Bergararra
jatorriz, Javier Retegik Arrasaten eman du bizitza. Bertan ikasi
zuen eta bertan utzi ditu amets, asmo, ahalegin eta lanordu amaigabeak.
Karrera sendoa da berea, lerro gutxitan laburtzea ezinezkoa den
horietakoa. Besteak beste, Arrasateko Ingeniaritza eskolako zuzendaria,
IKERLANeko lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea
eta Industria, Arrantza eta Nekazaritzako sailburua izan da. Egun
Mondragon Unibertsitateko errektorea eta MCCko (Mondragon Corporación
Cooperativa) teknologia eta kalitate arduraduna da. Pertsona eta
profesional bezala zenbatezinak dira erdietsi dituen lorpenak,
Deba Goieneko Unibertsitatearen egoera edo bertako enpresen aberastasuna
ikustea besterik ez dago. Eta hala ere, Retegi apaltasun osoz
mintzatzen da, lanaz, bizitzaz, esperientziaz... Behin eta berriz
gogorarazten digu pertsonak direla gure gizarteko eta guztion
mundu honetako ondasun baliotsuena.
-Zurea karrera
sendoa da; enpresa mundua, politika eta hezkuntza, hiru esparruak
jorratu dituzu. Zein arlotan sentitu zara erosoago? Zer eman dizute? Hiru eremuetan eroso
eta gustura sentitu naizela esango nuke. Oso mundu ezberdinak
dira, ez dute bata bestearekin zerikusirik. Enpresa mundua esparru
logikoena edo konkretuena litzateke, gauzak argi azaltzen direlako.
Jokabide garbia behar du enpresak eta norberak bere indarrarekin
jokatzen du beste enpresa batzuekin lehian. Politika, aldiz, garrantzi
handiko mundua delakoan nago, azken finean gizartearen etorkizuna
politikoek bideratzen baitute. Gizartearen norabidea politikaren
eskuetan dago eta hori zeregin handia eta garrantzitsua da, baina,
aldi berean, oso esparru zaila dela uste dut, komunikabideak eta
eztabaidak ohitura bihurtzen direlako honetan. Gainera, politika
ez da enpresa bezain garbia. Hezkuntza, aldiz, etorkizuneko
esparrua da niretzat, itxaropen handiz ikusi behar dena, bihotz
handia eskatzen duen alorra. Hezkuntzak gizartearen oinarriak
ezartzen ditu, politikak norabidea eta enpresak, aldiz, tresna
ekonomikoak, beraz, osagarriak dira hirurak. Ni hiruretan aritu
naiz, gustura guztietan, baina bakoitzak bere nortasun berezia
duela ohartu naiz.
-Hiru
esparru hauetatik alor publikoak eta pribatuak kudeatzeko aukera
izan duzu. Zein ezberdintasun somatu dituzu?
Politikan
izan ezik alor pribatuan aritu naiz, bai unibertsitatean eta baita
enpresan ere. Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburu izan
nintzen garaian zaila egiten zitzaidan goizean jaiki bezain laster
egunkaria irakurri eta ostikada nondik zetorren ikustea, gero
ostikada horien aurrean nire burua defendatu behar nuelako. Egoera
horrek bakoitzaren bidea edo karrera markatzen duela uste dut.
Enpresan edo Hezkuntzan, aldiz, zuk zure nortasunarekin aukera
dezakezu jarraitu nahi duzun bidea. Politikan ez da hori gertatzen,
zure aukerak ez baitira nahikoak, besteenak kontuan hartu behar
dira uneoro, iritzi guztiak integratu behar dituzu. Alor pribatuan
zure ideia, iritzi eta asmoak gauzatzea errazagoa da, betiere,
komenigarriagoa da taldean lan egitea eta lankideekin indar guztiak
partekatzea. Baina oztopo gutxiago daudela esango nuke.
-Hasieratik
bizi izan duzu MCCren (Mondragon Corporación Cooperativa)
bilakaera. Hastapenetan, duela hogeita hamar urte, pentsatzen
al zenuen egun lortu diren emaitzak lor zitezkeenik? Duela hogeita bost
urte hil zen On Jose Maria Arizmediarrieta eta ordurako guk itxaropen
handiak geneuzkan. Arizmendiarreta eta biok lanordu amaiezinak
igaro genituen. Arrasateko Ingeniaritza Eskolan nire irakaslea
izan zen eta beranduago berarekin hasi nintzen lanean. Urte haietan
egun lortu dugunaren oinarriak ipini genituela esango nuke, eta
oinarriak pertsonak dira. Pertsonen orientabidea, borondatea,
jarrera ezberdinak... Arizmendiarretak pertsonak landu zituen,
modu horretan gaurko egoeraren hazia erein zuen. Baina orduan
ezin genuen ezta imajinatu ere egin egungo egoera lortuko genuenik.
Gure enpresek garapen izugarria izan dute, baita Eroskik eta Lankide
Aurrezkiak ere, Unibertsitatea eta hezkuntza ahaztu gabe, noski.
Duela hogeita bost urte lanbide heziketako zentro bat besterik
ez ginen. 1968. urtean hasi ginen ingeniaritza teknikoa irakasten
baina ezinezkoa egiten zitzaigun gaur eguneko Mondragon Unibertsitatea
marraztea. Gaur esaten dudan gauza bera esango dute hamar urte
barru. Ziur nago horretaz. Hori da gure aberastasuna, hemen talde
izugarria dago martxan, egiturak jarrita daude, hauen bitartez
jendeak parte hartzen du eta garapenak lortzen dira. Asmoak sendo
mantentzen direla uste dut eta horri esker mugimendu hau gorantz
doa. Egun, talde kooperatiboan ia
60.000 pertsona gaude lanean eta fakturazio izugarria lortzen
dugu. Hiru fakultate ezberdinek osatzen dute Mondragon Unibertsitatea.
Doktorego-ikastaroak martxan daude eta ikasle kopurua gero eta
handiagoa da. Guzti honek maila altuan jartzen gaitu.
-Beraz,
pertsonak dira MCCren garapen izugarriaren sekretua...
Inongo
zalantzarik gabe. Gure aberastasuna pertsonengan dago, gizarte
guztien aberastasuna pertsonetan dagoen bezala. Eta ez da bakarrik
pertsonaren jakinduria garrantzizkotzat jo behar dena, jarrera
edo borondatea dira niretzat ezaugarri baliotsuenak. Irizpide
eta helburu konkretuekin ados egotea premiazkoa dela uste dut,
adostasun hori lortuz gero bata besteari lagunduz bide bakarra
eraikitzea posible delako eta honek efektu biderkatzaile izugarria
sortzen du. Momentuan MCCko teknologia eta kalitate arduraduna
naiz eta baita Mondragon Unibertsitateko errektorea ere. Alor
bietan talde oso onak daude lanean, itxaropen handiekin eta indar
ikaragarriarekin. Kudeaketari dagokionez bi aukera daudela uste
dut, batak lankideak etengabe animatzen egotera behartzen zaitu,
eta bestean aldiz lankideek bultzatzen zaituzte zu. Azken hau
da niri gertatzen zaidana, jendea bultzaka dator eta hori izugarri
positiboa da.
-Zeintzuk dira enpresa mailan
etorkizuneko erronka nagusiak?
Enpresari dagokionez, garbi dago lehia
mundu guztira hedatu dela, izugarri aldakorra da gainera, eta
horrek argi egotera behartzen gaituenez, edozein aldaketa burutzeko
prest egon behar gara; atzerrira joan gaitezke enpresak sortzera
edo atzerritarrei ongi etorria eman behar diegu. Era berean, produktu
aldaketa bat edonoiz eman daiteke. Gure indarra pertsonetan eta
jakindurian dago eta gure enpresak goi mailako ikerketa enpresak
dira, izugarri berritzaileak. Gure ideologia kooperatibistan pertsona
da nagusi enpresa barruan eta hori Gipuzkoan edo Euskal Herrian
posible da. Dena den, atzerrian, Brasil edo Mexikon adibidez,
ez da batere erraza gure eredua ezartzea. Horregatik hausnarketa
sendoa egin beharra daukagu, gurea ez den eremu batean gure lan
egiteko era sortu eta hedatzeko. Mundu globalizatu honetan gure
ideologia kooperatibista non eta nola kokatzen den finkatzea erronka
handia da gaur egun.
-Eta
hezkuntza edo Unibertsitatearen alorrean?
Gizarte aldaketa handi baten aurrean
gaude eta horrek hezkuntza mota berri bat dakar. Momentura arte
egin duguna ez da nahikoa, hezkuntza sistema berri bat sortu behar
dugu. Egia esan, ez dakit sistema berri hau nolakoa izango den
eta ezaugarri batzuk argi azaltzen badira ere saiakuntzak egiten
hasi behar gara, beste herrialdeetan eta unibertsitate ezberdinetan
egiten dutena ikusi behar dugu, azkenean gure eredua finkatzeko.
Ezinezkoa da atzerriko eredu bat finkatzea, gurea behar du izan.
Eta hau ez da unibertsitate bakarrak egin behar duen lana, elkarlanean
jorratzeko gaia baita. Guztiontzat erronka da hau
-Unibertsitate
ezberdinekin harremanetan zaudete? Akordiorik finkatu al duzue?
Atzerriko unibertsitate ezberdinekin
harreman sendoak ditugu, aurtengoan gainera hezkuntza eredu berri
horren gainean Europa mailako ikerketa proiektu bat proposatu
dugu. Unibertsitate amerikarrek ere parte hartuko dute honetan.
Euskal Herriari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustukoa,
Nafarroako Unibertsitatea eta gu gaude. Elkarlanean gabiltza,
batez ere Deustuko Unibertsitatearekin eta EHUrekin, baina nire
ustez hau ez da nahikoa. Lan sendoagoa egin beharko genuke elkarrekin.
-Nolakoa da MCCk atzerrian
duen presentzia? Europako herrialde
ezberdinetan ditugu delegazioak. Amerikari dagokionez Brasil,
Argentina eta Mexiko aipatuko nituzke gune garrantzitsu gisa.
Txinan eta Thailandian ere baditugu hainbat enpresa. Guztira hogei
dira atzerrian ditugun fabrikak eta lau urteko epean hirurogei
izatea da gure asmoa. Kanpoko produkzioa hirukoiztea nahi dugu.
Atzerriko salmentak %57 ingurukoak izango dira. Garapen erraldoia
egingo du talde kooperatiboak beste herrialde batzuetan eta honek
arrisku handia suposatzen badu ere, guzti honen gainetik gure
kooperatibaren nortasuna eta funtsa dago. Atzerrian lortuko diren
etekinak bertan inbertituko ditugu, bertako gizartearen garapenean
laguntzeko asmoarekin, eta hor hezkuntza edo ikerketa ere sartzen
dira. Modu honetan bai gu eta baita eurak ere, guztiak, irabazten
aterako gara.
-Mondragon
Unibertsitateari dagokionez, zein da hasiberri den ikasturte honen
nobedade aipagarriena?
Egun hiru fakultate nagusi ditugu:
Ingeniaritza Eskola Arrasaten, Enpresa Zientzien Fakultatea Oñatin
eta Humanitate eta Hezkuntza Zientziak Eskoriatzan. Horietan karrera
ezberdinak ikasteko aukera dago. Ingeniaritzan martxan jarri diren
telekomunikazioko bi karrera berri aipatuko nituzke nobedade gisa.
Hala ere, gure nobedade handiena bilakaera dela esango nuke. Lehenengo
eta bigarren zikloak garatuak dauzkagu eta orain hirugarren zikloan
gogor hasi gara lanean. Doktoretza-ikastaroak martxan jarri ditugu
eta gure asmoa izango litzateke zortzi urte barru ikasle guztien
%5a doktoretza ikasten egotea. Aurtengo ikasturtean hogei bat
pertsona arituko dira, aurreneko aldiz, doktoregoa egiten. Gure
berezko tituluak ere aipagarriak direla uste dut, honek esan nahi
du masterrak eta ikastaro aurreratuak ugaltzen ari direla. Hamazazpi
master ditugu aukeran eta formazio iraunkor horretan maila handia
lortzen ari gara.
-Deba
Gorenean ez omen dago langabeziarik. Zein da sekretua? Hemen mugimendu ikaragarria
dago, baita lan asko ere. Baina sekreturik badugu askatasunez
pentsatzea da. Ez dugu pertsonaren garapena soilik bilatzen, garapen
pertsonala gizartearen garapenean baizik. Bakoitzaren jakinduria
eta aberastasuna gizartearen jakindurian eta aberastasunean kokatzen
saiatzen gara. Proiektu pertsonala izateaz gain, gure proiektu
soziala da, kolektiboa. Ez daukagu langabeziarik baina momentuko
gure erronka goi mailako enplegua sortzea da. Gure gazteek gero
eta formazio handiagoa dute, gure lantegiak goi mailako lantegiak
bihurtu nahi ditugu. Ez zaigu eraikuntza berriak sortzeko lurrik
gelditzen, errepideak kotxez gainezka daude, ez dago bizitzeko
toki fisikorik. Horregatik goi mailako enplegua da sortu nahi
duguna, ikerketako enplegua eta zerbitzu aurreratuen enplegua.
Gure gazteen eskakizunetara egokituko den lana. Martxan daukagu
jada Garaia proiektua, horren bitartez enpresek eta unibertsitateak
elkarlanean goi mailako ikerketak aztertuko dituzte, bai hezkuntza
eta baita enpresa ere berritzeko. Hori da bailara honen erronka
nagusia.
-Zer
ikusten du Javier Retegik atzera begiratzen duenean? Zeintzuk
dira zure lorpen kuttunenak? Zerbaitetaz damutzen zara?
Karrera luzea da nirea, hirurogeita
bost urte beteko ditut eta hamazazpi urteko mutila nintzela hasi
nintzen lanean. Baina helburua beti da berdina, garapen pertsonala
lortzea eta hori gizartearen garapenean kokatzea. Atzera begiratzen
dudanean akats asko egin ditudala konturatu naiz, baina derrigorrezkoak
dira. Bizitza honetan arriskatu beharra dago, eta arriskatzen
ez denak ez du inoiz akatsik izango. Hanka sartzea ona da, betiere
horretaz ohartu eta gero zuzentzeko prest baldin bagaude. Ez da
geldi egon behar. Egin ditudan gauza batzuk aldatuko nituzke,
noski, baina orokorki konforme nago egin dugun lanarekin. Eta
gizarte honi apur bat lagundu badiogu pozik nago. Argazkiak: Teresa Sala
-
Euskonews & Media 144.zbk
(2001/11/16-23)
|