36ko
gerrak ondoren ekarri zuen garai gaitzeko jardunean, euskal literaturaren
lehen ekoizpen gunea Ameriketako erbestean kokatu behar bada ere
(Monzon, Irazusta, Eizagirre, "Euzko Gogoa"...), denboragarrenean,
berebiziko garrantzia hartu zuen Euskal Herrian bertan buruturiko
produkzioak. Hegoaldean, Aita Onaindiak eta Salbatore Mitxelenak
osatzen duten bikoteari, legezkoa dela, uste dut, Nemesio Etxanizen
izena gehitzea. Bakoitza bere neurrian, bedera bere estiloan,
eta elizak eskaintzen zien neurri bateko babespean, hirurak direla,
esango nuke, hiru luma ausartenak sistemari zirrikitua letra kolpez
zabaltzen.
Etxanizen merituen
artean, harrigarri gertatzen bada ere, ez nioke literaturagileak
berarekin ia berez daraman "artifizioaren maisuarena"
erantsiko. Etxaniz, zerbait izatekotan, literatura teknikak estaltzen
ez duen idazlea baita. Berak esana da "bihotzak agindu
erara" idazten zituela poemak. Eta "idazten zuen
oro", gehi dezakegu lasai ederrean guk. Bihotz biluzi baten
aurrean gaudela uste dut. Bihotza, bada, idazle tekniko baino.
Barren minarekiko zorretan den idazlea. Eta gizona batez ere.
Hesteak eta bihotzak agerian utzi gabe idazten ez zekien gizona
genuen Etxaniz.
Begia ematea
besterik ez dago gerra aurrean hasi, baina batez ere gerra osteko
ilunaldian buruturiko lan eskergaren neurriari. Batean ez bazen
bestean, aldizkariek urjentziazko literaturari eskaintzen zioten
parada aprobetxatuz, ukitu ahal diren jenero guztiak ukitu zituen:
eleberria, ipuina, olerkia, antzerkia... horietan plantorik egin
gabe gainera. Francopeko gizarte itoa iratzartze aldera, literaturaren
mugak hautsi eta gizartearengan eragin zuzenagoa izan zezaketen
arloetan ere murgildu zen Etxaniz. Ez edonola, gainera. Hala,
artikulugile izan zen garaiko kazetetan, euskara ikasteko entzunezko
metodoen aitzindari, irrati saio dramatizatuen aita, abesti egile,
"Ez dok amairu"-koen arima eta sustatzaile... eta gobernadore
zibilen mailu...
Hala da. Hamaika
alderdiko poliedroa dugu Etxaniz, eta literaturarena, ederrenetarik
duen arren, ezin bereiz litekeelakoan nago besteengandik. Izan
ere, nekez uler daiteke Etxaniz idazlea Etxaniz aktibistarik gabe.
Baina idazlearen baitan ere, nekez bereiz daiteke Etxaniz narratzailea
eta Etxaniz apaiza, Etxaniz olerkaria eta garaiak mamituriko Etxaniz
gizona. Etxanizen baitan, zainek egiten dute batetik besterakoa,
barrenak otzan ezin dezakeen bihotza da orain maite olerkitan
ari dena eta orain drama existentzialistari lotzen zaiona. Esan
dugu: bihotza, idazlearen bizigarri.
Eta nago Etxaniz
idazlearen mundua hobeto ulertu ahal izateko, ezinbesteko zaigula
Etxanizen formazio garaietara egitea, sorterriko giro integrista
politiko eta erlijiosoak dakarkion mundu ikuspegian aurkituko
baititugu bere obraren zertzelada ideologiko nagusiak. Orain ikustera,
bi munduren arteko zubi da Etxaniz. Alde batetik, 60ko hamarkadak
berarekin dakarren haize berriaren hauspo. Bestaldetik, 50ekoak
atzean uzten duen beldur eta keizuen apostolu. Bi mundu bakar
batean. Horra On Nemesioren figura, sotanadun baina kitarrajole,
maitemindu baina ezinbestean etsi. Nola esan, garaiaren seme.
Etxanizen unibertsoan,
ipuinetik nobelara egingo du irakurleak jauzi, olerkitik antzezlanera.
"Suge lana" eta "Izotz kandelak", "Bide
ertzeko belarra" eta "Zotzean bizia", horra mundu
beraren agerpen diferenteak.
Asko hitz egin
da Etxanizen modernotasunaz, eta bai, moderno genuen Etxaniz.
Modernoa gazteek ekar zezaketenaren aurrean itxaropentsu eta modernoa
zenbait jarrera estetikoren defentsan. Garaiko doinuak euskaratzen
ezagutu zutenen lekukotzak bultzatuta, halaxe, apaiz moderno
legez pasatu da gure historia txikira. Eta ez da gezurra. Baina
beldur naiz denbora joan ahala ez ote duen kanpora begirako modernotasun
itxura horrek (apaiz bat txa-txa-txa kantatzen!) beste
alderdi aberatsago bat estali. Bai, modernoa genuen Etxaniz, moderno
mina, ordea.
Ez da Etxanizen
mundua –Etxanizen modernotasuna, esan beharko genukeen- azalekoa.
Ez da Etxanizen gizona kanpoeder. Zaila du eguneroko bizitza.
Eta izaeraren konplexutasuna azaltzeko, minimalismotik existentzialismora
dabil, absurdotik tradiziora. Horra Etxanizen modernotasuna lozorrotik
iratzartzen ari den Euskal Herriaren gozagarri.
Ez da Etxanizena
amarruz eta liluramendu merkez eraikitako obra. Ez duzu Etxanizen
baitan horrelako askorik aurkituko, ez du handinahikeriako idazkerak
hordituko. Alderantziz, garden, gorririk agertzen zaigu, biluziegi
nahiaren eta ezinaren arteko borroka etengabean. Maitasun galduaren
poeta deitua izan dena, ez da, ez, tekniko agertzen, ez da baliabideetan
maisu, badu betelanetik, inoiz injenuitatearen mugan paratzen
dela iritziko dio irakurleak, nola litekeen hain hasiera onarekin
amaiera hondatu ("Zotzean bizia" antzezlanaren hasiera
teatroaren antologia guztietan egon beharko lukeen horietakoa
da), baina hori da hain zuzen ere Etxaniz. Kolpea, bihotza, eta
modernotasunarekin jolasean, ezinbestean bezala, aurrez kondenatutako
gizona.
Idazle handien ezaugarri
asko ditu bere horretan: ausarta da, ez dio bere buruari barkatzen,
eta askotan, etxeko erreferentziarik gabe abiatzen da mundura
zabaldu nahi duen euskal literaturaren basamortuan.
Nik neuk, Etxanizi
irakurri dizkiot 50. hamarkadak berarekin ekarri dizkigun orrialderik
ederrenak. Nemesio Etxaniz herritarra irakurtzen, testuok berarekin
dakartzaten galderak egin ditut neure. Eta zinez diotsuet, ez
diot gehiagorik eskatzen idazle bati.
Hogei
urte dira Nemesio Etxaniz Aranbarri, "Erratzu"
eta "Amillaitz", Donostian hil zela,1982ko
urtarrilaren 27an. Euskal Herriarekiko eta euskararekiko
kompromezuzko jarreragatik ezaguna da. |
|
Argazkia: Auñamendi Entziklopedia |