- Etika-enpresa
binomioa genesi garai
- Lankidetzarako
atzoko eta egungo gizarte baldintzak
- XXI. mendeko erronka
etikoak
1. Etika-enpresa
binomioa genesi garai
Kooperatibak
sortzen diren garaian, hau da, genesi garaian, ekintza sozial
kooperatiboak hainbat zentzu eta esanahi kolektibo izango ditu.
Lau azpimarratu daitezke:
-
GIZARTE AUZIA.
Arrasateko Kooperatiba Esperientzia (AKE) gizarte industrial
kapitalistak sortutako gizarte auziari konponbidea bilatzeko
saiakera da. Beraz, gizarte modernoaren gatazka zentrala denari
aurre egin nahi izango zaio.
-
EGITURAK ALDATU.
Modernitatearen gatazka zentrala, kapital eta
lanaren artekoak, gizarte espazio jakin batean gorpuzten da:
enpresa kapitalistan. Enpresa kapitalistaren egitura injustutzat
joko da: ezberdintasun sozialak areagotu egiten ditu eta langilearen
duintasuna ez dago bermatuta. Beraz, egitura hori aldatu beharra
dago, kapitala eta lanaren arteko harreman eredua eraldatu
eta subjektu kolektibo berria sortzeko, kapitala eta lana
uztartuko dituena, betiere, lanaren nagusigoa aitortuz.
-
GIZARTE ZIBILAREN
AUTOERAKETA. Badakigu ZER jarri nahi zen konponbidean: gizarte
auzia. Badakigu NOLA: enpresaren egitura
errotik aldatuz. Baina NORK egingo zuen hori? Eraldaketaren
subjektua langileria bera izan beharko da. Gaurko berbak erabiliz,
gizarte zibilaren protagonismo arduratsua izango da iparra.
Demostratu beharra zegoen langileek gai zirela inoren kanpo
gidaritzarik gabe enpresak aurrera ateratzeko.
-
GIZARTE ERALDAKETA
MULTIDIMENTSIONALA. Erronka historikoa ez zetzan soilik enpresaren
kudeaketa arrakastatsuan. Herriak bere autogobernurako ahalmena
komunitatearen eta gizarte bizitzaren bestelako alorretan
ere demostratu beharra zeukan: hezkuntzan eta osasunean esaterako.
Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren azken helburua gizarte
ordena eta gizaki berria lortzea zen, autogobernu pertsonal
eta kolektiboan oinarritutako giza esperientzia hedatzea.
(AURKIBIDEA)
2. Lankidetzarako atzoko eta egungo gizarte baldintzak
Gaur egungo gizartea
ez da kooperatiben genesi garaikoa. Gauzak asko aldatu dira.
Zeintzuk dira, genesi garaiko gizarte baldintzekin alderatuz,
egun lankidetza proiektua aurrera eramateko ditugun gizarte
baldintzak? Hona hemen egungo gizarte markoak jaso duen bilakaeraren
aspektu batzuk, jasotako testigantzen haritik:
Testuinguru politikoa Genesi garaian frankismoa
nagusi izanik kooperatibek oasi demokratikoa osatuko dute. Marko
politikoaren aldaketarekin –jardunbide demokratikorako aukerak
zabalduz-, kooperatibagintzaren funtzio eta esanahi historiko
hori moteldu egingo da.
Publikotasunaren
indartzea
Marko politikoaren aldaketarekin
batera funtzio publikoak bete duen lekua ere aldatu egin da. Ongizate
estatuaren ezarrera historikoak ekimen autogestionarioetarako
tartea estutu egin du. Badirudi ongizate estatuaren kuestionamendu
partzialaren ondorioz autoeraketan oinarritutako ekimenek protagonismo
handiagoa hartuko dutela etorkizunean.
Testuinguru ekonomikoa Autarkia ekonomiko egoera
batetik (frankismo garaian) globalizazio egoera batera pasa gara.
Exijentzia konpetitiboen areagotzearekin arrazionalizazio ekonomikotik
haratago dauden logika eta ekintzak martxan jartzeko tartea murriztu
egin da. Ekonomia globalizatuan arrazionalitate etiko baterako
aukerak moteldu egin dira.
Testuinguru soziala Genesi garaian kooperatibagintzak
arazo sozial larriei erantzun zien: egoera material kaxkarra eta
langileen heteronomia egoera gordina. Egungo
gizartea, ostera, ongizatean instalatuta dago. Horren ondorioz
kooperatibagintza eredu batetik beste eredu batera pasa gara:
beharrizanaren kooperatibagintzatik ongizatearen edo ugaritasunaren
kooperatibagintzara pasa gara. Bilakaera horrek eragina du
kooperatibagintzaren zentzu eta esanahietan, konpondu nahi denaren
karga dramatikoa moteldu egin delako eta eraldaketa agentearen
karga utopiko-motibazionala ere jeitsi egin delako.
Testuinguru ideologikoa
eta kulturala Gizarte moderno aurreratuetan
esanahi sistema kolektibo handien gainbehera gertatu da. Ideologiak
motelduta, gizaki pragmatikoa eta idealismo gutxiagokoa da egungo
figura nagusia. Fenomeno kooperatiboaren inguruan ere, bestelako
gizarte gertakariekin gertatu den antzera, pasioak pilatzeko eta
metatzeko ahalmena gutxitu egin da. (AURKIBIDEA)
3. XXI. mendeko erronka etikoak
Ingurune
politiko, ekonomiko, soziologiko eta ideologikoaren sakoneko aldaketa
horiek ezinbestean eragiten diote lankidetzari. Gainera kontuan
hartu behar da azken bi hamarkadetan bizi ditugun aldaketak aro
historiko berri batera garamatzatela, globalizazioaren eta iraultza
zientifiko-teknikoaren eskutik. Horrek guztiak lankidetzaren zentzuak
eta identitatea birkokatzera behartzen gaitu. Hots, gerturatzen
ari den mundu berrian etikaren dimentsioak ere berriak dira, eta
lankidetzaren proiektu etiko-ekonomikoa koordenada berrietara
egokitu beharko da.
Hona
hemen hurrengo urteetan Arrasateko Kooperatiba Esperientziak,
eta baita ere enpresa munduak orotar, izango dituen, eta dagoeneko
dituen, erronketako batzuk. Kontua ez da ezer berririk asmatzen
ibiltzea, baizik eta esperientzia honetan dagoeneko bizirik dauden
logika eta praktika batzuk indartzen joatea:
Demokraziaren biziberritzea. Badirudi
ezartzen ari den enpresa kultura berria, kudeaketa partehartzaileagoekin,
demokraziaren biziberritzerako bitarteko garrantzitsua izan
daitekeela.
-
Enpresa munduak
eta Arrasateko kooperatibek bere gizarte errespontsabilitateari
eutsi egin beharko diote, enpleguak sortzen jarraituz, eta
beraz aberastasuna sortuz eta berau modu orekatuan banatuz.
-
Nazioarteratze
prozesua lankidetzaren baloreekin ahalik eta modu koherenteenean
burutu beharko da. Dagoeneko MCC-ek heldu dio gogoeta prozesu
serio bati.
-
Hirugarren Munduaren
problematika da XXI. mendean izango dugun oinarrizko exijentzia
etikoa. Norabide honetan aipatzekoa da Mundukide bezalako
ekimen baten sorrera eta finkapena.
-
Egungo garapen
eredua ez da eutsigarria ez ikuspegi humano batetik ez ikuspegi
ekologikotik. Kontzientzia ekologiko gero eta hedatuagoak
enpresari etorkizunean ingurumenarekin errespetuz jokatzeko
eskatuko dio. Garapen ereduaren galdera da etorkizunean enpresa
munduak, gizarteko bestelako eragileekin batera, erantzun
beharko duen galdera garrantzitsuenetakoa.
-
Globalizazioak
kultur aniztasunaren galeraren arriskua ere badakarkigu. Gizadia
aberasten duen kultur eta hizkuntza aniztasunari eustea da
nazioarteko erakunde gero eta gehiagok aldarrikatzen duten
zeregin garrantzitsua. Enpresa munduak ere egin dezake bere
ekarpena alor honetan. Aipatzekoa da MCC barruko hainbat kooperatibek
euskararen normalizazio bidean egiten diharduten lana, normalizazio
bidean funtsezkoa izango den alorrean egin ere: lan eta enpresa
munduan.
-
Kalitatea da
gizarteak gero eta gehiago exijitzen duena. Etorkizunean ere
errentagarritasunaz gain gizarteak kalitatea eskatuko dio
enpresari, eta badirudi enpresa kultura berrian alde horrek
leku berezia beteko duela.
-
Esandako
guztia aurrera eramateko estrategikoa den aspektua aipatzea
falta zaigu: kooperatibista eta hiritar prestatuak ‘sortzea’.
Aurrerantzean ere garai berrietara egokitutako hezkuntza zeregina
klabea izango da: hezkuntza integrala, hezkuntza teknikoa
eta etiko-soziala uztartuko dituena. Bide honetan Arrasateko
Kooperatiba esperientziak errekurtso sendo eta propioak ditu.
Horietatik aipagarriena Mondragon Unibertsitatea, unibertsitate
kooperatiboa, gizarte pentsamendu eta praktika aurrerakoi
eta aurreratua sustatzeko nukleoa izan daitekeena. ‘Mendeberri’
bezalako proiektuak hezkuntza prozesu hori sendotzeko aurrerapauso
eraginkorrak izan daitezke.
Arrasateko esperientzia
kooperatiboa atomo txiki bat da nazioarteko unibertso zabalean.
Bistan da AKEa ezin dela izan munduko arazo guztien konponbidea,
norbaitek horrelakorik posible dela pentsatu baldin badu behintzat.
Kontua da bere izaera historikoari eta indarren neurriei erreparaturik,
jaiotzen ari den mundu berriaren beharrizan etikoak eta belaunaldi
berriek duten exijentzia etikoak integratuko dituen proiektu ekonomikoari
ekitea. Etika eta ekonomiaren arteko oreka gaiztoan murgilduta
egoten segitzea da kontuan, egun etikak eskatzen dituenak kontuan
hartuz eta logika eta praktika horiek ahal den neurrian garatuz.
(AURKIBIDEA)
Joseba Azkarraga Etxagibel,
LANKI Ikertegiko kidea. Soziologoa
Argazkiak: "Mondragón Corporación Cooperativa",
MCC webgunetik |