Zinezale
amorratua izan da beti, mutiko koxkorra besterik ez zela Zinemaldiko
kartel erraldoiek inurridura zirraragarria pizten omen zioten.
Eta hala ere ez du inoiz Zinemaldiko zuzendari izatearekin amestu.
Ametsa beraz pasaitar hau bizitzen ari dena, irailekoa izan da
zuzendari gisa aurkeztu duen lehen Zinemaldia eta baikor mintzatu
da, harro egindako lanarekin eta itxaropentsu hurrengo urteetako
asmoei begira.
Deustuko Unibertsitatean Enpresa-zientzietan lizentziatu zen Mikel
Olaciregui 1978an. 1986. urtean ETBk ekoizle gisa kontratatu zuen
eta geroztik ikus-entzunezkoen arloan jardun du. Hainbat zereginetan
aritu zen Euskal Telebistako Produkzio Departamentuan, harik eta
1988an Miramongo Produkzio Zentruko Zuzendaritzaren Ordezkari
izendatu zuten arte. Bi urte beranduago ETBko programen zuzendaritzaz
arduratuko zen. 1986 funtsezko data izan zen Olacireguirentzat,
urte berean hasi baitzen Zinemaldiarekin harremanetan. 1993az
geroztik Zinemaldiko gerente dugu, 99an zuzendariorde izendatu
zuten eta aurten hartu du zuzendaritzaren testigua.
-Zeintzuk izan
dira amaitu berri den Zinemaldiaren nondik norakoak? Zein zapore
gelditu zaizu? Zinemaldia oso gertu
dago oraindik eta ikuspegi falta bat somatzen da. Hamar egunak
izugarri sakonak izan dira, oso indartsuak eta intentsitate handikoak,
momentuz ezin dezakegu behar bezalako balorazio bat egin. Aipagarria izan da komunikabideen
aldetik izan dugun harrera eta baita euren jarrera ere. Azken
finean, Sail Ofiziala eta Zabaltegi ongi baloratuak izan direla
uste dut, pelikulak izan dira nagusi, hori da guk lortu nahi genuena.
Ikuslegoari dagokionez ere emaitza ezinhobeak izan ditugu, zine
aretoak gainezka egon dira. Momentu honetan pozik egoteko arrazoiak
ditugu soilik. Hala ere, gurean eta beste hainbat zinemaldi eta
mostretan gertatzen den legez, epaimahaiaren azken erabakiak ondoeza
sortu du. Komunikabide gehienek desadostasuna adierazi dute Urrezko
Maskorrarekin, "Taxi para 3" filme txiletarrak irabazi
duenarekin alegia. Beste sari guztiei, aldiz, ongietorri beroa
egin diete. Egia esan, Urrezko Maskorrarekin
gertatutakoa nahiko xelebrea iruditzen zait, are xelebreagoa kontutan
hartuz gero pelikula eman zuten lehen egunean txaloak entzun genituela.
Egia da hainbat komunikabideen iritziz pelikula hobeagoak zeudela,
baina Epaimahaia bere erabakien jabea da, gainera ez du ez gure
aldetik eta ezta prentsa aldetik ere inongo eraginik izan. Askatasun
osoz erabaki zuten sari nagusia filme honi ematea eta errespetagarria
da. Epai mahaikide guztiak ospea dute zineman egindako lanagatik,
beraz, euren erabakia onartzea, besterik ez zaigu gelditzen, nahiz
eta gustukoa ez izan. Gure kuttunak nahi ditugu irabazle, maiz
gertatzen zaigu hori, Oscar edo Goya sariak banatzen dituztenean
adibidez. Baina jokoaren arauak errespetatu behar dira.

Mikel Olaciregui
Claude Chabrol, Epaimahaiko Presidentea, agurtzen.
-Pilar López
de Ayala aktore gazteak, aldiz, txaloak besterik ez zituen jaso
"Juana la Loca" pelikulan egindako lanagatik... Bai, egia da oso txalotua
izan zela. Hogeita hiru urte besterik ez ditu eta sari honek sona
eta indarra emango diolakoan nago. Hurrengo urteetan askoren ahoan
egongo da bere izena.
-New Yorkeko
atentatua dela eta Hollywoodeko izarren falta nabaria izan da.
Hala ere, ez duzu uste Zinemaldi batek beste mantenugai batzuk
izan behar dituela? Noski baietz. Irailaren
11n World Trade Centerren gertatuko atentatu lazgarriari aurre
egin genion, berehala ikusi genituen etorriko zitzaizkigun ondorioak.
Hainbat aktore ezberdinekin harremanetan geunden, eta euren berri
izan bezain laster erabakiak komunikabide ezberdinetan zabaldu
genituen. Gainera, ezin da esan izarrak izan ez ditugunik, Harvey
Keitel gure artean izan da, eta baita hain ezagunak ez diren europar
zinemagile asko ere. Ohorea izan da guretzat Chereaux edo Viveira
bezalako zuzendariak etortzea, izen handi guztiak ez aipatzeagatik.
-Azken egunean
Düzgün Ayhan aktore kurdua atxilotu omen zuten Sondikako
aireportuan. Bera izan zen Zinemaldiko aktore onena eta ez zuen
saria jaso... Oso egoera zaila eta
ezatsegina izan zen guztientzat. Guretzat gonbidatu batek arazoak
izatea, edozein motatakoak, ez da batere onuragarria, ondoeza
eragin zigun gertatutakoak eta berriz gerta ez dadin neurriak
hartuko ditugu. Hala ere, bagenekien errefuxiatu politikoa dela
Suitzan, eta estatus horrek berezi egiten duela. Dena den, bihotzez
sentitzen dugu Ayhanek bizi izandako amets gaiztoa eta gure sentimenduak
adierazi dizkiogu.
-Zuzendari
bezala bizi izan duzun lehen Zinemaldia izan da hau. Nolako esperientzia
izan da zuretzat? Erabat ezberdina, momentu
onak eta larriak igaro ditut, baina une larriak azkar ahazten
dira. Une berezi eta hunkigarriak asko izan dira. Epaimahai ofizialeko
kideak pertsonalki ezagutzea aukera itzela izan da niretzat; Claude
Chabrol, Giuseppe Bertolucci, Yvonne Blake, Florinda Bolkan...
Guztiak, artista handiak izateaz gain oso pertsona sentiberak
dira. Chabrolekin lasai eta luzez hitz egitea faltan somatu dut.
Bi aldiz bazkaldu dugu elkarrekin eta maiz gurutzatu izan gara,
baina ez dugu zinemaz eta bizitzaz hitz egiteko aukerarik izan.
Zinemaldia zoramena da eta ez dago ezertarako astirik. Jarrera
ikaragarria eta azkartasun itzela Harvey Keitelek erakutsi dit.
Bere herrian bizi den egoera larria ahaztu gabe, etortzea erabaki
zuen eta bi arrazoi nagusi zituela esan zidan: bere pelikula defendatzera
etorri zela komentatu zidan, batetik, Estatu Batuetan bizitzen
ari den paranoia gainditu egin behar delakoan zegoen; bestetik,
erasotzaileei bigarren garaipen bat oparituko geniela bestela.
Normaltasunera itzultzeko apustua egin zuen aktoreak.

Mikel Olaciregui
eta Mike Figgis, "Hotel" filmearen zuzendaria.
-Hurrengo urteko
Zinemaldia berezia izango da. Berrogeita hamar urte beteko ditu
eta gainera aurtengoan etorri ez diren izarrek Donostia Sariak
jasoko dituzte, Julie Andrews edo Warren Beatty adibidez... Baditugu hurrengo ediziorako
hainbat asmo eta proiektu baina oraindik garatu gabe daude. Duela
bi urte hasi ginen hainbat argazki biltzen eta sailkatzen, lan
horren fruitua izan da "Mila irudi" erakusketa. Joan
den urteko Zinemaldian Kursaalean egon zen ikusgai eta aurtengoan
estatuko hainbat hiri bisitatu ditu. Irudi guzti hauek liburu
batean bilduko dira hurrengo urtera begira. Beste ekintza berezi
batzuk ere antolatuko ditugu baina funtsean beste edizio arrunt
bat izango delakoan nago. Sail Ofizial on eta aberats bat ekartzen
ahaleginduko gara, Zabaltegik izugarrizko arrakasta izan du azken
urteotan eta hori mantentzen saiatuko gara. Pertsonen adinarekin
bezala gertatzen da, badirudi data batzuk besteak baino askoz
garrantzitsuagoak izan behar direla, eta azkenean ez da ezer berezirik
gertatzen.
-Noiz hasten
da Zinemaldi baten antolakuntza? Nolakoa da prozesua? Urriaren amaieran zuzendaritza
batzordeko kideok amaitu berri den edizioaren balorazioa egingo
dugu eta berehala hasiko gara hurrengo urteko zinemaldiaren diseinuarekin.
Opor labur batzuk ere hartzen ditugu, noski, baina otsailetik
aurrera buru belarri sartzen gara filme ezberdinen aukeraketa
lanetan. Aurtengo Zabaltegin, adibidez, Berlinalen aurkeztutako
pelikulak ikusteko aukera egon da, ("Intimacy", "Beijing
Bicycle" eta "La Ciénaga"). Beraz, otsailetik
aurrera pelikulak ikusten hasten gara eta Donostiara zeintzuk
ekarriko ditugun aukeratzen. Sei hilabetetan zehar hamabi pertsona
gaude lanean eta Zinemaldiko egunetan laurehun langile inguru
biltzen gara.
-Zinezalea
zara betidanik baina imajinatu al zenuen noizbait Donostiako Zinemaldiko
zuzendari izatera helduko zinenik? Ez, ezta nire ametsetan
ere ez. Gaztetxo bat besterik ez nintzela hasi nintzen Zinemaldia
bisitatzen. Sail Ofizialeko pelikulak ez ezik, zentsurako urte
haietako Sail Informatiboko filmeak ere ikusten nituen. Getaria
kaleko Merkatu proiekzioetan ordaindu gabe sartzen nintzen lagunekin.
Kaleko irudi eta kartelak ikusteak sentsazio ikaragarriak sortzen
zizkidan, pentsa beraz... Ekonomia ikasketak egin ditut gainera,
ez zitzaidan inoiz burutik pasa Zinemaldian lan egitea, are gutxiago
bertako zuzendari izatea.
-Ba al duzu
pelikula edo aktore kuttunik? Niretzat Billy Wilder
da maixua. Komedia egin zuen eta zineman komedia da gehien gustatzen
zaidan arloa. Badakit topiko bat dela baina niretzat ikaragarria
da, bere pelikula guztiak ditut gustuko.
-Zein aktore
gonbidatuko zenuke Donostiako Zinemaldira? Ezinezkoa da dagoeneko,
baina nire ametsak elikatu eta nire zoramena kolorez jantzi duen
aktorea ekarriko nuke: Ava Gardner.

Harvey Keitel,
Mikel Olaciregui eta Tim Blake Nelson (The grey zone).
-Pertsonaia
eta aktore famatu asko ezagutuko dituzu, nolako harremana izan
duzu beraiekin? Gogoratzen al duzu anekdota berezirik? Robert de Niro eta
Harvey Keitel, azken urteotakoak aipatzeagatik, nahiko antzekoak
direla esango nuke. Lanean daudenean, prentsa aurrekoak ematen
dituztenean edo argazkilarien menpe daudenean eskatu zitzaien
guztia egiten zuten. Baina biek argi utzi zuten ez zutela nahi
jendea eta kamerak atzean izatea egun guztian zehar. Oso zorrotzak
dira alor honetan eta ondorioz, komunikabide ezberdinetan pertsona
zakarrak bailiran deskribatu dituzte. Arrazoi eta funtsik gabe.
Harvey Keitelekin sagardotegi batean afaltzeko aukera izan nuen,
solasaldi luzea izan genuen eta izugarri jatorra iruditu zitzaidan,
zintzoa. Kamera bat ikusi zuen, Zinemaldikoa zen gainera, eta
berak ez zuela nahi esan zigun. Inongo arazorik gabe kendu eta
solasaldiarekin jarraitu genuen. Jendea begirune osoz tratatu
zuen. Oso pertsona normalak dira. Euren inguruan marketing arduradunak
etabar daude, eta hauekin bai dela zaila lan egitea, ez aktoreekin.
-Zein egoeratan
ikusten duzu Euskal Herriko zinema? Asko eta indarrez bultzatu
behar den zerbait daukagula uste dut; sormena. Estatu mailan lanean
ari diren hainbat zuzendari euskaldunak dira: Julio Medem, Alex
de la Iglesia, Montxo Armendariz... Ez genuke zerrenda amaituko.
Estatuan ez dago herrialde parekorik. Momentuan, gazteen artean
eta batez ere laburmetraiak egiteko orduan, sormen ikaragarria
dagoela uste dut. Zoritxarrez zaila da, eta gero eta zailagoa
ari da izaten, merkatuko arrazoiak direla medio, euskarazko pelikulak
egitea. Bertako zinemagile gazteak Madrilera joaten dira lan egitera,
hau da gure drama. Poza litzateke, zinezaleak, zinemagileak eta
zinea sortzeko ahalmena dugula. Argazkiak: Donostiako
Nazioarteko Zinemaldiko artxiboa
Euskonews & Media 140.zbk
(2001/10/19-26)
|