Altos Hornos Euskal Herriko ekonomian
* Traducción al español del original en euskera
Xabier Barrutia Etxebarria

Altos Hornos de Vizcayaren (AHV) itxiera zuzena izan al zen? AHV zama bat zen euskal ekonomiarentzat, edo bere desagerpenarekin aukera bat galdu dugu?

1902. urtean sortu zenetik, AHV funtsezkoa izan da Euskal Herriaren industrializazio prozesuan. Nerbioiko Ezker Ibarrean AHVk sustrai luzeak eduki ditu, Barakaldon eta Sestaon batez ere. Herri hauetan AHVren presentzia erabatekoa izan da, ez bakarrik bere instalakuntza erraldoiengatik, baita bere eskola, ekonomatoa, etab-engatik. Nik elkarrizketatutako langile batzuk AHVren barruan laugarren belaunaldikoak izan dira, euren berraititeak Nuestra Señora del Carmen-en lan egin baitzuten XIX. mendearen erdialdean.

Ezkerraldeko instalakuntzez gain, AHVk 1970eko hamarkadaren hasieran Etxebarriko eta Lesakako fabrika bukatzaileak eskuratu zituen. Hauen bitartez bobinak gehiago lantzen dira eta balio erantsi handiko produktuak ekoizten dira: latorria, galbanizatua, hodiak, zumitza, etab.

1970eko hamarkadaren erdialdean nazioarteko krisia agertu zen eta AHVk 1977. urtetik galera handiak eduki ditu. Enpresak arazo handiak zituen. Izan ere, Estatu espainola 1986. urtean Europan sartu arte, estatuko ekonomia nahiko itxia zen. Ondorioz, hemengo enpresa handiek ez zeukaten kanpotarren lehia handirik eta beraz, gauzak ondo egiteko pizgarriak falta ziren. Testuinguru horretan enpresa handien kudeaketa, giza-baliabideen kudeaketa adibidez, oso txarra zen.

Bestalde, Estatu espainolak Europarekin erkatuta abantaila bat eduki du denbora guztian. Hau da, Europan ez bezala, hemen ez da siderurgia integratuari dagokionez gehiegizko produkzio gaitasunik egon. AHV eta ENSIDESA, Asturiaseko bere lehiakidearen artean, ez dituzte Estatu espainolak behar zituen bobina bero guztiak produzitu. Horregatik AHV eta ENSIDESA, biak salba zitezkeela uste dugu.

Francoren diktaduraren ondoren Autonomiak garatu ziren eta eskuduntza horietan oinarrituta Eusko Jaurlaritzak industri politika propioa aplikatu du. Dena dela, Gasteizko gobernuak ez zuen AHVren berregituraketa aurrera eraman. Madrilek 14 sektoreren berregituraketa burutu zuen: altzairugintza, untzigintza, ekipo ondasunak, aluminioa, etab.

Madrilek sektore hauek estatuko ikuspegia edukiz berregituratu zituen, Euskal Herriko ikuspegia hartu beharrean. Estatu espainolak Euskadiko enpresei baino, Asturiaseko altzairugintzari eta Cadiz-eko untziolei lehentasuna eman zien.

Nire Doktorego tesiaren arabera, AHV teknikoki errentagarria izan zitekeen eta bere itxiera erabaki politikoa izan zen. Horrela berregituraketaren argudio ofiziala atzera botatzen ari gara. Azken honen arabera AHV ezin zen errentagarria izan portu handi baten gabezia zeukalako edo enpresa txikia zelako.

Era berean, AHVri ez zioten bere bideragarritasuna erakusten utzi. Administrazioak AHV, berregituraketaren amaieran, 1989. urtean, ondo doitu gabe utzi zuen. Adibidez, langilegoa gehiegizkoa zen. Halaber, Madrilek 1989. urtean AHV guztiz deskapitalizatuta utzi zuen, ez bada porrot egoera errealean. Ondorio salagarri honetara enpresaren ikuskaritzak gainbegiratzen ailegatu gara.

Beraz, eztabaida beste bat izan behar luke. Nahiz eta AHV bideragarria izan, merezi zuen bere aldeko apustua egiteak eta salbatzeko behar zituen milioi piloa sartzeak? Eusko Jaurlaritzak ez ditu inoiz altzairugintza eta untzigintzaren gaineko eskuduntzak irmo exigitu. Beharbada Euskal Ogasunarentzat hezur handiegia gerta zitekeelako. Hala ere, puntu hau gehiago ikertu behar litzateke, izan ere, Luxemburg bezalako estatu txikiak ere posible dira.

Gure ustez, AHV mantendu behar izan zen, bereziki 1984-1988 tartean bere instalakuntzak gaurkotzeko egindako ahaleginaren ostean. Ezker Ibarrean 4.000 enplegu zuzen mantentzea suposatzen zuen. Gainera, AHVren itxierarekin Etxebarriko fabrikaren 900 langileen etorkizuna tarte batez zalantzan jarri zen.

Aplikatu den alternatiba ere ez da merkea izan. Ibar Ezkerra suspertzeko erakunde arteko planak 59.000 milioi pezeta inbertitu ditu 1997-2000 tartean 3.000 enplegu inguru lortzeko. Era berean, Acería Compacta de Bizkaia (ACB) sortzeko beste horrenbesteko dirutza gastatu zen 300 lanpostu bakarrik sortzeko.

Etorkizunari begira gure errakuntzetatik ikasi behar genuke. Erabaki gunea Euskal Herrian egotea beharrezkoa da, oraindik gertatzen ez dena. Izan ere, gaur egunean ACB, Etxebarri eta Lesaka, etab. Asturias edo Madrilen pean jarraitzen dute. Honek, AHVren esperientziak erakutsi legez arriskua dakar.


Xabier Barrutia Etxebarria, EHUko irakaslea. Ekonomia Aplikatua I saila.
Argazkiak: Bizkaia Maite webgunetik eta Lur Hiztegi Entziklopedikotik

Euskonews & Media 136.zbk (2001 / 9 / 21-28)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved