Aurten
500 urte betetzen dira frantziskotarrak Arantzazun beren Etxea
hartu zutenetik. Beharbada, zertxobait lehenagotik zeuden han.
Halako historia luzea ez da askotan burutu gure Institutu Erlijiosoen
artean.

Arantzazu
1890 aldera.
Gipuzkoako fraide-komentu
nahiz monasterioen artean Arantzazukoa izan zen lehenengoa, lehen
urteetan mesedeetako fraideekin (1493), eta laster frantziskotarrekin.
Handik hona, eta tarteko aldarte txar guztiei gaina hartuz, orduko
lehen Anaiarte hark berean iraun du, eta bukatu berri dugun XX.
mendea izan da Arantzazun aberatsena, erlijiotasunean bezala kulturgintzan
ere.
Arantzazuko iragana
eta egungo errealitatean hitz laburretan eman daiteke: Santutegi
kristau bat da, Mariarena, Euskal Herrian lekutua eta fraide frantziskotarrek
gidatua.
Santutegia eraikitzen
Santutegien hau historia
luzea da erlijio guztietan, denek izan baitituzte honelakoak eta
gaur egun ere bai. Errealitate "misterikoaren" bilaketarako
leku bezala agertu izan dira Santutegiak, eta halaxe da Kristautasunean
ere, nahiz eta lehen garaian ez baizik IV. mendeaz geroztik garatu
den kristau Santutegien historia.
Santutegia,
lekua ez ezik bertara bildu ohi den herriartea da, erromesen lagunarte
ibiltaria, norberaren barnetasunean hausnarrean datorrena, gogoetara
eta otoitzera heldu ohi dena.
Gainera, erromes-tradizio
hori ez da guztiz zaharkitu edo desagertu gure belaunaldian. Erdi
Aroko Santutegi kristauen ondoan, XIX-XX. mendeetan berriak agertu
ziren, eta beren indarrean diraute. Antropologo eta historialarien
aztergai bilakatu dira berrikitan, gainera.
Mendebaldeko gaurko
erromes-munduak paradoxa handi bat du bere baitan: fededunek ez
ezik fedegabeek ere ekin ohi diote erromes-bideari, eta Santutegiren
bat beren ibileraren helmuga dutela irten ere. Anitz jende da,
"misterioa" izan badenik ere uste gabe, non eta nola
aurkituko den jakin gabe bidera irteten dena. Jean Claude Bourlès-ek
deskribatutako Elizarik gabeko erromesaren historia errepikatzen
dute.
Erromesaldien hau
indar betean dago Europan, hain indar betean ze, adibidez, Frantziako
Garraio eta Turismo-Ministeritzak babestu du Guide des Pèlerinages
baten edizioa, (Fayard, 1996), eta The Penguin Press-ek Ruth Harris
judu sekulartuaren ikerlana: Lourdes: Body and Spirit in The
Secular Age (Oxford, 1999).
Gaurko ikuspuntutik
inguru-giro horretan lekutu behar da Arantzazuko Santutegiaren
kasua ere: ibilian bila datozen erromes-munduan, gizarte sekulartu
batean, fededun eta sinesgabeak elkarrekin batera egiten den bidean
eta helmugan, erlijiotasunean hain aldatua dugun Euskal Herrian.
Horixe da Arantzazun
frantziskotarrek erantzun beharko duten erronka, Andre Mariaren
Santutegi honetatik mundu berri bati erantzun berriak eskaintzeko.

Arantzazu
orain 60 bat urte.
Frantziskotarren
ekarpena
Eliza Kristauetan
sarritan gertatu da, Santutegia Ordena edo Institutu Erlijioso
baten eskuetan jartzea, bere ardurapean erromesen ardura izan
dezan eta Santutegiarekiko jaiera zaindu. Hori izan zen Arantzazuko
kasua ere, jada XV. mendetik bertatik hasita.
Honelako Ordena baten
ekarria gisa anitzetan egikari daiteke: erromesei aterpea eskainiz
(ostatua, jatorduak, etab.), errealitate "misterikoa"
zainduz (irudi, erlikia, etab.), erlijiotasun herritarra heziz,
otoitz-moldeak gidatuz, erromes-ondoko jaierak antolatuz, Santutegiarekiko
harreman iraunkorra segurtatuz, etab.
Frantziskotarren
Arantzazuko arduretako bat bertako errealitate fisikoa eraikitzea
izan da, berori zaintzea eta behar izan denetan berreraikitzea
ere (ez dira ahaztekoak Santutegian izandako hiru sute handiak).
Horrek guztiak komentukoen eta herritarren elkar-lana eskatu zuen,
dirutan eta jendearen atxikimenduan.
Eraikuntza fisikoak
bere baitan izan ditu, gainera, etxagintza egokiro moldatzea,
elizari bere edertasuna ematea, etxetarrentzako izpiritu-baliabideak
garatzea: azken buruan, Santutegian eta Santutegitik kulturgintza
modu bat segurtatzea, fraideen eta herritarren erlijiotasuna garaian
garaiko bideetatik eta euskal gizartean txertaturik joan zedin.
Arantzazun beti egon
da Fraidearte handia, batez ere XVIII. eta XX. mendeetan, eta
are handiagoa fraidegaiak ere aintzakotzat hartzen baditugu. 1960.etan
jo zuen horrek goia, 173 fraiderekin.
Fraideek zuzenkiago
eta arreta handiagoz zaindu dutena, Santutegiko erlijiotasuna
izan da, erromesen fedezko bizitza, horixe baitzuten beren lehenbiziko
egitekoa: Sakramentuak, Predikua, Otoitz pertsonala, erromes bakoitzarekiko
ardura. Horrek bere metodologia izan zuen, egitarau jakin bat,
Aro Modernoan, baina ez da beti berdina izan: gertuko aldakuntzak
aipatzeko, XX. mendeko bigarren partean, otoitz-ohitura eta moduak
oso berritu dira. Hauxe da frantziskotarren ekarpenetako bat.
Tokiko lana horrelakoa
izanik, frantziskotarrek Arantzazuri eta zeharbidez euskal herriari
egin dieten ekarri nagusia hasierako tokiko Ermita txiki hartatik
Santutegi handia erromesen lagunarte zabala, esan nahi
da eraikitzea izan da. Belaunetan zehar Santutegi honen
erromes-erakarmena lurraldez zabalduz joan da eta ez da beti bat
bera izan. Euskal Herrialdeak gisa ezberdinetan egon dira presente
Arantzazun, Araba eta Bizkaitik Lapurdi eta Nafarroaraino. Eta
XVI. mendean era batean zena, hurrengo mende bakoitzean beste
modutara gertatu da. Zalantzarik gabe, XIX.a izan da gizaldirik
ahulena, eta bukatu berria dugun XX.a, ostera, jasoena.
Eliza Katolikoko
Erakundeen artean frantziskotarrena herritarrenetakoa gertatu
da Euskal Herrian (eta Ameriketako euskaldunen artean), garai
baketsuetan bezala gatazkaz betetakoetan ere. Santutegiko ezbeharrak
herri-herrian sentituak izan dira; 1834ko sutea edo Basilika Berriko
gorabeherak adi-adi begiratu zituen gure herriak. Horrelako une
historikoak behin eta berriz errepikatu dira (1622, 1881, 1886,
1818).
Santutegiaren
zuzeneko balio erlijiosoekin batera, bertatik bizi izandako inkulturazio-lana
aipatu behar da, eliz lanetan euskaldunduz ez ezik kultur munduan
parte hartuz egindakoa (besteak beste, Villasante adibide ona
izan da). Horren guztiaren historia egina dago partez bederen,
Lizarralderen Historian, eta XX. mendeaz diharduen eta argitara
berri den Arantzazu. XX. mendeko euskal Santutegi bat deritzan
liburuan.
XVI.az geroztik
Arantzazun Liburutegia eta Ikastegia egon ziren, eta laster abesbatza
izan zuen Santutegiak. Mendi-mendian, eta bide arruntetatik urrun
egon arren, Fraidearteak beti mantendu zituen kultur gune horiek.
Zoritxarrez, horiek eta Arantzazuko arkitektura eta obra plastikoek
asko nozitu zuten suteekin. Mende haietako ondarea osorik jasotzerik
izan ez dugun arren, berori zaindu eta hobetzen egindako ahaleginek
apenas izan zuten etenik komentu horretan.
J. I. Telletxeak
berritu zigun obra plastiko zaharraren oroitzapena, eta J. Bagues-ek
eman zigun XVIII.eko musika-lanaren albistea, Santutegiko artxibo
zaharra arakatzean. XX.eko arkitektura eta margolanena (Oiza,
Oteiza, Eulate, Basterretxea, Txillida, etab.) I. Monforte historialariaren
lumatik etorri zaigu, eta argazkitan A. Elizegik landu digu mundu
bera.
Fraideartea izanberritu
zenetik (1878), euskal olerkariek gogoz kantatu dute Arantzazu,
hasi Arrese-Beitiarengandik eta gure egunak arte: A. Arruti, S.
Mitxelena, B. Gandiaga. Euskal kanta modernoaren bihotzean geratu
da Santutegia, Oskarbi, Lete, Mendibil eta beste hamaikatxoren
ahotsen bidez. Arantzazuko mundu "misterikoari" olertiz
beteriko mundua gehitu zaio.
V. Mendeurreneko
ospakizunen itzalean fraideek eta arantzazu zaleek etorkizunaz
arduratu nahi dute batez ere, eta dagoeneko abian da "Arantzazuko
Adiskideen Elkartea" Euskal Herriaren Santutegi honek bere
etorkizuna guztion onetan segurta dezan "(harremanetarako:
adiskideak@arantzazu.org).
Joseba Intxausti, historialaria
Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bertan-3 "Arantzazu
tradizioa eta abangoardia" liburutik eta Auñamendi Entziklopediatik |