1988.
urtean egin zuen topo Jose Mari Muxika getxotarrak euskalgintzarekin
eta geroztik horretan dihardu. Nahiz eta berea oso bestelako lanbidea
izan, euskararekin harremana sendotu eta indartzea izan du beti
helburu. 2000. urtean Topagunea Federazioko lehendakari
izendatu zuten eta baikortasunez mintzo da bai elkartearen osasunez
eta baita euskararen bilakaeraz ere. Topagunea Euskal Herri
mailako euskara-elkarte eta herri-aldizkariak biltzen dituen federazioa
da. Euskara-elkarte eta herri-aldizkarien mugimenduan etengabe
sortzen ari diren proiektu berrientzako harreman gune finkoa sortzea,
antzeko gaien inguruko esperientziak eta ideiak trukatzeko topagune
izatea, baliabide ekonomikoen optimizaziorako kudeaketa zentralizatua
bideratzea eta administrazioen eta bestelako erakundeen aurrean
solaskide bakar eta errepresentagarria izatea ditu helburu nagusi.
-Noiz eta nola sortu zen Topagunea?
Zein bilakaera izan du? Duela bost urte sortu
zen Topagunea Federazioa, 1997an, prozesu bateratzaile baten ondorio
gisa. Lehen egoitza Durangoko "Berbaro" euskara elkarteko
lokaletan izan zuen. Egun, aldiz, hiru lantoki ezberdin ditugu;
Arrasaten, Lasarten eta Abadiñon. Langile batekin hasi
zen, baina jarduera garatzen joan den neurrian langile kopurua
ere gehitu egin da eta gaur egun hamar kide inguruk egiten dute
lan Topagunean. Hamabost bazkidek sortu zuten Topagunea eta egun
61 bazkide inguru ditu federazioak. Hauetatik hiru Arabakoak dira,
25 Bizkaikoak, 31 Gipuzkoakoak eta bi Nafarroakoak. Behe Nafarroan,
Lapurdin eta Zuberoan ez dugu oraindik bazkiderik. Herrialdeei
dagokienez, desoreka pixka bat nabari dugu, nahiz eta kontuan
izan behar dugun euskal hiztunen %80a baino gehiago Bizkaian eta
Gipuzkoan bizi dela. Ildo honetan, Bizkaiko egoerak arduratzen
gaitu gehien, bertan Gipuzkoan beste euskal hiztun bizi baita
eta euskara elkarteak dauden arren, jarduera aldetik eginkizun
anitz baitaude garatzeko.
-Zeintzuk dira
Topagunea Federazioak gauzatu nahi dituen helburu garrantzitsuenak?
Zeintzuk momentuan dituen erronkak?
Topagunea
euskara elkarteen federazioaren azken helburuak bere bazkideen
helburu berak dira. Horietaz gain, bi dira dituen zeregin edo
eginkizun nagusiak: euskara elkarteen jarduera sustatzea eta euskara
elkarteei zerbitzuak eskaintzea.
Euskara elkarteekin batera federazioa
sendotzea da erronka nagusia. Horretarako, pixkanaka azpiegitura
bat eraikitzen ari gara; federazioaren zeregina, baloreak eta
oinarrizkoak zaizkigun kontzeptuak batera landu, finantziabide
ereduak arautu eta guztiaren antolaketa garatzen saiatzea.
-Nolakoa da Topagunearen
funtzionamendua? Topagunea bederatzi
pertsonez osatutako zuzendaritza batzorde batek zuzentzen eta
kudeatzen du. Sei arlo ezberdinetan sailkatuta edo antolatuta
dago federazioa: Zerbitzu orokorrak, kulturgintza, haurrak eta
gazteak, erakundeen euskalduntzea eta euskaldun berriak eta herri
komunikabideak. Bakoitzak bere zeregin berezia duenez, arlo bakoitzak
bere lantalde batzordea dauka edo izateko bidea darama.
-Zenbat pertsonek egiten dute
lan Topagunean? Arlo bakoitzeko batzordea
ez ezik, eginkizun konkretu horretan lanean diharduten pertsonak
daude. Arlo guztien garapen maila ezberdina da eta urtean zehar
aldaketa anitz pairatzen ditu lan egiteko moduak, jarduerak maiz
aldatzen direlako. Orotara hamar pertsonek egiten dute lana Federazioaren
jardueretan. Herri komunikabideen sailak eskatzen du lan gehiena
eta baita ahalegin handiena ere.
-Euskara Elkarteak eta herri
aldizkariak, guztiak dituzue bazkide. Zenbat daude? Nola sailkatzen
dituzue? Lehen esandakoari eutsiz
61 bazkide gara federazioan, beraz, euskara elkarte izana duten
guztiak dira bazkideak. Agian hurbileko informazioa eskaintzen
duen irratiren bat edo beste bazkide izan daiteke, baina bazkide
izateko "euskaraz jardutea" baldintza gainditu beharra
dago. Bazkide ez diren herri aldizkarien artean "Xaloa"
edo "Oarso" aurki ditzakegu. Egun Euskal Herrian dauden
euskara elkarteen %91a Topagunea Federazioko bazkide da. Bazkide
diren elkarte hauek 38 aldizkari argitaratzen dituzte. Hauetatik
9 astero; 16 hamabostero; 11 hilabetero eta 2 bakanago kaleratzen
dira. Honetaz guztiaz gain, herri aldizkariak ez diren beste aldizkari
berezi batzuk ere argitaratzen dituzte euskara elkarte batzuk.
-Zein da Federazioaren
barne dauden herri aldizkarien zabalkundea? Astero 71.000 ale kaleratzen
dira, hamabostero 39.300 ale, hilero 60.000 ale eta bakanago 10.000
ale. Produkzio hau urtera egokituz gero, 4.708.600 aleekin egingo
genuke topo. Esan beharra dago ez dagoela euskaraz maila horretara
heldu daitekeen beste aldizkari edo argitalpenik. Azkenaldian
aldizkariak sendotzen ari dira, maiztasuna ugaltzen, kudeaketa
finkatzen, argitalpenak handitzen, soldatak eguneratzen eta elkarlana
indartzen, beraz une baikor bat bizitzen ari garela esan daiteke.
Topagunea
Federazioak kudeatzen duen kulturgintza arloa indarra hartzen
ari da. Urtean 125 emanaldi baino gehiago antolatzen ditugu federaziotik
bertatik. "Kultur Errota " deritzon jarduera honetan
25 elkarte inguruk hartzen dute parte, Bazkide eta kultur teknikariei
formatu txikiko antolakuntza eskaintzen diegu, modu honek aukera
berriak ematen baitizkie; erakunde publiko zein pribatuak gustuko
dituzte gainera. Beste ingurubira edo zirkuitu mota batzuk antolatu
daitezkeela aurreikusten dugu: ikastaroak eta hitzaldiak, adibidez.
Haur eta gazteen arloan hamaika elkarte ezberdin ari dira lanean.
Haur eskolen kanpoko ekintzak eta iharduerak indartu nahi ditugu,
nola egin eta zein bide jarraitu da momentuan aztertzen ari garena.
Euskararen normalizazioak ere izugarri kezkatzen gaitu. Ildo honetan,
euskaldun berriei dagokien arloan hamabi elkarte dabiltza lanean.
-Zein da elkarte eta bazkide
guztiek gauzatzen dutenaren eragina? Gure elkarteetan 8.500
bat bazkide izango dira. Soldata baten truke lan egiten dutenez
gain, badaude borondatez ahalegintzen direnak eta guztira 600
inguru direla uste dut. Gure herri aldizkarien irakurleei dagokienez,
astero 240.000 dira, hamabostero 130.000 eta hilero 210.000. Emaitza
hauek euskararen gizartean eragina badugula ziurtatzen digute.
-Zer suposatzen du Topagunea
Federazioaren barne egoteak? Zerbitzu konkretu batzuk
eskaintzen dizkiegu gure bazkide direnei. Besteak beste, Topaberri
izeneko barne-boletina kaleratzen dugu bi hilean behin federazioko
elkarte eta herri-aldizkarietako esperientzia zein egitasmo interesgarrien
berri emanez. Bazkideen beharrei egokitutako ikastaro ezberdinak
antolatzen ditugu eta mintegi eta jardunaldi ezberdinak ere antolatzen
ditugu.
-Zeintzuk dira
Federazioaren diru iturri nagusiak? Zeintzuk aldizkari eta euskara
elkarteena? Zein litzateke formula egokia? Ezinezkoa da eredu
orokor bat ematea, jarduera batzuk eskaintzen dituzten aukerek
ez daukatelako zerikusirik beste batzuk eskaini dezaketenarekin.
Batetik, haur eta gazteen udalekuetan %90a autofinantzatzea lortzen
dugu. Bestetik, haurrekin lan egiteko prest dagoen taldea aurkitzeak
eta hori sustatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eraikitzeak
ez du kobratzeko aukerarik ematen. Kulturaren edozein esparrutan
egun gertatzen den lez, honetan ere dirulaguntzak premiazkoak
dira. Ez dugu ahaztu behar gure jarduerak lanpostu asko eskatzen
dituela. Orotara 200 bat langile izango ditugu federazioan. Laburbilduz, premiazkoa iruditzen
zait esatea, Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak
berak eskatzen dituen jarduerak direla, eta, beraz, kontuan hartu
beharrekoak. -Zer da lortu
nahi dena?
Gizarteak
eskatzen dituen jarduera hauek egileentzat ekonomikoki jasangarriak
izan daitezen da lortu nahi dena, besterik ez. Ekimen batzuk autofinantzatze
osoa dute eta beste batzuetan, aldiz, autofinantzatzearen erdia
lortzea litzateke xedea. Gauzatu ez daitezkeen jardueren zergatiak
aztertu beharko genituzke, agian gizarteak behar ez duen zerbait
bideratu nahi delako. Dena den, Topagunea duela bost urte sortu
zen eta goiz da horrelako ondorioak ateratzen hasteko.
-Zein bide jarraituko da? Topaguneak bazkideei
eskaintzen dizkien zerbitzuak kobratzeko intentzioa dauka. Dirulaguntzei
dagokienez, hauei iraunkortasuna emateko moduak aztertu beharko
genituzke. Ildo honetan, erakunde publikoekin hitzarmen bide bat
adostu ahal izateko ratio batzuen bila gabiltza.
-Arrasate bezalako herri batean
adibidez, zein da herri aldizkariak duen eragina? Eta euskara
elkarteak? Arrasaten "Arrasate
Euskaldun Dezagun", "Txatxilipurdi", "Ekin"
eta "Arko" ekimenak daude. Elkarlanean jokatzen dute
guztiek eta kuota ordaintzen duten 900 bazkide ingururen sostengua
daukate. Arrasateko kasua nahiko bitxia dela esango nuke eta azterketa
soziologiko bat beharrezkoa litzatekeela iruditzen zait baina
nik ez dauzkat honetarako beharrezkoak diren datu guztiak.
-Zer deritzozu herri aldizkari
eta ekimenak eskualdeka eskaintzeari? Topagunearen aburuz,
herrietako komunikabideen etorkizuna eta baita beste jarduerena
ere, eskualdeka antolatuz gero ziurrago aurreikusten da. Beraz,
norabide hori jorratzen ari garela esango nuke. Horren lekuko
dira, besteak beste, Sakanako "Oixe", Durangaldeko "Anboto"
edo Debagoieneko "Goienkaria". Behetik gorantz doan
lana da, betiere ahal den neurrian elkarlana sustatzen dugularik,
astiro eta liskarrik sortu gabe, ez herri artekoak eta ezta kutsu
politikokoa dutenak ere.
-Arrasatearra izaki, "Goienkariaren"
kasua da hobe ezagutzen duzuna... Eskualdeko herri aldizkariekin
batera kaleratzen den astekaria dugu "Goienkaria", eta
azken asteotako tirada 21.000 ale ingurukoa izan da.
-Goiena Telebista
ere badago Debagoienan... Bai, eta aldizkaria
bezala oso emaitza onak eman dizkigu. Aldizkariak eskualdeka antolatzea
ongi iruditzen bazaigu, telebistaren kasua ere primerakoa
otutzen zaigu. Herriko telebista txikiek behar dituzten inbertsioak,
mantenu eta jarduera gastuak izugarriak dira, ezinezkoa egiten
zaie aldizkarien publizitate maila lortzea eta eskualdeka antolatuz
gero arazo guzti hauek gutxitzen ditugu.
-Nola ikusten
duzu euskara eta teknologia berrien arteko harremana? Teknologia berriek
aukera berriak ematen dituztela argi dago. Herri aldizkariei dagokienez,
aurrerapauso erraldoiak eman dira teknologiei esker eta baita
irrati eta telebista ezberdinetan ere. Internet dela-eta, jada
ez da beharrezkoa fisikoki lantokian egotea. Topagunea ere sarean
dago eta ildo honetan gure helburua hurbileko herritarrei tokiko
informazioa eskaintzea da, dena den, Bruselan, Renon edo Erroman
bizi direnei ere gu ezagutzeko aukera eskaintzen diegu. Etorkizunean, beste hizkuntza
batean ekoizten diren informazioak euskaraz eskaintzea gustatuko
litzaiguke. Hori oso ederra izango litzateke.
Jose
Mari Muxika
Getxon
jaioa 1937an. 15 urte bete baino lehen fabrika
batean hasi zen lanean. 31 urtekin Lovainan
soziologia ikasketak burutu zituen. Gizarte
arloan, gazte mugimenduan, nekazari mugimenduan,
sindikalgintzan eta euskalgintzan aritu da.
Lanean, fagor kooperatiban pertsonal buru, erosle
eta kontseilu errektoreko bokala izan da. Gaur
egun, Goienako kontseilu errektoreko kide eta
Topagunea Federazioko lehendakari da.
|
|
|
Argazkiak: Teresa Sala
-
Euskonews & Media 157.zbk
(2002 / 3 / 1-8)
|