Duela
bi urte jaso zuen Xabier Alkortak Eusko Ikaskuntzako Kongresua
zuzentzeko gonbita eta erronka berriei aurre egin behar zaielakoan
baiezkoa eman zuen. Apaltasunezko hitzak dira bereak, baina baita
bide luzea ibili duen gizonarenak ere. Gipuzkoako Kutxako zuzendari
orokorra den donostiar honek argi dauka "bakoitzak bere kezka
pertsonalei erantzuna eman behar diela", eta "ikasle
gisa" bete du Kongresu honetan tokatu zaion lana.
Euskal Zientzia eta Kultura, eta Sare Telematikoak lelopean, azaroaren
28tik 30era izango da Eusko Ikaskuntzaren XV. Kongresua. Gai anitz
eta askotariko esparruak izango dira hizpide, guztiek gogoetara
bultzatuko dituzte partaide, entzule, ikasle eta adituak. Izan
ere, kongresu berezia izango baita egun hauetakoa, zabala eta
oparoa. Milurteko berriaren atarian Eusko Ikaskuntzak hausnarketa
egin nahi izan du, gauza asko gertatu dira 1918 urtean euskal
kulturaren inguruko lehen biltzarra eratu zenetik eta Alkortak
berak dioen bezala, "eztabaida sakon, ireki eta demokratiko
bat egiteko garai ezin hobean gaude".
-Berez Kutxako zuzendaria zara
eta egun hauetan baita Eusko Ikaskuntzaren XV. Kongresuko lehendakaria
ere. Beraz, bi arlo guztiz ezberdin dituzu mahai gainean; finantzak
eta kultura. Nola uztartu dituzu bi esparru hauek? Kutxak beti mantendu
izan du dimentsio kultural garrantzitsu bat. Konkretuki, nire
ardurapean dauden gai guztien artean ekintza kultural ezberdinak
ere aurki daitezke. Beraz, ez zaizkit hain urruti gelditzen ez
ikerketaren esparru zabala eta ezta kultura jorratzen duten gai
ezberdinak ere. Denboraren poderioz kulturarekin zerikusia duten
erakunde eta pertsona ezberdinekin harremanak sendotu izan ditut,
Eusko Ikaskuntzarekin bereziki. Duela bi urte kongresu hau koordinatzeko
gonbita jaso nuen eta baita baiezkoa eman ere. Nik erronka berria
balitz bezala onartu nuen, esperientzia berri eta aberasgarri
moduan. Ikuspegi hori mantentzen saiatzen naiz, eguneroko lanaz
gain bakoitzak bere kezka pertsonalei erantzunak eman behar dizkiola
uste baitut. Herri txiki honetan guztiak inplikatu behar garelakoan
nago. Sentiberatasun hori kontutan hartuz eta gai kulturalak inguruan
ditudala jakinik, erronka berri hau onartzea erabaki nuen. Behin
behinekoa izango da, kongresua amaitu bezain laster nire normalkuntzara
itzuliko bainaiz.
-Zein emari
suposatu dizu Eusko Ikaskuntzako XV. Kongresu honen lehendakari
izateak? Hasteko, kongresu berezi
baten aurrean gaudela esango nuke izugarri zabala eta aberasgarria
delako. Milurteko berria gainean daukagu eta Eusko Ikaskuntzak
berak aparteko biltzarra atontzea erabaki zuen. Helburua ikerketak,
arteak, kulturak eta gizarteak berak zertan dirauten ezagutaraztea
litzateke. Gizartearen arloa erantsi diogu eta hori premiazkoa
iruditzen zait, are gehiago egun Euskal Herrian bizi dugun egoera
sozio-politikoa kontuan hartzen badugu. 1918 urtean sortu zen
Eusko Ikaskuntza, hiltzeko zorian zegoen kultura bat berpizteko.
Mendeari ateak ireki dizkiogunez, azterketa sakon bat egiteko
egoera ezin hobean gaudela iruditzen zait. Horregatik da hain
zabala Kongresua. Maiz zabala
izateak sakontasunari bidea zailtzen dion arren, honetan ikuspegi
orokorra izateko gai arras interesgarriak jorratuko dira. Antolakuntzarekin zerikusia
duen edozer gauza dut gustuko, gai konkretu honetan hasieratik
lan egin dugunez, gaiak zenbat ziren aldez aurretik ikusi, sailkatu
eta erabakitzeko aukera izan dugu. Garbi dago gai batzuk kanpo
gelditu direla, baina azkenean kongresu bakarra beharrean sei
kongresu ezberdin atondu ditugu, sei sail ongi ezberdinduak. Bakoitzak
bere arduraduna dauka eta bakoitzak bere bidea jarraitu du, berezko
dinamika batekin. Hogeita hamar bat arduradun izendatu ditugu.
Betiere Euskal Herriko lurralde guztiek presentzia izatea nahi
izan dugu eta baita ideologia ezberdinek ere.
-Etorkizun
bat gure iraganerako, Euskal Herria Europa berrian, Gizarte zibilaren
ahotsa Euskal Herrian, Literatura eta Antzez-arteak, Arte Plastikoak
eta Jakintzaren gizartea eta Euskal Herria izango dira jorratuko
diren sailak. Zein azpimarratuko zenuke? Sail
bakoitzak bere nortasuna mantenduko badu ere guztiak dira interesgarriak.
Nik ez nuke banaka azpimarratuko. Berrikuntza edo nobedadeei dagokienez,
gizarteari egingo zaion azterketa aipatuko nuke. Orain arte ez
da esparru hau Eusko Ikaskuntzaren kongresuetan jorratu, agian
gizarteak berak ere ez zuelako aurreko urteetan hori eskatzen.
Aurreko hamalau kongresuei begirada bat bota diet eta egin dudan
azterketa edo konparaketan lehenengo kongresua hartu dut abiapuntu
gisa, lehenengo kongresuaren ondorioz sortu baitzen Eusko Ikaskuntza.
Garai hartan Euskal Unibertsitatea gauzatzea eta euskararen egoera
ziren gai garrantzitsuenak, izan ere bertatik eta denbora gutxira
Euskaltzaindia jaio baitzen. Gai sozialak ere mahai gainean ipini
zituzten baina ondorengoetan ez zaio gizarteari ahotsa eman. Egun
bizi dugun egoera dela eta, gizartea gorpuztu nahi izan dugu kongresu
honetan. Hori litzateke erreferentzi nagusi bat, baina badago
aipatu beharreko beste ezaugarri bat ere, eta hori Europarekin
dugun harremana da. 1918 urtean Lehen Mundu Gerran murgilduta
geunden eta orain, aldiz, moneta berria eskuratzeko prest gaude.
Lehen Euskal Herria Europatik kanpo zegoen, orain guztiak sentitzen
gara europarrak, eta hori garrantzitsua da. Gogoeta honi kongresuko
bigarren sailean eman diogu garrantzia: Nondik gatozen, non gauden
eta nora goazen aztertuko dugu: gu bezalako herriek, orain eraberritzen
ari den Europan zein leku bila dezaketen.
-Globalizazioa ere garrantzitsua
izango da. Zein ikuspegitik aztertuko da? Globalizazioa errealitate
gisa hartu behar da eta garbi daude horrek dakarzkigun ondorioak,
are garbiago irailaren 11ko atentatu lazgarriak eta gero. Gainean
dugun globalizazio honek dakarren guztia aztertzen ahaleginduko
gara, bai ekonomiari dagozkion gauza positiboak eta baita gizarte
mailan izango diren ondorio latzak ere. Marjinazioari garrantzia
eman nahi izan diogu: Euskal Herri mailan zeintzuk diren kolektibo
marjinatuenak, guk eta atzeratuak dauden herri horiekin ditugun
harremanak, eta inguruneak pairatzen dituen ondorioak izango dira
hizpide.
-Globalizazioarekin
batera informazioaren gizartea eta teknologia berriak daude. Zein
neurritan erabili dituzue hauek kongresua zabaltzeko? Kongresua Interneten
dago hasiera hasieratik. Nahiz eta eskaintza dagoen, garbi dago
gaur egun oraindik gizartea teknologia berrietatik at dagoela.
Kongresuko egunetan eta baita ondoren ere Sarean kaleratuko ditugu
hainbat hitzaldi eta ondorio ezberdin. Gaiari Ezagueraren gizartea
eta Euskal Herria sailean eman diogu garrantzia, komunikabideek
eta teknologia berriek tratamendu konkretua izango dute Javier
Etxeberriaren eskutik.
-Zenbat hizlarik
hartuko dute parte? Orotara ehun hizlari
inguru izango dira. Hirurogeita bost bat Euskal Herrikoak, hamabost
Espainiakoak eta besteak atzerritarrak. Maila handiko jendea dator
eta ondare aberasgarria utziko digute, ziur.
-Zeintzuk
izango dira Kongresuak berak utziko dituen ekarpenak? Bai euskal
gizarteari eta baita Eusko Ikaskuntzari berari ere? Gaur eguneko gizarteari
politikatik kanpo toki bat eman behar diogulakoan nago. Herri
honetan, zoritxarrez, politikak maiz beste gauza batzuk estaltzen
ditu. Gainera, egun hauetan denbora eta aukera izango da askotan
hitz egiten ez ditugun gaiei buruz azterketa eta hausnarketa oro
egiteko. Hori oso aberasgarria iruditzen zait. Guztia ikuspegi
ezberdinetatik egingo dela kontuan hartuz eta politikeria baztertuko
dugula jakinik, azkenean eztabaida ireki, zabal eta demokratikoa
egingo dugula ziur nago. Barrura begira, nik uste dut
honen ondorioz barne dauden talde batzuk indartuko ditugula. Honetaz
gain, orain arte hedatu ez den gizarte zibilaren sail bat azalduko
delakoaren alde egingo nuke apustu.
-Gauza asko, beraz, hiru egun
iraungo duen Kongresu batentzat... Askoz hobea litzateke
sei sail ezberdinak errenkan antolatzea, baina horrek eskatuko
luke hamar eguneko edo bi astetako kongresu luze eta oparoa eta
hori ezinezkoa da.
-Hitzaldiak
alde batera utziz, zein beste ekimen, esparru edo gai jorratuko
dituzue? Arte Elektronikoei
buruzko erakusketa atondu dugu Miramonen. "Eurociudad Donostia-Baiona"
taldearen emaitzak ere ikusgai izango dira eta Gipuzkoako Foru
Aldundiak 2020. urteko plan estrategikoaren lerro nagusiak irakurriko
ditu.
-Eusko Ikaskuntza
eta Xabier Alkorta egun hauetan elkarrekin irakur daitezkeen izenak
dira. Zein asmo daude etorkizunera begira?
Eusko
Ikaskuntzaren hurrengo Kongresua monografikoagoa izango dela uste
dut, hau bereziegia da, gure ibilbidea ezagutzeko egin delako.
Daukaguna baloratzeko eta faltatzen zaiguna lortzen ahalegintzeko
baliagarria izango delakoan nago. Niri, pertsonalki, izugarri
aberasgarria iruditu zait esperientzia hau. Lagun batek esan zidan
bizitza ikaslea balitz ikusten zuela, eta bidea hori dela uste
dut. Gauza berriak ikasteko prest egon behar gara beti, hori da
benetako jarrera eta ni oraindik ikasle sentitzen naiz. Bi urte
hauetan ezezagunak zitzaizkidan arlo batzuk ezagutu ditut, pertsonalki
ere aberastu naiz eta argi dago norbera aberasten denean ingurukoa
aberasteko gai bihurtzen dela. Hori gertatu zaidala uste dut. Argazkiak: Juantxo Egaña
-
Euskonews & Media 145.zbk
(2001/11/23-30)
|