Naturgune babestuak, lurralde antolamendua eta garapen jasangarria
* Traducción al español del original en euskera
Xabier Arana Eiguren

Landa eremuaren balioa, eginkizuna eta baliabideak

Euskal esparru geografikoan, paisaiaren aniztasuna benetan ikaragarri erakargarria da. Kostaldea, haran atlantiarretako landazabala, ibai sareak, mendikate txikiak, Ebro isurialdeko lautadak, Pirinioetako gailur garaiak eta, azkenik, herriak eta hiriak dira gure lurralde ikusgarria osotzen duten atal preziatuak. Jakina denez, gizakiak bideratu duen ingurunearen erabilerak eta aldaketak, oraindino gehiago aberastu du ekosistemen aniztasuna, bidean sistema natural zabalek (batez ere basoek eta hezeguneek) galera negargarriak izan dituztela ahaztu gabe.

Landa eremua, ingurune natural gisa, gizakiaren habitat oparoa izan da. Baina inguruko mehatxuak murrizteko eta naturari bere bitartekoak hartzeko, gizakiak modu bortitzean eraldatu eta moldatu du guk egun begi bistan dugun paisaia. Horregatik, eta gaur aisialdirako dagoen zaletasuna aintzat izanik, inolako zalantzarik gabe esan dezakegu ingurune naturala gure ingurumen bihurtu dugula. Izan ere, gaur egun bizitzeko behar ditugun beharrizanak asetzeko (osasuna, etxebizitza, lehengaiak, lana, azpiegiturak eta aisia) gure eskura dagoen lurralde osoa erabiltzen dugu, hots, gure esparru geografiko osoa (ahaztu gabe mundu osotik ekartzen ari garen produktuak, energia, eta abar).

Bestalde, ez dugu ahaztu behar gure ingurunearekiko jakintza-maila (zientifikoa, bai eta kudeaketak erakusten duena) modu izugarrian biderkatu dela azken hamarkadetan. Orain gehiago dakigu, jakintza hori gehiago zabaldu da eta, esanik ez dago, gure ondare "naturalaren" gain dagoen mehatxu-mailari buruzko ikuspegi errealistagoa dugu. Horregatik, gehiago baloratzen da zer dagoen gure landa eremuan eta hobeto ulertzen dugu gure gizartearen dinamikak zer nolako arriskuak zabalduko dituen. (ITZULI)

Naturgune babestuak, kontzientzia berriaren adierazle nagusi

Gure lurraldea erabilia izan da eta erabiltzen ari gara etengabe. Baina, gizartearen gaur eguneko beharrizan (materialak eta bestelakoak) guztiak asetzeko ahalmena al du gure inguruneak eta Lurrak?. Non dago gure herri, eskualde, bailara , mendi eta kostaldearen zama-gaitasuna? Zeintzu dira naturaren eskubideak bizirauteko?

Erantzuna denon artean bilatu eta adostu beharko dugu. Hala ere, aldez aurretik, gai batetan bederen, gizarteak (sabela beteta duenak behintzat) aho batez dio bere bizi-kalitatea zaindu behar dugula. Hortara, natura babesten hasi behar dugu gure ingurumenaren kalitatea (airea, ura, lurra) arriskuan dagoenean, eskaera hori areagotzen delarik mehatxu zuzena dakusagunean etxe atarian eta osasuna bitartean dagoenean: isurketa kimikoak, elikagai pozoinduak, uholde arriskua, uhin elektromagnetikoak eta abar. Kezka hauei aurre egiteko, lan gogorra egin da azken hiru hamarkadetan.

Hurrengo urratsean naturaren beraren balioa izan da eztabaidagai nagusia. Hobeki esanda, naturan agertzen diren zenbait animalia izan dira gizartearen zuntz etikoa mugiarazi dutenak. Horrela, baleak, panda hartza, hegazti ikusgarriak, besteak beste, gizartearen eta munduko eta herrialdeetako arduradun nagusien agendak aldarazi dituzte. Horren kontzientzia hartzen ari ginen bitartean, jakinarazi digute azken oihan zabalak ere desagertzeko bidean daudela (Amazonas, Asiako eta Ertamerikako jatorrizko oihanak). Baina naturaren gaineko kalte amaigabe hori gureganatzen ari ginela herrialde aberatsetan, azken berriek paralizatuta utzi gintuzten: Lurraren klima -aldaketa bortitza dator eta, gainera, ozono-geruza zulatuta dago modu nabarian-. Berri guzti hauen harian, kaleko biztanleek gai guzti hauek modu sakonean ulertzen ez badituzte ere, mezu orokorra ondo ulertu zuten: lurra oso gaixorik dago (panda hartza ere klonatu beharrean izango gara etorkizunean), kalte ikaragarria eragiten baitiogu.

Gure lurraldea zaindu beharraren premia, modu batera edo bestera, zabaldu egin da azken 20 urteetan. Sentsibilitate hori Administraziora ere ailegatu egin da eta begi bistan daude zeintzuk izan diren azken urteetan emandako urratsak. Hitzetatik ekintzetara igaro da naturaren kontserbazioa, batez ere azken 15 urteetan. Horren ondorioz, ikerketa zientifikoak biderkatu egin dira, gizartea hobetu antolatu da eta Erakunde Publikoek naturgune babestuen sare zabala eraiki dute Euskal Herri osoan. Hortara, Nafarroako Foru Erkidegoan dauden parke natural, erreserba natural eta biosfera-erreserbari gehitzen bazaizkio Euskadiko Autonomia Erkidegoan dauden parke naturalak, biosfera-erreserba, biotopo babestuak eta aparteko zuhaitzak eta, azkenik, sarea osatzeko aintzat baditugu ere Iparraldeko itsasertzeko kontserbatorioak, borondatezko babesguneak eta erreka-hitzarmenak, pozarren esan behar dugu oraindino bukatu gabe dagoen naturgune babestuen zerrenda aberatsa eraiki dela. Hala ere, orain beste urrats handia ematen ari da, Europako Natura 2000 sarera hainbat ekosistema eta leku desberdin (Garrantzi Komunitarioko Lekuak eta Hegaztien Babeserako Eremu Bereziak) gehituak izango baitira bertoko Administrazioen proposamenak aintzat izanik. Hala ere, eta Europako sarea eratzen doan bitartean, oraindino gure lurraldeetan parke natural eta bestelako babesguneak izendatzeko proiektuak daude abian. Baina, naturaren kontserbazioa eremu babestuetara bakarrik mugatu behar al da? (ITZULI)

Lurralde osoan dagoen ondarea kontserbatu beharrean gaude

Jakina, naturak ez ditu muga administratiboak, kulturalak eta politikoak bereizten. Bestalde, bioaniztasunaren ondare garrantzitsua baserri inguruko landazabaletan, artzainen larreetan eta basoetan ere badago gordeta. Azkenik, naturan dauden prozesuak (hidrologiko, biokimikoak, ekologikoak, eta abar) ezin izaten dira espazio murritzetara mugatu. Horregatik, Europako iparraldetik datozen hegaztiek edo gure basoetan dabiltzan katajineteek, bere bizitzarako (biziraupenerako) gogokoen dituzten lekuak erabiliko dituzte, naturgune babestu batetan egon edo ez. Bestalde, nekazaritzarako, abeltzaintzarako edo bertoko basoen ustiapen jasangarrirako beharrezkoak diren lurrak babesten ez diren bitartean, gure ondare naturala eta kulturala arriskuan izango da. Amaitzeko, prozesu naturalak ez baditugu ezagutzen, ulertzen eta errespetatzen, muturrekoak hartzen (uholdeak, suteak, akuiferoen kutsadura) segituko dugu aurrerantzean.

Ikuspegi honetatik, naturgune babestuen sarea beharrezkoa bada ere, natura zaindu eta lurraldeko eremu garrantzitsu horiek hurrengo belaunaldiek ezagutu ditzaten, ez dugu ahaztu behar gainontzeko lurraldeak ere badituela gune eta espezie oso baliotsuak (ondare kulturala ahaztu gabe) eta, gainera, elementu eta prozesu guztien bilduma eta sintesia den paisaia hor dagoela, gure altxor konplexu eta preziatu gisa. Gainera, egon badaude "azpiegitura" naturalak prozesu naturalak gorde eta orekan mantentzen dituztenak: ibai-sareak, basoak, akuiferoak, estuarioak, eta abar. Hauen balioa eta eginkizuna naturan, ezin dugu ametsetan ere neurtu.

Orain garatzen ari diren lurralde antolaketarako tresnek, eginkizun hori izan beharko lukete helburu nagusitzat, hau da, naturaren kontserbazioa eta ingurunearen ustiapen jasangarria uztartuko dituzten irizpideak, neurriak eta lurralde-zonifikazioak sustatu, horren bitartez, ibai-sarea, nekazaritzarako ezinbestekoak diren lurzoru aberatsak, kostaldeko labar eta hondartza zoragarriak eta gure mendixka kuttunak ere modu egokian babestu eta era zentzudunean erabiliak izan daitezen. (ITZULI)

Garapen jasangarririk ez naturaren kontserbaziorik gabe

Amaitzeko, azken ideia oker bi aipatu behar dira derrigorrez. Alde batetik, sarri askotan Garapen Jasangarriaren berba potoloa erabiltzen denean, ingurumenaren kalitatea izaten dute kontutan, lan guztia ura, airea eta lurzorua garbi izatera mugatzen delarik (ur-araztegiak, zarataren kontrako borroka, lurzoru kutsatuak garbitu, industria kontrolatu). Baina, goian aipatu denez, jasangarritasuna lurralde osora zabaldu beharko litzateke, izan ere, gure hirigune mugagabeek, azpiegitura erraldoiek, pinu-landaketa amaiezinek eta gure landa-aisiarako zaletasun oldarkorrek, lurralde osoa okupatu eta era bortitzean erabiltzea eskatzen baitigute.

Bestetik, kontutan izanik biztanle gehienak kaletarrak direla, hau da hiri eta herrietan bizi direla herritar gehienak, neurri oso eraginkorra litzateke eguneroko habitat hori erakargarriago eta erosoagoa bihurtzea. Hau da, herriak eraldatu eta zaindu egin behar ditugu biztanleak pozarren bizi daitezen toki hauetan. Bestalde, gune hauek izanik materia eta energia gehien xurgatzen dutenak, jasangarritasunaren leloa (eta bidezko arau eta zergak) lau haizeetara zabaldu behar da hiritarren artean. Lurra eta gure lurraldeak ez dira mugagabeak, horrela uste badugu ere, eta gure beharrizan premiazkoenak eta zentzudunak zeintzuk diren adostu beharko dugu, natura kontserbatu nahi badugu behintzat (herritar guztiak ehiztari bihur al gaitezke?; kaletar eta baserritar guztiek eskubidea al dute bigarren edo, haratago, hirugarren etxebizitza bat eraikitzeko?).

Galdera hauek maltzurragoak bihurtzen dira gure gizarte kontsumista eta dirudun honetan. Gainera, oso zaila da jakitea non dagoen muga; non bilatu oreka. Gizartea txiroa denean, logikoa eta zilegi deritzogu naturari egurra ematea, giza-baldintzak lehentasuna baitira. Bestalde, gizartea aberastu egin denean eta bere oinarrizko beharrizanak asetuta daudenean, orduan gaitasuna eta dirua du bere ingurunearen gain presio ikaragarria eragiteko (administrazioak sustaturiko azpiegiturak, etxeak nonahi, kirol motordunak landa eremuan, eta abar). Guzti horregatik, gizartearen egoera nahiz eroso izan edo, aitzitik, une larriagoak pasatzen dituenerako, naturaren kontserbazioak eta ingurumen baliabideen erabilpen eusgarriak, estrategia sendoak eta zabalak behar ditu, kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren helburuak uztartzea ezinbestekoa baita. Guzti honetarako, arauak eta kudeaketa tresnak garrantzitsuak badira ere, ikerketa, jakintzaren hedapena, heziketa eta informazioa zabala behar beharrezkoak izango dira. Gainera, gizarte-eragileen eta herritarren parte hartzea, apala izanik ere, funtsezkoa izango da, ur tantek itsasoa betetzen baitute. (ITZULI)


Xabier Arana Eiguren, Urdaibai Biosfera-Erreserbako Zuzendari-artatzailea
Argazkiak:
Matxitxako lur muturretik itsas hegazti eta zetazeoen behaketarako eskuliburutik eta Mokozabala Urdaibain argitalpenetatik

Euskonews & Media 153.zbk (2002/2/1-8)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved