Baionara
iritsi zenean, 1986an, Olivier Ribetonek Baionako historiari buruzko
museo bat sortzeko ardura zekarren, Baionako gobernariak izandako
Gramonteko Dukeen erretratuen inguru egitekoa. Euskal Museoaren
inbentarioak oinarri harturik, Baionako historiari begira interesgarriak
ziren objektu guztien zerrenda moldatu zuen. 1988ko azaroan Euskal
Museoaren ardura bere gain hartu eta objektu guztien inbentarioa
burutu zuen, material eta gaiak oro barne harturik. Egitekoa ez
zen nolanahikoa: 2.000 m2 erakusketa, 1.000m2
sabai, trasteleku eta armairu, objektuz mukuru guztiak. Hori jendeari
museoa itxi baino 6 hilabete lehenago gertatu zen.
-Zein zen museoaren
aurpegia itxi aurretik? Areto iraunkorrek zenbait
giro aurkezten zituzten: adibidez, sukaldean, mahaia jarria
zegoen, baxeraz hornitua; batzuetan, baxera hori desagertzen zen
eta ordezkatu beharra zegoen, eta are zenbait objektu finkatu,
itsatsi ere, hautsi egiten baitziren etengabe. Hala, inbentarioa
1980koarekin alderatu behar izan genuen, gauzak betiere bertan
zeuden jakitearren. 1920. urteetan, aurkezpenerako
harturiko irizpidearen arabera, dena aurkeztu behar zitzaien museoaren
bisitari bakanei, hiriko eliteko jendea gehienbat.
-Zein zen museoaren
sortzaileen ikuspegia? Euskal kostaldeko –Donibane-Lohizunetik
Baionarainoko– burgesen ikuspegia zen hura. Donibane-Lohizunen
azaldu zen museoaren ideia 1897an, euskal tradizioaren inguruko
kongresu batean; 1912ko Baionako Udalaren deliberamenduek aditzera
ematen dute orduan ia-ia zabaldu zela, eta 1922az geroztik Dagourette
etxeaz jabetu zen talde sortzailea. Lehen zuzendaria, William
Boissel, Bordeleko ofizial erretiratua eta Baionako Zientzia,
Letra eta Arteen Elkarteko kidea, arduratu zen hartaz zenbait
ongilerekin batera. Astiak edo lanbideak museoari laguntzen utzi
eta aldi berean beren gustura egiten zuten jendeak ziren ongile
horiek. Modu horretara, Euskal Herriaz ikusmolde guztiz berezia
eman zuten horiek, nekazaritza inguruneaz funtsean, denbora luzez
eremu hori industrializazioaren eta hirigintzaren erasoetatik
babesturik egona zelakoan. Beldur ziren mundu modernoak bizimolde
hura ez ote zuen desagerraraziko. Sariztatu egiten zuten baserria
eta etxaldea babesten zituen nekazaria: harriak atera, kareztatu,
habeak margotu, ateburuak nabarmenarazten zituena. Laborari giroaren nostalgiko
horien aurrean, zenbait zientzilari zeuden, hala nola Louis Colas,
1920an "La tombe basque" (Euskal hilobia) argitaratu
zuena, Euskal Herriko lehen erregistro epigrafikoa (1).
-Beraz, kanpoko
ikuspegia zutenak eta Euskal Herria zientifikoki aztertzen zutenak
ageri ziren aldi berean? Bai, euskal museoan
ostatu bat, sagardotegi bat, kapera bat, hilerri bat, ukuilu bat,
arditoki bat; solairuan gela, sukaldea, sukalde-atzea aurkitzen
ditugu. Benta ere bai. Boisselek egindako sukaldean altzaririk
ederrenak jarri zituzten, eta hori 30. urteetako baserriaren errealitatea
baino areago, kutsu erregionalistako etxe burges bateko dekorazioa
zena.

-Nolako kontserbazio
egoeran zeuden objektu horiek guztiak? Iritsi nintzenean,
egiaztatu egin nuen objektuak hondatzen ari zirela argiaren eraginez,
oihal, paper eta grabatuei dagokienez, eskuz uki zitezkeela ere
kontuan harturik. Lurreko hezetasunak eta Aturriko ur gaziak lurrean
emaniko hilarriei erasotu diete, antzinako museoaren lurzoruak
lur arrasekoak zirelako hasieran. Batzuetan, tailaturiko motiboak
guztiz hondaturik zeuden edo irakurtezinak ziren eta gaur egun
oraindik ere, gatza kentzen ari gara. Gero, ura sartzen zen teilatutik,
konpondu gabeko itaxurak zeuden, sabaia erortzen zen, hots, hondamen
egoeran zegoen eraikuntza; gauzak horrela, edo arauek xedaturikoaren
arabera jartzeko edo eraikuntza ixteko esana zuen Segurtasun Batzordeak
1983an.
1986an bihurgune
bat gertatu zen, 1989ko itxieraren aurretik Jacques Letxia arkitektoa
arduratu zen eraikuntza sendotzeko lehen lanaz, baina Musées
de France (Frantziako Museoak) erakundearen ikuskapenaren
ondoren, 1989ko ekainaren lehenean itxi arte itxaron beharko zen.
Monumentu Historikoa izendatzeak, 1991n, eraikuntzaren azterketa
sakona ekarri zuen, eta museo bilakatzearren 20. urteetan bertan
egin ondoz ondoko aldaketak antzeman ziren: patio bat dekorazio
eta erabilgarritasun arrazoiengatik egitea, hormetako arku biribilei
eusten zieten ateak moldatzea, zeinak luzera zutik ezin mantendu
eta erortzeko arriskuan ziren. Bigarren Inperioaren garaian,
etxeko aurrealdeak ajimezak zituen, harrizkoak, eta moldura apaingarriz
hornituak. Ospitala Dagourette etxetik aldatu zutenean, etxebizitza,
saltoki, aduanako biltegi bihurtu zen eraikuntza. Harrizko moldurak
erauzi zituzten; halako sareta moduko batek zementuz eusten zion
lehengo etxaurreari eta altzari-merkatarien publizitatea margotu
zuten bertan. Museoa 1922an bertan kokatu zelarik, aski izan zuten
aurrealdea txuriz margotzea eta leiho gorriak, Euskal Herriko
armarriak jartzea, néo-basque deitu moldera itxuraturik.
-Zein izan
da zure lehenbiziko kezka museo honi dagokionez? Beti bera izan da,
gaur ere: bildumak. Museo bat ez da existitzen bildumarik gabe.
Objektuak aurkitu behar ziren inbentarioetan, arrastorik utzi
ez zutenak identifikatu behar ziren, eta bildumak tratatzeko programa
batek hiru dimentsioko 20.000 objektu katalogatzeko ahalbidea
eman digu. Baina hasieran apal-apal hasi ginen, paperezko fitxak
erabiliz. Lehendik bazirenak, 1930. urteetakoak, ongi aski dokumentaturik
zeuden objektuen jatorriaz. Gero, bildumak materialen arabera
sailkatu ahal izan dira: zura, metala, oihala.
-Gero edo aldi
berean, Dagourette etxea den erakusleiho honetan aurkezteko aukera
bat egin behar izan duzu? 20.000 objektuetarik
2.000 bakarrik aukeratu dira, beren esanahi historiko
eta etnografikoa, jatorria eta alderdi estetikoa kontuan harturik.
Aukera, era berean, eraberrituriko objektuen aldekoa izan da,
ongi jakinik eraberritze politikak ezartzen duela jarduera guztiak
itzulgarriak izatea (2).
Eraberritzea objektuaren egitura "zaintzekoa" izan daiteke,
eta alderdi estetikoa gero etorriko da, hala nola, esaterako,
pintura edo eskultura baten irakurgarritasuna lehengoratzea, edo
altzari baten kasuan, garraiatzeko elementuak ez direnean, behin-behineko
protesi bat egitea.
-Eta lanak
nolakoak izan dira bildumak berriro publikoari itzuli bitartean,
museoa "itxuraz" itxia izan den 12 urteotan?
Lehenengo
aldian, bildumekin zerikusia zuten Musées de Franceko adituak
etorri ziren, nik hala eskaturik, hilarri, oihal, paper, zur,
metaletan adituak, lehen egiaztapenak egiteko eta aurkitu beharreko
tratamendu edo soluzioetan laguntza ekar ziezadaten; lana hain
handia zen ezen Baionako hiriak onartu zuen 1986an kontserbazio-agregatu
bat, Typhaine Le Foll, kontratatzea, objektuen tratamenduetan
adituago dena, bildumak eraberritu ondoren berriro dagokien mailan
jartzeko. Bilduma iraunkorretarako museoa
itxia egon zen aldian, antzinako museoko zaintzaileak hainbat
alorretan espezializatu ziren eta, orobat, ondareko agente espezializatuxeago
batzuk bildu genituen adituei eta eraberritzaileei laguntza ekar
ziezaieten. Alabaina, Dagourette etxea
berriro zabaltzean, zoritxarrez, langile horiek zaintzaile bilakatu
dira berriro eta, ondorioz, etsipenak jotakoak
izan dira haien artean. Horrenbestez, prebentziozko kontserbazioa
geldirik dago une honetan eta berriro ekingo diogu horri, baldin
eta, Baionako Hiriak hala eskaturik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak
sortzen ari den Euskal Herriko Pôle patrimonial delakoan
(3) nahikoa inbertitzen
badu, Euskal Museoak burua uretatik kanpo atxiki dezan, baita
erreserbei dagokienez ere! Museo bat ez da erakusleiho finko bat
besterik, jakin beharra dago jendeari erakusten zaion zatiak bildumen
%10 besterik ez duela hartzen.
-Bilduma guztietarik
%10a bakarrik aurkezte horrek aldaketarik izan dezake? Kontserbadore lanaren
beste alderdi bat historialariarena da, zientzialariarena, sintesi
lana: badaki ezin duela dena aurkeztu eta aukeratu beharra duela,
alderdi bat hartu eta erakusketa-gai bat nabarmenarazi, bai eta
aldi berean ikuspegi horri dagokion diskurtsoa ito ez dadin
kasu eman ere. Aldi berean eraiki behar izan dira bai guneen banaketa-programa
(publikoari irekiak edo itxiak izan: erakusketa iraunkorra, dokumentazioa,
erreserbak, bulegoak, tratamendu zentroa eta aldi baterako erakusketa
sala), eta bai zientzia proiektua ere, museo honen bilduman eta
historian bermatua. Erabaki baten premian zegoen
beste puntu bat, babesak eragindakoa berau, zera zen, papera euskarri
dutenak modu iraunkorrean gehiago ez aurkeztea (marrazkiak, kartelak,
mapak, planoak), ez eta janzkiak ere. Arte grafikoetarako gela
bat eta oihalen erreserba bat antolatu behar izan ditugu. Betiere,
Dagourette etxean falta dira beira-arasa bat dantza janzkietarako
eta 50 lux baino gutxiagoko argia marrazkietarako.
-Gauza asko
egin behar dira oraino? Eraikitzen ari den kultura proiektuaren
eta gauzatzearen artean ez da korrelazio osoa ikusten, zergatik? Aurrekontuko mugek
jarduera batzuk gerorako uztera behartzen gaituzte.
-Zein aurkezpen-asmoa
izan da zurea? Tradizio historikoa
duen museo etnografiko honetara historia itzularaztea, Euskaldunen
eguneroko historia erakustea XVI. mendetik aurrerako arte objektuak
eta dokumentuak oinarri harturik. Baionako historia Euskal Herrikoan
nahasi beharra zegoen eta alkimia lehergarri hori, bestalde, ez
da Baionako Gaskoien gustukoa, Baionako historia aparteko eran
tratatzeko eskatu baitute. Baina nik ez nuen ghettorik nahi, hori
izan da nire proiektuaren lehen hitza: bilgunea. Irudiak ugari dira:
Historia saletan: Iraultza garaiko
apaiz ihardukitzaileen kultuko gauzak; Dominique-Joseph Garat,1789an euskal departamendua eskatzen zuen Konstituziogileko
diputatuaren zigilua.
Literaturatik abiatu ohi da askotan:
Biblia euskarara itzuli zen, Albreteko Joana, Nafarroako erregina
kalbinistaren eskaerari jarraiki. Testamentu Berri hau 1571n
argitaratu zuten eta euskal hizkuntzaren zabalkundea bideratu
zuen erlijioaren bitartez. Garai hartan Europa osoan aurkitzen
dugu fenomeno hori bera, hala nola finlandierari dagokionez.
Askotan, euskarazko idazleen babesleen
erretratuak dauzkagu. XIX. mendean, idazlanak zientifikoagoak
dira: Luis Luziano Bonapartek hizkuntza ikasi eta Londresen
1862-63an euskararen hizkuntz mapa argitaratu zuen; Anton Abbadiak
euskal jaiak sustatzeari ekin zion.
Euskal txaletaren sorrera, Lapurdiko
baserrian oinarritua. Euskal Herria boladan jarri zuten Pierre
Loti bezalako idazleek, XIX. mendearen amaieraren eta XX.aren
hasierako paristarren artean. Zenbait artistak, hala nola Ramiro
Arruek, arkitektura hori eta Euskal Herria Eden galdu
gisa aurkezten zuen nozio idiliko hura osatuko zuten. Ikuskera
zaharkituak dira horiek.
-Nola atera
"ikuskera" horietatik? Hogeigarren urteetatik,
eguneroko bizitzaren lekuko ugari bilduz joan ziren. Egun jadanik
eredu horren arabera ez dabilen mundu baten testuingurua birsortu
beharra dago eta ez antzinako museoaren giro idealak berregin.
Gaur egungo begirada arkeologikoagoa da, zeren eta ia lanbide
guztiak desagertu baitira beren antzinako era
horretan.
Aurkezpen berriak etnologikoa baino areago, estetikoagoa eta plastikoagoa
izan nahi du. Filmek bideratzen dute etnologiaren ikuspegitik
objektuak beren garaian kokatzeko eginkizuna (4);
horiek gertaturiko aldaketak erakusten dituzte, hala nola ibaiari
dagokiona (uraren gaineko eguneroko bizitza hura,
automobilaren erabilerak ordezkatua) edo erreguteak edo Bestaberri
ospakizuna. Sala guztiak loturik daude,
etorkizunean sistema interaktiboak ezarri ahal izateko
(5).
-Horregatik
hitz egiten da bilakabidean den museo batez? Bai, eta jadanik egin
dira zenbait gauza, hala nola sarrerako Euskal Herriko giroa,
Beñat Achiarik aurkeztua, soinu banda batez horniturik,
Jean-Dominique Lajoux-en film etnologikoak. Uste baino denbora
gehiago ematen du hor jendeak. Azkenean kendu egin dugu Madalen
aldiko historiaurreari eskainitako sala, baina aldi baterako erakusketa
handi bat prestatzen ari gara Izturitzeko harpeekin batera. Zuzendu beharreko hutsek ere
egiten dute museoa, hala nola seinaleak, askotan irakurtezinak
eta guztiz berregiten ari garenak. Guztiarekin ere, eraberritzea
arrakastatsua gertatu da.
-Museo honetan
sartzeko ulertu beharreko gauzarik funtsezkoena, ez da aurkezpen
hori haurrek antzeman ohi duten bigarren maila horretan ulertzea?
Bai,
adibidez, hilarriak metalezko mahai baten gainean finkaturik daude
eta harriaren azpiko aldea ikusgai dago. Ez ote da heresia bat?
Zenbaitek esan dutenez, zeren eta arrazoiz pentsatzen baitute
hilarriak lurra ukitzea funtsezkoa dela. Zera, ikusgai izan ohi
dena eta lur azpian izan ohi den zatia erakusteko modu bat da.
Horrek ez du desbideratzen hilarriaren esanahia, aldi berean eskultura
eta sinboloa. Baina horrek berehalakoa ez den hurbiltze bat behar
du.
-Arazoa zera
da, lehengo aurkezpenarekin egiten dela konparazioa, baina gaur
egun museo honetan begi berriez sartzen den batek erdiets dezake
aurkezpen sinboliko hori? Bai, ez da irakurketa
nostalgiko edo kontserbadorerik horretan. Bestalde, bisitarien
beste parte batek honako ohar hau egiten digute: Benetako museo
bat, interpretazio zentro bat, azkenean! Diskurtso baten eszenaratzea,
haratago joatea eta gogoeta egitea ahalbidetzen duena.
-Hain zuzen
ere, gogoetatzeko bada, zergatik ez izan katalogorik? Hori, ados nago, zentzugabekeria
da; funtzionamendu kontuak eta salmentan jartzearen arazoak dira.
Museoaren plano bat, doakoa eta banatzekoa, frantsesez, euskaraz,
gaskoieraz, espainieraz eta ingelesez inprimatzen ari da gaur
egun. Bestalde, bisitarako gidaliburu xume bat prestatzen ari
gara, koloretako argazkiz hornitua, gehienez 2002ko otsail-martxoan
ateratzekoa. Lehengo eta etorkizuneko erakusketa katalogoekin
salduko da. Eskas dugu aurkezturiko bildumen
katalogo arrazoitua, gaiz gai tratatua, objektu bakoitzaren jatorria
adierazi behar duena. Horren hurbilketa bat aurkitzen da CD gida
juniorretan. Etorkizuneko katalogoak, tamaina handiegikoak, CDetan
egingo dira. Postalak egitea, ordea, Turismo Bulegoari dagokio.
-Nola funtzionatzen
du museo batek? Nor da bildumen, eraikuntzen jabea? Gauza konplexua da
hori, zeren eta bildumak eta eraikuntzak Baionako hiriarenak baitira
eta Departamendua, bestalde, jarduera komun baten aldekoa da,
Commanderie d’Irrissarry delakoari funtzionatzeko ahalbidea emango
diona. Ondareko langileek, prebentzio
eginkizunetan trebatuek, gaur egun salak zaintzea dute eginkizun
bakarra. Kontserbazio agregatuaren postua mantendu da, baina Manex
Pagola poeta euskaltzaleak betetzen zuen etnologo postua ez da
ordezkatua izan. Denbora partzialeko kontserbazio-laguntzaile
bi daude liburutegi eta hezkuntza zerbitzurako. Hezkuntza Nazionalak,
gainera, denbora erdiko historia-geografia irakasle bat jarri
du.
-Datorren urteari
begira, zer izango dugu ikusgai erakusketen alorrean? * Jacques Henri Lartigueren
argazkien erakusketa bat eta euskal paisaia izango ditugu, departamenduak
jadanik bere oniritzia eman du. * "Arkitektura eta paisaiak
XIX. mendeko Euskal Herrian" erakusketa, hainbat marrazkilariren
albumetan oinarritua: Millin Duperreux, Hortense
de Beauharnais erreginaren ohiko margolariaren obrak; Feilletahizpak, bi mugaldei buruzko album aski ezaguna; eta Ferdinand
et François Corrège, aita-semeak (XIX. mendearen
bigarren erdia) (6).
-Gaurko egunean
nola eskuratzen dituzue obrak? Emaitza edo erosketa
izan daiteke: * Eskultura eta pintura emaitza
garrantzitsuei esker bizi izan gara. Nolanahi ere, guk Louvren
den Museoen Arte Batzordeak onartuak izatea behar dugu. Batzuetan,
ukoa eman diete zenbaiti. Asanblea Nazionalean berriki onartu
duten museoei buruzko legearen arabera, bizi diren artisten obrak
saltzeko ahalmena dute museoek. Bada, beraz, pitzadura bat bilduma
publikoaren preskribaezintasun eta besterendu ezinari dagokienez,
atzerapen aldia bizi dugu. Gu ez gara museo amerikarrak, azken
batean bilduma nazionalak osotasun bat dira eta ez da museoen
bokazioa obra batzuk saldu eta beste batzuk erosten ibiltzea. * Erosketak egiteko, aginpide
babeslearen, Udalaren, oniritzia behar du salmenta-proposamenak,
Arte Batzordearen adostasunaren baldintzapean betiere: denbora
dexente behar da erosketa bat egiteko. Arte Batzordearen onarpenaren
ondoren, Fond Régional d’acquisition des Musées
(FRAM) delakoak dirulaguntzari buruzko erabakia hartu behar du.
Hainbeste denbora pasa beharrak erosketa galtzeko arriskua dakar. Are zailagoa gertatzen da,
ezen interesatzen zaizkigun gauzak ezin dira
Arte Ederretako museoek bereganaturiko objektuekin alderatu, hemen
objektu etnografikoz edo eskualdekoz osaturiko bildumak egiten
ditugu. Askotan objektu sailak osatu beharrean aurkitzen gara.
Parisko herri arte eta tradizioen museo nazionalaren –hein bateko–
porrotak (7) zorroztasun
eta zuhurtasun geroz handiagoa ekarri du erosketei dagokienez.
Aldiz, zenbait bilduma aztertzeko sar ditzakegu, zeintzuk,
adibidez, hezkuntza zerbitzuari baliagarriak izango zaizkion,
baina objektu horiek ez dira besterendu ezinak izango.

-Abiadura biko
museoak deskribatzen ari zara, nolabait esan? Pixka bat, bai. Frantziako
Museoak erakundea, antza denez, ehun bat museo argiemaile-edo
pribilegiatzen ari da, Arte Ederretako museoak oro har. Gizarte
museoak edo ekomuseoak presioa jasaten ari dira aisialdiko gune
soilak bilaka daitezen.
-Eta Euskal
Museoa? Musée de
France labela mantendu egingo da, estatuak asko inbertitu
duelako bertan. Baina estatuak ez du probintziako museoen funtzionamendua
ordaintzen.
-Zer iritzi
duzu kontserbadore lanbideaz? Gaur egun, gero eta
gehiago zientzilariak baino areago animatzaileak izatea eskatzen
zaigu, baina objektuen iraupenak ikerketa zientifikoa eta kontserbazioa
behar ditu. Hurbilketa gero eta kudeatzaileagoa eskatzen zaigu,
eta gero eta ikuspegi mugatuagokoa ondarearen zerbitzuan. Eskuratu
beharreko zerei dagokienez, gauzarik esanguratsuenak baizik ezingo
ditugu sartu. Alabaina, ez ote dugu ondoko belaunaldiei gure iritziak
zuzentzeko ahalmena galarazteko arriskua?
-Hori Catherine
Tasca, Kultura eta Komunikazio ministroari esateko aukera izan
duzu museoa irekitzeko etorri denean? Ez, baina animazioak
ongi funtzionatzen zuela iruditu zaio. Ikus-entzunezko alderdiak
eta kiosko soinuduna gustukoak izan ditu. Baikortasun puntu bat utzi
behar dugu amaierarako, hala ere: Frantziako Museoa den bezainbatean,
gero eta bikainago eta balioanitzagoak izatea eskatzen digute.
Nolanahi ere, adituek, sortzaileek, artistek… egin beharko
dute animazioa. Aurrekontuko arazoak aldatuko direla espero dut. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak
Laàs edo Morlanebien-go gazteluak nabarmendu ditu Biarnon,
edo eta hemen ere, Commanderie d’Irissarry izenekoa. Uste ona
dut Ondare Polo horretan. Dena honetan datza: Euskal Museoaren
irekiera abiaburua edo helburua den.
(1) Hilarri edo etxe
ataburuetako inskripzioak. (ITZULI)
(2) Hutsuneak estaltzeko eransten den guztia kendu
ahal izan beharko da, jatorrizko egoera berraurkitu ahal izateko.
Jarduerak ezin du objektuaren itxura halako eran aldatu non atzera
joaterik ez legokeen. (ITZULI)
(3) Euskal Herriko Ondare Poloa hezkuntzara hedatzen
da (hezkuntza zerbitzua, Euskal Museoko Argitu zerbitzua
esaterako); Kontserbadore lanaren zabalkundea erakusketen bidez
egiten da, argitalpenen bidez eta baita Euskal Herriko artxibo guztiak
digitalizatzeko proiektuaren bidez, Udal eta liburutegiari eta museoari
dagokienez. (ITZULI)
(4) Zenbait film falta dira aurrekonturik ez delako.
Bereziki, euskal emigrazioari edo diasporari buruzko dokumentu bat:
50. urteetan Nevadara joandako artzain euskaldun bat 90.ekoetan
itzultzen da semearekin. (ITZULI)
(5) Euskal pilotaren salarako postu interaktibo
bat aurreikusia zegoen, erreserbako funtsa kontsultatu ahal izateko:
pilotari eta txapelketen 1.000 argazki baino gehiago. (ITZULI)
(6) Erakusketa hori 2002-2003rako aurreikusia izan
zitekeen, baina behar duen finantzazioa (600.000 libera eraberritzerako)
negoziatzen ari da Departamenduarekin. (ITZULI)
(7) Museo hori Marseillara eraman behar dute, beste
helburu bat eta beste izen batez hornitua: Europa eta Mediterraneoaren
Museoa. (ITZULI)
Bildumak
zifretan eta banaketaren arabera
50.000
paperezko dokumentu: estanpak, grabatuak, marrazkiak,
mapak, planoak, kartelak, argazkiak. Liburuak: 30.000
obra (20.000 izenburu eta aldizkariak). Museoan egindako
lanetan, talde zientifikoak masa eskerga horren inbentarioa
burutu du. Gero, zentzuzko banaketa bat erabaki dute:
Gaztelu
Berrian (Château Neuf):
Balio handieneko erreserbak.
Liburutegi-dokumentazio
zentroa ezartzea.
Arte grafikoetarako
gela.
Erraz eramatekoak
diren baina lehentasunez babestu beharreko objektu
etnografiko txikiak.
Erreserbako sala bat,
apalategi eta tiraderak dituena eta eguzkiaren aurkako
babesaz (tenperatura gradua eta higrometria egonkorrak)
hornitua.
Merkataritza balioa
duten altzarien eta hilarrien salak.
Koarentenako sala,
behatzen ari diren objektuak tenperatura eta higrometria
erregularretan egonkortu arte egon daitezen. Horien
gaien eta egoeraren arabera, desinfektatzeko tratamendua
hartzen dute: zurak intsektu xilofagoen aurka, eta
horien bastidoreak ere tratatuak izan ohi dira,
osatzeko egoeran ezartzearren. Paperak lizunaren
aurka tratatu ohi dira. Tratamendu sakonagoak behar
direnean, objektuak kanpoko tratamendu-guneetara
eraman dituzte.
Tamaina
handiko objektuak hala nola ontzi bat, gurdiak, zalgurdi
bat, nekazaritza tresnak hiriaren aldi baterako biltegietan
daude, ez baitugu gure esku halakoak edukitzeko behar
den gordeleku handirik. |
|
Argazkiak: Sophie Hontaas
-
Euskonews & Media 155.zbk
(2002 / 2 / 15-22)
|