Salmeronen
begiak etengabe lanean ari dira. Beti, ondoren argazki kamerarekin
harrapatuko dituen irudien bila. Batzutan, islatu nahi duen irudiarekin
egiten du topo, eta beste batzutan, horren bila ateratzen da.
Bera ere argazkigintzak harrapatuta bizi dela esan daiteke. Ondo
ulertzen dira Legazpiko argazkilaria eta argazkigintza. Horren
emaitza dira orain arte egin dituen argazki bildumak. Azkena,
"Paseoak eta paisaiak" izenekoa, urtarrilera arte izango
da ikusgai Legazpin. Koloreak eta mugimendua adierazten duten
argazkiek osatzen dute bilduma bitxi bezain interesgarria.
-Argazkilari
autodidakta zaitugu?
Printzipioz bai. Lehendabiziko urratsak Legazpiko "Ikatza"
argazki elkartean eman nituen, 16 urterekin. Gaztaroko beroaldi
bat izango zela uste nuenak arrastoa utzi zuen nigan, eta horrela,
burubelarri heldu nion argazkigintzari. Hasierakoa prozesu autodidakta
izan zen, baina heltzen da une bat non informazio gehiago behar
duzun, formazio espezifikoagoa. Horregatik, Artelekura jo nuen
serigrafia ikastaro bat egitera, eta han hainbat artista ezagutu
nuen. Beste ikastaro batzuk ere egin ditut Gijonen, Zaragozan,
Frantzian, Madrilen... Ez nuke ahaztu nahi Zarauzko Photomuseum-ak
antolatuta egin nuen ikastaroa ere, oso interesgarria izan baitzen.
Niretzat erabat argigarria.
-Ikastaro
gehienak Euskal Herritik kanpo egin dituzu. Hemen ez al dago argazkigintza
irakasten duen eskolarik?
Zerbait badago. Orain hasi da zerbait Bilbon, Donostian... ikusiko
dugu zeintzuk diren emaitzak. Hala ere, jende gehiena argazki
elkarteetan mugitzen da oraindik. Horiek ondo daude hasierako
etapa bat betetzeko, baina aurrera jarraitu nahi duenak ezin du
hor geratu. Nire ustez, gaur egun argazkilari elkarteak rally-ak
antolatzera mugatzen dira, eta erakusketak edo ikastaroak antolatu
beharko lituzkete. Bere garaian izugarrizko lana egin zuten, baina
orain helburutzat lehiaketak dituzte eta argazkigintzak aukera
gehiago eskaintzen ditu. Beste hutsune batzuk ere bete behar dituzte:
ikastaroak, topaketak antolatu...
-Eta
zein da argazkigintzak gaur egun bizi duen egoera?
Argazkigintzak pisu gutxi izan du arte ederren barruan. Pinturak
eta eskulturak garrantzia handiagoa dute. Azken finean argazkigintzak
150 urte daramatza, eta guztiok gara botoitxoari sakatu eta argazki
bat ateratzeko gai. Baina ere berean, argazkigintzarekin gauza
asko egin daitezke. Istorio bat kontatzeko medio bat da, eta zenbait
kasutan argazkigintzaren atzean dagoen lana jendeak ez du ikusten
edo baloratzen. Esan bezala, pixkanaka argazkigintza garrantzia
hartuz doa. Gainera, artista plastiko batzuk argazkigintza erabiltzen
hasi dira euren ideiak adierazteko. Nik uste dut hori ere ona
izan daitekeela. Azken finean, argazkigintza nahi duzuna egiteko
teknika bat da. Garrantzitsuena da, zer egin nahi duzun garbi
edukitzea.

Aizkorri: Kalbarioa... 1996. (2,4 x 2 m.)
-Argazkilaritza
zer duzu, afizio edo ogibide?
Bizio bat da niretzat. Nire bizitzan argazkigintzak oso zati garrantzitsua
betetzen du, baina bizi irauteko beste gauza batzuk ere egiten
ditut. Donostia Aisia gidan parte hartzen dut, ezkontzetan argazkiak
ateratzen ditut, erreportai batzuetarako argazkiak, diskoetarako
azalak... Saiatzen naiz bereizten lan pertsonalak, eta enkarguzkoak
direnak. Azken horietan kamera digitala eta ordenagailua erabili
ohi ditut. Nire lanetarako, berriz, digitala ez zait interesatzen.
Digitalak, arrisku bat du, lan artistikoak egiterakoan, gauza
ederrak egitera jotzen duzula. Ordenadorearen aukerak, nire iritziz,
dauzkazun ideiak bideratzeko erabili behar dira, baina ez besterik
gabe.
-Israelen
jarri zenituen argazkiak erakusgai, baina gainontzean Euskal Herrian
dituzu erakusketak. Kanpora ateratzeko asmorik bai?
Orain dela hamar urte hasi nintzen erakusketekin, eta gehienak
Euskal Herrian jarri ditut erakusgai. Espainiar estatura ere atera
izan dira batzutan. Hasieran oso lan esperimentalak jarri nituen
erakusgai, ondoren landuagoak, erreflexiboagoak, eta azken lana,
orain prestatzen hasi naizena ere, erreflexiboa eta zuri-beltzean
da.
Erakusketei dagokienez, nire asmoa gehiago mugitzea eta erakusketak
kanpora ateratzea da. Ikusten duzunez, lehenengo argazkiak atera
behar dira, gero finantzabideak aurkitu eta azkenik mugitu.
-Sakrifikatua
dirudi argazkigintzak.
Eta oso garestia. Behar diren materialak oso dira garestiak. Nik
bankuan ez daukat zentimorik, baina edozein lan egitea ahalbidetzen
didan ekipo bat daukat. Lanean inbertitzea, horixe izan da
nire apustua.
Behin lagun batek esan zidan, nik egiten dudanean sinesten dudala
eta lortzen dudala, gainera, besteek ere horretan sinestea. Jakina,
nik ez badut nire kontuetan sinesteen, nola lortuko dut besteei
sinestaraztea! Argazkigintzatik bizi nahi duenak hiru gauza egin
behar ditu: lan, lan eta lan. Horrela lortzen dira emaitzak, bai
argazkigintzan, literaturan edo eskulturan.
Gainera, gero eta jende gehiago dabil argazkigintzan, batez ere
gazteak, eta konpetitibitatea gorantz doanez lan gehiago egin
behar da.
-1996an
Imajina Ezazu Euskadi saria irabazi zenuen "Paseoak eta paisaiak"
argazki-bildumarekin.
Bost argazki aurkeztu nituen lehiaketa horretan, baina argazki
indibidualak ziren. "Paseoak eta Paisaiak" erakusketa,
berriz, irudi konposatuek osatzen dute. Sariketara aurkeztutako
argazkiak ez ziren hain abstraktuak, ez nintzen mugimendu handiko
argazkiak aurkeztera ausartu. Garbi esanda, dirua behar nuelako
aurkeztu nintzen lehiaketara. Izugarrizko zuloan sartuta nengoen,
diru beharrean nengoen, eta horregatik, zerbait segurua aurkeztu
nuen.
Argazkigintzan lehenengo saria eskuratu, baina gainera, sail desberdinetan
irabazle izan zirenen artean beste sari berezi bat banatu zuten,
eta hori ere irabazi egin nuen. Lehen aldiz argazkigintzari eman
zioten sari hori. Ni harrituta geratu nintzen, badakizu, literaturak
eta garrantzia handiagoa dute. Ez nuen espero sari berezi hori
jasotzea.
-Sari
horrek ezagutzera emateko balio izan zizun?
Komunikabideetan oihartzuna izan nuen, eta bai, nire lana ezagutzera
emateko balio izan zidan. Nik beti zalantzak ditut gauza berriak
egiten ditudanean, eta alde horretatik sariak interesgarriak dira.
Hasieran, sari bat irabazten duzula eta, gehiago bilatzen duzu
oihartzuna, zure lana ikertzea baino. Azkenaldian, berriz, gehiago
interesatzen zait nire lana lantzea. Gero, oihartzuna badator,
hobe. Nire helburua une honetan nik gustuko dudana egiten jarraitzea
da, hau da, argazkiak ateratzen jarraitzea.
 |
Volvic,
1996. 2 x 1,6m |
-Argazki
on bat ateratzeko sekretua zein da?
Argi eduki behar da zer nahi den egin, eta horren arabera, teknika
bat edo beste erabili: zuri-beltza, kolorea, erretratua...
Sentimendu bat egon behar da, argazki on batean zerbait kontatu
behar da. Nik argazki bat ateratzen dut, ikusten dudan horrek
sentimendu bat sortarazten didanean.
Ondoren, lortu behar dut, niri sortarazi didan sentimendu hori
argazkia ikusten duenak ere sentitzea. Jakina, teknika ondo menperatu
behar da, baina funtsezkoena ideia bat edukitzea da. Kamara erraminta
bat da, baina pentsatu egin behar da argazkia ateratzeko orduan.
-Argazkiak,
koloretan edo zuri beltzean?
Ni zuri-beltzaren aldekoa naiz. Nire lan sakonenak zuri-beltzean
egin ditut. Nahiz eta hasiera batean sinpleagoak diruditen, zuri-beltza
norberak lantzen du, eta hori beste kontu bat da. Kolorea, berriz,
errazagoa da, eta laborategiek izugarri ondo egiten dute lan hori.
-Rwandan
egon zinen 1992an, eta hango argazkien bilduma ere baduzu. Zer
dela eta Rwandan?
Jokin Otaegi, nire maisua izan zena eta nire aitaren oso laguna
dena, Rwandan zegoen misiolari. Han arte eskola batetako zuzendaria
zen, eta opor batzutan hona itzuli eta zenbait lan ekarri zituen.
Erabiltzen zituzten koloreekin eta harrituta geratu ginen, baina
argazkiak nahiko kaxkarrak ziren. Alde batetik izugarrizko maila
zegoen, baina argazkigintzari dagokionez alderantzizkoa gertatzen
zen. Horrela, nik ikastaro bat emateko aukera sortu zen. Bidaia
geuk ordaindu, eta aita eta biok Rwandara joan ginen hilabetez.
Goizetan ikastaroa eman, eta arratsaldetan argazkiak ateratzen
nituen. Lan antropologiakoa izan zen, bertako jendea nola bizi
den eta zer egiten duten islatzen dute argazkiek. Izugarri hunkitu
ninduen bertako jendeak, duintasuna erakusten baitzuten argazkiak
ateratzen nizkienean. Dotorezia handia erakusten zuten kameraren
aurrean. 1.800 argazki inguru atera nituen, eta hortik 50 aukeratu
nituen bilduma osatzeko. Gustatuko litzaidake lan hau gehiago
mugitzea, gutxitan egon baita erakusgai.
-Zein
harreman duzue zuen artean Euskal Herriko argazkilariok?
Badaude harremanak, eta horretan asko gustatzen zait Elgoibarko
argazkilari elkarteak duen lan egiteko era. Zarauzko Photomuseum-a
egiten ari den lana ere kontuan hartzekoa da.
-Une
honetan zer duzu eskuartean?
Gizonak naturan duen presentziaren inguruko argazkiak ateratzen
ari naiz. Argazkiak zuri beltzean dira, eta kamera desberdinekin
ateratakoak: plakekin, panoramikarekin baina mugitu gabe eta 35
mm-ko kamerarekin. Batzuk irudi txikiak izango dira, eta beste
batzuk oso handiak.
Orain dela urtebete hasi nintzen lan honekin, eta bilduma dagoeneko
forma hartzen ari da. Hala ere, gehiago landu behar dut oraindik.
Datorren urtean zerbait aurkezteko moduan egongo naiz.
Gorka
Salmeron (Legazpi, 1969)
Portafolioak:
Emulsiones, 1989. Paris Egunetik Egunera, 1990.
Condenados a Pensar, 1990. Puertas, 1991. Polaroids
o el Color de la Luz, 1992. Leaxpi Industri
Paisaiak, 1992. Rwanda 1992, 1995. Paseoak eta
Paisaiak, 1998.
Bakarkako
erakusketa batzuk: Legazpiko Kultur Etxean.
Errenteriako Gaspar Galerian. Zaragozako Spectrum
Galerian. Zarauzko Photomuseum-en. Bilbao Bizkaia
Kutxan. Israelgo The Museum of Photography at
Tel-Hai Industrial Park-en. Algecirasko UFCAn.
Beka
eta sariak: argazki teknika zaharrei buruzko
ikerketarako laguntza, Gipuzkoako Foru Aldundia.
XII. Zilarrezko Abejorrilloa eta VI. Ikasketa
beka, Guadalajarako Argazkilari Elkartea. Leaxpi
Industri Paisaiak lanaren promoziorako beka,
Gipuzkoako Foru Aldundia. Imajina ezazu Euskadi
IX. edizioan argazkigintzan lehenengo saria
eta VII. Zilarrezko Hispano sari berezia. |
|
|
Maria Agirre, kazetaria
Argazkiak: Maria Agirre |