Azken
hamarkadan, Europan aldaketa asko izan da altzairugintzaren arloan.
Euskal Herriko industria ere horren lekuko izan da. Alde batetik,
altzairuari inoiz baino gehiago beste material-moten konpetentzia
areagotu zaio; bestalde, merkatua goitik behera aldatu egin da
enpresa erraldoiak sortu direlako; eta horrez gain, ingurumenarekiko
industriak eduki behar duen portaera, altzairugintzan eragin nabarmena
izaten ari da.
 |
Bizkaiko
Labe Garaiak. Argazkia: Lur Hiztegi Entziklopedikoa |
Hiru ikuspuntu
hauek ere kontutan hartu behar dira Euskal Herriko altzairugintzaren
oraina eta etorkizuna aztertzerakoan. Lehenengo bi arazoei aurre
egiteko, produkzio-kostuak murriztea eta produktibitatea igotzea
izan da Europako (eta gauza bera beste kontinenteetako) industriaren
joera nagusia. Portaera honen adibide argiak ia Euskal Herriko
altzairutegi guztietan ikus daitezke, beharbada kasu bortitzena
AHV-arena izanik. 90. hamarkadaren hasierako krisialdiaren ondorioz,
Altos Hornos de Vizcaya desagertzerakoan labegaraien historia
itxi egin zen gure lurraldean, altzairuaren produkzioa nagusiki
labe elektrikoaren teknologian eta txatarran oinarrituta dagoelarik.
Datu hau oso garrantzitsua da, kontutan hartzen baldin bada labe
elektrikoan oinarritutako altzairu-produkzioa
ingurumenaren ikuspuntutik egokiagoa dela (txatarra material birziklatua
da eta labe elektrikoaren kutsadura labegaraiarena baino askoz
baxuagoa da) (1).
Era berean, aginte
ekonomikoek (bai pribatuek baita publikoek ere) zenbait erabaki
hartu dituzte azken 5-6 urteetan produktibitatea nabarmenki igotzeko
eta lehia handiko produktuak garatzeko. Horren lekukoa ACB lantegi
trinkoaren eraikuntza izan da. Kasu honetan punta-puntako teknologia
ekarri da Euskal Herrira (Europa osoan hau izan da teknologia
horretan oinarrituta eraikia izan den lehenengo enpresa).
Ia Euskal Herriko
lantegi guztietan inbertsio handiak egin dira, instalazioak nabarmenki
berrituz ondoko bi helburuekin: produktibitatea igo eta kostuak
jaitsi alde batetik, eta produktu berrien ekoizpena bestetik.
Lehenengo helburua betetzeko, kasu batzutan labe elektrikoak aldatu
egin dira, eta ia bukaerako formen teknologien (near-net-shape)
oinarritutako produkzio-prozesuan martxan jarri dira (ACB-ren
kasuaz gain, aipagarria da Aceralia Largos Perfiles Olaberria
lantegiak egindako berrikuntzak, isurketa jarraian ia bukaeraren
formen teknologia habeei aplikatuz). Gauza bera esan daiteke isurketa
jarraiaren instalazioari buruz: kasu gehienetan guztiz berrituak
izan dira. Produkzioaren aldetik, aipagarria da orain nola ekoizten
ari diren altzairu-mota asko eta garatutako produktuak balio erantsi
handiagoa daukatela, altzairuaren aplikazio zabalagoei ateak irekiz.
Horren ondorioz, 80. hamarkadako garaiarekin konparatuz, zenbait
kasutan lantegiak goitik behera berritu dira (produkzio-fase guztiak
aldatuak izan dira) eta orain produzitzen ari diren altzairu-motak
konplexuagoak dira. Honi esker, Euskal Herriko altzairu ekoizleek
estatuko eta nazioarteko merkatuetan esparru sendo bat bereganatu
dute.
Amaitzeko, azken
hilabeteetan izandako aldaketak aipatzea beharrezkoa da. Alde
batetik, neurri handi batean Euskal Herriko altzairutegiak (altzairu
bereziak eta herdoilgaitzak kenduta) Aceralia taldearen partaide
dira. Aceralia, Arbed eta Usinor taldeek hartutako erabakia, Europa
mailan Arcelor izenarekin ezagutzen den korporazio erraldoia sortuz,
aipatu beharra dago. Elkartze honek ekarriko dituen ondorioak
zehazteke daude. Kontutan hartu behar da Usinor-ek ez dituela
produktu luzeak ekoizten (habeak, profilak, barrak, eta abar).
Beraz, badirudi elkartze horrek eragin mugatua eduki dezakeela
mota horretako Euskal Herriko lantegietan. Aldiz, produktu lauen
arloan (bobinak, txapak, latorria,...) Usinor oso boteretsua da.
Kasu honetan, produktu lauen transformazioan espezializaturik
dauden lantegietan, elkartze horrek eragin handia eduki dezake,
bai ikuspuntu positibo batetik baino baita ere bere iraupenean,
epe erdian, zenbait itzal ilun zabaltzen (gainprodukzioa dela
eta).
Bestetik, EEBB
jasaten ari den moteltze ekonomikoak ere eragin kaltegarria eduki
dezake. Azken hilabeteetan zenbait altzairutegi handi krisi gorrian
sarturik daude (Bethlehem Steel Corporation, adibidez). Egoera
honetara ez dira bat-batean iritsi, erabaki ekonomiko ezegoki
eta zama sozial handiren ondorioa izan da. Hala
ere, egoera honetaz baliatuz, altzairuaren lobby-a EEBBetako gobernu
federalak altzairu-inportazioari zenbait muga
jartzeko hasi da presioa areagotzen, dumping egiten ari dela aitzaki
medio (2). Kontuan hartzen
baldin bada Europako Elkarteak bere produkzioaren
%13a esportatzen duela (3),
aurreko proposamena aurrera baldin badoa zenbait desoreka sor
daiteke gure inguruko merkatuan (4).
Laburbilduz,
Euskal Herriko altzairugintzak aldaketa eta berrikuntza teknologiko
asko burutu ditu, produktuen kalitatea eta lehia nabarmenki hobetu
dira, horretarako ekonomikoki onak izan diren azken urteen baliabideak
aprobetxatuz. Etorkizunera begira, kontutan hartu beharko da Europan
dagoen gainprodukzioa eta esportatzeko sor daitezkeen oztopo berriak.
Hala ere, neurri handi batean, erronka berri hauei aurre egiteko,
urte hauetan egin diren hobekuntzak egoera indartsu batean aurkitzeko
baliagarriak izango direla kontsidera daiteke.
(1) M. Ruth eta A.
Amato, "Vintage Structure Dynamics and Climate Change Policies:
the Case of US Iron and Steel", Energy Policy aldizkarian 2002.
urtean argitaratzeko onartua. (ITZULI)
(2) T. Lisenby, "Nucor Corporation Testimony
Before the Steel Caucus, 2001, www.steel.org/policy/trade
(ITZULI) (3) Eurofer,
"Annual Report 2000". (ITZULI)
(4) Eurofer, "Report on the Economic and Steel
Market Situation: Q.IV/2001, Year and Forecast Q.I/2002".
(ITZULI) J.M. Rodriguez Ibabe, ikerlaria,
CEIT, Donostia
M.A. Florez Esnal, ekonomilaria, Zumaiako Institutua |