Euskal
zinema, eta, oro har, ikus-entzunezkoen sektorea, aurrez sekula
izan ez duten arrakastarekin sartu dira milurteko berrian. Academia
de las Artes y Ciencias Cinematográficas delakoak espresuki
goraipatu ditu bai Euskadin 2000. urtean zehar egindako hainbat
ekoizpen, bai eta bertako gidoigile, aktore, zuzendari eta teknikarien
lana ere, eta akademiak berak banatzen dituen Goya sarietarako
finalisten zerrenda ospetsuan jaso ditu.
Euskal
ikus-entzunezkoen arrakasta ondoen islatzen duen sektorea, Animazio
Zinemarena dugu. Adierazgarria da oso lau metraje luzeko film
finalistetatik hiru Ikus-entzunezkoen Euskal Sektoreko enpresa
eta sortzaileek ekoiztuak izatea; azkenean, IRUSOINen KARRAMARRO
UHARTEA obrak eskuratu zuen 2000. urteko animaziozko metraje luzeko
filmik onenaren saria.
Aintzatespen publiko horrek Ikus-entzunezkoen
Euskal Sektorea potentzialitate handiko eremua dela adierazten
du inplizituki, eta funtsezko paper bat gordetzen dio gero eta
indartsuagoa den Ezagutzaren Ekonomiaren testuinguruan. Hain zuzen
ere Kapital Intelektual edo Kreatiboan oinarritzen da dimentsio
ekonomiko honetako balioen katea, Euskal Herriak izan badaukala
frogatu duen lehengaia; guztiz beharrezkoa da kapital hori Ikus-entzunezkoek
bultzatzen duten Industria Kulturalen kontsolidazioaren bidez
intentsiboki erabiltzea, era berean aukera orokor bat ere izanik.
Edonola ere, indartzen ari den eta
marko global berriaren baitan bokazio estrategikoa duen Euskal
Ikus-entzunezkoen arloa garatzearen aldeko apustua, erreferentzia
gisa balio diguten beste ekonomietan duen esanahi eta garrantziarekin
alderatzean justifikatzen da.
Herrialde garatu gehienek estrategikotzat
jotzen dute ikus-entzunezkoen sektorea. Ez dut uste ekarpen berririk
egingo nukeenik EEBBetako azken hamarkadetako sektore ekonomiko
nagusietariko bat, automobilen eta armen industriarekin batera,
ikus-entzunezkoen sektorea dela esaterakoan. Izan ere, zerbitzu
eta industria auxiliarren beste sektoreak bultzatzen ditu, BPGrako
negozioen zifrak handitzen ditu, enplegua sortzen du, eta esportatu
ere asko egiten du. Arrazoi horiengatik guztiengatik, EEBBetako
gobernuak gorputz eta arimaz defendatzen ditu iparrameriketako
ikus-entzunezko sektorearen interesak nazioarteko foro eta akordio
komertzialetan

Karramarro uhartea.
Baina ikus-entzunezkoen
sektorea dagoeneko ez da EEBBentzat bakarrik estrategikoa. Iparrameriketako
ikus-entzunezkoen edukiak kultura eta merkataritzaren aldetik
gero eta gehiago kolonizatzen ari zirela ikusirik, eta ondorioz
multinazional estatubatuarrekin lehiatuko zuen ikus-entzunezkoen
industria lokal bat eduki beharraren garrantziaz jabeturik, Alemania,
Frantzia, Britainia Handia, Italia eta Espainia, besteak beste,
ikus-entzunezko lokalen edukia sortu eta garatzea sustatzeko erabaki
politiko eta ekonomikoak hartzen hasi ziren 80ko hamarkadatik
aurrera. Lehen neurri hauen helburu nagusiak, enpresa lokalei
edukiak sortzen lagunduko zien gaitasun finantzieroa ematea eta
telebistako operadore, banatzaile eta erakusleek ekoizle lokalekiko
obligazio batzuk izatea ziren. Hala ere, herrialde hauetako arduradun
politikoak laster konturatu ziren neurri hauek ez zirela nahikoak.
90eko hamarkadaren hasieran, zinema
eta telebistako profesional gazteen belaunaldi berri aparta zuen
Europako ikus-entzunezkoen industriak. Sektore berri honetako
enpresariek ikusi zuten komertzial hutsak izango ziren ikus-entzunezkoen
proiektuen diseinu eta garapenean oinarritu behar izango zutela
benetako ikus-entzunezkoaren industria europar bat sortu nahi
baldin bazuten, eta autorearen ikus-entzunezkoen edukia izenekoekin
elkarbizi zitezkeela, eta hala egin behar izango zutela. (EEBBetan
ia zuzendari guztiek daukate ekoiztetxe bat, baina ba al da iparrameriketako
ikus-entzunezkoen industria benetan hazten duen eduki mota zein
den garbi ez daukanik?).
Nolanahi ere, iparramerikar enpresa
globalak ordurako hasiak ziren beren plan estrategikoetan informazioaren
gizartea, aisialdiaren, entretenimenduaren eta hezkuntzaren ekonomia...
hots, edukien globalizazioa bezalako kontzeptuak sartzen.
Europan kokapen ezinobea zeukaten
eta ikus-entzunezkoen mundu mailako merkatuan esperientzia luzea
zeukaten makro-konpainia hauen integrazio bertikaleko estrategiaren
ondorioz, ikus-entzunezkoen edukien ekoizpen, banaketa, erakusketa
eta emisioaren balio kate osoa zehatz-mehatz kontrolatu eta ezagutzen
zuten. Era berean, aisialdi eta entretenimenduko beste sektore
batzuetarantz hedatu zuten beren gaitasun traktorea, hala nola
gaikako parkeetara (aldi berean industria turistikoa erakarriz),
beste produktu deribatu batzuen ustiapenera (merchandising), etab.
Analista ekonomiko
gehienen ustez, datozen 20 urteetan Kultur Industria eta Ikus-entzunezkoen
Sektorea izango dira ekonomia europarra garatzeko faktore estrategikoak.

Ahmed, Alhambrako
printzea.
Egoera honen aurrean, estrategiak
erabat zehaztuta daude. Komunikazio Talde garrantzitsuenak dagoeneko
prest daude, eta telekomunikazioetako kontsortzio handiak edukiak
ekoizten dituzten enpresak milioien truk bereganatzen hasi dira
(AOL-Time Warner). Itxi egiten dute komunikazio sareen jabetzarekin
hasten den eta sare horietatik zehar joango diren edukien eskurapenarekin
amaitzen den zirkulua. Jokabide hori eskala ekonomiko txikiagoetan
ere imitatzen da, eta espainiar Estatuan ere ikus daiteke antzeko
kontzentrazio enpresarialen integraziorik (Grupo Telefónica-Antena3-Lola
Films...).
Euskal Ikus-entzunezkoaren Sektorearen
geroari dagokionez, bi aukera dauzka: kontzentrazio prozesuren
batean fagozitatu eta abduzitu egin dezatela uztea, beren helburuen
artean duela gutxi hainbeste harrotu den Kapital Intelektual eta
Sortzailea eskuratzea dagoela ahaztu gabe, edota, aitzitik, Euskal
Ikus-entzunezkoen Sektorearen garapen eta kontsolidazioan oinarrituko
den apustu estrategiko bat instrumentatzea, sektore dinamiko bat,
edukiak sortuko dituen egitura egonkorrak sustatzeko gai, egokitzapen
teknologikoaren exigentziei beste edozeinek baino hobeto erantzuteko
gai, Euskal Herria kanpoan positiboki islatzeko gai, eta, funtsean,
gure herriaren garapen ekonomiko eta sozialari funtsezko ekarpen
bat egiteko gai izango dena.
IBAIAk, Ikus-entzunezkoen Euskal
Ekoizle Burujabeen Elkarteak, bigarren honen alde egin du apustua.
Hori dela-eta, interes berezia dauka bere diagnostikoan Euskal
Administrazio Publikoarekin, Euskal Irrati Telebistarekin nahiz
gainerako elkarte profesionalekin bat egin eta guztien artean
Euskal Ikus-entzunezkoak sustatzeko marko bat sortzeko. Horrela,
arrazoia eman beharko genioke Ekonomia Berriaren guru bat
den eta Washington DCko Joera Ekonomikoen Fundazioko presidente
den Jeremy Rifkin-i, duela oso gutxi ateratako artikulu batean
"kataluniar eta euskaldunek mugarik gabeko Europaren baitan
beren oinordetza kulturala gordetzeko egindako ahalegina"
goraipatzen zuen-eta.
Iñaki Gómez Sarasola,
IBAIAko presidentea (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen
Elkartea) |