"Argazkietan
ez dakit ze aurpegi jarri" diosku Terek. Hitzen bidez hobe
islatzen dela bere irudia. Ez zaio arrazoirik falta, bere poesia
irakurriz begiak ireki egiten direlako. Gure biziari naturari
bezala begira diezaiogun. Baina ez hostoak jaiotzen eta erortzen
direnean bakarrik, egunero baizik. Kontuak kontu, ez da laino
artean bizi den poeta bat, Beasaingo Ikastolako zuzendaria izateak
oin bat lurrean atxikiarazten dio eta. Baita Euskal Idazleen Elkarteko
presidentea izateak ere, erronka polita bezain arduratsua baita
euskal literaturaren trena gizarte zabalerantz doan trenbidean
bideratzea.
-Zertan dira
ezberdinak Teresita eta Tere? Ba, lehen neska aktiboa
nintzela eta orain berriz, emakume aktiboa. Nire amets batzuk
bete egin dira eta beste batzuk ez. Baina egia esanda, ama izateak
bide berri bat ireki zidan, lehen nire harremanak lanaren ingurukoak
izaten ziren-eta, oso intelektualak, gehiegi akaso. Orain aldiz,
Zaldibin bizi nintzenean ez bezala, nire ama eta izebengandik
oso hurbil nago.
-Aurkitu al
duzu zure bizitzako oasia? Familia eta lagunak
dira nire oasia.
-Eta zertarako
balio dizu poesiak? Entrenamendu bat da
bizitzari tarte batekin begiratzeko. Perspektiba bat behar dut,
izatez ekintzetan murgildutako pertsona naizelako. Baina aldi
berean, ez dut nahi ekintza horiek nire bizitzaren ardatz bihurtzea.
Beraz, idazteak iparrerako norabidea aurkitzen laguntzen dit.
-Txuri beltzezko
poesia al da zurea? Pentsatu gabe neukan,
baina beharbada bai, normalean gauez idazten baitut. Baina txuria
eta beltzez gain, grisa ere asko agertzen zait.
-Ezkorra, baina
bizinahi handia darie zure olerkiei. Bizitzak bi norabide
dauzka : batetik adaptazioa, eta bestetik sorkuntza. Eta
ni moldagarria banaiz ere, sorkuntza nahiago dut. Hain zuzen,
gure gizartean sorkuntzari oso tarte eskasa uzten zaio. Ni sinistuta
nago makina bat arazo ez dela konpontzen perspektiba falta zaiolako.
-Poeta minimalista
deitu izan zaituzte. Minimalista baino,
esperientziaren poesia da nirea. Nik irakurri dudan poesian, Rainer
Maria Rilke-renean esaterako, hurbileko gauzen hausnarketa bat
somatu izan dut beti; alegia, eguneroko bizimoduarekin lotuta
zeuden gauzak. Eta nik ere hortik jo dut.

-Ibaian gora
joatea gustatzen zaizu. Eta ibaiaren sorburura
iristen ahalegindu. Filologia ikasten genuenean beti esaten ziguten
ezin dela idatzita ez dagoen ezer idatzi. Baina ni ez nago ados;
bakoitzak bere esperientzia du, poetak hor zulatu behar du, berari
eta bere garaiari dagokion hatsa jarriz.
-Zure hatsean
erlijioaren presentzia antzematen da. Bai, bere zama eta
hegoekin. Barandiaranek zioen bezala : denik ez esan, eta
ez denik ez sinestu. Baditut desadostasun ideologiko eta sentimental
handiak erlijioarekin. Nire ustez erlijioak onak dira "batzea"
dakarten neurrian. Baina ez naiz batere ikonoklasta, eta praktikan
zama monolitiko bat ezartzen du erlijioak, uztarri batekin bezala
bideratzen dute jendea.
-Adibidez? Ba, erlijioa gizonezkoen
erlijioa izatea. Jainkoa da gizona, semea eta izpiritu santua,
baina non dago ama ? Ama birjina XII. mendetik aurrera baino
ez zaigu agertzen erlijio literaturan. Bestalde, nahiz eta modernizatua
egon, guri erakutsi diguten erlijioa pekatuan oinarritzen da eta,
lapurreta ordez, mundu guztia kateatuko duen zerbait pekatutzat
jo dute : plazerra eta sexualitatea. Horregatio, oso mingarria
iruditzen zait emakume asko eta asko hegoak ezin atereaz hil izana
erlijioaren erruz.
-Ahozko literaturaren
eragina ere igartzen zaizu. Funtsezkoa delako.
Ahaztu egin zaigu gure altxorra den euskara ahozko tradizioari
esker gorde dela. Daukagun literatur tradizioak berriz, ez du
daukagun altxor horren berri ematen.
-Zure poema
batean diozu: ustezko portua ez zen zuk uste zenuena; izatekotan
urrutiago zela. Ametsak bilatzen jarraitzeko
iradokizuna da. Konparazio batera, utopia politikoek behera egin
duten garai honetan, indibidualismoa saldu nahi digute. Baina
nire iritzian, interesean oinarrituta ez dagoen bizimodu bat bilatu
behar da besteekin bizitzeko.
-Noiz hasten
da benetako maitasuna? Maiteminaren idealizazioa amaitzen denean
edo orduantxe ahitzen da? Benetako maitasuna emateko borondatea daukazunean hasten
da. Hor dago gakoa. Azken finean, maitasuna beste pertsona batekin
etorkizuna asmatzeko gogoa edukitzea da. Baina ziur egon maitasuna
ez dela literaturak erakutsi digun bezain arrosa edo dramatikoa.
-Mitologia
handia dauka maitasunak literaturan... Eta aldatzen doa. Oso
ezberdina da errenazimendu, erromantizismo edo gaur egungo maitasuna.
Ertaroko poesian esaterako, bi harreman mota zeuden : bata
neskameek jauntxoekin zutena, eta bestea beraiek amodiotzat jotzen
zutena. Baina haien inkonszientean emakumea hain lurrazpian zegoenez
gero, emakumea idealizatu behar zuten maitagarri bihurtzeko. Ondoren
etorri den literaturak ere obsesio hori landu du. Gaur egun berriz,
gure artean behintzat, gizonak eta emakumeak parean gaudenez,
idealizazioak bere zentzua galdu du. Amodioa errealistagoa da
orain, alegia, antzekoen arteko adostasuna.

-Eta norantz
doa zure poesia? Pasadizotik esperientziara
doa. Orain birpasatzen ari naizen nire azken liburuan pasadizo
asko bildu ditut, batzuk Elhuyar Hiztegitik ateratakoak, iruditzen
baitzait gaur egungo zientzia errealitatetik oso urruti dagoela,
ez teknikoki, ulermen mailan baizik. Letretakoa den ni bezalako
pertsona batek zaila dauka Hawking edo halako baten tesiak ulertzea.
Horregatik uste dut hizkuntza eta zientziaren arteko zubi bat
eraiki beharko litzatekeela; eta zergatik ez? Poesiak zeregin
hori har lezake.
-Eta Cupidoz
idazteari utzi. Hori da. Jadanik ez
du zentzurik. Jendeak ez baditu ia Bibliako pertsonaiak ezagutzen,
are gutxiago Grezia klasikoko literatura. Hau da, esan nahi nuke
ionizazioari buruz idatz genezakeela, ez azalpen zientifikoak
emateko, baizik eta zientziak emandako frogak gure begietan jartzeko.
-Poesiatik
eleberrira dagoen zubia ikusi al duzu? Ikusi bai baina ez
dut zeharkatu nahi. Ipuinak eta idatzita baditut ere, gauzak narratibizatzen
aspertu egiten naiz: etxetik atera, geltokira joan, bost minutu
itxoin eta autobusa etorri zen.... uff ! Ze aspergarria!.
Eta beste hainbeste elkarrizketekin. Baina aldi berean deskribapena
gustatu egiten zait.
-Elipsia ere
aukeran duzu. Bai, baina horretarako
nahiago nuke antzerkia idaztea eleberria baino. Bizimodu errealeko
elkarrizketak hain zozoak izaten dira, non literaturara pasa eta
barregarri geratzen diren. Literaturan elkarrizketa onak egiteko
modu bakarra antzerkia eta tragedia dira. Baina hori ere bizimodu
errealetik urruti geratzen zaidanez, poesian esne mamitan nago.
-Euskal Idazleen
Elkarteko makinista zaitugula, nola dago trena? Bidaiariek adorea dute
eta makina ere ondo dago, baina trenbideak "Ibertren"
dirudi: borobila da. Hau da, erdarazkoen ibilbide bera egin dezakeen
arren, ez du ezta aldiriko tren baten zerbitzua ere egiten. Nahiz
eta hor kanpoan egon, trenbide izoztuan geldi dagoen literatura
da gurea.
-Trenari beste
bagoi bat gehitu diozue. Bai, kazetariak ere
gurekin etor daitezen; azken batean, kazetariak eta idazleen arteko
marra oso fina da, eta batzuetan ezta hori ere, eskutik helduta
baitoaz. Baldintza bakarra, jarraipen batekin 50 artikulutik gora
idatzi izana da
-Eta zer egin
trenbide nagusira heltzeko?
Lehenik,
literatura eta euskal liburuaren arteko zubia sendotu behar dugu. Jakina dibulgazio arloan berealdiko
aurrerapena egin dela, zientzian, legedian, eta abar. Baina euskaraz
hain eskaintza zabala egoteak ez du esan nahi euskaldunok ghetto
batean sentitzen ez garenik.
-Gizartearen
interesa piztu ala ghettoan jarraitu. Hori da gure erronka
nagusia. Zentzu horretan, komunikabideen eragina izugarrizkoa
da. Garbi dago ez dela nahikoa euskaraz plazaratzen diren egunkari,
aldizkari, telebista edo irratsaioekin. Harantzago joan behar
da gizartearen interesa pizteko : erdarazko komunikabideetan
dago koska, folklore egiteari utzi eta euskaraz idazten denari
pisu bat eman diezaioten.
-"Eusko
labela" egin liteke liburuekin ere. Ondo legoke hori. Izan
ere, hain inguru euskalduna den Goierriko merkatal gune handi
batera joaten bazara, liburuak esnea eta porruak bezala eros ditzazun
jarrita daude. Baina "Eusko labela" duten barazkien
aukera zabala dagoen bitartean, euskal liburuen presentzia hutsaren
hurrengoa da.
-Eskaria edo
eskaintza, zer dator lehen? Eskaintza, dudarik
gabe. Euskaldun jende gehienak erdaraz irakurtzen du, baina ez
da euskaraz irakurtzeko ohitura falta dutelako soilik, baizik
eta ez dakitelako halako aukera euskaraz dagoenik ere.
-Gainera, oso
liburu gutxi berrargitaratzen da. Hori da bestea. Plazaratzen
denari, nahiz eta ona izan, hain jarraipen gutxi egiten zaionez
gero, gutxieneko salmenta ez badu lortzen, erretiratu egiten da
salmahietatik. Badira liburu batzuk denboran zehar eskola sortzen
dutenak, "Txepetx"-enak, esaterako. Eta gainera zer
gertatzen da ? Ba, gure argitaletxe eta banatzaileek ez dutela
Estatu mailakoen indarra. Banaketa eta promozio hobea izango bagenu....
-Lanen kalitateaz
mintzo, bada jendea zera dioenik: euskaraz argitaratzen diren
lan gehienek ezingo lukete argia ikusi erdaraz. Ez nago batere konforme.
Are gehiago, kontrakoa esango nizuke, erdaraz arrakasta izan duten
literatur lan ugari euskaraz plazaratuko balituzte, ez lukete
bizitza luzerik izango. Oso kaskarrak dira-eta.
-Konplexua
dugu, beraz. Handia, gainera. Euskal
literatur idazleok normalean gutxitasun konplexua izan dugu. Etxeparez
geroztik, konplexu handiz idatzi izan dugu, nahiz eta idatzi aurretik
erdal idazle batzuek baino dexente gehiago ilustratu garen. Euskal
liburu bat egiten zen bakoitzean euskara beste hizkuntzen parekoa
zela aldarrikatzen zen. Arazoa da ez garela jabetzen literatura
ona egiten dugula. Kontuak atera, Lauaxeta eta Lizardi orain ulertu
egiten dira, baina bere garaian oso jende gutxi zen haien lanak
konprenitzeko gauza.
-Konplexua
daukagula onartzea, bada zerbait. Eta zailena. Denok
idatzi nahi dugu Antonio Galak bezala, baina hori ezinezkoa da.
Hortaz, konplexuak alde batera utzi eta konturatu nor garen. Euskal
Literatura lo dagoen sorgin liluragarria da, erratza gainean hegan
egiten dakiena. Sortu eta egin: sorginaren gurpilean sartzen garenean
jendearen interesa piztuko dugu, eta gero, irakurleak sorginduko.

-Eta zein printzak
eman diezaioke musua esna dadin? Bakarrik esnatuko da,
gutxitasun konplexuak lokartu baitu. Oso konsziente izan behar
dugu mundu globalizatu honetan gurea bezalako herriek munduari
beste begirada eman diezaiokegula. Herri garatua izateaz gain,
judutarrek bezala badugu idatzi gabeko historia bat, etekinik
atera ez dioguna, eta ez naiz sionista (barreak). Ez gara besteak
baino gehiago, baina ezta gutxiago ere.
-"Harry
Potter" bezalako best-sellerrak euskaraz ere arrakasta izateak
zer ikustarazi dizue? Itzulpenen kalitatea
oso ona dela. Baita umeek euskaraz irakurriz ondo pasatzen dutela.
Baina aldi berean pena dela, askoz gutxiago saltzen diren Mariasun
Landaren ipuinak hobeak direlako.
-Baina ez al
lirateke best-seller gehiago beharko euskaraz? Noski! Best-sellerrak
ere behar dira gure irakurlegoa zabalduko luketelako. Baina beti
ere jakinda best-sellerrak gutxitan direla kalitate handiko lanak.
Atxaga, Lertxundi eta Saizarbitoriaren liburuak ez dira best-sellerrak,
baina prestigioa ematen digute bai kanpora begira, bai gure autoestimari
begira.
-Beasaingo
ikastolako zuzendaria izanik, ongi ezagutuko duzu gaztetxoen joera
"euskañolez" mintzatzeko. Baita sufritu ere!
Nahiz eta Beasainen hori gutxiago gertatu. Garbi ikusten dut euskarak
aurrera egin duela eskolan baina ez aisialdian. Irakaskuntza sistemari
bidean umeen mundua eta fantasia ahaztu zaio. Antzerkia, adibidez,
ez da batere landu. Bestalde, irakaskuntza sistemari beste kritika
bat eginez, esan nahi nuke umeei oso gutxi idatzarazten zaiela,
fotokopia eman eta kitto!. Ondorioz, hizkuntzaren inguruko hausnarketa
egiteko aukerarik ez izatean, azkenean gaztetxoek errazera jotzen
dute beren fantasia elikatzeko: inguratzen gaituen erdal
mundura.
Tere
Irastorza (Zaldibia,
1961)
Tere
Irastorza gazte gaztetatik hasi zen bere lanak
kaleratzen, Euskal Filologia eta Filologia Hispanikoa
ikasten ari zela, hain zuzen. Geroztik honako
olerki liburuak idatzi ditu: "Gabeziak"
(1980), "Hostoak. Gaia eta gau aldaketak"
(1983), "Derrotaren fabulak" (1986),
"Osinberdeko kantoreak" (1986), "Manual
devotio gabecoa" (1994), "Gabeziaren
khantoreak" (Antología, 1995) eta
"Izen gabe, direnak" (2000). Itzulpen
lanak ere eginak ditu: Marià Manent-en
"Basa akaziak", Edmond Jabès-en
"Itaunen liburua" eta Marina Tsvietaieva-ren
"Nere anaia andrazkoa".
|
|
|
Argazkiak: Beñat Doxandabaratz
Euskonews & Media 163.zbk
(2002 / 4 / 19-26)
|