INFORMAZIO GIZARTEA
Ez
da kasualitatea datorren etorkizunak izen hau hartu izana. Bazeuden
bestelakoak, baina informazioa hartu da ezaugarri nagusitzat.
Eta hedabideak dira informazioa sortu, jaso, kudeatu, bideratu,
manipulatu, banatu, saldu edo irentsi arazten dutenak. Hedabideak
badira dagoeneko aginte gune bat, laugarrena omen, eta badirudi
areago izango direla etorkizunean.
Informazioa -eta
honekin lotutako zerbitzuak- negozio handia izango dira, beraz.
Eta pentsa zitekeen negozio hori baliabide handiak eta indarra
dutenek berenganatuko dutela, eta ez dela txikientzat aukerarik
egongo. Baina egon daiteke.

Hurbileko informazioan
dabilenak badaki hurbiltasunak biderkatu egiten duela albiste
baten garrantzia. Ikusi egiten da, behin eta berriz, herrian istripuz
hildako batek jakin-min handiagoa sortzen duela munduko beste
puntan hildako mila lagunek baino. Edo telebistan etxeko norbait
ikusteak zirrara handiagoa sortzen duela saiorik garestienak baino.
Euskal gizartean,
euskararen aldeko ekimenetik sortu dira toki hedabide gehienak.
Hala, 90eko hamarkadan euskara hutsezko aldizkariek hartu zuten
hurbileko esparrua. Orain, toki hedabideei urre-meatze hori babestea
dagokie, baina babestea ez da gordetzea, baizik meategia antolatzea,
urrea ateratzea, inguruan banatzea eta ahal dena kanpora saltzea.
Izan ere, Informazio
Gizartean toki hedabideak garatzen diren neurrian, geure komunitateek
komunitate izaten jarraitu ahal izango dute, eta ez dira ezabatuko
sare globalean. Informazioaren hurbileko mailak ondo antolatzen
badira, herritarrek orain bezala mailakatu ahal izango dituzte
beren interesak, sarean ere hurbilekoa aurkituko dutelako. Eta
interes gune horietan euskarari lehentasunezko tratua ematen bazaio,
orduan euskara modernitate tresna bihurtuko da, mundu globalerako
sarbide.
HURBILEKO PANORAMA
Azken bizpahiru urteak
garrantzi handikoak izan dira gure inguruan. Hurbileko informazioak
erakarri egin ditu hedabide orokorrak, eta talde indartsuak hasiak
dira toki hedabideak sortzen. Une honetan, euskal hiriburuak PRISA
eta CORREO taldeen borroka-zelai bihurtu dira, telebista kontutan.
Lehenak EAEko alderdi nagusiaren kidetasuna omen du eta bigarrenak
Madrilgoarena. Interneten lehia irekiagoa da, talde gehiago ari
da tokia hartzeko ahaleginean, beti ere ‘miciudad-migrupo’ kontzeptuaren
gainean. Prentsan edizioak indartu egin dira, estatuko egunkariek
‘paisvasco’ sortu dute, nazionalek herrialdekako edizioak, eta
herrialdekoek eskualdekoak.
Toki hedabideen aldetik,
GOIENA izan da aldi honetako esperimenturik probetxugarriena.
Hedabide mordoxka bildu du egitura indartsuan, gizarte ekimenaren
eta erakundeen arteko lankidetzan urrats berriak eman ditu, teknologian
jauzi handia egin du, eta euskarri berrietan jarduteko egitasmo
indartsua landu du. Bere eremua, Debagoiena, indartsu hartu du
enpresa berriak eta hango urrea berak banatuko du.
Mugimendurik
berriena Tolosan abiatu da oraintsu. EGUNKARIA eta GALTZAUNDI
EGUNERO toki egunkaria kaleratzen hasi ziren abenduan. Zentzuzko
antolaketaren ikuspegitik, ezinbestekoa da lankidetza bideak aurkitzea
hedabide tokikoen eta nazionalen artean. Nire ustez, lankidetza
hori elkar indartzera bideratu behar da, ur handitan ibiltzeak
txikia suspertu dezan eta erroen luzatzeak handia garatzen lagundu.
Baina Tolosakoaren itzalak ikusita, beldur naiz hangoa ez ote
den lankidetza baino gehiago zurrupaketa izan, eta ez ote dituen
EGUNKARIAk enpresa interesak beste guztien gainetik jarri. Nahiago
nuke oker banengo.
ESTRATEGIAREN BEHARRA
Euskarazko toki hedabideek
(ETH) estrategia bateratua behar dute, ahalik eta arinen. Azken
urteotako mugimenduek ahul harrapatu dituzte, eta lehen loraldian
irabazitakoa bigarren aldi honetan galtzeko arriskuan daude.
Nire ustez, estrategia
horrek ondoko puntuak behintzat eduki behar ditu:
1. Egungoa indartu.
Egindakoa ona izan da baina
ETHak indarra galtzen ari dira besteekiko. Bakoitza txikia eta
ahula izanik, elkar hartu beharrean daude, eta eskualdea izan
daiteke kasu gehienetan eremu egokia. Enpresa moldean antolatu
behar dute lotsa barik, eta auto-finantziazioan gora egin. Topagunearen
komunikabide batzordeak gida lezake ibilbidea, eta herriz herriko
euskara elkarteek soka luzea utzi behar diete hedabideei.
2. Indar guztiak norabide berean
jarri.
Plan bat behar da, guztiontzat
erreferentzia izango dena. Erakundeen aldetik ez dago ezer zehatzik,
alderdi politikoei ere ez zaie ezagutzen, eta hortik aurrera
lan solteren bat besterik ez dago. Dagoena hartu, eta ETHen
eskarmentua erabiliz plan bat landu behar da. Topaguneak sei
hilabetez norbait jarri behar luke horretan buru belarri.
3. Erakundeekin lankidetza finkatu.
Hezkuntzan edo euskalgintzako
zenbait arlotan bezala, ETHek lotu egin behar dute erakundeekiko
harremana, eta plangintza edo egitamu zehatz baten araberako
lankidetza adostu, zalaparta eta koiunturen gainetik luzatuko
dena.
BATERATU ETA GARATU
Egungo hedabideak
indartzeko, eskualdeka biltzea da biderik logikoena, eta merkeena.
Inbertsio berririk egin gabe edo lantaldea handitu gabe ere, eskualdeko
taldeak indar handiagoa du herrikako hedabide bakanek baino. Gainera
bateratzeak berarekin dakar garapena, inbertsioa eta hazkundea.
Bide honetan, Debagoieneko bilakaerak argia eman lezake. Esperientzia
hura kontatzen duen txosten mardula Gipuzkoako Aldundiaren esku
dago.
Beti ere, bateratzeak
graduala izan behar du, hurbilekoenen artetik hasita, eta behar
adina tarteko maila ezarrita. Adostasuna eraikitzeko, GOIENAn
erabakigarria izan zen asko idaztea, ikaragarri laguntzen du eztabaidak
zentzatzen. Eta astia hartu genuen puntu korapilotsuetan gelditzeko,
baina guztiok genekien gehiengoak aurrera egingo zuela, eta inork
ez zuen atzean gelditu nahi izan.
Bestalde, ETHen garapena
marrazteko orduan, Interneti erreparatu beharra dago. Internet
informazio euskarri berria da, eta sekulako abiadan garatzen ari
da. Erredaktoreak oraintxe jaso duen albiste bat munduko edozein
puntutan egon daiteke idatzi orduko. Eta testua izan daiteke,
edo argazkia edo bideoa. Euskarak badu prestazio hau izendatzeko
hitz egokia: ORAINKARIA, zerbait jakin ahala, sarean. Pentsatzekoa
da lantalde multimedietan orainkarirako lana indartu egingo dela
eta gainontzeko euskarriak honen bertsioak izatera joko dutela.
Egunkari handi batzuetan, dagoeneko, edizio elektronikoa egiten
duen lantaldea handiagoa da paperezko egunkaria egiten duena baino.
Ez litzateke bat
ere txarra EHTen ibilbidean sareko lanari lehentasuna ematea.
Alde batetik, hedabide denentzat da berria eta ez dago abiapuntuan
atzerapen handirik. Bestetik, teknologia oso eskuragarria da,
euskarri guztietan merkeena. Eta azkenik, maiztasunaren kontua
gainditu egiten da, informazioa une oro eskaintzen delako. Beste
errepide batean jartzen gaitu sareak, abiada izugarriko errepidean.
Mikel Irizar, toki hedabideetan
aditua |