Eliteetako
musika eta dantza adierazpenek behin eta berriz bilatu dute inspirazioa
herri dantzetan, eta horietatik edanez sortu dituzte maiz eredu
berriak. Halaber, erritmo mantsoagoz baina eraginkortasunez, dantzatzeko
modu eta joera berriak eliteengandik herri xehearen moldeetara
iragazi ohi dira. Izan ere, herri dantzen eta antzokietako dantza
ikuskizunen arteko eduki eta ezagutzen fluxua eta elkar-elikatzea
soka luzeko jokabidea da.
 |
Juan
Antonio Urbeltz-en Balleta-ren "Kondharian" ikuskizuna. |
XVII. mendean, Luis
XIV Frantziako erregeak bultzatutako baletetan euskal dantzari
eta euskal dantzetako urratsen erabilerak sarri aipatu izan dira,
eta zenbait autorek eliteen eta folklore dantzen arteko elkareragintzak
azaleratzeko hainbat saio egin dituzte. Esate baterako, oso adierazgarria
da Juan Antonio Urbeltzek dantzari buruzko idazle klasikoen lanen
eta Iztuetaren lanen artean egindako konparaketa lana (URBELTZ
NAVARRO, Juan Antonio, Bailar el caos. La danza de la osa y
el soldado cojo, Pamiela, Iruñea, 1994). Bestalde,
Carlos Sanchez Equizak ilustrazioak euskal dantza tradizionalean,
eta batik bat Iztuetaren lanean, izandako eragina aztertu du (SANCHEZ
EQUIZA, Carlos, Del danbolín al sílbo. Txistu,
tamboril y danza vasca en la época de la Ilustración,
Iruñea, 1999).
XX. mendeko 20ko
eta 30eko hamarkadetan, euskal dantza tradizionaletan oinarritutako
ikuskizunak iritsi ziren antzokietara garaiko intelektual talde
baten eskutik. 1920an Jesus Guridiren "Amaya" opera
estreinatu zen eta bertan euskal dantza antzokietako arauetara
moldatuz egindako koreografia erakutsi zen, Navarro Villosladak
irudikatutako VIII. mendeko euskaldunen ezpata-dantza. Arana Martijak
seinalatzen duenez, 20ko hamarkadan Europan barrena eta baita
Euskal Herrian ere emanaldiak eskaini zituzten errusiar baletek
eragin handia izan zuten euskal dantzetatik abiatutako pareko
ikuskizunak taularatzeko. Ekimen horien artean aipagarria da Segundo
Olaetak 1927an, Gernikan, ume eta gaztetxo talde batekin sortu
zuen Elai Alai taldea.
1928an
Saski-Naski aurkeztu zen Donostian. Euskal Folklorea eszenaratzeko
sortu zen Saski-Naski abesbatza, orkestra eta dantzariz
osatuta. Atharratze, Berriz Izpurako eta Donostiako dantzariek
taularatu zituzten ohiko euskal dantzak. Beren herrietan egin
ohi zituzten moduan dantzatu zuten batik bat, baina eszenara begira
egindako moldaketa eta sormen lanak ere tartean txertatuz. Sagardotegian,
Iruleak, edo Kaxarranka bezalako estanpak prestatu ziren Saski-Naskirako.
Donostiako Victoria Eugenian eta Principe antzokian eta Baionako
Udalaren Antzokian aurkeztu ondoren, Parisera iritsi zen Saski-Naski
eta 1929ko otsailaren 8an 2.000 lagunek ikusi zuten euskal dantza
eta musika ikuskizuna Frantziako hiriburuko Champs Élysées
antzokian. Eredu horrekin jarraituz Oldargi sortu zen 1930ean
Bilbon, eta dinamika bizia izan zen gerra iritsi bitartean.
1937 eta 1939 bitartean,
Espainiako Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzak sortutako kultur
ordezkaritzaren puntu garrantzitsuenetakoa izan zen Eresoinka
abesbatza eta dantza elkartea. Besteak beste Paris, Brusela, La
Haya, Amsterdam, Rotterdam eta Londres-en dantzatu zuen Eresoinkak.
Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Zuberoako tradiziozko dantzak
erakusteaz gain, Kaxarranka, Sirimiri edo Aker-landa moduko izenekin
koreografiak eta estanpak aurkezten zituen Eresoinkak.
Antzokietara begira
ohiko dantzetan oinarritutako ikuskizun horiek sorburu zuten tradiziozko
dantzetan ere izan zuten eragina. Adibidez, Saski-Naski ikuskizunerako
prestatu ziren zenbait dantza, tradiziozko dantzak egiten zituzten
taldeek beren errepertorioetan integratu zituzten. Ondorioz, dantza
batzuekin joan-etorriko ibilbidea jarrai dezakegu. Arizkungo sagar-dantza
inspirazio iturri izan zen Saski-Naskiko sortzaileentzat eta Baztango
dantza horretan oinarrituta sagar-dantza berri bat sortu zuten.
Euskal Herri osoko hainbat dantza taldek bere errepertorioan integratu
zuten antzokirako "berregindako" dantza hori eta 70
urteren buruan dantza errotua da tradiziozko euskal dantza egitarauetan.
Olaetak Lapurdin
ereindako hazitik iritsiko da XX. mendearen bigarren zatian, euskal
dantzarekin antzokietarako ikuskizunak egiteko saio adierazgarrienetako
bat. 1954an, Paris-eko Champs Élysées antzokian
estreinatu baitzen Philippe Oihanburu-ren Etorki Dantza eta Kantu
Batasuna. Hiru hamarkadatan munduko 30 estatutan aurkeztu zuen
Etorkik euskal dantza, kanta eta ohituretan oinarritutako ikuskizuna.
Gerra aurreko ikuskizunen ereduaren oinordeko ziren hein baten
Etorkiren ikuskizunak eta koadro kostunbristak eta estanpak aurkezten
zituen, baina eszenaratzea dinamikoagoa zen eta estetika garaikideko
proposamenak ere biltzen zituzten. Besteak beste genero ohitura
hertsiak irekitzeko saioak egin zituen Etorkik, tradizioz gizonezkoek
egin izan dituzten Gipuzkoako zenbait dantza emakumeek eman araziz
eta auziari ausardiaz erantzunez. Maskarada, ihauteri eta Lantzeko
zortzikoan oinarritutako konposizioekin batera, Eresoinkak egin
bezala, Akelarrearen irudikapena erabiltzen du Oihanburuk.
 |
Etorki
Taldearen ikuskizuna Parisen (Argazkia: Markina Markulegui).
Auñamendi Entziklopedia. |
Antzokietatik plazarako
bideak ere ez du etenik izan, eta adibidez, XX. mendearen bukaeran
Juan Antonio Urbeltz-ek Argia dantza taldearen emanaldietarako
egindako zenbait errekreazio naturaltasunez txertatu dira ohiko
dantza taldeetan. Adibidez, Baztango mutil-dantzetako urratsetan
oinarrituta, eta Nafarroako Jaurrieta herrian bildutako doinuarekin
Juan Antonio Urbeltzek osatu zuen emakumeen dantza Euskal Herriko
ehunka dantza taldek dantzatzeaz gain, Jaurrieta herrian bertan
dantzatzen dute gaur egun herriko neskek. Antzeko bidea darama
Nafarroa Behereko dantzekin batera emateko Marian Arregik konposatutako
musikaren gain Urbeltz berak koreografiatutako kadrilea.
Munduko musikak,
folk musika eta kultura anitzen erakusketa ugari antolatzen da
Europan azken urteotan. Nazioarteko folklore jaialdiak erruz ugaldu
dira. Euskal Herrian bertan, 25 urte bete ditu aurten mota horretako
jaialdien aitzindariak, Portugaletekoak, eta heldutasun horretan
eskuratu du zabalkunde handiena. 2001. urtean, Portugaletera etorritako
10 folklore taldeek 50 herritan erakutsi dituzte beren dantzak.
Jaialdi horietan parte hartzen duten folklore talde gehienetan,
dagoeneko nabaria da eszenaratze hutsaz gain koreografoen lana,
baina erakusten dituzten dantza, kanta, arropa eta ohiturak tradizionalak
diren irudia ematen saiatzen dira.
Tradiziozko dantzetatik
abiatu eta ageriko moldaketak egin eta "ikuskizun garaikideak"
egiten dituzten taldeak urriagoak dira. Hala ere bakar batzuk
ikuskizun erraldoi bihurtuta munduan barrena dabiltza jiratan.
Horien artean "Riverdance" aipatu daiteke. Estatu Batuetako
superprodukzio ereduari jarraituz munduko hainbat lurraldetako
dantzak baliatuz, munduko birak egiten dituen ikuskizun erraldoia
da. 2001ean egiten ari den munduko jiran Madrilen izan zen Riverdance,
baina emanaldia hartuko zuen kiroldegiaren suteak bertan behera
utzi zuen ikuskizuna.
Riverdance-ren tamainako
beste ekoizpen handi bat Michael Flatley dantzariaren Lord
of the Dance da, Irlandako musika doinuek egun duten presentzia
mediatikoak lagunduta. Espainian, Iberica izeneko ikuskizunak
eskualde desberdinetako dantzak estetika garaikidez aurkezten
ditu.
Egungo joerak
Euskal Herrian
Azken 4-5 urteotan
Euskal Herrian plazaratu diren ikuskizuneei erreparatuz, oro har,
badirudi kreaziorako bidea 80ko hamarkadan baino askatasun handiagoarekin
jorratzen ari dela. Gainera, erakunde publiko, kultura programatzaile
eta komunikabideen aldetik, tradizioan oinarrituta "berrikuntza"
eta "berritzaile" izan daitezkeen ikuskizunak bultzatzeko
gogoa sumatzen da.
 |
Juan
Antonio Urbeltz-en Balleta-ren "Kondharian" ikuskizuna. |
Plazaratutako
ikuskizun berrietan bi eredu nagusi aurki daitezke. Batetik, Saski-Naski-rekin
hasi eta gailurra Eresoinka edo Etorki bezala taldeekin aurkitu
zuen moldeak, hainbat dantza taldetan du jarraipena gaur, eta
eredu horietatik abiatuta sortu dira ikuskizun "berritzaileak"
egin nahi dituzten talde txikiago batzuk. "Euskal ohituren"
ikuspegi kostunbrista batetik abiatuta, euskal iruditeriaren eskena
topikoak dituzten abiapuntuan. Dantzakera estilizatua darabilte
eta ikuskizunean estetika modernoago baten ezaugarriak txertatzeko
saioa egiten dute. Eredu hau oso emakorra gertatzen ari da ekoizpen
kopuruari dagokionez, eta esaguratsuenak aipatzearren, eredu honen
barruan koka ditzakegu Aukeran konpainiaren Sutargi ikuskizuna
edo Laxok taldearen Upeletan Erronka.
Bigarren eredua
Argia dantzari taldea eta talde horretako zuzendari den Juan Antonio
Urbeltz-en bilakaeraren emaitza da. Folklorea eta dantza tradizionalen
ondarearen ikerketen ondorioz erdietsitako interpretazioetatik
abiatuta bideratzen ditu Urbeltzek dantzen eszenaratzea eta irakurketa
berriak. Dantzakera tradizionalean oinarrituta, tradiziozko dantzen
lojika aurkitu eta lojika hori errespetatuz saiatzen da errepertorioa
osatzen. Lojika hori identifikatu eta aplikatu ahal izateko, beharrezkoa
da bai euskal folkloreko eta baita Europako dantza tradizionalen
mugimenduen eta koreografien ezagutza zehatza izatea, eta beraz,
urte askotako ikasketa, dokumentazio, ezagutza bilketa eskatzen
du. Ondorioz, oso zaila gertatzen da dantzari gaztez osatutako
taldeek eredu hori baliatzea. Claude Iruretagoiena bakarrik hurbildu
da eredu horretara Maritzuli konpainiaren bidez. Beraz, eredu
honetatik azken aldiko bi ikuskizun aipa ditzakegu adibide gisa:
Argia eta Juan Antonio Urbeltz beraren Kondharian, eta
Claude Iruretagoiena eta Maritzuli taldearen Ingura Mingura
Ikuskizun berrietan
nabarmentzen den ezaugarrietako bat parte-hartzaileen kopuruari
dagokiona da. Dantza tradizionalean ohitura zenaren aurka, badirudi
tendentzia talde txikietara jotzea dela. Batez ere dantzari kopuruari
dagokionez, musikari taldeak ahalik eta osatuenak izaten jarraitzen
baitituzte, eta gainontzeko arduretan ere taldeak sendotu baitira
eszena zuzendariak, argi eta soinu teknikariak, eta arropa zein
atrezzo arduradunak gero eta arruntagoak baitira.
 |
|
|
Dantzari talde txikietan
funtzionatzeko joera indartzen ari dela dirudi ordea. Adibidez,
Aukeran taldean 7 dantzarik dantzatzen dute eta Laxok 4 dantzariz
osatuta dago. Juan Antonio Urbeltzek plazaratu duen azken ikuskizunean,
Kondharian-en, 40 dantzari inguruko taldeak dantzatzen du, baina
Urbeltz-ek gidatutako aurreko ikuskizunetan (Zortziko eta Alakiketan),
150 dantzari inguruk parte hartzen zutela kontuan hartuz, joera
berean koka dezakegu. Maritzuli konpainiak ere 50 dantzarirekin
aurkeztu zuen Ingura Mingura, Ixtorio Mixtorion baino zerbait
gutxiago.
Dantzari kopuruaren
murrizketak ikuskizunaren hainbat alderditan eragiten du. Teknika
maila altua duten dantzariek bakarrik parte hartzen dute ikuskizunean
eta horrek saio osoaren kalitatean eragiten du. Dantzariei ardura
handiagoa eskaintzen die baina prestaketa erritmoa azkartu egiten
da, ohiko talde handietan "motelenaren" erritmoan egiten
baitu aurrera taldeak. Bestalde, talde txikiagoak osatzea eta
ikuskizunak hartuko dituzten aretoen tamaina ere elkarlotuta daude.
Formato txikiagoko ikuskizunak izanik tamaina ertaineko hainbat
antzokitan erakutsi ahal izaten dira.
Oier Araolaza, dantzaria eta
antropologoa |