Garai
batean hala gertatu ohi zen; zapatarik ez zuenarentzat alpargatak
zulatzea amak atzealdea gorri-gorri uzteko nahikoa arrazoi bazen.
Alpargatagileen gremioa indartsua zeneko garaiak ziren haiek.
Azkoitian berrogeita hamar bat lantegi aritzen ziren horretan.
Hortik datorkio Villa Alpargatera izena. Gaur egun, ordea, alpargatategi
bakarra geratzen da Azkoitian, baita Gipuzkoa guztian ere. Juin
Alpargatategia da hori. Lantegi honetan Julian eta Juan Manuel
aita-semeek egiten dute alpargatak hasi eta bukatu arteko esku-lan
guztia, eta bertara jo dugu eskulangintza honen berri jakiteko.
-Noiz hasi
zineten alpargatagintzan?
Nik, lehen, Epelde-Larrinaga alpargatategian
egiten nuen lan. Mutil koxkorretan, hamabost bat urterekin, hasi
nintzen. Hango enkargatua nintzen. Baina hura itxi egin zuten
eta poliki-poliki hau zabaldu nuen beste kide batekin. Duela hogei
bat urte izan zen hura. Gero, apartatu egin ginen eta ni hemen
geratu nintzen. Orain, berriz, semea ibiltzen da lanean. Ni jubilatuta
nago eta laguntzera etortzen natzaio.
 |
Julian
(aita) trentzarekin suela edo zola egiten agertzen da. Bere
atzean ikusten den makinak, zilindroak, trentza zapaltzen
du, berez, oso borobildua baita. Semea atzean agertzen da. |
-Zenbat alpargatategi
zeuden lehen inguru hauetan?
Garai batean, Espainiako Gerra Zibila
izan zenean, berrogeita hamar bat baziren Azkoitian. Orduan, Azkoitian
metalurgiarik ez zen. Baina orain, alpargatategi hau besterik
ez da geratzen hemen. Gainera, lehen beste oinetakorik ez zen:
zapata eta alpargata. Gaur egun, ordea, zenbat txankleta, plaiera
eta zapata klase ote dago…
-Beraz, beherakada
nabaritu al duzue ekoizpenean?
Ikusten duzue, bakarrik geratu gara.
Gipuzkoan ez da beste inon abarketa osorik egiten duen lantegirik.
Azpeitian zola egiten dute baina gero Alicantera eta Valentzia
aldera bidaltzen dituzte han amaitu ditzaten.
Zola
ia osatuta du eta soberan dagoen trentza zatia mozten ari
da. Trentzaren mutur hori zolan sartzen du, kanpoan gera ez
dadin. |
Makina
horretan zola josi egiten da. Garai batean hori eskuz egiten
zen, baina lantegi horretan beti izan dute makina hori.
|
-Eskulana da
alpargatagintza. Azalduko al diguzu nola egiten dituzuen?
Zola edo zorua yutezkoa da, nahiz
eta gero ia beti horri goma eransten zaion. Yutea landare bat
da, Asia eta Estatu Batuetatik ekartzen dutena. Hortik haria egiten
dute eta hari horrekin trentza (soka modukoa). Garai batean, trentza
Azkoitian egiten zen, besteak beste, Epelde-Larrinaga lantegian
eta Alberdi y Compañian. Bilbon ere bazen Conchita
izenekoa, Mutrikun Celaya, eta abar. Baina denak itxi egin
ziren eta orain Arnedora, Errioxara, joan behar izaten dugu trentzaren
bila. Abarketek azpian izaten duten goma ere handik ekartzen dugu.
Trentza, ordea, tente xamarra izaten
da eta berdintzeko zilindrotik pasatzen dugu. Gero bueltak emanez
bilduta, zola osatzen da. Hori josteko makina berezi batera pasatzen
dugu -garai batean eskuz josten zuten emakumeek- eta hortik irtetzen
denari plantila deitzen zaio. Ondoren, beste makina batean, azpiko
goma moztu eta trokelean goma hori zola edo plantilari itsasten
diogu; beroarekin itsasten da. Horrekin amaituta geratzen da zola.
Ondoren oihala mozten dugu. Egurrezko
moldea oihal zatiaren gainean jarri eta zerrarekin moztu egiten
dugu. Hortik atze eta aurreak ateratzen ditugu. Gero etxeetara
eramaten ditugu eta emakumeek oihala zolari josten diote.
 |
Alpargatei
gomazko zola jartzen diote. Goma horri forma emateko plantila
da ikusten dena. Zolari goma itsasteko makina horretan sartzen
dituzte. Horrek botatzen duen beroarekin itsasten da goma
zolara. |
-Zenbat emakumek
egiten dituzte joste lanak?
Orain gutxixeago ditugu, baina hamar
edo hamabi aritu izan dira. Eibarren, Elgoibarren, Azkoitian eta
Azpeitian ditugu. Beren etxeetan josten dute libre duten tarteetan.
Gero semea, Juan Manuel, jasotzera joaten da eta eginda ekartzen
ditu.
-Eta gero saltzera,
ezta?
Saltzera bai, ahal baldin bada.
-Non saltzen
dituzue?
Gipuzkoan eta Bizkaian gehien bat:
Azpeitian, Zumaian, Zarautzen, Donostian, Gernikan… Batez ere,
hondartza inguruko herrietan. Zarautzen Euskal Jaietarako ere
asko saltzen dugu. Bestela, guk zuzenean ez baina
Lekeitiotik eta Algorta aldetik etorri izan dira erostera handik
Ipar Amerikara bidaltzeko. Euskal Etxeetara-eta bidaltzen dituzte.
Behin, Argentinako Euskal Etxe batera bidaltzeko berrogei pare
erosi zituzten. Tarteka, misiolari dabilen bakarren bat ere etorri
izan da alpargatak Mexikora eta Ertamerikara eramateko.

Horrela geratzen dira alpargaten zolak. Zolari
tela erantsi behar zaio. Horretarako lehendik eginda dituzten
patroiak hartu eta tela mozten dute. Egurrezko tabla horren
gainean behar adina tela jartzen dute (kapa bat baino gehiago
geratzen dira bata bestearen gainean) eta guztiak batera
mozten ditu zerrarekin. Juan Manuel da. semea. Eskari bakoitzaren
arabera, telaren kolorea, taila... hartzen dituzte kontuan.
|  |
-Gehiena hondartza
inguruko herrietara saltzen duzuela eta, udaberrian izaten al
duzue lan gehien?
Bai, maiatza eta abuztua bitartean.
Baina eguraldiak zerikusi handia du; eguraldi txarreko egunetan
oinetako hauek ez dute balio.
-Hiru tresna
mekaniko desberdin dituzuen arren esku lana da nagusi. Horiek
baino teknologia berriagorik ez al dago?
Ez, hauek baino modernoagorik ez dago.
Trentzarekin zorua egiteko, manibelari eskuarekin ematen diogu
eta badaude horretarako makina elektrikoak ere, baina modu batera
edo bestera, forma eta lotura eskuarekin eman behar zaio. Lehen,
goma itsasteko trokelik ere ez zegoen, ez zen gomarik jartzen.
-Guztiak gomarekin
egiten al dituzue orain?
Gehienak bai. Gomarik gabeak haitzetan
arrantzan ibiltzeko-eta erosten dituzte. Nahiago dute, gomadunekin
labaindu egiten baitira. Adineko emakumeek ere eskatzen dituzte
gomarik gabeak. Bihotzeko gaixotasunak dituztenek edo oinak handitzen
zaizkienek erosten dituzte. Gutxi dira, baina tartean fortunatzen
dira batzuk.
|
Alpargatak
dendetara dozenaka edo dozena erdika saltzen dituzte, horrela
bilduta. Baina aurretik, lehen moztutako ohiala josi behar
zaio zolari. Horretarako zenbait emakume dituzte. Alpargata
bakoitza bostehun pezeta baino gutxiagon saltzen dute, baina
dendetan ia mila pezeta balio ohi dute. |
-Euskal Herrian
ba al dago beste alpargatagilerik?
Durangon eta Zornotzan bana. Azpeitian
daudenek zorua bakarrik egiten dute, eta Irunen bada beste bat
baina hark plantila eginda erosten du kanpoan. Gipuzkoan, abarketak
osorik egiten dituen lantegi bakarra gurea da. Argazkiak: Lore Agirrezabal
Euskonews & Media 148.zbk
(2001/12/21-2002/01/04)
|