Euskaldunek
atzerrian euskaraz argitaratu zuten aldizkaririk ospetsuena Euzko
Gogoa izan zen, tradiziozko kultura nahiz modernoaren transmisio
tresna bikaina bihurtu zelarik. Aldizkari honen buru Jokin Zaitegi
apaiza izan zen, baina lankide minen artean A. Ibinagabetitia
goraipatu behar da.1954.ean Guatemalara joatea erabaki zuen Andimak
Euzko Gogoan lan egiteko asmoz eta benetan gogotsu parte
hartu zuen. Artikulu honetan bizkaitar idazle honek erbestean
eginiko lanaren berri eman dut, bai Guatemalan eta bai Venezuelan.
Guatemalako egonaldian Euzko Gogoan argitaratutako lanen
artean, saiakerak, itzulpenak, txostenak eta liburu berrien hitzaurreak
azpimarratu behar ditugu. A. Ibinagabeitiaren lana oso garrantzitsua
izan zen prosa eta itzulpen eremuetan nahiz saiakera eta literatura
kritikan. Haren gai aipagarrienak Euskal Herria, abertzaletasuna,
euskara eta euskal literatura dira. Venezuelako egonaldi luzean
(11 urte), haren bizitza eta lana, aztertu ditut. A. Ibinagabeitia
kritikalari zorrotz gisa agertuko zaigu oraingo honetan beste
eremu batzuetan: politika (EAJ), Euskaltzaindia eta euskara batua,
Eliza, euskal burgesia etab.
Andima Ibinagabeitia
Elantxoben 1907ko urtarrilaren 26an jaio zen. Galok, bere aitak,
Sabino Aranarekin izandako adiskidetasunaren oroitzapenak Andima
umearen bizitza markatu zuen. Jesuiten zenbait komentutan ikasle
emaniko urteetan euskararenganako eta Euskal Herriarenganako bere
maitasuna handituz joan zen. Apaizteko gutxi falta zitzaionean,
Marneffen (Belgika) bizi zela, 1935ean Jesusen Konpainia utzi
egin zuen eta "Explosivos de Galdácano" lantegian bulegari
sartu zen. Trafarian (Portugal) enpresa bizkaitar horrentzat lanean
ari zela, Gerra Zibila hasi zen. Berau amaituta, 1943an Bilbora
itzuli ahal izan zen eta Eusko Jaurlaritzaren eta aliatuen zerbitzuan
klandestinitatean parte hartu zuen. Polizia frankistak atxilotzeko
zorian zegoelarik, 1947an Parisera alde egin ahal izan zuen.

Orixe ezkerrean,
bere ondoan Zaitegi, eskuin-eskuinean Andima Ibiñagabeitia
beste lagun batzuekin.
A. Ibinagabeitia
bi urtez, (1954-1956), Euzko Gogoaren zuzendaritzan eta
erredakzioan parte hartzeaz gain, artikulu ugari idatzi zuen,
beti ere euskararen alde, batzuetan Euskal Herriko idazle gazteak
bultzatzeko eta beste batzuetan euskal elizbarrutiak artezten
zituen hierarkia eklesiastikoaren euskaldunen kontrako jarrera
gaitzesteko.
Euskara batua
zela-eta, J. Mirande, G. Aresti eta Txillardegirekin zituen desadostasunek
ez zioten gazteongan euskararen eta euskal literaturaren etorkizuna
ikustea galarazi. A. Ibinagabeitia R.M. Azkuek proposatutako gipuzkera
osatuaren aldekoa zen eta ez zegoen euskara batzeko ahaleginen
aurka; dena den, bereziki F. Krutwigen berrikuntza ahaleginekin
ez zetorren bat.
A.
Ibinagabeitiak Euzko Gogoa aldizkarian argitaraturiko lana
labur bilduko dut. Amerikara iritsi aurretik Elantxobeko idazlea
aldizkariko idazlea izan zen, hura 1950ean sortu zenetik. Urte
horretatik 1954ko otsaila arte, hots, Guatemalako hiriburura heldu
zen arte, 50 artikulu baino gehiago argitaratu zuen. Han egindakoak
12 dira, eta haietariko batzuk liburu baten atalak zirela argitaratuak
izan ziren. Adibidez, Birgili'ren idazlanak osorik (1966)
obran Virgilioren Bukolikak eta Georgikak lanen
itzulpenak agertzen dira (S. Onaindia adiskideak egindako
Eneidaren itzulpenarekin batera). J.M. Barandiaranen Euskal
Mitologia liburua ere euskaratu zuen. Gainera aipatzekoa da
Guatemalatik, BIAEV, Euzkadi, Euzko Deya, Euzko Gaztedi, Gernika,
Karmel, Olerti eta Zeruko Argia euskal aldizkarietan
maiz kolaboratzen zuela.
Guatemalan
Euzko Gogoaren inguruko arazoak konpondu ondoren, 1956ko
otsailaren erdialdera A. Ibinagabeitia Caracasera heldu zen. Lekualdaketa
hau bere bizitzan ere aldaketa handia izan zen. Lan arloan postu
finko eta saridun bat utzi zuen, eta langabezian sartu zen; arlo
sozialean Caracasko Euskal Etxean, elkarte handiago bat aurkitu
zuen. Han beste atzerriratu batzuk ezagutu ahal izan zituen, esate
baterako, Martin Ugalde, Vicente Amezaga eta Toribio Etxebarria.
Politika arloari dagokionez, konprometituago agertzen zaigu.
Euskal Etxera
joaten ziren euskaldun askok eguneroko harremanetan ez zutela
euskaraz egiten ikustean, bihotza estutu egiten zitzaion. Ohitura
hori zenbateraino arbuiatzen zuen ondoko hitzotan atzeman daiteke.
"Eta gainera
emengo euzkotarrak.... Ikusiko bazenitu... Ez da aien artean
erdera baizik aditzen... Ai gure Parisko euskal-billeratxoak:
nun zerate? Zearo erderari emanak, vasco itza maizegi aoan,
baiñan egiñetan maketo utsak. Egia erran, emengo
eusko-etxea arrora urbildu nintzan egunean, lur iota gelditu
nintzan, euskerakiko ango ibillerak ikusi-ta. Zer uste ote
dute emengo abertzale diruzale eta erdelzale porrokatuok.
Ni ez naiz etxe artara urbiltzen... Erderaz aritzeko kalea
ere aski zait. Beraz ez dizut emen gure girorik arkitu, Txomin,
erbesteko giro zitalena baizik." (1956 - VI - 3)
Guatemalako egonaldian
euskara eta euskal literatura, Euzko Gogoa aldizkariaren
bitartez, nagusi izan bazituen, ordutik aurrera politika izango
du erakargarri, Irrintzi eta Eman bere aldizkarietako
artikulu ugarietan egiazta daitekenez. 1956an I. Euskal Biltzarra
egin eta gero bere alderdiaren (EAJ) eta Eusko Jaurlaritzaren
kontrako kritika gogor eta zorrotzen adierazpenak gehitu zituen,
bere ustez, Sabino Aranaren bide independistatik aldentuta, errepulikazale
espaniarrekin ituna egiten saiatzeagatik.
Kultura arloan
sarritan, nahiz eta bera euskaltzaina izan, bere kritiken helburua
Euskaltzaindia izan zen.
Gizarte
arloan A. Ibinagabeitia euskal burgesiaren kontra zuzendutako
erasoak aipagarriak dira, batez ere euskal kultura sustatzen lagundu
ez zuten abertzale aberatsen kontra. Aldi berean, beren egoismotik
sortutako axolagabekeriagatik egunen batean merezi zuten zigorra
jasoko zutela ohartarazten zituen.
Lan arazoak,
inguru berrira moldatzeko zailtasunak, inkomunikazioa, sakabanaketa,
itzultzeko eguna ez jakitea eta urrutiko aberri mina izan ziren
Venezuelako egonaldi luzean idazle bizkaitar hau bere bizitzan
bakardade, akidura eta depresio aldiak jasatera eraman zuten arrazoiak.
Baina gainditu zituen hain garai latzean euskal kulturaren su
sakratuak piztuta iraun zezan. Euskara, diglosia endemiko batek
ia itotako hizkuntza, desagertzear zegoen. Horregatik A. Ibinagabeitiak
bere aberri maitea eraikitzeko, esku menean zuen tresna bakarra
erabili zuen: euskara eta euskal literatura. Bere herritik urrundu
izanak bultzatu zuen, euskal sustraiak ez ahazteko, bi aldizkari
(Irrintzi eta Eman) sortzen eta beraietan idazten.
A. Ibinagabeitiarentzat
Amerika askatasun oasisa izan zen, non bizia salbatu zuen eta
bere hizkuntzari eutsi ahal izan zion, baina hogei urteko atzerrialdi
luzean beti bere aberri maitera itzultzea izan zuen amets. 1967ko
azaroan, arimen egunean, Caracasen hil zen.
Argazkiak: "Bidegileak"
bildumak Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabaitiari eskeinitako liburuxketatik,
8 eta 20 zenbakiak |