Javier
Aguirresarobe argazki zuzendari eibartarra dagoeneko klasiko bat
da Espainiako Zinematografiako Arte eta Zientzien Akademiak urtero
ematen dituen Goya sarien ikuspegitik. Aurtengo edizioan Alejandro
Amenábar zuzendariaren Los otros filman egindako
lanagatik jaso duenarekin, lau dira jada Aguirresarobek Argazki
Zuzendaritza Onenaren sailean eskuratu dituen Goya sariak.
 |
¿Qué
hace una chica como tú en un sitio como éste?
(1978) |
70eko hamarkadan
kokatu behar dugu Javier Aguirresaroberen ibilbide zinematografikoaren
hasiera. Zine Eskola Ofizialean Juan Ruiz Anchía, Angel
Luis Fernández, Imanol Uribe eta Julio Madurga ezagutu
zituen, besteak beste. 1972an graduatu zen. Zine profesionalaren
esparruan egin zuen lehenengo lana, José Luis Borauren
Hay que matar a B. (1973) filmerako izan zen, kamara laguntzaile
gisa. Urte hartan bertan aritu zen lehenbizikoz argazki zuzendari
bezala ere, Anton Merikaetxebarriaren Rumores de furia
(1973) laburmetraian. Hirurogeita hamarreko hamarkadako lehenengo
urteetan Eskola Ofizialean ezagututako zuzendarien laburmetraietan
parte hartzen aritu zen, eta laurogeiko hamarkadako lehenengo
urteetan, berriz, buru-belarri sartu zen euskal zinema sortu berrian,
Euskadiko zine argazkilari nagusia bihurtuz. Aldizka, halere,
aritzen zen zine estatalean ere. Bere lagun Imanol Uriberekin
1977an egin zuen lana lehenbizikoz, Ez laburmetraian, eta
gero Fernando Colomoren ¿Qué hace una chica como tú
en un sitio como éste? (1978) luzemetraieko argazkiaz
arduratu zen. Berriz ere Euskal Herriko zinera itzuli zen, film
luze zein laburretan parte hartzera, hala nola Mirentxu Loyarteren
Irrintzi (1978), Imanol Uriberen El proceso de Burgos
(1979), Montxo Armendárizen Barregarriaren dantza
(1979), Fernando Larruquerten Euskal Herri-Musika, eta
Ikuska sailaren laburmetraietan.
1981ean,
Imanol Uriberen La fuga de Segovia-Segoviako ihesa filma
izan zen euskal zineak laurogeiko hamarkadan hasitako ibilbide
arrakastatsuari bidea zabaldu zion filma. Aguirresarobe izan zen
bertako argazkiaren arduraduna. Ikuska sailean eta orduko
hainbat euskal laburmetraietan parte hartzen jarraitu ondoren,
Imanol Uribe zuzendariaren La muerte de Mikel filman parte
hartu zuen, euskal zineak urte haietan izan zuen arrakasta ulertzeko
ezinbestekoa den beste film bat. Lan hauen bidez, Aguirresarobe
gero eta gehiago definitzen zihoan errealitatearekin jokatuz argi-ilunen
kontrastearen indar dramatiko guztia ateratzeko modua, eta estilo
hori indartzen ari zen euskal nahiz espainiar zineko filmaketetan.
 |
La
muerte de Mikel. |
Laurogehiko urteetako
bigarren erdialdean, proiektu ugaritan hartu zuen parte: Javier
Rebolloren Golfo de Vizcaya-Bizkaiko golkoa (1985) -Argazki
Onenaren Argazkilarien Elkartearen saria Donostiako Nazioarteko
Zinemaldian-, Montxo Armendárizen 27 horas (1986),
Gonzalo Suárezen Remando al viento (1986) (bigarren
unitatean), eta
José Luis Cuerdaren El bosque animado (1987), beste
askoren artean. Laurogeita hamarreko hamarkadan, ekoizpen nazionalean
hartu zuen parte, eta orduko euskal zuzendaririk onenekin aritu
zen lanean. Horrela, honako lan hauek azpimarra genitzake: M.G.
Rojasen Andar Bengala (1990) -New Yorkeko Zinemaldiko saria,
argazkiaren kalitateagatik-, Pilar Miróren Beltenebros
(1991) -Argazki Onenaren Goya saria-, Víctor Ericeren
El sol de membrillo (1992) (Ángel Luis Fernándezekin)
-Argazki Onenaren saria, Euskal Zinearen sarien II. edizioan)-,
Juanma Bajo Ulloaren La madre muerta (1993) -Argazki Onenaren
saria Euskal Zinearen El Mundo-ren III. edizioan-, Carlos
Sauraren Dispara (1993), Imanol Uriberen Días
contados (1994) -Argazki Onenaren epaimahaiaren sari berezia
Bastiako Zinemaldian-, Manuel Huergaren Antártida (1995)
-Argazki Onenaren Goya saria 1996an-, Julio Medemen Tierra
(1995), Pilar Miróren El perro del hortelano (1995)
-1997ko Argazki Onenaren Goya saria-, Imanol Uriberen Bwana
(1996) -Argazki Onenaren saria Euskal Zinearen
El Mundo-ren V. edizioan-, Montxo Armendarizen Secretos
del corazón (1996) -Argazki Onenaren saria Euskal Zinearen
El Mundo-ren VI. edizioan-, Fernando Truebaren La niña
de tus ojos (1998) -Argazki Onenaren saria Peñíscolako
Komediaren Nazioarteko Zinemaldiko hamaikagarren edizioan, 1999an-,
eta Alejandro Amenábarrek zuzendu, Tom Cruisek ekoiztu
eta Nicole Kidmanek protagonizaturiko Los otros (2001)
film handizalea, bere laugarren Goya saria eman diona. 2001 urtean,
Málagako Zine Espainiarraren Nazioarteko Zinemaldiak Ricardo
Franco saria eman zion, eta, bestetik, Pedro Almodóvarren
Hable con ella film berrian murgildu zen, argi utziz uneotan
oso zaila dela euskal zinean, eta baita espainiarrean ere, Aguirresaroberen
talentu eta curriculumaren parekorik duen argazki zuzendari bat
aurkitzea.
 |
Antártida
(1995) |
Carlos Roldán Larreta,
Artearen Historian doktorea
Argazkiak: Jesús Angulo, Carlos F. Heredero eta José
Luis Rebordinos-en "En el umbral de la oscuridad: Javier Aguirresarobe"
liburutik |