Almodóvarren
azken filmerako lana amaitu berri duela, David Truebaren "Soldados
de Salamina" ari da filmatzen. Duela hilabete gutxi batzuk Goya
saria jaso zuen Amenábarren "Los otros" filman egindako
lanagatik, eta dagoeneko Patrick Alessandrin-en ekoizpen frantses
batean parte hartzeko prestatzen ari da. Javier Aguirresarobe
dugu. Garrantzitsuena, "bihotzak agintzen dizuna egitea"
dela aldarrikatzen du egun batean Madrilera joatea erabaki zuen
eibartar honek. Bere lanbidearekin "pozak zoratzen"
dagoela aitortzen du, eta zinemarekin, berriz, "liluratuta".
-Argazki zuzendari
onenaren lau Goya sari eskuratu dituzu dagoeneko. Kategoria horretan
Javier Aguirresarobe jada klasiko bat dela esan genezake. Nola
jaso duzu azken sari hau? Nolako harrera egin diozu? Goya sarietarako izendatuta
zaudenean, beti daukazu tokatuko zaizunaren sentsazioa, baina
hala ere edozer gerta daiteke. Agian aurreko aldietan baino poz
handiagoa eman dit oraingo sariak. Irrikia behintzat inoiz ez
duzu galtzen, laugarren edo zortzigarren aldia izan. Kasu honetan,
nahiko film berezi bati eman diote saria, segur aski egin ditudan
guztien artean berezienari. Ez nik neuk egin dudanagatik bereziki,
baizik eta ekoizpenagatik beragatik. Beti teknika amerikarrarekin
neurtu behar izaten genituen gure indarrak, beti genbiltzan konparazioetan
sartuta, eta erronka hori gainditu izanak poz handia eman dit.
-"Los otros"
bezalako ekoizpen iparramerikar batean argazki zuzendari bezala
aritzean, asko aldatzen al dira lana egiteko eskemak bitartekoak,
kudeaketa edo antolaketari dagokionez? Ekoizpena goitik behera
espainiarra izan da. Banaketa zen amerikarra eta indar handia
zuen. Eskakizun mailak izugarrizko garrantzia zuen filmazioan
zehar.
 |
Javier
Aguirresarobe "Tierra"-ren filmaketan. |
-Zinema munduko
profesional gehienak metraje laburreko filmetan hasi ziren lanean.
Zein leku eman beharko lieke industria zinematografikoak horrelako
ekoizpenei? Ahal duen zabalena.
Nik uste dut inork ez lukeela metraje luzeko filmik egin beharko
aurrez horrelako saiorik egin gabe. Lehenengo hanka sartu behar
da eta horretarako hanka sartzeko aukera eman behar dizute, erantzukizun
arinagoa duten lanak eginez. Hain zuzen ere horretarako dauzkagu
metraje laburreko filmak. Film hauetako batzuek exigentzia maila
handia dute, baina ikuspegi tekniko, artistiko eta estetikoan
aurrera egiteko bide bat dira. Nik uste dut gaur egun metraje
laburreko film asko egiten direla, eta administrazioa segur aski
konturatzen da horretaz, baina hala ere gutxi laguntzen duela
iruditzen zait.
-Euskal Filmotekak
argitaratutako "Javier Aguirresarobe, en el umbral de la
oscuridad" liburuan irakur daitekeenaren arabera, zure lanak
beti argitik, eguzkitik eta koloretik babesteko joera izan du.
Nola jokatu duzu Almodóvarren "Hable con ella" filmeko
argazki zuzendaritzan, bere filmek argi eta kolorez betetako eszenatan
mugitzen diren pertsonaien dramak kontatzen dituztela jakinik? Beste film guztietan
bezala. Guk argi naturala daukagu aurrean. Argi natural hori,
batzuetan, filman kontatu nahi dugunarekin bat etortzen da, baina
hori gutxitan gertatzen da. Goizeko zortzietatik iluntzeko zortziak
arte aritzen garenez lanean, egunsentia, ilunabarra, eta, tartean,
eguzki beteko ordu batzuk ditugu. Baina filman jaso nahi dugun
sekuentziak jarraitasun bat du, eta beraz argi natural hori manipulatu
egin behar dugu. Batetik, sekuentzia horrek guk nahi dugun argia
izan dezan, eta, bestetik, argi horrek aldaketa bortitzik gabeko
tonua izan dezan. Denbora guztian argia estaltzen eta gure argia
integratzen aritu behar dugu, ahal dugun guztia egiten eta desegiten.
Hori beti gertatzen da, eta Pedro Almodóvarren kasuan ere
bai. Sekuentzia batzuetan zorte handia izan dut argi naturalarekin,
-ospitaleko gelarekin adibidez-, baina beste plano batzuetan argi
gehiegi sartzen zen leihotik, eta beraz distira kontrolatzeko
moldaketak egin behar izan ditut. Zeren eta filmak tonu liriko
bat izan arren, ospitale bateko gelan gertatzen dena erakutsi
behar zuen sekuentzia horrek. Beraz, kanpoaldeko informazioa berreskuratu
eta barruko figurak ikustea lortu behar genuen. Gure lanean askotan
saiatu behar izaten dugu inguruko argi naturalaren elementuak
manipulatzen.
 |
"La
fuga de Segovia"-ren filmaketa. |
-Madrilen Euskal
Herriko teknikari eta zuzendari on asko dago. Konponbiderik gabeko
errealitate bat ote da? Gehienok Euskal Herrian
hasi ginen lanean. Ni, adibidez, 79an hasi nintzen, "El proceso
de Burgos"-ekin. Gero, "La fuga de Segovia" eta
"La muerte de Mikel" egin nituen. Ia guztia Donostian
ekoizten genuen. Baina, gero, Madrilera joan behar duzula ikusten
duzu, eta kontua da han lanak jarraikortasun bat duela, eta urtean
bi filmetan parte hartzeko aukera daukazula.
-Lanean aritu
zaren ekoizpen guztien artean, metraje luze nahiz laburreko filma
izan, zeinenak dituzu oroitzapenik kuttunenak? Beti izaten da film
kuttunen bat, borobil-borobila. Oso zaila da bakar bat aukeratzea,
baina "Secretos del corazón"-ek, ikusten dudan
bakoitzero, modu berezi batean hunkitzen nau. Giro guztiekin oso
identifikatua sentitzen naiz. Filma %100era dagoela iruditzen
zait, eta ni ere hala nago, %100era.
-Eibarren jaio
zinen, eta uste dut Madrilen Optika eta Kazetaritza ikasten hasi
zinela. Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek? Nola jarri zinen
harremanetan zinemaren munduarekin?
Niri
beti gustatu izan zait zinema. Nire haurtzaroko Eibar gris eta
euritsu hartan Scope eta Technicolorreko filmak ikustea oso ludikoa
izaten zen, liluragarria. Ni anaia bati esker hasi nintzen argazkilaritzarekin
zaletzen, haur bat besterik ez nintzela. Anaia ere txundituta
zegoen zinemarekin. Orain profesionala da. Madrilera Optikagatik
joan nintzen. Gero Kazetaritza ikasten hasi nintzen, eta, aukera
izan bezain pronto, zinema eskolan sartu nintzen. Eskola hartan
lekua mugatua zenez, bertan sartu ahal izateko azterketa zorrotz
samar bat gainditu behar zen. Kameraren espezialitatean sartu
nintzen eta horri esker oinarri tekniko bat lortu nuen. Ikasketak
amaitu nituenetik bost edo sei urte igaro arte ezin izan nintzen
zineman lanean hasi. Bitarte hartan denetarik egin nuen, ahal
nuen guztia. Ez zen erraza izan. Orduan, hori guztia utzi eta
Donostiara itzultzea erabaki nuen, eta kooperatiba bat sortu nuen
besteak beste Berridi, Alberto Iglesias eta José Ángel
Rebolledorekin batera. Kooperatiba horri esker, euskal zinemaren
hazia sortu zen. "El proceso de Burgos" egin genuen,
eta, dirudienez, zinema berri bati ateak zabaldu genizkion.
-Zein metodo
erabiltzen duzu lan egiteko orduan? Zer planteatzen duzu film
batean lanean hasterakoan? Nolakoa izaten da prozesua? Hasteko, gidoia irakurtzen
dut eta gero errealizadorearekin elkarrizketa izaten dut. Gidoia
irakurritakoan, ideia estetiko batzuk sortzen zaizkit eta ideia
horiek errealizadoreak dauzkanekin bateratu nahi izaten ditut.
Normalki horrela izaten da. Errealizadorea batzuetan irudi teknikaria
izaten da, baina ez baldin bada, erreferente batzuk bilatzen dituzu.
Kasu batzuetan, argazkiak dituzu filmak hartuko duen ildoa nolakoa
izango den adierazteko erreferente bakarra. Gidoiak argi eta koloreen
atmosfera eta giroak nolakoak izango diren iradokitzen dit eta
ni ideia horretan oinarritzen naiz filmaketara joaterakoan. Prozesua
ia automatikoa da. Orain, adibidez, David Truebaren "Soldados
de Salamina" filmatzen ari gara. Davidek pelikula ausart
bat egitea proposatu zidan, hasierako batzuk izan ziren bezala.
Super 16-an ari gara filmatzen eta post-produkzioa digitala
izango da. Filmak oso azkarra izan behar zuela erabaki genuen,
kamera eskuan hartzen den horietakoa, erreportaje moduko pelikula
bat. Garrantzitsuena da zer egin nahi duzun garbi izatea. Filmaketa
lau edo bost astekoa izaten denean, egunetik egunera gertatzen
denaren arabera moldatzen zarenean, filmak, argazkiari dagokionez,
bere une onak eta une txarrak izaten ditu. Baina, azkenean, argazkiak
filmari datxekion elementuen ekarpena egiten du: istorioa indartzen
duten argazki, atmosfera eta giro definizioa emanez.
 |
"Días
contados". |
-Zeri begiratzen
diozu proiektu berri bati baiezkoa emateko? Interesatu egin behar
zait, derrigor. Gidoia gustatu egin behar zait. Kasu batzuetan,
filma generokoa izateak sortzen du interes hori. Interesa soziala
izan daiteke, "La muerte de Mikel" edo "Días
contados" bezalako filmetan, adibidez, edo poetikoa, "Secretos
del Corazón" pelikularen kasuan bezala. Oso garrantzitsua
da filma egiteak zentzuren bat izatea. "Soldados de Salamina"
egiteko, adibidez, beste proiektu interesgarri batzuri ezezkoa
eman behar izan diet. Batzuetan, ordea, beharrezkoa da aukerak
egitea. Eskuartean neukan proiektuetako bat nazioartekoa zen arren,
barru-barruan sentitu dut "Soldados de Salamina" egiteko
beharra. Ahal baduzu behintzat, bihotzak agintzen dizunari jarraitu
behar diozu.
-Zure iritzian,
zein ezaugarri izan beharko lituzke argazki zuzendari on batek? Nire ustez, argazki
zuzendari on batek prestaketa tekniko on bat izan behar du. Argazki
zuzendariok, filmaketa batean, bi gauza konbinatu behar izaten
ditugu: lanak ahalik eta denbora gutxienean egitea eta ezagutza
tekniko batzuk izatea. Baina ezagutza horiek azalean izan behar
ditugu, ezagutza horiez blai egon behar izaten dugu eta hori esperientziarekin
lortzen da, barruan dauzkazun ezagutzei esker. Gero, intuitibo
samarra ere izan behar duzu espazio batek zer iradoki dezakeen
jakiteko. Esperientzia izatea oinarrizkoa da, batez ere gauzak
azkar egiteko. Gure prozesua industriala izaten da, ziztu bizian
ibili behar izaten dugu. Eta, horrez gain, oso garrantzitsua da
inguruko gauza guztiekiko jakin-mina izatea, inguratzen zaituenarekiko
interesa izatea. Informazio asko jaso behar duzu, baina ez zinematografikoa
bakarrik, baizik eta bizitzari buruzkoa. Egunean egon behar duzu.
Espazio huts batera iristen gara, ezer ez dagoen leku batera,
eta gu geu gara argia ipintzen dugunak. Erabakiak oso azkar hartu
behar izaten dira.
 |
Pedro
Almodóvarren "Hable con ella" filmaketaren
momentu bat, psikiatraren etxeko sekuentzia. Javier Aguirresarobe
kamera taldearekin agertzen da argazkian. |
-Ba al da bereziki
miresten duzu zinemagile edo argazkilaririk? Imitatu nahi izan
duzun lanik? Bat bakarrik ez, asko.
Nik beti esaten dut zinema frantsesaren tradizioa daukadala. 70eko
urteetan, Zinema Eskolan nengoenean, bazen Cloquet izeneko argazki
zuzendari frantses bat, nire ibilbidea asko markatu zuena. Zinema
amerikarrari dagokionez, nire pelikularik gustukoenak zuri-beltzekoak
dira. Berriagoen artean, "Sed de mal" eta "La noche
del cazador" azpimarratuko nituzke. Baina ezin zaio inori
itsu-itsuan jarraitu. Eragina leku desberdin askotatik jasotzen
da. Bakoitzak bere ildoa markatu eta bere estiloa sortu behar
ditu.
-"Soldados
de Salamina" filmatzeaz amaitutakoan, beste proiekturen batean
parte hartzekotan zabiltza? Ziur aski Patrick Alessandrin-en
komedia frantses batean hartuko dut parte. Oso elementu tekniko
interesgarriak izango ditu.
 |
Pedro
Almodóvarren "Hable con ella" filmaketaren
beste momentu bat, kasu honetan Aranjuezko zenzenplazan. |
-Zer sentitzen
duzu atzera begiratu eta urte hauetan zehar egin duzuna ikustean? Egiten duzun lanarekin
benetan gustura baldin bazaude, lan eta bizimodu horri eusten
saiatu behar duzu. Eta, horretarako, adi ibili behar duzu, bai
jendeak zure lana miresteko eta baita proiektu berriak jasotzeko
ere. Hori da nik jarraitu nahi dudan dinamika. Gure lana oso liberala
da: aurreko lanaren arabera, edo deitu egiten digute, edo ez digute
deitzen. Niri, atzera begiratzen dudanean, garatu egin naizela
iruditzen zait. Eta, nire ametsik handiena, bilakaera horretan
aurrera jo eta noraino iris naitekeen ikustea da.
Javier
Aguirresarobe (Eibar,
1948)
Javier
Aguirresarobe Eibarren jaio zen. Abangoardia
industrialean eta immigrazio prozesuan murgilduta
zegoen hiri horretantxe igaro zituen bere haurtzaro
eta gaztaroa. Txiki-txikitandik hasi zen zinemarekin
liluratzen eta nostalgiaz gogoratzen du "technicolorreko
piraten filmetan itsaso urdinak zuen kolorea".
Madrilera Optika ikastera joan zen, gero Kazetaritza
ikasten hasi zen eta azkenik, 1972an, Zinema
Eskolan graduatu zen. Berari zor dizkiogu euskal
zein espainiar zinemako hainbat titulu gogoangarri,
hala nola "La fuga de Segovia" (1981),
"La muerte de Mikel" (1983), "Beltenebros"
(1991), "Días contados" (1994),
"Secretos del corazón" (1996),
"Los otros" (2001) eta "Hable
con ella" (2002). Lau Goya sari eskuratu
ditu eta sari zinematografiko ugari.
|
|
|
Argazkiak: Javier Aguirresarobe eta Jesús
Angulo, Carlos F. Heredero eta José Luis Rebordinos-en "En
el umbral de la oscuridad: Javier Aguirresarobe" liburutik
Euskonews & Media 161.zbk
(2002 / 4 / 5-12)
|