Egia
da azken urte hauetan euskal literaturgintza asko aldatu dela.
Izugarri, esango nuke eta, gehienetan, hoberako izan da. Hori
ez dago ukatzerik. Badira hogeita bost bat urte gure belaunaldikoak
idazten eta euskaraz argitaratzen hasi ginela eta edonork ikus
dezake urte hauetan literaturak egin duen aurrerakada. Euskera
bera izugarri zabaldu eta sendotu da, idazle asko dago eta obra
mordoa kaleratzen da urtero. Badugu Euskal Idazleen Elkartea eta
zerrenda hartu besterik ez dago ikusteko zenbat idazle diren bertan
partaide.
Ezkorrago
den batek esan lezake urte hauetan izan den aukera ere horrelakoxea
izan dela, hots, garai ezin hobeak bizi izan ditugula horretarako.
Diktadura latz baten ondoren bizi eta gero hogeita bost- hogeita
hamar urte hauek primerakoak izan dira euskera sendotu zedin eta
euskal literatura bizkortzen eta zabaltzen hasteko.
Orain badirudi ordea – esango liguke
lagun ezkor horrek – sapaia jo dugula, eta hemendik aurrera egoera
hau bere horretan mantentzearekin nahiko lan izango dugula. Hori
ez bagara gainbehera hasten. Eta honen susmoa ere jende ugarik
dauka honezkero.
Itxura denez azkenaldi honetan euskara
ikastera animatzen den jende kopurua bere horretantxe dago, ez
baldin bada gutxiagotzen hasi dagoeneko. Eta badakigu – orain
arte behintzat halaxe izan baita – literatura irakurri duten jende
asko eta asko euskaldun berriak izan direla eta direla oraindik
ere. Eta behin adin batera iritsitako euskaldun zaharrek ez dute
euskeraz literaturarik irakurtzen. Gehien bat gazte jendea da
euskeraz irakurtzen duena eta hori, beti ere, bi baldintzekin:
bat, gazteak diren bitartean, hots, adin jakin batera iritsi baino
lehenago; eta bi, beti ere behartuta izan direlako (eskoletan,
irakasleen agindupean...).
Izan ere hezkuntzak garrantzi izugarria
dauka arazo (herri bateko literaturak irakurle gutxi edukitzea
arazo baita dudarik gabe) honetan. Hezkuntzak, ikastetxeetan bereziki,
ikaslearen hizkuntza sendotzeaz gain irakurzaletasuna piztu beharko
bailuke, behin irakurzaletasuna indartu ondoren literaturzaletasuna
bultzatzearren. Eta alde horretatik begiratuta esan genezake oso
gutxi egin dela arlo horretan, eta egin den lana ez dela nahikoa
eta, askotan, egin beharrekoa izan.
Eusko Jaurlaritzak ere ez du nire
ustez bere eginbeharrekoa bete behar zen moduan, ez Hezkuntza
Sailak ezta ere Kulturakoak. Eta Hezkuntzaren mundua ondo eta
barrutik ezagutzen dugunok badakigu planak eta curriculumak aldatu
ezean ezer gutxi egin daitekeela gauzak orain arte bezela joaten
utziz. Eta irakurzaletasun eta literaturzaletasunaz ari garelarik
ez dugu alde handirik ikusi urte hauetan euskal literatura eta
erdal literaturaren artean. Orain indarrean dauden programazio
estu horiek pittin bat lasaitu egin beharko lirateke eta oraingo
ordutegia gehiagotu gabe ordu bereziak libratu irakurzaletasuna
lantzen hasteko eta horrekin batera edota geroxeago literaturzaletasuna
bultzatzen hasi beti ere ikasle bakoitzari bide propioa erakutsiz
bere gustuen arabera eta inoiz ere behartu gabe. Honetarako irakasleak
ongi prestaturik eta jantzirik egon behar du gaur egun egiten
den literatura ezagutu eta irakurri beharko duelarik gero lehen
aipaturiko zaletasun horiek ikasleei modu kutsakor eta atsegin
batez transmititzeko.
Ikastetxeetako bibliotekak – lan
eskerga honetan hain garrantzizkoak izanik - ez daude behar bezala
hornituak ezta prestatuak ere. Normalean ez dago inor biblioteka
horietan ikasleari erakutsi, informatu, gidatu eta irakurtzeko
gogoa erantsiko dionik. Eta herri eta hirietako biblioteketan
ere antzeko zerbait gertatzen da. Europan eta beste herri batzuetan
biblioteketara joateko dagoen kultura hori oraindik ez da hona
ailegatu. Eta nola iritsiko da gainera, esate baterako, astebukaeretan
bibliotekak – jende langilea libre dagoen garaian, gurasoak beren
umeekin joateko daukaten tarte bakarrean - itxita baldin badaude?
Badakit hau guztia aldatzea zaila
dela. Zaila baino gehiago, hemengo ohiturak eta gogoa ikusita,
iraultza litzatekeela esango nuke. Diru asko sartu behar da halako
proiektuetan. Baina bereziki gauza bat falta da: gogoa. Hezkuntza
politikarekin dator hau dena lotuta eta beraz, jende askoren esku
hartzea behar denez gero, oso zaila da gauzak mugitzen hastea.
Azkenaldi
honetan askotan entzuten ari gara halako herri txikia izateko
liburu asko eta asko ari dela argitaratzen eta ea ez ote den gehiegi.
Niretzat hori ez da arazoa; izan ere, garai batean, gu idazten
hasi ginenean guztiz kontrakoagatik kexatzen baikinen, hots, ezer
gutxi kaleratzen zelako euskaraz. Hemen arazoa, lehen aipatu dudan
bezala, irakurle gutxi izatearena da. Eta hori da, nire ustez,
erronkarik handiena gaur egun. Literaturaren munduan murgildurik
gabiltzanok horren berri leku askotatik jasotzen dugu baina bada
proba txiki bat nik beti egiten dudana eta zuek ere, gogoa izanik,
noiznahi egin dezakezue antzeko zerbait. Ia egunkari eta aldizkari
guztietan ateratzen dira astero edo hilabetero pertsona ezagunei
egindako halako test edo inkestak huntaz eta hartaz modu laburrean
erantzuteko galderekin eginak. Har itzazue horrelako bat eta errepara
egiozue erantzunari honen antzeko galdera bat dagoenean: "
Zer liburu ari zara orain irakurtzen?" edota "Liburu
bat?" Erantzuna ia beti antzekoa izan ohi da eta ia beti
gaztelerazko liburu baten izena emango dute - normalean best-seller
horietako bat, ia inoiz ere ez euskerazko liburu baten titulua
(badira batzuk eskolan irakasleak duela urte dexente derrigortuta
irakurri behar izandakoa aipatzen dutena, tituluaz gogoratzen
baldin badira). Dena dela, azkenaldi honetan erantzun kezkagarri
bezain penagarri hau ari naiz gero eta gehiago irakurtzen: "Ez
dut libururik irakurtzen". (Joan den astean hogeita hamar
urte inguru zituen mutil batek
– bideo egilea bera – hauxe erantzun zion lasai aski kazetariari:
"Ez dut inoiz libururik irakurtzen"
Orain berriz modan ari da jartzen
zenbait intelektualen artean honako uste hau, alegia, berdin-berdin
bizi daitekeela (horietako intelektual batek "lasai-lasai"
zioen) ezer irakurri gabe, liburuen mundutik urrun. Ez dela horregatik
ezer gertatzen...
Gai hau luze bezain sakona da eta
beste baterako utzi beharko dugu horren inguruko hausnarketa baina
nik hau esanez amaituko dut gaurko saioa, egungo bizitzak daraman
martxa ikusita nik nahiago dudala egon eta hitz egin irakurtzen
duen edonorekin – bereziki jende gaztea baldin bada – literaturaren
mundutik guztiz aldenduta dabilen inorekin baino.
Joxemari Iturralde, idazlea
eta batxilergoko katedraduna
Argazkiak: Koldo Mitxelena Kulturunea |