"Ikono
optikoak egin eta erabiltzen dituztenen artean ere zabalduta
dago argazkiek hitz egiten dutela esateko ohitura. Hori
ez da gertatzen subjektura modu serioan eta berezian hurbildu
arte; Hala ere, esaldi horrek gezurra ere baduela ikusten
da, argazkiek ez baitute hitz egiten ez bazaie galdera ondo
egiten". |
Angelo
Schwarz. "Photographie au XIXe siècle et méthode
historique, Les Cahiers de la Photographie" 3. alea.
Paris 1981. 39. or. |
Argazkiaren
inguruan egiten diren definizioetan beti agertzen den arazoetako
bat argazkiak errealitatearekin duen erlazioa da. Zer egiten du
argazkiak errealitatearekin? Den bezala adierazi? Transformatu?
Haren aztarnaren bat gorde? Une jakin batean errealitatearen zati
batzuk eskaintzen dituela esan genezake, eta horretarako garaian
garaiko adierazpen teknikak erabiltzen dituela. Argazkigintza
teknika gisa definitzen bada ere, zerbait gehiago ere izan daiteke:
komunikatzeko bide bat, idazketa, sorkuntza modu bat eta, batez
ere, oroimena.
Euskarri
mota jakin batean jasotako irudiak informazioaren transmisio eta
banaketa bide gisa erabili izan dira gizakiaren historian zehar.
Irudiek bertan agertzen diren gauzei buruz hitz egin ez ezik,
irudien egileei buruzko datuak ere eskaintzen dizkigute.
Irudia oro
har, eta bereziki argazkia, izan da lehen eta orain ondarea (piktorikoa,
arkitektonikoa, antropologikoa, etab.) adierazteko modu tradizionala,
eta mota askotakoa izan daitekeenez leku askotan aurki dezakegu:
museoetan, artxibategietan, liburutegietan, dokumentazio zentroetan
eta mota guztietako instituzioetan. Gainera, gero eta presentzia
handiagoa du zentro espezifikoetan.
Sortu zenetik
dokumentu aberats ugari eskaini ditu etengabe, informazio asko
emanez subjektu eta gai desberdinei buruz, giza zientzien bilakaeran
bere eginkizun propioa izanik eta elementu ordezkaezinak eskainiz
gizakiaren eta haren inguruaren ezaguerari buruz. Bestetik, gizartearen
errealitatea deskribatzen lagundu du bere izaera linguistiko eta
ikonikoaren bidez, ez baita erraza irudiak adierazten duen guztia
hitzetan ematea. Gainera, argazkia kultur adierazpen garrantzitsua
da berez.
Gizarteak
objektu eta adierazpen jakin batzuei balio artistikoa, dokumentala,
estetikoa, zientifikoa edo bestelakoa ematen dienean objektu eta
adierazpen horiei "ondasun kultural" izena ematen zaie
eta etorkizuneko belaunaldientzako ondasun material eta kultural
bihurtzen dira. Normalean material horiek instituzioen eskuetan
utzi izan dira, eta erantzukizuna eskatzen dute, batez ere kultur
ondasun horiekiko, baina baita nagusi, sortzaile, publiko eta
bereziki etorkizunarekiko. Printzipio horiek guztiek batera kultur
ondasunak ondo gordetzen laguntzen dute, haien izaera, egilea,
garaia eta abar direnak direlarik ere.
Argazki irudi
baten esanahia aztertzeko orduan analisi elementu batzuk ezagutu
behar dira, bai artelan gisa hartzen bada eta bai dokumentu gisa
bada ere. Bestela ezin da ondo integratu ikusten den ebidentzia
diskurtso zabalago batean. Historialariak analisi demografikoa,
ekonomikoa eta abar egiteko elementuak dituen bezalaxe, argazkien
azterketarako ere zenbait elementu izan behar ditu. Garbi egon
behar du zein teknikak erabiliz egin ziren, zein testuingurutan
eta nola egin ziren. Irudiek interpretaziorako hainbat gako propio
dituzte beren baitan eta behatzaileak gako horiek ezagutu behar
ditu. Irudi bat sortzeko erabili diren gakoak zuzen ulertu eta
ezagutu ahal izateko hainbat gauza ezagutu behar dira: irudia
egitean erabili diren prozesu teknikoak, irudia egin den uneko
errealitate historikoa, une jakin bateko produkzio grafikoaren
portaera orokorra eta noski, irudiak bere testuinguru orokorrarekin
eta partikularrarekin dituen erlazioak.
Irudia (bere
ulerkuntza eta esanahia) determinatu eta baldintzatzen duen informazio
fluxua ez dator soilik edukitzailetik, baita beste iturri batzuetatik
ere. Irudiak testuarekin duen erlazioa funtsezkoa da hura ondo
ulertu ahal izateko. Erlazio hori erlaziorik esanguratsuenetako
bat da, irudiak adierazten duenari buruzko datu zehatzak eskaintzeaz
gain esanahiaren funtsezko faktore baldintzatzaile bat ezartzen
baitu. Irudi bati lotutako informazio testualak erabat alda dezake
irudi jakin baten esanahia, beste edozein faktorek baino askoz
gehiago, alegia. Argazki irudia historiaren interpretaziorako
eta azterketarako iturri dokumental gisa hartzen denean ezinbestekoa
da erlazio hori kontuan hartzea.
Argazkigintzaren
fenomeno historikoak bere ibilbidean zehar sortu duen materiala
oro har hartuta kultur balio anitza duen ondare patrimoniala da;
ondare hori beste ondareetatik garbi bereiz daiteke, berez adierazten
dituen eta grafikoki gordetzen dituen balio eta gertakizun ugariei
esker. Argazkia ez da dokumentu bat soilik, ezta adierazpen artistikorako
euskarria ere. Beraz, ondare material hori ezin da bakarrik utzi
denboraren ondorio kaltegarrien aurka egin behar duen borrokan.
Aitzitik, ondare hori gorde, inbentariatu, definitu eta zabaldu
egin behar da, gero eta zabalagoa eta exijenteagoa den gizarteari
eskainiz.
Argazki fondoen
arazoak asko dira, eta horrek nahasketa handia sortzen du argazkien
inguruan. Oso zaila da ondare fotografikoaren inbentarioak aurkitzea;
ez dira horren inguruko agindurik ematen, ezta laguntzazko politikarik
egiten, instituzio gutxi batzuetan izan ezik. Gizarteak gero eta
interes handiagoa du ondare fotografikoarekiko, eta ondare horren
beharrak oso garbiak dira: duela hamar bat urte erabat ahaztuta
zegoen ondarea ordenatu, sailkatu, katalogatu eta kontserbatzea.
Gainera, gogoan izanik gure eskuetara negatibotan iritsi diren
argazki gehienak 1900 eta 1950 artekoak direla eta nitrato euskarrian
daudela (material hori bere bizi aldi naturaletik kanpo dago)
ulertzekoa da epe laburrean ez bada ezer egiten material horrekin
betirako galduko dugula.
Nahasketa
horren arrazoietako bat argazkiaren kontzepzioaren inguruko problematika
da. Normalean ondare fotografikoaren gaia jorratzerakoan abiapuntua
hau izaten da: argazkiak norbaitek egindako irudiak direla eta
haren balio bakarra balio dokumentala eta/edo artistikoa dela.
Tesi mugatzaile horrek zailtasun ugari ipintzen ditu ondarezko
multzo fotografikoak integralki tratatzeko orduan.
Gaur egun
fondo fotografikoak lantzerakoan sortzen diren arazo espezifikoen
iturria material fotografikoaren faktore propioak ez ezagutzea
izaten da. Hona hemen faktore horiek: argazkiaren edukia, argazkiaren
edukitzailea, bien arteko erlazioa, multzoaren izaera, izaera
dokumentala, artearen eta dokumentuaren arteko erlazioa, material
fotografiko multzoaren problematika orokorra eta material bakoitzarena
eta abar.
Argazki
irudi guztietan edukiak eta edukitzaileak osatutako binomioa aurkituko
dugu. Binomio horren barruan erlazio zatiezinak ezkutatzen dira,
bai teorikoak eta bai formalak ere. Argazkiko irudia ulertzeko
binomio horretako bi aldeek hainbat norabideko elkarrekintza dute.
Bata bestearen menpean daude; beraz, ez dira independenteak. Horrek
erakusten digu ezin direla argazkiaren eduki grafikoa eta edukitzailea
elkarrengandik bereizi. Lehenik zera esan dezakegu: edukitzaileak
irudiaren sintaxia (itxura bisuala) baldintzatuko duela eta datari,
teknikari, egileari eta abarri buruzko datuak eskainiko dituela.
Edukitzailetik
eratorritako elementuak ezagutuz beste zenbait alderdi aztertu
izango ditu, bai zein baldintzatan egin ote zen eta bai adierazten
duen irudiaren izaera espezifikoa.
XIX. mendeko erdialdean prozedura kalotipikoa erabiliz egindako
argazki batean jenderik gabeko kale bat agertzen bada, horrek
ez du esan nahi kale horretan inor ez zegoenik; gertatzen dena
da, esposizioa oso luzea zenez, mugimenduan zeuden objektuek ez
zutela argia nahikoa denboraz proiektatzen material sentsiblerantz,
eta horregatik ez zirela han isladatzen. Beraz, nahiz eta argazkian
agian ez den inor agertzen horrek ez du esan nahi argazki hori
egin zenean handik inor igaro ez zenik; aitzitik, muga edo arazo
tekniko bat dela-eta ez dira jasotzen, eta guk ezin ditugu ikusi.
Adibide hau oso sinplea da, baina ondo isladatzen du irudiaren
eta irudia hartzeko prozesuaren ezaugarrien arteko erlazioa funtsezkoa
dela hura bete-betean ezagutu nahi bada.
Multzo fotografiko
patrimonialak kudeatzen dituzten profesional gehienek argazkia
eduki soil gisa hartzen dute. Argazkia ez da bertan adierazten
den subjektu/objektuaren (edukia) eta subjektu ekoizlearen (artista)
menpe existitzen den eta denboran zehar garatzen den fenomenoa;
izatekotan, subjektu horiek argazkiaren fenomenoa garatzen eta
sortzen duten funtzioetako batzuen osagai izango dira, baina argazkiaren
determinatzaileak asko eta aldakorrak dira. Argazkigintza fenomeno
historiko gisa fronte askotan garatzen da. Fronte horien arteko
erlazioen mugak zehaztea gero eta zailago egiten ari da, analisi
diakroniko desberdinak elkartu eta argazkiaren fenomeno integralaren
ikuspegi sinkronikora igarotzen garen heinean. Hori guztia dela
eta, ezinezkoa da -eta ez da batere praktikoa- fondo fotografikoen
kudeaketa, kontserbazioa edo errestaurazioa hain ikuspegi estutik
egitea, hau da, argazkiak bertan agertzen den subjektuaren eta
subjektu ekoizlearen arabera soilik baloratzen duen ikuspegitik
egitea.
Argazki
fondoen artxibo trataera jorratzerakoan nire ustez akatsak edo
ikuspegi mugatuak diren hainbat arrisku saihestu behar dira, hots:
Artxiboa = Dokumentua, Museoa = Arte Lana, Liburutegia = Arte
Lana, Dokumentua. Eta nire ustez material fotografikoaren zaintza
eta kontserbazioa beren eskuetan dituzten hainbat estamentu edo
instituzio ikuspegi oker horretan erortzen dira.
Argazkia
ezin da hartu berrikuntza tekniko gisa soilik, hau da, giro zientifikoan
errealitatea bide faksimilen bidez adierazteko lortutako aurrerapen
gisa (argazkia iritsi baino lehen errealitatea zehatz-mehatz birsortzeko
aukera oso txikia zen "marrazkiak eskalan birsortzeko balio
zuen pantografoa..."). Bestetik argazkia ezin da objektu
artistiko soil gisa hartu ere, diskurtso fotografikoan egilea
hiperbaloratuz, mende honetan Newhall-ek eta berak sortutako eskolak
egin duten bezala. Askotan fenomeno sozio-politikoak edo historikoak
egilea bera baino askoz garrantzitsuagoak dira, finean egilea
ez baita prozesu zabalago baten katearen agente bat besterik,
argazkia bera bezalaxe. Izan ere, argazkia ideia politikoen zabalkunderako
tresna gisa har daiteke, eta horren adibide garbi-garbia diktadura
frankistaren garaian dugu.
Argazkia
esanahiz osatutako mapa gisa hartu behar da. Nire ustez argazkia
ez da artea edo dokumentua edo teknika, artea eta dokumentua eta
teknika baizik, eta horrek eragin handia izango du argazkia definituko
duen fitxa katalografikoaren elaborazioan, argazkiaren sintaxia
osatzen duten elementu desberdinak kontuan hartuko baitira.
Gogoeta hauek
ez digute pentsarazi behar eremu horretan ezer aurreratu ez denik
azken urte hauetan. Hainbat profesional lanean ari dira autodidakta
gisa eta ahalegin handiak eginez, eta oso emaitza onak ematen
ari dira. Hala ere, nahasketa nagusitzen ari zaigu, eta zerbait
egiten denean zera azpimarratzen da: ondare fotografikoaren tratamendua
garestia dela eta eremu horretan egiten ari diren inbertsioen
onurak alferrikakoak direla. Arazo nagusia, ordea, Artxibo Fotografikoen
eremuan ondare politika razionalik ez izatearena da.
Arantza
Cuesta Ezeiza, Eusko Ikaskuntzaren Mediatekako Arduradun Teknikoa |