Duela
hamar urte ireki zuen Eusko Ikaskuntzak lehen bulegoa Iparraldean.
Hastapenetik euskal kultur ikerketa bultzatzeko lanean arituz,
gaur egun erakunde hau lekuko herriko etxe eta ikasleekin sortu
harremanei esker sendotuz joan da. Sendotze honek, Iparraldeko
euskal kulturaren berreskuratzea lagundu badu ere, oraindik ere
lan handia egiteko zegoela nabarmendu zuen Jean Fagoagak elkarteko
lehendakariak. Honela, orain arte eraman dituzten ekimenak oroituz,
lehendakariak geroari begira egitekoak diren ekintzak aipatu egin
zituen. Ikerketa hauen artean toponimia zuen bereziki nabarmendu.
-Eusko Ikaskuntza Iparraldean bultzatu zenutenetik, zein
izan zuen lehendabiziko helburua?
Hasieran, gure lehentasuna Eusko Ikaskuntza Iparralde honetan
ezagutaraztea izan zen. Lan hau egitea ezinbestekoa zen jende
anitzen buruan erakunde hau alderdi politiko bat zela uste baitzuten.
Fakultatean kokatu dugu gure egoitza eta, ezagutarazteko eraman
genuen lehen ekintza, ikasle edo ikerketa lan bat egiten zuen
bakoitzari diru laguntza bat ematea izan zen. Eta, hamar urtez,
urtero 100.000 libera ematen dizkiegu euskara edo euskal kulturari
buruzko ikerketa hauek eramaten dituzten ikasleei. Ikerketa frantsesez
idazten ahal dute baina, euskal kulturari buruzko lan bat izan
behar du. Sari hau urtero ematen dugu. Gure egoitza fakultatean
dugunez, diru laguntza hau emanez, aukera bat izan da gure elkartea
ezagutarazteko, eta bereziki ohartarazteko euskal kulturaren inguruan
lana egiten dela. Batzuek besteei mezua pasarazi diete eta Eusko
Ikaskuntzaren presentzia eta ezagupena sendotuz joan da.
-Horretaz gain, lan sakon bat daramazue Iparraldeko kultura,
mendez-mende nabarmendu diren pertsonaien inguruan. Jardunaldi anitz egin dugu. Urtero lau edo bost jardunaldi
egiten ditugu, esate baterako, "Le droit coutumier basque"
gaiaren inguruan edo "Madeleine de Jauregiberri" edo beste
pertsonaien inguruan. Jardunaldi hauetan ikerlari anitz bilduz.Omenaldi
bat egiten dugularik beti liburu bat plazaratzen dugu. Hala ere,
gure gaur eguneko erronka Iparraldeko barnealde horretan sartzea
da. Horretarako, hitzarmenak egin ditugu herriko etxeekin. Dagoeneko
hamar ditugu: Mauleko hiriarekin, Barkoxerekin... Nafarroa Beherean
ez dugu batere eta Lapurdin gehiengoa: Sara, Ezpeleta, Kanbo,
Baiona, Hendaia, Donibane Lohizune. Baionako hiriarekin, hitzarmen
honi esker, urtero 80.000 liberako aurrekontua dugu. Baionak 40.000
ekartzen ditu eta guk beste 40.000 libera ekintzak bideratzeko.
Mintzaldiak egiten ditugu eta ohorezko sari bat banatzen dugu
euskal kulturaren alde lan egin duen pertsona bati. Beste 20.000
libera gazte bati ematen diogu tesia edo lan ezaugarri bat egiteagatik.
-Eusko Ikaskuntzak
urteak daramatza hemen eta nolabait ezagupena lortu du Iparralde
mailan. Zein jarrera somatzen duzue lekuko auzapez eta biztanleengandik?
Oso ona. Horrek nolabait kuraia ematen digu aitzinera jarraitzeko.
Kultura ematen baduzu beti aitzinetik argi ikusten da ate guztiak
irekitzen zaizkizula. Eta auzapez eta kontseilariak beti ados
izaten dira ekimen bat bideratzeko. Gero dirua emateko beti murritz
izaten dira, herriko etxeen kultur aurrekontua beti txikia izaten
baita. Aldiz, omenaldi jardunaldi bat egiten delarik segidan 15.000
liberako aurrekontua behartzen gaitu ematea. Erdiz-erdi egin behar
badu segidan arazoak azaltzen ditu.
-Nolabait zentzu horretan eraman duzuen lanari esker, Ipar
Euskal Herrian garrantzia izan duen pertsonai edo ikerlari bat
ezagutzera eman duzue. Sentitzen da beharra jendeengandik euskal kultura berreskuratzeko.Duela
bi hilabete Harristoi jaunari buruzko jardunaldi bat antolatu
genuen. Berak lan izugarria egina zuen eta ez zen batere ezaguna.
Egun oso bat antolatu dugu Aiherran gai honen inguruan, eta harritu
ginen ehun pertsona bildu baitziren bertan. Arrakasta hau bildurik
ohartu gara eskualde honi begira lana handiagotu behar genuela.
Beste jende anitzek lan handia egin du euskal kulturaren inguruan
eta hauek anitz ahantzi egin dira. Gazteak behar dira mugiarazi,
interesatu eta ekonomikoki lagundu kultur hau berreskuratzeko.
Gure helburu nagusia hau da: ikerketak egitea, gazteak laguntzea
eta ahantzi diren pertsona horiei gaurkotasuna ematea. Nahiz lana
abiatu zenbait pertsonaien inguruan, oraindik lan handia egiteko
dagoela ohartzen gara.
-Hala ere, Iparralde honetan usu aipatzen da gazteen lanak
eskas direla literatur eta ikerketa mailan.
Ez dut uste. Baina, guk egiten duguna baino anitz gehiago egiten
ahalko zen. Eusko Ikaskuntzak baliabideak baditu, baina lan hori
egiten laguntzeko ez dugu aski. Gure azken ikerlana Jakes Casaubonek
egin du, "iri" hitza zer den azterketaren inguruan. Laster aterako
du liburua. Bestalde ere, jakinez Iparralde honetan euskal izen
anitz galtzen ari direla, toponimiari buruzko ikerketa bat egiten
dugu. Horretarako, artzainak galdekatu behar dira. Casabonnek
lan hori hasia du egiten Ezterenzubiko herrian. Lehenik hor eginen
dugu eta gero Zuberoan arituko gara ere. Lan anitz egitekoa dago
gai horren inguruan. Baina beharrezkoa da, bestenaz adineko jendeak
hiltzen delarik beraiekin eramaten dute beren ezagupen eta aberastasun
guztia.
-Baliabideak eskas dituzuenez, toponimiari buruzko ikerketa
bideratzeko, zer egin beharko litzateke zure irudiko ikerketa
hau indartzeko? Lan hori herri bakoitzak hartu beharko luke bere gain. Herri
bakoitzean ikasle bat interesatua balitz ikerketa bat bideratzeko
herriko etxeak lagundu beharko lioke. Gu prest gintezke hitzarmen
bat herri bakoitzarekin egiteko eta ekonomikoki laguntzeko gure
esperientzia eta metodologia emanez. Baina, herriko etxeek ere
lan egin behar dute zentzu horretan.
-Duela zazpi urte Eusko Ikaskuntzako lehendakari zarela.
Zure ustez izan da bilakaera bat gizarteak kulturarekiko daukan
atxikimenduari begira? Guk egin dugun lanak ez dut uste horretan eragina izan duenik.
Baina, egia da jende guztiak, bai gizarte mailan eta bai eta hautetsiek,
interes handiago daukatela kulturari begira. Interes honen adibidea
da berriki Senperekin ukan dugun harremana. Herri honekin hitzarmen
bat izenpetu dugu eta berriki beren dei bat izan dut jakiteko
heldu den urterako zer motako lana egiten ahal dugun elkarrekin.
Nolabait, guk kontzientzia iratzartzen dugularik segidan erantzun
bat izaten dugula ikusten dugu. Orduan jendea animatzen da eta
hori da egin behar den lana. Anitz denboraz euskalgintza lo bezala
egon da. Eta gaur egun geroz eta gehiago azkartzen ari da. Orain
anitz gauza badira ez direnak ezagutuak, baina salbatuak direnak,
anitz idazki, esate baterako Euskal Museoan. Lana izugarria egitekoa
dago. Horiek salbatuak dira, lo dira baina ez dira desagertuko.
Baina, pertsonak badira bizi direnak eta idatzi ez dutenak,eta
beren baitan dute aberastasun eta ezagupen guztia. Eta hori galdu
egiten da hiltzen direlarik. Memoriaren behar handia dago eta
zentzu horretan irratiek eramaten duten lana oso garrantzitsua
da. Guretako, zer nahi gisaz artxiboak Baionan baziren erraztasunak
izanen genituzke. Nire irudiko bada benetako hizkuntz politika
baten beharra ditugun zailtasun guztiei aurre egiteko.
-Gazte anitzek ikasketak Frantses estatuan eramaten dituzte.
Horrek ez al du nolabait lekuko ikerketa lanak bideratzeko zailtasunik
ekartzen? Nire irudiko frantses eta
euskal kultura elkarrekin ukatea aberastasun bat da. Ikasle batek
frantses kultura izatu du bere ikasketetan, berak du kultura horren
neurria. Horretaz gain, bere kultura ezagutzeko gogoa dauka eta
ez da dudarik, gai horretan pertsona horrek aberastasun bat gehiago
duela. Iparraldeko berezitasuna kultura eta hizkuntzak egiten
dute eta, honekin batera, bizitzeko erak badu ere eragin zerbait.
Kulturaren barnean sartzen zirelarik, frantses kultura eta euskalduna
elkarrekin
eramaten ahal dira.
-Baina, ez genuke belaunaldi berri baten beharra?
Ari dira gazte anitz agertzen. Baina, beharbada interesatuagoak
dira politikan. Laster nahi lukete konpondu Euskal Herriko gatazka
eta horregatik, beharbada, sartzen dira politikan. Geroago heldu
zaie euskal kulturaren inguruan ikerketak bideratzeko nahia.
Jean
Fagoaga
Jean
Fagoaga 1928ko urriaren 20an sortu zen Saran.
Sendagilea da eta gaur egun jubilatuta dago.
Sarako auzapeza izan zen.
Pilotari ohia. Hiru semeren aita da.
Eusko Ikaskuntzako Iparraldeko lehendakariordea
da 1995 geroztik.
|
|
|
Euskonews & Media 162.zbk
(2002 / 4 / 12-19)
|