Haur eta gazte literaturaren kritika
Matthew
Arnoldek dionez (Pickrtingek aipatua, 1982: 13) honakoa da kritikaren
helburua: "to learn and propagate the best that is known and thought
in the world", hots, irakatsi eta zabaldu onena. Dagoen produkzio
ugari eta zabalaren artean bideak jarri testuak hobetzeko eta
dauden onak ezagutarazteko.
Haur eta gazte literaturan
kasuan are beharrezkoagoa da kritikaren beharra, fikziozko testu
hauek oso berriak dira literaturaren historian eta gure artean.
Alde horretatik formazioaren behar handia dago eta dagoen produkzio
handiaren artean eta korronte, joera, idazkera, gaien tratamendu
eta antzeko kontuen ugaritasunaren erdian orientatzeko tresnak
behar-beharrezkoak dira. Eta literatura bizia eta etengabe aldatzen
ari den zerbait den moduan, kritika ere halaxekoa dugu.
Haur eta gazte literaturaren
kritika bitartekariari zuzendurik dago, haurra eta produktuaren
arteko bitartekariari, baina horrez gain kritika horrek hitzaren
eta irudiaren arteko osaketa izan behar du. Eta azkenik, hirugarren
bereizgarri nagusia aipatzeko, haur eta gazteen munduaren ezagutza
behar da kritika hori egiterakoan.
Kritika mota ezberdinak.
Haur eta gazte literaturaren
kritikak gure artean ematen duen lehen inpresioa kritika ezaren
da. Jokabide honek ezjakintasunaren ondorioz hainbat urtetan eman
den iritzi edo ustean du oinarria. Haur literatura ez dela literatura,
alegia. Baina arrazoi hori bezain pisuzkoa izan daiteke ohiko
kritikariek fikziozko testu hauen aurrean duten ezezagutza (eta
arestian aipaturiko hiru bereizgarri horiena).
Kritika oso modu
ezberdinetan egin ohi da, eta nolabaiteko eskema bat jarraitzekotan
(Vazquez Freire, 1996: 125-131) honako kritika motak aurki ditzakegu
komunikabide ezberdinetan:
-Testu
laburrak edo erreseinak | |
-Testu luzeak: | -Deskriptiboak |
| -Subjetiboak |
| -Analitikoak |
Jakina, hauei unibertsitatetik
eginiko kritika gehitu beharko litzaioke, baina gure artean oso
oso bakanak dira honelako lanak.
Erreseinei
dagokienez kritika lanak baino kritika aurreko lanak direla esan
daiteke, obrari buruzko informazio laburra eta zenbait kasutan
balorazio txiki bat. Kritika baino testu deskriptiboak izan ohi
dira honelakoak.
Komentario deskriptiboak
ditugu erreseinetan, eta zenbait kasutan erreseinak baino luzeagoak
izan ohi dira.
Honelako testuetan,
batez ere, argumentua komentatzen da, kritikarik egin gabe eta
obraren inguruko baloraziorik gabe. Batzuetan, aipaturiko liburua
irakurtzeko gogoa piztu dezakete.
Komentario subjetiboetan,
berriz, egileak bere sentimenduak adierazten ditu. Gustatu, ez
gustatu, bere nahiak asetu, ustegabea sentitu,… hots, inolako
analisirik gabe eginiko komentario pertsonala. Hau, jakina, ezin
da kritikatzat hartu. Izatekotan norbaiten balorazio pertsonala
litzateke, besterik ez.
Eta azkenik komentario
analitikoa dugu, azterketa baten bidez obrari buruzko balorazio
eta iritzi bat ematen da. Eta azterketa hori normalean ideologian,
psikologian, soziologian, historian edo forman oinarritzen da,
nahiz eta ohikoa izan arlo bat baino gehiago presente izatea obraren
komentarioa egiterakoan.
Euskarazko kritika
Gaur egun, euskarazko
haur eta gazte literaturari buruzko komentario, erreseina, kritika
eta abarrak oso modu ezberdinean eskaintzen dira. Hona hemen,
horien sailkapen bat:
Zerrendak
Eskoriatzako Haur
Liburuaren Mintegiak eginiko zerrendak ditugu honen adibide garbi
eta iraunkorrena. Urteko liburu guztien sailkapena onargarriak,
onak eta oso onak azpisailetan; aparteko baloraziorik gabe.
Erreseina
Ohikoena
eta zabalduena, inolako dudarik gabe. Arestian aipaturiko Argia,
CLIJ, Xingola, El Correo Español, edo beste zenbait
komunikabidetan agertzen dira.
Erresina-kritika
Aurrekoak baino luzeagoak
eta alde horretatik obraren azterketa egiten dutenak. Esate baterako
El Diario Vasco eta E. Egunkarian ematen direnak,
baita atera berria den Behinola aldizkarikoak. Analisi
formalista eta ideologikoak izaten dira, psikologia eta soziologia
ere kontuan izaten dutelarik.
Kritika akademikoa
Ezezagunena eta kantitate
aldetik ere urriena. Oso medio ezberdinetan eta modu ugariz argitaratua.
Tantak, Sancho el Sabio, Egan, Revista de Psicodidáctica,
Hegats eta antzeko aldizkarietan, edo liburu ezberdinetan
plazaratzen da. Sakabanaturik egoteaz gain ez dut uste destinatzailearengana
erraz iristen denik.
Euskal haur eta gazte
literaturaz hiru tesi irakurri dira azken urteotan eta beste bat
Atxagari buruz; azken tesi honetan gazte literaturako obra ezagun
bat aztertu da: Behi euskaldun baten memoriak, hain zuzen.
Tesi
hauetan, eta hauen inguruan eginiko beste lan batzuetan azterketa
historikoak, soziologikoak eta literarioak egin izan dira. Baina
lan hauek aurrekari batzuk izan dituzte; literatura iniziatikoaren
inguruan eginiko Altxorrak eta bidaiak. Haur kontabideen azterketak.
(J. Kortazarrek zuzendua eta 1985ean kaleratua), Seve Calleja
eta Xabier Monasteriok eginiko haur liburugintzaren azterketa
(1988) edo J. K. Igerabideren Bularretik mintzora (1993)
saio interesgarria, adibide ezagun batzuk aipatzearren.
Azken lau urtetan
irakurritako doktorego tesiak, aldiz, honako hauek izan dira:
"Euskal haur eta gazte literaturaren historia", Etxanizek 1996an
irakurria,; "Euskal Haurtzaroaren Asmakuntza 1976-1990 urte bitarteko
ipuingintzan isladatu denez" Eukene Martin San Pedro irakasleak
1997an irakurritakoa eta garai horretako ipuingintzan islatzen
den haurraren irudia aztertzen duen lana, eta azkenik "Euskarara
itzulitako haur eta gazte literatura: funtzioak, eraginak eta
estrategiak" Manu Lopez Gasenik irakurritakoa, 2000 urtean.
Aipaturiko
hiru tesi hauetaz gain bada beste bat, arestian aipatua, Atxagaren
obrari buruz eta zati batez, behintzat, Bernardo Atxagaren
irakurlea (1998) liburuan ikus dezakeguna.
Orokorrean, beraz,
esan dezakegu euskarazko kritikagintzaren egoera nahiko ahula
dela. Medioak behar dira kritikan sakontzeko eta eginiko apurra
hartzailearengana iristeko.
Baina, eta bukatzeko,
azken urteotan egoera izugarri hobetu dela ikusirik, esan dezakegu
dena ez dela hain iluna. Kritikatu bai, edo autokritikatu bai,
baina hobetzeko, eta horretan ari gara.
Bibliografia
GONZALEZ GIL, M. (1994)"La
literatura infantil: Estudio y crítica."
I Congreso Nacional del Libro Infantil y Juvenil.
Memoria. Madrid: Asociación Española
de amigos del Libro Infantil y Juvenil.
HUNT, P. (1992) Criticism,
Theory and Children’s Literature. Oxford: Blackwell.
HUNT, P. (ed.) (1996)
International Companion Encyclopedia of Children’s
Literature. London: Routledge.
PEONZA (1996) "Hacia
una meta-crítica: Reflexiones sobre la crítica
en literatura infantil". I Congreso Nacional
del Libro Infantil y Juvenil. Comunicaciones.
Madrid: Asociación Española de amigos
del Libro Infantil y Juvenil.
PICKERING, S. (1982):
"The function of criticism in children’s literature".
Children’s Literature in Education 13, 13-18.
VAZQUEZ FREIRE, M.
(1996) "Notas sobre literatura infantil y crítica
literaria". I Congreso Nacional del Libro Infantil
y Juvenil. Comunicaciones. Madrid: Asociación
Española de amigos del Libro Infantil y Juvenil.
|
|
Xabier Etxaniz Erle, Gasteizko
Irakasleen U. Eskolako Irakaslea |