Egutegi
honen izen osoa hasiera-hasieratik hauxe da: Arantzazuko Andre
Mariaren Egutegia. Oraingoz atera den azken alea 2002 urteari
dagokiona da, eta azalean irakur daitekeenez, 56 urtez hartu izan
dute hainbat eta hainbat euskaldunek beren etxean.
Beraz, frantziskotarrek
argitaratzen duten Egutegi honen meritua, eta ez txikiena, hainbeste
urtetan irautea da, euskal irakurle arruntari goizero bere euskal
gosaritxoa emanez. Bestalde, esan behar da euskal frantziskotar
zuhaitzaren kimuetako bat dela.
XIX. mendeko
esklaustrazio aurretik baziren frantziskotar euskal idazle ezagunak:
Añibarro, Zabala eta beste. Eta Kantabria izeneko probintzia
berreraikia izan ondoren (1886), eta batez ere XX. mendea aurrera,
euskal idazle berriak agertu ziren fraideen artean: K. Beobide,
A. Arruti, J. M. Azkue
Arantzazu aldizkaria
(Aránzazu, orduan) 1921an sortu eta hurrengo urtean argitaratu
zuten, eta haren inguruan trebetu zen gerra zibil aurretik hainbat
fraide euskal idazle: B. Gerra, A. Madariaga, I. Omaetxebarria,
D. Garmendia, J. Alustiza, etab. Hain zuzen ere, horman zintzilikatzeko
Arantzazuko Amaren lehen Egutegia gerra aurretxoan atera zuen
Ignazio Omaetxebarriak, euskal testu politak eskainiz.
Gerra zibilaren inguruan
eta ondoren, euskal idazleen multzoa bizkortu eta ugaritu egin
zen Kantabriako frantziskotarren artean: J. A. Garate, K. Izagirre,
S. Mitxelena, E. Agirretxe, K. Iturria, Luis Villasante, etab.
Gerra ondoko
urte haiek beltzak izan ziren euskaldunentzat eta euskal kulturarentzat.
Eta gerra bitartean egindako promesen ondorioz eta ondoko sufrimenduek
eraginda, euskaldunak erruz bideratu ziren berriz ere Arantzazura,
Ama onak gorputzeko eta arimako zauriak goza ziezazkien, eta berak
baita ondotxo gozatu ere.
Arantzazuren
inguruan sortu zen giro berpiztu horri erantzun eta eutsi nahiz
asmatu zuten, hain zuzen ere, fraideek Arantzazuko Andre Mariaren
Egutegia, gerra ondoan azaltzera ausartu ziren euskal argitalpenetatik
lehenetakoa. Lopez Mendizabalek ireki zuen bideari jarraituz eta
taldetxo baten laguntzaz, aita Joxe Antonio Garate azkoitiarrak
atera zuen 1947an gipuzkeraz Arantzazuko Egutegi-takoaren lehen
alea. Garate bera izango zen 22 urtean zehar Egutegi berriaren
zuzendaria; idatzita utzia dauka berak garai haietako kronika
nahiko zehatza.
Lehen zenbaki honetatik
berrogei mila ale prestatu zituzten T. Arzallusen ametsek bultzatuta,
eta handik eta hemendik ibili ondoren (Garate bere lambrettan,
D. Garmendia asto bat hartuta ere bai baserriz baserri) erdiak
saltzea lortu zuten. Hurrengo urteetan 25.000 alerekin nahikoa
izan zen eskabideei erantzuteko.
Aurrenengo urteetan
gipuzkerazko Egutegi hau Hego Euskal Herri osoan zabaltzen zen,
Gipuzkoan noski eta Nafarroan, baina Bizkaian ere bai, eta Araban.
Atzerrira ere iristen zen mordo galanta, han eta hemen barreiaturik
bizi ziren euskaldunek eta euskal misiolariek eskatuta (adibidez,
200 ale Argentinara, 200 Mexikora).
1952an hasita, bizkaieraz
argitaratzeari ekin zion frantziskotar talde gazte batek, lehen
zuzendaria Joxe A. Obieta ajangiztarra izan zelarik. Aurrenengo
urtean 1.000 aleko edizioa egin zen, baina gerora 8.000 ale izatera
ere heldu zen. Bizkaiko hainbat herritan, batez ere aita Sabin
Zubietak hartu zituen bere gain Egutegi hau zabaltzearen nekeak.
Hogeita zortzi edizioren ondoren, Arantzazuko Amaren bizkaierazko
Egutegiak, lankiderik ezagatik bereziki eta bere burua ordaintzen
ez zuelako, irtetzeari utzi zion 1981ean, eta bertako apaiz eta
karmeldarren txanda iritsi zen.
Egutegiaren gorabehera
hauek zehazki ezagutu nahi dituenarentzat, iturri egokiak dira
honako hauek: Iñaki Beristain, Arantzazuko Andre Mariaren
Egutegia 50 urtez etxeko (Cantabria Franciscana aldizkaria, urtarrila,
1996), Joseba Intxausti, Arantzazuko Egutegia (Cantabria Franciscana,
uztaila, 1997) eta lankidetzan egindako liburua, Arantzazu, euskal
Santutegi bat XX. mendean.
Arantzazuko Egutegia,
frantziskotar ikastetxe bakoitzeko barne-aldizkariekin batera,
eskola ezin hobea gertatu zen filosofi eta teologi ikasleentzat
Olite-Erriberrin eta Arantzazun bertan. 1951tik aurrera Foruko
ikastetxean aita Imanol Berriatuak euskararen zaletasuna piztu
zielarik, aita Benito Mendiak ere bultzatuta, frantziskotar ikasle
gazteak aita Joxe A. Garateren lankide sutsu izan ziren, eta beraiei
esker iraun izan du urteetan Arantzazuko Egutegiak.
Hain zuzen ere, frantziskotar
gazteen arteko euskal zaletasun hauxe loratuko zen 50. hamakardaren
azken aldera Yakin aldizkariaren mugimenduan, Iñaki Bastarrika
eta Fernando Mendizabal teologi ikasleak lehen sortzaile ausartak
izan zirelarik.
Arantzazuko
Andre Mariaren Egutegiak zenbait aldaketa jasan ditu urteen joan-etorrian.
Lehenik eta behin, gainetiko euskal argitalpenak ugaritu ahala,
eta euskarazko beste Egutegi batzuk ere azaldu zirelarik, kopuruz
murrizten joan zen. 25.000 aletik beherantz etorri zen poliki-poliki:
15.000 ale atera ziren urte batzuetan, 11.500 hurrengoetan, eta
gaur egun argitalpena 10.500 aletan geratu da.
Idazkera aldetik
hartu zuen Egutegiak beste aldaketa bat. 1968tik aurrera, Arantzazuko
Batzar ospetsuaren ondorioz, mamitzen zihoan euskara batuari zabaldu
zizkion pixkanaka bere ateak. Eta euskara-modu zahar-berria zehazten
eta sendotzen zihoan neurrian, bide horretatik jo zuen gero eta
gehiago, kontuan izanez beti ere Egutegia herriarentzat egiten
zen irakurgaia zela, eta ez dela berdin banatzen euskal lurraldeetan.
Bere itxura eta formatoz
ere aldatu izan da Arantzazuko Egutegia. Inprimategiko arazoengatik,
urte batzuetan (1978-79) formato zabalean azaldu zen, orri bakoitzean
astebeteko egunak emanez; baina horrela ez baitzuen arrakastarik
izan, lehengo eraketara itzuli behar izan zuen, azken urteetan
tamaina handixeagokoa bihurtu delarik.
Aita Garatek Egutegiaren
zuzendaritza utzi zuenean (1969), Arantzazuko teologi ikasleen
esku gelditu zen, eta hala jarraitu zuen zazpi urtez. 1977an aita
Joxe L. Zurutuza zegamarrak hartu zuen bere gain Egutegiaren ardura,
eta horretan segitzen du gaur ere, informatikak eskaintzen dituen
bideez baliatuz.
Azken aldi honetan
Arantzazuko Egutegia barne-egitura orekatua hartzen saiatu da:
gai desberdinak astean zehar txandaka ematen ditu, plan jakin
baten arabera. Erlijio arazoari arreta berezia dio, eta urtean
zehar igande bezperan gai jakin bat azaltzen da Ebanjelizatze
berriak eskatzen duen era gaurkotuan. Euskararen biziaz ere behin
eta berritan arduratzen da, hainbesteren lozorroa astindu nahian.
Sarritan erabiltzen dira gai sozial eta ekologikoak ere, eta zientziazkoak
ere nonahi dauzkazu, maila arrunta gehiegi gainditu gabe, noski.
Pasadizo xelebreek ere badute beren tokia, eta izkirimiri edo
txisteek zer esanik ez. Azken bi urteetan, gainera, aurrealdea
irudi berriz aberastu da.
Egutegia ez baita
urtez urte perretxikoak bezala berez ateratzen, hona hemen zuzendariaz
gainera gaur egungo egileen izenak: Iñaki Beristain, Pello
Zabala, Anastasio Esnaola, Joxe M. Garaialde, Felix Bilbao, Joxe
Mari Lete, Joxe Mari Regillaga, Joxe A. Gandarias, Karlos Urbieta,
Luis Esnal, Joxe Mari Zelaia, Pello Ezeiza. Banaketa lan neketsuaz
Patxi Agirre azpeitiarra arduratzen da, Julian Letona laguntzaile
duela.
Arantzazuko Andre
Mariaren Egutegiak Anton Abbadia saria jaso zuen 1996an, Gipuzkoako
Foru Aldundiak euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako
pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko sortua eta lehen aldiz
urte horretan emana.
Euskal herritar Arantzazu-
eta euskara-zale jatorrek, beren harrera maitekorrez, eutsiko
al diote gure Egutegiari diamantezko ezteietara arte eta harantzago
ere bizi-bizirik irauten. Hala izan bedi.
Joxe L. Zurutuza, Arendui, idazle,
itzultzaile eta organista |