1. Sarrera
Kalitatearen
gaia gure gizartean aspaldion luze eta zabal dabilen gaia da.
Kalitatearen txanda omen da; baieztapen horren lekuko ditugu,
besteak beste, gai horren inguruko mahainguruak, jardunaldiak,
publizitate kanpainak, eta abar. Ia egunero ematen da argitara
kalitatearekin loturik duen berririk edo iragarkirik.
Gauzak horrela, eta
ezinbestean edo, hizkuntzaren eremura ere –euskararenera, hain
zuzen- sartu zaigu kalitatea hitza. Halaz ere, oraindik luzeena
falta zaigu. Izan ere, hizkuntzaren zer errealitate eta alderdiri
egokitzen zaio nozio hori? Zertarako erabili ohi dugu? Zein da
hitz horren balio epistemologikoa? Nahikoa da kalitatezko euskarari
buruz esan eta idatzi direnei errepaso bat egitea, nozio horrek
ordena eta maila bat baino gehiago dituela ohartzeko. Kalitate
bai, baina kalitatea zer eredu eta parametroren arabera gauzatu
eta erabaki behar den jakitea ez da gauza erraza. Kalitatea nozioak,
hainbestetan errepikatu eta mintzagai izanagatik ere, baditu alderdi
lauso ugari.
Kontu honetaz berri
duen batek esan lezake izena dugula berria; izana, ostera, ez
dela izena adina. Izan ere, ezin uka daiteke "Euskara plazara",
"Euskararen berri onak", "Euskara hobean hobe", "Euskararen ajeak",
"Euskararen osasuna", "Euskararen sendabelarrak", ... bezalako
gogoetak kalitatearen gaineko auzi-arazoak direla. Eta ez zaio,
beraz, arrazoirik falta. Alderdi horretatik, bada "más
de lo mismo" zurrunbiloan erortzeko benetako arriskua, baina,
halaz ere, ez nuke lakio horretan erortzerik gura.
2. Gure artean
esandakoak gogoratzen
Gai honen inguruan
gure artean esandakoak egituratze aldera, bi aplikazio-ardatz
egin daitezke. Lehenbiziko ardatzean "euskararen beraren" kalitatearen
gainean esan eta idatzitakoak sartu ahal dira. Hor ditugu, hain
zuzen, euskarari -hizkuntza den aldetik- egozten zaizkion akats,
falta eta gabeziak: hizkuntza "gutxitua" dugu, euskarak ez bide
du behar adinako maila, ez da kultur hizkuntza izatera iritsi,
lurjota eta burua altxatu ezinik dabilen hizkuntza dugu, behar
gorrien pean dagoen horietakoa hain zuzen, eta abar. Euskara hizkuntza
heldu gabea bide da. Ez omen du balio komertzialik. Lortu, lortu
du ofizialtasun maila, baina auzi-arazo larriak azaldu zaizkio
hiztegi-kontuetan, testu-moldeekin, ... Euskara oinarritzat duten
hizkera zenbait gazteak dira, jaio berriak; baten batek uste lezake
hori ere eufemismoa dela, zenbaitetan jaio gabeak baitira. Hor
dugu, orobat, euskararen normalizazio falta: euskara batuak ez
bide du oraindik erdi alderik gainditu.
Beste jende molde
batek, ostera, kalitatezko oskarbia aldarrikatzen du euskararen
zeruetan. Euskarak, azken urte hauetan egindako bidea laburra
bezain trinkoa dela esango dizu. Urrats garrantzitsuak eman direla
euskara osoko hizkuntza izatera iristeko: abiada bizian hazi eta
hedatzen ari zaigula. Azkarregi beharbada. Oraindik ere bide luzea
gelditzen bazaio ere, urte gutxiren buruan ezer ez izatetik zerbait
izatera iritsi dela. Eta abar.
Gatozen orain bigarren
aplikazio-ardatzera: eguneroko erabilerarenera, hain zuzen. Eremu
honek zerikusi estua du kalitatearekin, aurrekoak baino estuagoa,
seguruenik.
Iritzia da euskara
degeneratu bat sortzen ari garela: ez aditzik, ez joskerarik,
ez azenturik, ez lexikorik; miraritzat jo beharko genuke –esaten
da- esaldi minimoki luze eta konplexuak zuzen amaitzea; oro har,
euskara maxkala, mordoiloa, traketsa, interferentzia ikustezinez
beteriko hizkuntza sortzen ari garela. Euskal senarik eza nabaritzen
dela. Euskara komunikakorrago ezezik, askotan hizkuntzaren erabilera
"gramatikal zuzen"-era ere ez bide garela iristen. Honako edo
halako idazmoldeak eta hitz-ebakerek –euskal senaren kontrakoak-
dagoeneko behin eta berriz ateratzen direla eguneroko erabileran.
Hutsen, hankasartzeen, akatsen zerrenda nahi adina luza liteke
datuez, diskurtsoa ezagutu ahala.
Ezin uka diskurtso
"katastrofista" baten aurrean gaudela. Eta hori ez da ahoberokeria,
guk puztua. Erdal-euskara moduko pidgin baterantz bideratzeko
benetako arriskuan omen gaude, "Euskañol" atzeko zerbait
sortzeko arriskuan. Alderdi honetatik, argi gorri guztiak piztuta
daude, eta alarmak joka ari dira.
Bada bestelakorik
uste duenik ere. Aurrerapen handiak egin direla esango dizu azkeneko
honek; ez dakit zenbat mila euskaldunberri egin dugula, euskaldun
zaharrak alfabetatzen ari garela, euskaldun osoak egiten. Euskal
Herria euskaltegi bihurtu(ko) dugula, ez dakit zenbatek lortu
duela euskara ziurtagiria. Eta hola.
3. Gogoetarako
marko teoriko baten premia atzera ezina
Gehiegi luzatu naiz,
akaso, kalitatearen gaineko diskurtsoko kontu hauetan, baina argudioaren
nondik norakoak sustrai hauetatik adar haietara narama. Kalitatea
nozioa, ulertu izanaren ziurtasunak besterik badirudi ere, nahiko
korapilotsua eta konplexua da. Gorago esandakoa da horren lekuko
argiena. Izan ere, guztiak ez datoz bat kalitatearen iturriak
seinalatzerakoan. Batzuen ardurak linguistikoak izaki, gramatika
zuzentasunaren arabera erabakiko dute kalitatea, horixe baita
gutxienezko alderdia ("saniors pars"); beste batzuek, alderdi
estilistikoei egingo die arreta (idazkuntzari, idatz tankerari,
erabilitako adierazpideei, ...); beste batzuek, estandarizazioari
begira epaituko dute kalitatea. Kalitatearen giltzarriak zuzentasuna
eta egokitasuna direla esatea, arazoa luzatzea baino ez da. Horrenbestez,
aztertzaile adina kalitate dugu. Ordena eta maila ezberdinetako
auzi-arazoak biltzen dira nozio honen inguruan. Iturri askotako
urak. Eta irin hain nahasietatik nekez atera daiteke opil onik.
Gauzak horrela, kalitatea
nozioak nolabaiteko teorizazio eskatzen digu, hitz horrekin aipatu
gura dena erreflexio bidean sartu beharra daukagu. Erreflexio
teorikoa eta, era berean, metodologikoa ere bai. Ezinbesteko da
"ideia eta gogoeta sistema" bat da asmatzea, beti ere deskripzioak,
irizpideak, erabakiak, metahizkuntza... modu esplizituan jartzeko
balioko duena, hau da, erabaki esplizitua eta autonomoa garantizatuko
dituena. Gogoeta horrek, era berean, kalitate alorrean, ahalegin,
saio, esfortzu zehatzak konkretatzeko balioko luke. Zentzu horretan,
ongi etorri, kalitatea, garai egokian zatoz eta, razionaltasun
berri bat ekartzera!.
Erreflexio teorikorako
zenbait zutabe gogoratuko ditut ondoren. Hona, argitu beharreko
zenbait ikerketa-alderdi:
1) Kalitatearen nolakotasunari
buruzko ikerketa. Kalitatea, zer da? Hitz horrekin zer ezagutzen
da, zer adierazi gura da? Emaitzaz ala prozesuaz ari gara? Zerbait
"ideala eta egonkorra" da ala erlatiboa eta dinamikoa, hots,
graduala, eskalarra? Zer erlazio eta lotura dago kalitatearen
eta aldez aurretik jarritako helburuen artean?
2) Kalitatea neurtzeko printzipio
orokorren eta irizpideen formulazioa. Baliatuko diren
parametroen formulazioa. Kalitatea neurtzeko erreferentzia
puntuak eta berorien arteko hierarkia. Kalitatea, hizkuntza
eta erabilera arauak. Kalitatezko hizkera eta testu-motak, testu-ereduak.
3) Kalitatea eragin ohi duten
faktoreen deskribapena. Kodea eta komunikazioa. Alderdi
linguistikoak, testualak eta diskurtsiboak. Zertarakoaren eta
bezeroaren eragin-maila.
4) Kalitatea neurtzeko edo erabakitzeko
erabiliko den metodo eta baliabideen eztabaida. Kontrol-tresnak.
Erabakiak agertzeko modua edo metahizkuntza.
5) Auzi-arazo espezifiko
zenbait. Euskararen egoera. Etorkinak. Hizkuntza aldaketa.
Erreflexio teoriko
hau derrigorrezkoa da enpirismoa, kasuistika, mistizismoa, dogmatismoa,
... gisako jokabideak gainditzeko. Ezinbestekoa da baita metodologia
pesimismoa gainditzeko ere. Balioko du, azkenik, zenbait dilema
edo oposizio antzuren haustura egiteko, hala nola: kantitatea
vs kalitatea, eskuzabal jokatzea vs zorrotza izatea, zuzentasun
gramatikala vs zuzentasun funtzionala edo komunikatiboa, ...
Luis M. Larringan, UPV-EHU *
Artikulu hau Eusko Jaurlaritzaren HU-128-1998 laguntzari esker burututako
ikerketa proiektuaren barruan egin da.
(ITZULI) |