Unibertsitatean
irakasle eta ikerlari izan baino lehen, itsasontzigintzan aritu
zen lanean José María Bastero bermeotarra. Itsas
Ingeniaritzan doktorea izanik, Mekanikako irakasle laguna izan
zen hiru urtez, eta baita Nafarroako Unibertsitateak Donostian
duen Ingeniari Industrialen Goi Eskolako Ikasketen zuzendaria
ere. Ondoren Bizkaira jo zuen, eta 1977an Mekanikako katedra eskuratu
zuen Bilboko Ingeniari Industrialen Eskolan. 1992an Nafarroako
Unibertsitateko ikerketen errektoreorde izendatu zuten Iruñean,
eta lau urte geroago, 1996an, unibertsitate horretako bertako
errektore. Bertan darrai gaur egun. Bere hirurogei urteetan zehar
pilatutako esperientzian oinarrituz, goi hezkuntza eta trebakuntza
sistemari buruz mintzatu gara berarekin, eta baita unibertsitatearen,
gazteriaren eta gizartearen alderdi desberdinen inguruan ere.
-Instituzio
pribatu honetako autoritate gorena izanik, azal iezaguzu zein
den unibertsitateen egitekoa, eta zeinek izan beharko lukeen,
bi gauza desberdin baitira.
Oso galdera konplexua da; ezingo nuke
erantzun sinple bat eman. Edozein kasutan, lehenik eta behin esan
behar da oso instituzio gutxik eskaini diotela gizarteari unibertsitateak
eskaintzen duen zerbitzua; hain zuzen ere horregatik jarraitzen
du bizirik hainbeste denboran. Unibertsitatea kultur inguruabarretara
zenbatez hobeto egokitu, orduan eta erabilgarriagoa izaten da,
baina betiere bere nortasuna mantenduz, hau da, alor zientifikoetan
jakintza bilatu eta zabaltzen. Gaur egun ere eginkizun berbera
izaten jarraitzen du: gizartearen beharrei erantzutea, ahal den
neurrian egia aurkituz, inolako apriorismo eta aurreiritzirik
gabe.
-Elitismo intelektuala
berreskuratzeari begira, sistema unibertsitario zorrotzago baten
beharra ikusten al duzu? Alegia, unibertsitatean sartzea zailduz,
ikasgaiak kolokan dauzkatenei ikasturte batetik bestera pasatzea
galaraziz, ekainean edo irailean suspenditzen duten ikasleak kanporatuz... Ikasketa unibertsitarioetan
porrot egiteak arazo bat dagoela adierazten digu, eta arazo horren
jatorria, nire ustez, bigarren mailako irakaskuntzan dago nagusiki,
ez duelako exijentzia pertsonala behar adina sustatzen. Unibertsitatean
sartzen diren askok ez dauzkate benetako gaitasun eta interesa. Dena den, ez dago ikasketa
unibertsitarioen bikaintasuna berma dezakeen sistemarik, eta gainera
ez zait iruditzen hori gutxiegiak ipintzen lortzen lor daitekeenik.
Unibertsitate baten arrakasta, eskaintzen duen irakaskuntzaren
kalitatearen araberakoa da. Eskola onak ematen baldin badira,
eta irakasleak laguntzeko prest baldin badaude, ikasleek ahalegin
handiagoak egingo dituzte eta arreta handiagoa ipiniko dute.
-Nola itzul
dakioke prestigio soziala "letretako" adarrari (hau da, Humanitateei,
Giza Zientziei)? Inoiz aipatu duzu ez dela oso adar errentagarria... Ez dut uste hori egun
batetik bestera konpon daitekeenik, espezializazio horiek ospea
galdu izanaren arrazoiak gizartean bilatu behar direlako, ez unibertsitatean
bakarrik. Baina etorkizuna itxaropentsua da alde horretatik. Nafarroako
Unibertsitateak ikasgai humanistikoak sartu ditu bere ikasketa
unibertsitario guztietan, eta hori oso begi onez ikusi du lan
merkatuak, enpresentzat oso jakintza baliagarriak eskaintzen dituelako.
Humanista, azken batean, gizakia ondo ezagutzen duen aditua da,
eta enpresetako jardueraren ardatza gizakia da, gero eta hein
handiagoan.
-Zeintzuk dira
Nafarroako Unibertsitateak enpresaren eta trebakuntzaren aldetik
dauzkan helburu nagusiak? Gure helburua unibertsitate
on bat izatea da, besterik gabe, eta gure printzipio fundazionalekin
bat etortzea, Nafarroako Unibertsitatea Opus Dei-ren obra korporatibo
bat da-eta. Ikasleei prestakuntza profesional egoki bat eskaintzen
saiatzen da, beren lana profesionaltasunez, irizpide etikoekin
eta lanerako espirituarekin gara dezaten. Era berean, nazioarte
mailan lehen mailako ikerketa lanak bultzatzen ditu, gizakiari
aurrera egiten laguntzeko, eta esparru kultural eta soziala sakonetik
ezagutzeko.
 |
José
María Bastero, ezkerraldetik hasita bigarrena, Eusko
Ikaskuntzaren XIV. Kongresuan. |
-Zuzentzen
duzun instituzioak hainbat kritika jaso ditu sektore batzuen aldetik
matrikulen prezioa garestiegia izateagatik, eta bertan ikasi nahiko
luketen batzuek horri aurre egiterik ez izateagatik. Ekonomikoki
elitista izatea leporatzen dizuete. Honela dio zuen iragarkietako
batek: "Ez omen da erraza Nafarroako Unibertsitatean sartzea.
Zaila, ordea, bertatik joan behar izatea da". Zuzen al dabiltza
kritika horiek? Gure irakaskuntzako
kostuak, beste edozein unibertsitate estatalenaren parekoak edo
txikiagoak dira, guk ez dugulako inolako laguntza publikorik jasotzen
kostu horiek estaltzeko. Horregatik, eskubide konstituzional bat
egikarituz, gurea bezalako unibertsitate batean ikastea erabakitzen
duten ikasleak ez daude berdintasun egoeran goi hezkuntzara bideratutako
baliabide publikoen aurrean -beken programa orokorren kasuan izan
ezik-, nahiz eta beren familiek beste guztiek bezala ordaindu
zergak. Desberdintasun egoera hau gainditzeko, Estatu batzuetan
sistema unibertsitarioa txeke eskolarra-ren sistemaren
bidez finantzatzea erabaki dute. Baina Ordenazio Unibertsitarioaren
Lege berriak ez du aukera hau jaso. Nolanahi ere, gure matrikulen
prezioak oso ajustatuak dira, eta gainera unibertsitate pribatuen
batezbestekoaren azpitik daude. Beste alde batetik, beken sistema
propio bat daukagu, inor ez dadin arrazoi ekonomikoengatik Nafarroako
Unibertsitatean ikasi gabe gelditu. Bestetik, gure unibertsitateko
ikasleen gurasoen %85 errenta ertaina edo bajua dute. Familia
horientzat, matrikularen kostuak sakrifizio bat suposatzen du,
dudarik gabe, baina azkenean bere fruituak ematen ditu, trebakuntza
on batean inbertitzea beti delako errentagarria.
-Zer eskaintzen
du Nafarroako Unibertsitateak beste unibertsitateen aldean? Ez nuke konparazioetan
sartu nahi, baina ezaugarriren bat azpimarratzekotan, lehen aipatutako
ildo kristauaz gain, ikasleek unibertsitateko bizitzan duten protagonismoa
aipatuko nuke. Ikaslea bere trebakuntzaren gidaria izatea nahi
dugu, bere nortasuna ahalik eta gehien gara dezan. Gure irakaskuntzaren
helburua ikaslea aktiboki garatzea da, ikasten ikastea,
horrek gero eta garrantzia handiagoa daukalako lan munduan, etengabe
erronka berriak sortzen ari direlako. Horretarako, ikasle eta
irakasleen arteko harremana estua izaten saiatzen gara.
-Lan merkatuan
sartzeko prest ateratzen al dira lizentziatutako ikasleak? Lanean hasten den jendearen
indize onak dauzkagu, eta titulazioaren arabera desberdintasun
batzuk dauden arren, gure lizentziatuek nahiko azkar aurkitzen
dute lana. Baina datu hauek onak izan arren, ez gara besoak gurutzatuta
gelditzen, baizik eta gure trebakuntzaren kalitatea hobetzen eta
enpresa nahiz instituzioekin dauzkagun harremanak zabaltzen saiatzen
gara, gure ikasleek lana lehenbailehen aurkitzeko, eta ahalik
eta kalitaterik oneneko lanpostuetan gainera. Eta ekimen berriak
izateko ere bultzatzen ditugu, eurak izan daitezen lanaren sortzaileak.
-Karrera batzuen
kasuan, hala nola Medikuntzan edo Informazio Zientzietan, Nafarroako
Unibertsitatearen tituluak balio gehigarri bat izan du lan munduan.
Hala izaten jarraitzen al du? Eta, hala izatekotan, zein espezialitatetan? Bai aipatu dituzun
titulazioetan, bai beste batzuetan, gure Unibertsitateak zorionez
ospea izaten jarraitzen du. Baina gure helburua da Nafarroako
Unibertsitatearen edozein titulu izatea kalitatezko trebakuntzaren
sinonimo.
-Masifikazio
arazorik ba al duzue? Ez, ez daukagu. Baina
oso litekeena da jaiotze tasaren beherakadarekin unibertsitateetako
masifikazioaren arazoa desagertzea, behintzat titulazio gehienetan.
Hain justu alderantzizko arazoa izateko arriskua dago.

-Nafarroak
milioi erdi biztanle inguru dauzka, eta herena baino gehixeago
hiriburuan bizi dira. Gehiegizkoa al da Foru Erkidegoan bi unibertsitate
egotea, ala beharrezkoak dira bertako trebakuntza eskariari erantzuteko? Garai hauetan, zaila
egiten zait unibertsitate baten beharra irizpide geografikoaren
edo biztanle kopuruaren arabera planteatzea. Ez da ahaztu behar
unibertsitateak, berez, ez duela mugarik. Eta unibertsaltasun
hori areagotu egin da komunikabideek hartu duten abiadarekin eta
unibertsitate munduaren nazioartekotzearekin, batez ere Europan,
goi hezkuntza bateratze aldera goazela.
-Zein da errektoreak
Nafarroako kultura eta hezkuntzaren arloan daukan zeregina? Barkaidazu, baina ez
zait bidezkoa iruditzen nire egitekoa aztertzea. Esan diezazukedana
da Nafarroan maitatua eta errespetatua sentitzen naizela.
-Sektore batzuetan
esaten denaren arabera, Nafarroako Unibertsitatea Foru Erkidegoan
egon arren, ez da nafarrena. Zenbat ikasle dauzka guztira, eta
horietako zenbat dira nafarrak? Nafarren presentziak konstantea
izan beharra garrantzitsua iruditzen al zaizu? Unibertsitateak 12.000
inguru graduaurreko ikasle dauzka, eta horietako %38 dira nafarrak.
Proportzio horrek garbi uzten du Nafarroako Unibertsitateak ez
duela bere izena kasualitatez hartu, eta lurralde honetan ondo
errotuta dagoela. Unibertsitatea 1952z geroztik leialtasun osoz
ari da Nafarroari bere zerbitzua eskaintzen, eta azken mende erdiko
aurrerakuntza sozioekonomiko eta kulturalaren parte izan da. Oso
eskertzekoa iruditzen zaigu Nafarroak instituzio honengan ipini
duen konfiantza. Bere ikasgeletatik 25.000 nafar baino gehiago
igaro dira, eta gero beren prestakuntza, esfortzu eta ekimenari
esker aurrerakuntza ikaragarri horren protagonista izan dira.
-Nola ikusten
dituzu Nafarroako gazteria eta gizartea? Ikasturtearen irekieran,
gazte askoren isolamendu pertsonalak eragiten didan kezka azaldu
nuen. Isolamendu paradoxikoa da, zeren inoiz ez dituzte gaur egun
bezainbeste bitarteko izan elkar komunikatzeko. Beren aisialdian,
adibidez, askotan giro itxi eta indibidualista batean murgiltzen
dira. Baina, hala ere, nahiago dut begirada beste balio batzuetara
zuzendu: justizia, naturarekiko errespetua, tolerantzia, egiaren
aurrean duten rezeptibitatea, solidaritatea... Urtetik urtera,
ikasteko gogo handiak eta proiektu asko dauzkaten gazteak etortzen
dira unibertsitatera, eta nire konfiantza guztia berenganatzen
dute. Galderaren bigarren zatiari
dagokionez, terrorismoa desagertzea, aurrerapen ekonomikoa solidarioa
izatea eta egonkortasun politikoa lortzearekin batera, morala
berrindartzea gustatuko litzaidake, batez ere familiaren arloan,
elkarbizitza sozial guztia horren menpe dagoelako.
-Amaitzeko,
nola bukatu nahiko zenuke Nafarroako Unibertsitateko errektore
etapa? Hasi nuen bezalaxe:
ahalik eta gutxien estorbatuz. Unibertsitate batean ikasle eta
irakasle apartak daudenean, zuzendaritza taldeak egin behar duen
guztia beren eguneroko lanerako ahalik eta baldintzarik onenak
eskaintzea da, eta beren ekimenak bideratzeko aukera ematea.
José
María Bastero
Bermeon
(Bizkaian) jaioa 1942an, Bastero irakaslea Untzi-Ingeniaritzan
doktorea da. Untzigintzan aritu ondoren, irakaskuntza
eta ikerketa munduan murgildu da. 1977an Bilboko
Industri Ingeniaritza Eskolako katedradun izendatu
zuten. Nafarroako Unibertsitateko Ikerkuntzako
errektoreorde ohia.
Donostiako
Industria-Ingeniaritzako Goi Eskolako eta Centro
de Estudios e Investigaciones Técnicas
de Guipúzcoa (CEIT)eko zuzendari
izan da.
Doktorego
tesi ugari zuzendu ditu eta makina bat ikerkuntza
lan argitaratu du aplikazio mekanikorako modelo
matematikoen arloan eta baita haustura arazoetan
ere. Era berean, Mekanika Aplikatuko departamenduak
europar finantzaketari esker aurrera eramaten
dituen hainbat proiektuetan parte hartu du.
Unibertsitate
munduan ezaguna da batez ere Ingeniaritza Eskoletan
klasikoa den mekanika eskuliburuagatik.
Bestalde,
Bastero irakasleak Nazioarteko Kongresu askotan
parte hartu du eta ikerkuntza lanak garatu ditu
Londresko Imperial College eta Oxfordeko Unibertsitatean. |
|
|
Argazkiak: Arantza Cuesta Ezeiza eta Luis Azanza
(Eusko Ikaskuntzaren Kongresua)
Euskonews & Media 160.zbk
(2002
/ 3-22 / 4-5)
|