Arabak
musikari on eta ezagun asko izan ditu azken boladan, eta horietako
gehienak Sabin Salaberriren ikasleak izan ditugu. Ez da lan erraza
arabar honen joan-etorriak lau hitzetan laburtzea, baina apaiztegian
sartu zenetik gaurdaino musika izan du ardatz. Gasteizko apaiztegiko
"Schola Cantorum" taldearen arduraduna, Araba abesbatzaren sortzailea,
Jesus Guridi musika eskolako irakaslea, ikasketa burua eta zuzendaria...
Horrela, bere lana aintzat hartuz, 1996an San Fernandoko Arte
Ederretako Akademiaren kide izendatu zuten. Bestalde, irakaskuntzan
ez ezik musika lantzen ere ibili da Salaberri. Musika lan ugarien
egilea da, orkestrarentzako zein abesbatzentzako, besteak beste,
"Gabonetako hiru kantak", "Gora Araba", "Oroimenez", "Guridi,
ehun urte", "Gurea da" edota "Mendirik mendi". Bere herrian jaio
zen Vicente Goikoetxea bezalaxe, musikari handia dugu Sabin Salaberri.
-Sabin, 66
urte dituzu. Zer moduz bizi zara jubilaturik? Musikariok ez gara
inoiz jubilatzen. Gure lana sormenezkoa denez, bukaezina da, eta
hori dela eta, ez diogu lan egiteari uzten. Hori bai, orain ez
daukat ezarritako ordutegirik eta ofizialki jubilaturik nago.
-Hala eta guztiz
ere, musika eskolara egunero joaten jarraitzen duzu.
Bai, baina aurtengoa izango da azken
ikasturtea. Oraindik musika klase batzuen arduraduna naiz eta
bederen, oso ikasle finak ditudala esan behar dut.
-Esan digutenez,
zu ere oso ikasle fina zinen, apaiztegian ibilitakoa, gainera.
Bai,
badakizu, garai hartan hamaika gaztek ikasten genuen bertan. Nire
herriko apaizaren bitartez, Aramaiokoaren bitartez, alegia, apaiztegian
sartu nintzen, orduko beste gazte asko bezalaxe. Askok eta askok
hori genuen ikasteko aukera bakarra. Ni, esaterako, hori izan
ez balitz, ez dakit Aramaiotik irtengo nintzatekeen. Hortaz, Gasteizera
etorri nintzen.
-Ederki, baina
ez didazu erantzun ikasle fina zinen ala ez.
Nire seme-alabek diotenez, bai. Nire
kalifikazioak erakusten dizkiedanean, gauza bera esaten didate
beti: "Aita, nota hauekin zuk ez zenuen lagunik, ezta?". Nire
erantzuna, berriz, honako hau izaten da: "Bai, oso kalifikazio
onak izaten nituen, baina orduan egin nituen lagunek, lagun izaten
jarraitzen dute".
-Apaizgaiaz
gain, apaiza ere izan zinen? Bai, hamazazpi urtez
izan nintzen apaiza. Badakizu, horrelako instituzio batetan sartzen
zarenean, ez duzu besterik ikusten eta gainerako gauzak alde batera
uzten dituzu. Halere, urteak aurrera joan ahala, mundua askoz
zabalagoa dela antzematen duzu. Hori ez duzu egun batetik bestera
somatzen, hau da, pixkanaka-pixkanaka ohartzen zara. Begiak ireki
eta beste bide batzuk ikusten dituzu... Apaiztegiko mundua txikia
zen eta egunero ezagutzen nituen hamaika gauza berri ez ziren
bertan kabitzen.
-Beste asko
bezalaxe, apaiza izateari utzi zenion. Nola hartu zintuen orduko
gizarteak? 40 urterekin edo utzi
nuen. Orduko gizarteak ez zuen hura onartzen. Kritika zorrotzak
ere entzuten nituen: "Aizu, inork ez zintuen bide hori hartzera
behartu, erabakia zeurea izan zen eta. Zergatik hartu zenuen bide
hori? Gero uzteko?". Oso gazte ginela hartu gintuzten apaiztegian,
badakizu.
-Bide hori
utzi eta beste bat hartu zenuen. Urte batzuk beranduago ezkondu
zinen eta seme-alabak ere izan zenituen. Alabaina, argi esan
behar dut ez naizela damutzen. Bizitza den bezalakoa da. Apaiztegiak
ikasteko aukera eskaini zidan, bestela zaila baitzen ikasten jarraitzea
orduan. Gainera, apaiza izan nintzen bitartean, une politak eta
ederrak bizi nituen. Ilusio handiz egiten genuen lan eta ez naiz
ezertaz lotsatzen. Pentsa! Garai hartako Gasteizko apaiztegian
800 ikasle inguru geunden, gaur egun berriz, ez dakit zortzi bat
dauden. Ze aldea dagoen!.

-Beraz, ez
zinen ez dakit zein herritako apaiza edota eliza batetako arduraduna
izan, baizik eta apaiztegian irakaskuntzan ziharduen irakaslea. Bai, apaiztegiko ikasketak
bukatu nituen eta bertan geratu nintzen irakasle bezala. Horixe
zen nire lana, kanpora irten gabe. Hain zuzen ere, apaiza izateari
utzi nionean, irakaskuntzan jarraitu nuen. Lehendabizi, Olabide
Ikastolan ibili nintzen eta urte batzuk beranduago, Gasteizko
musika eskolan. Izan ere, musika izan da nire ardatza beti. Carmelo
Bernaola Gasteizko musika eskolako zuzendaria zela, ikasketa buru
izendatu ninduen eta ordutik han nauzue buru belarri. Eskolan
oso musikari onak ditugu, tankera guztietakoak gainera, bai klasikoan
zein rockean. Han Juanjo Mena orkestra zuzendariarekin edota Hertzainak
rock taldeko lagun batekin topo egin dezakezu.
-Ez dakit kasualitate
hutsa den, baina gure herriko musikari askok eta askok apaizekin
landu zuten euren bokazioa. Bai dela bitxia, bai.
Horren inguruko lan sakona egitea gustatuko litzaidake. Joan zen
mendeko hasieran oso organista onak egon ziren gure herrian, besteak
beste, Guridi (bere lanbidea zen), Zubizarreta... Guztiak musikari
onak izan ziren eta guztiak organoaren inguruan ibilitakoak. Horiek
abesbatzak sortu zituzten Euskal Herriko herrietan eta, horiei
esker, musika zabaldu zen. Ni horrela hasi nintzen Aramaion. Txikitatik
hartzen gintuzten eta, oharkabean, solfeoa ikasten ari ginen.
Ikusten duzunez, musika herriko elizan bertan ikasten genuen eta
,horren ondorioz, elizak musikan izan duen eragina antzeman daiteke.
-Abesbatzak
aipatu dituzu. Zu ere Araba abesbatzan ibilitakoa zara.
Bai,
nire bizitzaren zati garrantzitsu bat izan zen hori. Abesbatza
Gasteizen sortu zenean, apaiztegian nengoen oraindik eta taldea
zuzentzeko deitu ninduten. Apaiztegian izan nituen ikasle askorekin
topo egin nuen Araba abesbatzan. Lagun berriak egin nituen eta
horrek aldatu zidan bizitza. Ez dakit begiak ireki zizkidaten
ala beste ikuspegi batzuk ezagutu nituen, baina nire pentsamolde
batzuk aldatu ziren. Beste bide batzuk ikusten hasi nintzen. Bestalde,
frankismo garaian murgilduta geunden eta zentsurak agintzen zuen
orduan, are gehiago, Araba taldea euskaltzalea zela jakinez.
-Gaiaz erabat
aldatuz, musikariak lagun arraroak al zarete? Gure sentimenduak,
gogoak... plazaratzeko, azaltzeko hizkera berezia dugu. Musikarien
arteko elkarrizketa batean sartzea zaila da eta batzutan, are
zailagoa zerbait ulertzea. Dena den, ez ulertzea normaltzat jo
behar dugu, hizkera berezia dugu eta.
-Azken urteotan
musika ikasketen berri izan dugu gurean. Aurrerantzean goi mailako
musika ikasketek Donostian izango dute egoitza. Bilbok eta Gasteizek
ere bereganatu nahi izan zituzten, baina alferrik. Politikak baldintzatu
du erabakia; benetako baldintzak aintzakotzat hartuta, Bilbo baita
lekurik egokiena eta ez Donostia. Batetik, Bilbok ikasle kopururik
handiena dauka eta bestetik, besteek baino kultur ekintza gehiago
du. Gauzak diren bezalakoak dira, besterik gabe. Gasteiz nire
hiria duzu, baina... Gasteiz? Batzuk nirekin haserretuko dira,
baina gure hiriak ez zituen baldintzarik onenak betetzen.
-Gasteizko
udaleko agintariek auditorium bat eraiki nahi dute. Hain zuzen
ere, euren egitasmoak betetzen badira, 1500 lagunentzako auditorium
bat eraikiko da. Zer deritzozu horri? Gasteizen ez dugu horrelakorik
behar, Principal Antzokiko kontzertuetara oso jende gutxi joaten
garelako. Musika entzuteko, behintzat, daukagunarekin nahikoa
da. Haiek diotenez, Principal Antzokiko eszenatokia hainbat ikuskizun
antolatzeko txikia da, hori beste gauza bat da, ordea. Beste ikuskizun
batzuk Gasteizen izateko agian bai; baina kontzertuak ikusteko
ez, ezbairik gabe. Aireporturik onena egin genuen eta ez dugu
bidaiaririk. Munduko abere plazarik onena (gaurko Buesa Arena)
eraiki genuen eta egun ez dago abererik. Lakuan zahar egoitza
izugarria (egun Eusko Jaurlaritzako bulegoak direnak) aurreikusi
zen eta gero ez zegoen betetzeko zaharrik.
-Zeure ustez,
zer nolako etorkizuna dauka musikak XXI. mendean? Gure atzetik oso musikari
onak datoz eta horren ondorioz baikorra naiz. Hala eta guztiz
ere, atzetik datozen gazteek ez dute lan erraza izango, gehienetan
gizarteak ez baitu artista ulertzen. Horrela izan da beti eta
are gehiago bizi garen bolada honetan. Artistak gizarteak baino
urrunago jotzen du beti, hau da, txaloak behar dituzunean ez dituzu
izaten eta behar ez dituzunean, goian zaudelako, orduan jasotzen
dituzu.
-Elkarrizketa
hasi baino lehen, gero eta lasaiago bizitzen saiatzen zarela esan
didazu, baina oraindik izango duzu zer eskatu bizitzari.
Alde
batetik, gure gizarteak gauza txar asko dituela ikusten dut. Horrela
izanda ere, beti aurrera egin behar dugu, ordea. Zer egingo dugu
bestela? Gauzak poliki-poliki konpontzeko gai garela uste dut.
Bestetik, elkarrizketa ezinbestekoa ikusten dut, politikan ez
ezik gizarte arlo guztietan ere. Arazoak konpontzeko dugun tresna
bakarra elkarrizketa da, gure komunikatzeko era hitza baita. Pertsonalki?
Sabin Salaberri bezala? Gauza gutxi. Irakaskuntza izugarri gustatzen
zaidanez, ikasleekin harremanetan jarraitzea gustatuko litzaidake.
Nire ikasleek musika nahi dutelako lantzen dute eta horrela lan
egitea oso atsegina suertatzen da. Ekonomilariak, kazetariak,
informatikoak... denetatik asko ditugu, baina guztiak beharrezkoak
dira. Musikariok, berriz, ez gara beharrezkoak; alabaina, gu barik,
bizitza ez litzateke hain polita izango.
-Zure lagunek
diotenez, gizon ona eta zintzoa zara. Guztiek bezala, lagunak
eta etsaiak ditut eta zuk, antza denez, lagunekin bakarrik hitz
egin duzu. Nire gogoetak eta ideiak ez ditut inoiz ezkutatu. Esaterako,
nire euskaltasuna ahazteko eskaini didate eta noski, ez dut horrelakorik
onartu. Araba mailan politikaria izatea ere eskaini didate eta
baztertu dut... Beti oso argi izan dut zein zen nire bidea. Gaztea
nintzela biologia ikasteko gomendatu ninduten eta ni, burugogor,
ezetz, musika zela nirea. Esan eta izan. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil
Euskonews & Media 150.zbk
(2002/1/11-18)
|