Berdearen
tonu guztiak biltzen ditu Urdaibaik. Ama lurra eskuzabala izan
zen luze zabalean 220 km karratu dituen eremu honetan. Bizkaiko
azalaren % 10 hartuz, eskualdeak 45.000 biztanle ditu, horietatik
% 80 Gernika eta Bermeon bizi direla.
Natur oparoa eta gizakiaren arteko elkarbizitza erraza ez izan
arren, Urdaibai Unescoko Biosfera-Erreserba izateak aberastasun
biologiko hori zintzoki babestea ekarri du, beti ere eskualdeko
ekonomia nahiz kultur garapenarekin orekan. Ingurumen Sailaren menpe
dagoen Patronatu batek kudeatua, Xabier Arana gernikarra dugu
buru. 35 urteko biologo honentzat oparirik onena izan zen 1996
Urdaibai Biosfera-Erreserbako zuzendari bihurtzea; izan ere, ezkondu
eta handik hiru egunera izendatu zuten. Itsasbehera ikusgarrian
ongi etorri beroa egin digu Xabierrek. Bere zaletasuna bizibide
egin duenez, grina dario Urdaibaiz mintzo, bertako Martin arrantzaleari
arrain freskoa dastatzean bezala.
-UNESCOk 1984.
urtean Urdaibai Biosfera-Erreserba izendatu zuen. Zein da izendapen
honen berezitasuna? Nazioarteko mailan
egiten den errekonozimendua da. Urdaibaien balio ekologiko eta
naturalak ikusirik. Mundu osoan 400 Biosfera-Erreserba daude,
horietatik 20 Estatu mailan. Euskal Herrian Bardeetan dugu beste
Biosfera-Erreserba.
-Nolakoa izan
zen prozesua? Bitxia izan zen, ezer
ez izatetik Biosfera-Erreserba izatera pasa baitzen. 70eko hamarkadan
itsasadarra zeharkatuko zuen zubi erraldoi bat eraikitzeko mehatxua
egon zen, kirol portua eta guzti. Zorionez, Aranzadik hemengo
aberastasun naturala eta egoera soziologikoa aintzat hartuta ikerketa
mardula egin zuen.
-Eta zer izan
zen aurkitu zutena? Ikerketa horren emaitza
nagusia bikoitza izan zen. Alde batetik, Urdaibairen natur ondarea
babesteko, itsasadarrera mugatu gabe, arroa osoa kudeatu beharra
nabarmendu zen. Bestalde, eskualdeko nortasuna ez galtzeko, jarduerak
mantendu behar zirela –industria, nekazaritza, basogintza, etab.–
ikusi zen. Oreka hori lortzeko, onena Urdaibai Biosfera-Erreserba
izendatzea zela pentsatu zen.
-Zein da Patronatuaren
helburu nagusia?
Hiru
helburu bete nahi dira: kultur eta natur ondarearen biziraupena
babestea, gizarte eta ekonomi-garapena
bermatzea eta, azkenik, laguntza logistikoa ematea: informazioa,
partehartzea eta ikerketa bultzatuz.
-Nola banatzen
dituzue indarrak? Hiru arlotan: lurralde-antolamendua,
egitarau sozioekonomikoa, eta hezkuntza eta informazioa.
-Zein da zure
eginkizuna zuzendari gisa? Nire lana koordinatzailearena
da. Proiektuak, lanak, zubilanak egin erakunde, agintari eta herritarrekin.
Nire beste eginkizuna Biosfera-Erreserba apur bat dinamizatzea
da, ikerketa, dibulgazio eta argitalpenak herritarrengana zuzendu
informazioa emanez eta sentsibilizazio kanpainak bultzatuz.
-Zein da zuen
ezaugarriak dituzten beste Biosfera-Erreserbak? Estatu mailan badira
Urdaibairen eredua jarraitzen ari diren Biosfera-Erreserbak, besteak
beste, Menorca eta Lanzarote, erreserba populatuak baitira, Urdaibai
bezala. Horren harira, munduko beste erreserbekin ditugun foroak
eta topaguneak oso lagungarriak zaizkigu informazioa trukatu eta
kanpoko esperientzietatik ikasteko.
-Baina natura
eta gizakia elkarbizitzan, gaur egun hori ez al da kontraesana
bihurtu? Kontraesana izan daiteke,
baina hori da gure patua. Lurra bakarra da eta gainera, mugatua.
Gizakiaren ahalmen teknologikoa modu izugarrian biderkatzean,
gure beharrizanak ere bai. Ondorioz, inguruneari egiten diogun
presioa handia da, oso. Hori dela medio, gizartearen
garapena eta kultur nahiz natur ondarearen iraupena uztartu behar
ditugu.
-Zeri deitzen
zaio garapen jasangarria? Garapen jasangarriak
esan nahi du lurralde hori antolatu eta denon artean erabaki eskualde
hau zelan erabiliko dugun. Baina lehen aipatu hiru helburu horiek
betetzearekin ez da aski. Harantzago joan behar da. Hain zuzen,
gizakiaren presentzia hain handia denean, akordio bat egin behar
dugu, natur eta kultur ondareari kalterik ez egiteko.
-Zein da arazo
nagusia hori lortzearren? Hemen garapen eramangarria
lortzekotan, giza jarduerentzat ezinbestekoak diren ingurugiro-baliabideak
–ura, lurzorua, airea, hirietako bizi-kalitatea...– babestu behar
ditugu. Arazoa eskualdeko biztanle guztiek proiektua ez bereganatzea
izan ohi da.

-Herritarren
esku hartzea funtsezkoa da, beraz. Bai, goitik behera.
Urdaibaiko legeak, berez, eremu batzuk babesten ditu, esaterako,
itsasadarra, itsasertza, artadi kantauriarra, aztarnategi arkeologikoak,
legez babestu ziren. Baina ezin ditugu gainontzeko eremuak ahaztu.
Biosfera Erreserba patronatuak kudeatzen badu ere, lurraldea denon
artean landu behar dugu. Beste erakunde publikoek, elkarteek,
gizarte-eragileek, jabe partikularrek... badute zeresana.
-Ondare naturala
zerk jartzen du galbidean? Nagusiki bi mehatxu
ditugu. Lehena oso argia da: urbanizazioa eta etxebizitzen etengabeko
eraikuntza. Kostaldean dauden herrialdeetan presio izugarria dugu,
bai Bizkaian bai Gipuzkoan eta bai Lapurdin. Eta gure kasuan presio
hori areagotu egiten da Bilbo handia ordu erdira dugulako.
-Eta bestea? Ur arazketan oraindino
lan handiena egiteke dago. Ondorioz, itsasadarrean uraren kalitatea
ez da nahiko genukeen bezain ona. Gernika aldean lantegien isurketak
gutxitu egin dira eta hondakinak hobeto kudeatzen dituzte. Begi
bistan dago orain ez direla arrainak lehen bezala hilda agertzen.
Bestalde, Bermeon kontserben sektorea dago, non lanean ari diren
hondakinak murrizteko.
-Zein da Urdaibairen
baitan bizi den jendearen jarrera? Hasieran, Biosfera-Erreserba
izendapena onetsi zenean halako errezeloa zegoen, "erreserba"
hitzak mugatzailea zirudielako. Gerora egindako ikerketa soziologikoen
arabera, bi jarrera nagusitzen dira. Batetik, kaletarrak ditugu,
eta bestetik baserritarrak, kinka larrian daudenak, hirigintza
eta turismoaren presioa dela eta. Hortaz, hauek begi onez ikusten
dute gure jarduera, legediak landazabalak babesten dituelako landa
eremuan etxeak egiteko egarritik. Gero, bada oso sektore kritikoa,
beti aurrean izan duguna: baso jabeak.
-Basoen egoeraz
kezkatuta zaudete. Eta larrituta ere bai;
izan ere, basogintza era honek lurren hondamendia dakar. Egindako
ikerketen ondorioz, frogatu dugu gaur egun erabiltzen diren teknikek
lur higadura eragiten dutela. Berez, pinu landaketak oso hedatuta
daude, gure lurraldearen % 60 pinuz jantzita baitago. Baina hori
ez da kezkagarria, arriskua pinu mozketa egiteko eran datza. Hurrengo
landaketa gainean egitean lur soro horien prestaketa modu bortitzean
egiten dira, landareak errotik kenduz eta lurra zakarki goldatuz.
Ondorioz, lehen berdez jantzita zegoen aldea basamortu bihurtzen
ari zaigu.
 |
Ibai-ertzetako
basoa. |
-Eta
zer dio naturak honetaz guztiaz? Badirela guk bakean
utzi beharreko tokiak, alegia, ibaiak, ibarrak eta aldapa handia
duten mendi lepoak. Oso sentiberak dira eta oinarrizko eginkizuna
dute. Era berean, badira beste espezie batzuk gure eskua eskatzen
digutenak, lagun diezaiegun. Babestu ezean, umezurtz geratuko
lirateke. Bestetik, badira bere burua bakarrik zaintzeko berezko
mekanismo dituzten espezieak.
-Oreka horretan
inork ba al du lehentasunik? Zaila da marra bat
jartzea. Baina ezin dugu ahaztu gizakia ez dela azpiegitura bat
duen bizidun bakarra. Ama lurrak ere bere azpiegiturak ditu. Esaterako,
ibaien hareak zeregin ekologikoa du, urak garbi mantendu eta oreka
bat lortze aldera.
-Baina nola
ulertarazi hori jendeari? Nahiz eta zaila izan,
nik uste jendea konturatzen hasia dela bioaniztasuna errepikatuko
ez den ondarea dela. Espezie bat desagertzen denean, akabo! Animaliek
ez dituzte muga politiko edo administratiboak bereizten. Naturan
prozesu bitxiak gertatzen direnean, hegazti edo baleen migrazioak
kasu, ba, guk ahalegina egin behar dugu prozesu horiek bete ahal
izan ditzaten. Aurrerapenaren izenean petroleo isurketak, hezeguneak
desagertarazten eta abar. Gu erasotzaileak izanik, gure ardura
bikoitza da.
-Ehiza gainera,
babestua dago Urdaibain 1988tik. Bai. Hegaztiak behintzat,
lasai asko pausa daitezke hemen. Hala ere, beste arazo bat dugu:
basurdearen populazioa gorantza doa-eta, baserrietan kalteak eragiten
dituzte. Dena den, auzi honi konponbidea erraza aurkitu diogu:
baratzetan artegi elektrikoak ipini eta kalteak desagertzen dira.
Noizbehinka noski, populazioa kontrolatzeko batidak antolatzen
ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.
-Kirol jarduerak
ere gehituz doaz Urdaibain. Zein da fauna eta landaredian duten
eragina? Azken aldian, txalupa
eta piraguak ugaritu eta ubide estuetan sartzen direnean mokozabalak
eta beste hegaztiak uxatzen dituzte. Honen ondorioz, beraien aktibitatea
uzteaz gain, % 15eko kasuetan Urdaibaitik alde egiten dute, hurrengo
migrazio etaparako behar duten atsedena hartu gabe. Gomendioa
beraz, ibai erditik joan daitezela litzateke.

-Mundakako
surflariek ez dute kalterik egiten? Mundu osoko jendea
dator Mundakara, munduko ezker olaturik onenaren bila. Baina ez,
surflari asko etorri arren, ez diote Erreserbari enbarazurik sortzen.
-Zer aurkituko
du Urdaibaira datorrenak beste inon ikusiko ez duena? Makina bat gauza. Guztiaren
gainetik, Urdaibaiko itsasadarra ikustekoa da.
-Zer nabarmenduko
zenuke Urdaibaiko landaredian? Espezie mehatxatuen
katalogoan agertzen diren landare mordoa.
-Kulturan? Antzina-antzinako aztarnak.
Lehenengo erreferentzia duela 36.000 milioi urtekoa da; nekazaritza
berriz, duela 6.000 urte hasi zen jorratzen gure eskualdean. Eta
jakina, Santimamiñeko kobazuloak. Gero, Burdin Aroko aztarnak
ditugu, vikingo eta normandoak etorri zirenekoak. Halaber, Erdi
aroak ondare zabala utzi digu, dorretxea, elizak, Donejakue bidea,
eta abar. Bestalde, garai berriagoetara
etorriz, aipatu behar da Urdaibain ere baserri mota ezberdin bat
dagoela, ikuspegi arkitektoniko eta lurralde antolaketa aldetik
oso interesgarria.
-Eta
faunan? Izar nagusiak hegaztiak
badira ere, bisoi europarra eta katajineta nabarmenduko nituzke.
-Heziketan
baldin badago koska, ze ekimen daude jendea hezitzeko? Ikerketa eta heziketarako
plangintza dugu, baina eskolen mundura mugatu gabe. Hasieratik
garbi dugu heziketa eta jakintzaren zabalkundea gizarteko sektore
guztietara heldu behar dela. Hala ere, helburu didaktikoez haraindi
goaz. Horra hor, "Erraz mugitu Urdaibain", garraio publikoa
bultzatu autoen erabilera gutxitu dadin. Aurten kanpaina zabalagoa
egin nahi dugu garapen jasangarriaren inguruko gomendioak emanez.
-Argitalpen
zainduak egiten dituzue, gainera. Pozten naiz. Orain
itsas azpiko bizitza aztergai duen bat prestatzen ari gara. Baita
hegaztien gida bat ere, hegaztiak begiratzera datozenek bisitaldiari
etekina atera diezaioten.
-Zein izaten
da Urdaibaiko bisitarien perfila? Iaz egindako inkesten
arabera, bi bisitari mota bereiz daitezke: egun pasa datozen bisitariak
batetik, eta turistak bestetik, hemen ostatu hartzen dutenak,
zerbitzuak era aktiboan erabiliz. Bisitari gutxiago eta turista
gehiago behar ditugu.
 |
Urdaibaiko
padura. |
-Nongoak izaten
dira bisitariak? Bizkaitarrak dira ugarienak,
gehienbat egun pasa Bilbo aldetik etorriak.
-Eta turistak? Urtean zehar nekazal
turismoko etxeetara madrildar eta kataluniarrak datoz. Udan berriz,
Europa osoko atzerritarrak datoz. Atzerriko bisitari gehiago dago
Erkidegotik baino. Baina ez datoz hemengo hondartzek erakarrita,
Urdaibai bere osotasunean ikustera baizik, nahiz eta erreklamo
nagusia bakearen hiria ezagutzea izan. Badirudi urtetako lanaren
emaitza jasotzen ari garela.
-Zeintzuk dira
turista bitxienak? Japoniarrak, dudarik
gabe. Gure herri martiria ezagutzera datoz. Oso sinbolistak direnez,
bonbardaketa izan zen hiria oso erakargarria egiten zaie. Haietako
batzuek ere natura ezagutu gura dute.
-Zein
iradokizun jasotzen dituzue? Jendeak hiru gauza
eskatzen dizkigu: lehena, seinaleztapena hobetzea. Saiatzen ari
gara horretan. Bigarrena, aparkaleku gehiago jartzea, baina hori
konponbidea ez denez, garraiobidea erabiltzea gomendatzen diegu.
Eta azkenik, ekipamendu gehiago egotea eskatzen digute hemengo
ondarea ezagutzeko. Horren kontura, interpretazio zentrua falta
zaigu, gure egoitza honetan informazio orokorra eta gomendioak
ematen ditugu beren nahien arabera. Une honetan bi proiektu daude
Urdaibai mailako ekipamenduak sortzeko, bata Gernikan eta bestea
Busturian, hemendik gutxira zabalik egongo direnak
-Anekdotak
ere izango dituzue. Izan beharko. Behin,
inkestak egiten ari ginen jendeak Urdaibai ea ezagutzen zuen eta
Urdaibaiz zuen iritzia eskatuz. Ba, erantzun harrigarriak jaso
genituen: batzuk oso goxoa zegoela edo material oneko gauzak zeudela
erantzuten zuten. Azalpena xinplea da: Biosfera-Erreserba bilakatu
zenetik Urdaibai izenak arrakasta izugarria izan du gure eskualdean.
Arraun eta eskubaloi taldea, errugby eskola, triatiloi taldea,
altzariak, tabernak, txakolina, albaitaria, serigrafia, sastar
bilketa enpresa, motozaleen elkartea, eta abar baitaude. Garai
batean Foruako dantza taldeak baino ez zuen Urdaibai izena. Zorionez,
azken bost urteotan Biosfera-Erreserbaren ezagutza maila asko
hobetu da.

-Eta kanpotarren
ezagutza maila? Kanpotik jendeak deitzen
duenean erreserbara etortzeko baimena nola lortu behar den galdetzen
digu. Hain zuzen, aldizkarietan azaltzen diren Urdaibaien inguruko
artikuluek halako izenburu deigarriak dituzte, esaterako: "Naturaren
Santutegia". Ba, erantzuten diegunean hemen 45.000 lagun
errepidez josita bizi garela, ba, zur eta lur geratzen dira.
-Urdaibain
igarotako momentu ahaztezina izan zen... Urdaibaiko zuzendari
izendatu nindutenean. Erronka handia izan zen nire hautaketa lehiaketa
horretara aurkeztea, independente modura aurkeztu bainuen nire
burua, inongo alderdi politikoren bultzadarik gabe.
-Zure zuzendari
balkoitik zertaz ohartu zara? Urdaibaiko patronatuan
teknikari lanean hasi berri, 1989an, hasi nintzen eskualdean daukaguna
benetan miresten. Itsasadarra eta hegaztiekin jakinaren gainean
nengoen, baina konturatu nintzenean zeinen hauskorra den hori
dena, baloratzen hasi nintzen.
-Hegaztien
pausaleku dugu Urdaibai, nondik datoz hegaztiak? Ipar Europa, Artiko
eta Tundratik. Batzuek gure paduran ematen dute negua eta beste
batzuk, ostera hegaldatu eta Doñana edo Afrikara joaten
dira negu pasa. Martxoan, elurteen arriskua badoanean, Ipar Europara
itzultzen dira. Adibidez, Holandako mokozabalen % 20a hemen pausatzen
da.
-Nola lortzen
dute hain bidaia luzeak egitea? Migrazioa egiterakoan,
korronte termikoez eta haizeteez baliatzen dira, pausaldiak eginez,
beti ere kostaldearen erreferentzia galdu gabe. Konparazio batera,
txirriak Islandiatik Hego Afrikaraino egiten du hegaldia.
-Noiz da garairik
onena hegaztiak behatzeko? Desatseginak badira
ere, eguraldi txarreko egunak dira onenak, iparmendebaldeko haizeak
kostaldera bultzatzen ditu eta. Garairik onena udazkenean da,
migrazioa ekialdetik mendebaldera denez, ekialderantz, hau da
Izaro irla eta Ogoño lurmuturrerantz, jarri behar dugu
gure arreta hegaztiak ikusteko. Udaberrian aldiz, beste aldera
begiratuko dugu.
-Baleak ere
ikus daitezke. Nondik? Matxitxako da lekurik
aproposena urte osoan zehar. Hori bai, zereak, xibartak, katxaloteak
eta izurdeak ikusteko komenigarria da itsasoa bare egotea. Baina
jakina, pazientzia pixka bat behar da.
 |
Zere
txikien taldea eta izurde arrunta. |
-Demagun Urdaibai
Biosfera-Erreserban nahi duzuna egiteko baimena duzula, zer aldatuko
zenuke? Ez da izango! Lehenik
eta behin, dauzkagun ekosistemak hobeto babestuko nituzke, kudeaketa
zuzenago eta zabalagoa eginez funtzionalak izan daitezen. Urdaibai
natur santutegia bihurtuko litzateke ibai sarea eta basoak hobetuz
gero. Horren kontura, hemen oso kaltetuta dauden baso mota bi
garatu beharko lirateke: hariztia eta baso mistoak, atzerakada
izugarria izan baitute, eta baita pagadiak ere. Aldundiak pago
landaketak egin ditu Sollube aldean, baina oraindik oso txikiak
dira
-Jendea gutxituko
al zenuke? Ez, horixe! Orduan
ez litzateke Urdaibai izango-eta! Azken batean, alde naturala
kontserbatu eta berreskuratu ez ezik, nire etorkizuneko irudi
horretan gizarte arduratsu bat ikusten dut, naturaren kontserbazioan
inplikatua. Bizi kalitatea ez dator bakarrik patrika beteta, natur
baliabideak kalitatezkoak direnean baizik.
-Zein da Erreserbako
zure txoko kuttuna? Sekretua izan arren,
esan egingo dizut: momentu txarretan edo kezkatuta nagoenean dena
utzi eta Triñeko hariztira joaten naiz. Bertoko baselizatik
Urdaibai osoa mirestu dezaket, Izaro irlaraino bertaraino. Txoriak
hegan nire gainetik ikusi eta arnasa sakon hartuta, braust! Nire
barruko hodeiak joan egiten dira haizeak eramanda. Argazkiak: Beñat
Doxandabaratz eta "Matxitxako lur muturretik itsas hegazti
eta zetazeoen behaketarako eskuliburua" eta "Mokozabala
Urdaibain" argitalpenetatik
Euskonews & Media 153.zbk
(2002/2/1-8)
|