena burutzea
ez da samurra gertatu erakusketan. Garai desberdinak ongi jaso
dira eta bakoitzeko ilusioak gogoratzen dira erakusketako bost
aretotan zehar.
"Arantzazu
1501-2001" deritzan erakusketak bostehun urtetan ingurunean
eman diren aldaketak erakutsiz hasten da, izan ere geografia gune
bereziak indarrez erakarri du gizakia Historiaurreko garaietatik.
Bisitariak Santutegiaren bilakaerari buruzko informazioa jasotzen
du gela desberdinetan aurrera egin ahala. Argazki eta testu idatzien
bidez bakarrik ez, ordenagailu bidez ere hornitu dute erakusketa,
entzuteko testuak dituena.
Arantzazuko
Andre Mariaren irudiak izandako bilakaeraren berri ematen da.
Jantziak, apaingailu eta abar luze batek gogoratzen digu nola
joan den aldatzen Arantzazuko Amabirjinaren irudia mendeetan zehar.
1468an Rodrigo Baltzategi artzainari lehen aldiz agertu zitzaionetik
gaur egunera arte mundu osoan jarraitzaileak izan dituela argi
geratu da erakusketan, hala Peru nola Mexiko aldean Arantzazuko
Amabirjina biziki kontsideratua dela adierazten delarik.
Erakusketan zehar,
Arantzazun bizitza aberats baten lekukotasuna utzi duten pertsonaia
batzuen erreferentziak ematen dira: Gandiaga, Villasante eta Oteiza
horietako batzuk dira. Erakusketari amaiera emateko hamabost minututako
ikus-entzunezko bideo bikaina aurkitzen du bisitariak.
Adiskideen Elkartea
Arantzazura frantziskotarrak
iritsi zirela V. mendeurrena ospatzen ari da. Historia luze baten
emaitza da Santutegia eta efemeridea garai berrietara egokitu
nahi izan dute bai eta garatu ere bertako fraide eta arduradunek.
Arantzazuren zerbitzura dagoena Arantzazuko Fraideen Anaiartea
den arren eta geroz eta fraide gutxiago dagoenez; Arantzazuko
Adiskideen Elkartea sortu da. Elkarte berriaren bidez Santutegiaren,
Kultur Topagunearen, ingurune bikainaren eta Gogartetxearen etorkizuna
ziurtatu nahi dute ideiaren bultzatzaileek.

Arantzazuk etorkizunerako
molde berriak piztu nahi ditu, atzoko moldeak bere garaian baliozkoak
ziren arren. Herriaren beraren ondarea izatea bermatu nahi da
eta Arantzazuk hainbat mezu trasmititzen dituenez gero, "adiskideek"
horren estiloari eutsi behar diote, fedea, kultura eta naturaren
bitartez.
Zer egin behar da
"adiskide" izateko? "Adiskideen" batzarretara
joatea eta norberaren ikuspuntuak eskaintzea, adibidez, laguntzeko
bide bat da. Baita Arantzazu goratzeko proiektuak sustatuz ere,
bertan edo beste edonon. Baina horretarako derrigorrezko baldintza
da Arantzazu bera ezagutu eta estimatzea. Hori horrela izanik
"adiskideak" maitasunaren militantea izan behar du,
eta bere denbora eta partaidetza eskaintzeko gertu. Urteko kuota
bat ordaindu beharko du elkarteko kide izan nahi duenak, partikularrentzat
30 eurotan estimatu dena, eta 300 e. enpresa-erakundeentzat.

Horren truke Adiskide-nortasuna
adierazten duen txartela jasoko du "adiskideak", bai
eta Arantzazu bertako aldizkaria ere. Horrez gain, urtean
hiru edo lau aldiz iritsiko zaio "Adiskideen boletina"
deiturikoa eta Arantzazuko Webgunean kidearen izena agertuko da.
Gainera ostatu/hospederian karta bidezko otorduetan %10eko deskontua
egingo da adiskide-nortasun txartela erakutsiz gero. Enpresek
ere edukiko dituzte zenbait abantaila: Arantzazuko Webgunean enpresaren
logotipoa jartzeko aukera eta aldizkaria eta boletina doan jasotzekoa
ere.
Ikusten denez, Arantzazuren
muina –berez- aldatuko ez den arren, Arantzazuren etorkizuna bestelakotzekotan
daude, gaur egun santutegiaren ardura dutenek.
Argazkiak: Zuriñe
Velez de Mendizabal |