Baten
bat Manuel Irujok idatziriko lanetara hurbiltzen bada, sarritan,
Nafarroaren eta gainontzeko euskal lurraldeen arteko loturaren
arazoarekin topo egiten du. Oso gogokoa zuen on Manuelek "Vasconiatik
Naparrura, Naparrutik Euzkadira" hitz jokuaren bitartez, ikuspegi
historiko batetik, auzi horri heltzea. Kontzeptu horiek isladatzen
duten haria dela medio, Euskal Herriaren bilakaera historikoa,
bere lurraldetakoa eta, azken batean, euskal nazionalismoak aldarrikatzen
zuen eta duen helburu politikoa, euskal guztion batasunarena,
alegia, azaltzen zuen politikari lizarratarrak.
| Manuel
de Irujo.
"Manuel
de Irujo Ollo. Lizarra/Estella 1891/9/25-Iruñea/Pamplona
1981/1/1 Erakusketan egindako argazkia |
Berak, eztabaida horretan, ez zuen inongo zalantzaren izpirik.
Bere idazlanetan, nonahi aurkitzen ditugu honako adierazpen hauek
edo antzekoak: "Nafar peto petoa naizelako euskal nazionalista
naiz. Eta, bide batez, abertzalea naizelako, Euskadiko ezinbesteko
osagaitzat jotzen dut Nafarroa". Dena den, gaur egun arte, eman
den bilakaera politikoak ez du bat egin Irujok eta bere alderdikideek,
alde horretatik, aldarrikatzen zuten politikarekin. Izan ere amaitu
berria dugun XX. Gizaldian Hego Euskal Herriko lurraldeek, beraien
arteko egituratze politiko amankomuna gauzatzeko aukera izan dutenean
Nafarroa esparru horretatik kanpo gelditu da.
Jakina denez, II. Errepublikan
eta Francoren ondorengo trantsizioko garaietan, Autonomi Estatutuen
eztabaida kaleratu zenean, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bat
egin zuten-dute proiektu horren gerizpean, Nafar arazoa azaleraziz.
Aipaturiko abagunetan, Manuel Irujo, buru belarri aritu zen nafarrek
bat egin zezaten beste lurralde euskaldunekin. Errepublikako urteetan,
1931-1932 biurtekoan, bereziki, Lizarratik, bere anaiekin batera,
deialdiak, aldarrikapenak, propaganda eta ekimenak aurrera eraman
zituen Euskal Autonomi proiektua Nafarroan ere errotu zedin. Nafarroak
1932ko ekainaz geroztik lehia horretatik at gelditu zelarik, politikari
nafarrak bere arrenkura azaldu zien alderdikide askori, nahiz
eta hurrengo urtetan ohikoa zuen leialtasunez, EAJren ekimen politikoetan,
su eta gar aritu.
Konpromezu politiko
hau, 1936ko altxamendu faxista eta ondorengo gerra bezalako egoera
latzenetan ere, sakondu zuen Manuel Irujok. Bere erbestaldi luzean
beti oso gertu izan zituen bere sorlekua eta honen inguruko arazoak.
Lehen urteotan, Frankismoa garaitzeko, itxaropenek iraun zuten
bitartean, estrategia eta programa politiko eta erakundetze mailako
bitartekoak martxan jartzeko. 1950az geroztik, propaganda mailan,
soil soilik bazen ere, bultzatzaile zein idazle emankorra eta
nekegabea izan zen, mundu osoan zehar, kaleratzen ziren aldizkari
abertzale gehienetan parte hartuz.
Diktadura frankista
luzea amaitu zelarik, Irujok ordurako zuen adinari
bizkarra emanez, Iruñeratu zen abiatzen ari zen Trantsizioak
eskeintzen zituen baliabidetaz borrokatzeko. Nafarroatik senatore
hautatua izan zelako jardun zuen Konstituzioaren eztabaidetan,
baita euskal parlamentarien asanbladan ere. Nafarroan, zegoen
indar erlazioa, UCDren aldekoa, alegia, eta sozialistek, auzi
horretan, eman zuten aldaketa politikoa zirela medio, Nafarroa,
bigarren aldiz, gelditu zen bide bazterrean, Euskal Estatutu amankomuna
gauzatzeko tenorean. Eusko Alderdi Jeltzaleak, esparru abertzalean,
II Errepublikan izan zuen nagusigoa galdurik zuen arren Manuel
Irujo, ia ia bere azken arnasa eman arte, lehiatu zen, sarreran
aipatu dugun leloa "Nafarroatik Euskadira" hitzekin bere ideal
politikoa laburbiltzen zuena, erdiesteko asmoz. Bistan
dago, Nafar arazoa sentitzen duen orok Manuel Irujorengan
ezinbesteko erreferentzia duela.
Josu Chueca Intxusta, UPV-EHU |