|
Nevadako
Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek Renon argitaratzen
duen Newsletter aldizkaritik ateratako elkarrizketa da jarraian
irakur daitekeena.
Gure
eskerrik beroenak David Ríori eta Center for Basque
Studies-en lan egiten duten guztiei, Jill Berner-i bereiziki.
Elkarrizketa
hau Robert Laxalten omenez ematen da argitara, hark Eusko
Ikaskuntzarekin izan zuen harreman on eta jarraiarengatik. |
Hain
modu apalean deskribatzen zuen Robert Laxalt-ek bere burua Estatu
Batuetan euskal ikerkuntzaren hedapenean izan zuen eginkizunari
edo euskal kulturarekiko bere ekarpen literarioari buruz galdetzen
ziotenean. Apaltasun handi hori izan zen Bob Laxalt-en ezaugarrietatik
gehien harritu ninduena 1995eko udaberrian lehendabiziko aldiz
elkarrizketatu nuenean. Garai hartan jada ezagutzen nuen bere
ibilbide literario ikusgarria eta benetan miresten nuen euskaldunei
buruzko irudimen biziko idazkiengatik. Ondoko urteetan, 2000ko
irailean azken aldiz ikusi nuen arte, ia uda guztietan Bob bisitatzeko
aukera pozgarria izan nuen eta bere gizatasun sakona ere ezagutu
nuen. Denboraren poderioz, Robert Laxalten ekarpen literarioaz
nuen mirespena bere aparteko giza balioekiko nuen errespetuarekin
parekatu egin zen.
Robert Laxalt-ekin
izan nituen elkarrizketa luze horietan, hasteko bere euskal sustraietaz
galdetu nion eta, horrez gain, batez ere euskaldunei buruzko literatur
lanetaz hitz egin genuen. Bere lana ikusita, ezin dugu ahaztu
Robert Laxalt ez zela "idatzi egiten zuen euskalduna"
besterik gabe, aitzitik Estatu Batuetan euskal etorkinen ahotsa
ere bazen, "Sweet Promised Land" (1957) bere maisu lanean
eta Indart familiari buruzko aparteko trilogian erakutsi zuen
bezalaxe. Azken trilogia hori hiru nobela hauek osatzen dute:
"The Basque Hotel" (1989), "Child of the Holy Ghost"
(1992) eta "The Governor’s Mansion" (1994). Horiez gain,
antzeko trebetasun
artistikoa erakusten zuen fikziozkoak ez ziren liburuetan Euskal
Herriko betiko bizitza deskribatzen zuenean, esaterako: "In
a Hundred Graves: A Basque Portrait" (1972), "A Time
We Knew: Images of Yesterday in the Basque Homeland" (1990)
edo "The Land of My Fathers: A Son’s Return to the Basque
Country" (1990); edota "A Cup of Tea in Pamplona"
(1985) nobelan. Berez, Robert Laxalt euskaldunok Ameriketan zein
Euskal Herrian izan ditugun esperientziei buruz idatzi duen amerikar
autorerik trebeena dugu.
Euskaldunen interpretari
literario gisa erdietsitako lorpen handiak aztertzeko neukan interesaz
gain, Bob-en betiko apaltasunak zenbait kasutan ez zion uzten
bere idazlanei buruz gehiegi hitz egiten. Gogoan daukat elkarrizketa
luze horietan zehar noizean behin zera esaten zidala: "Utziezu
nire lanei hitz egiten!". Dena den, bere euskal sustraiaz
eta liburuez zioena entzutea hain interesgarria zenez, ez nuen
eskaera hori aintzat hartzen eta orduak ematen genituen kontu
horiei buruz hitz egiten. Ondoko pasarteak 1995ean izan genuen
elkarrizketaren zatiak dira. Bertan laburbiltzen dira bi arlo
nagusiak, bere arbasoen herriarekin zuen lotura estua eta bere
konpromiso literarioa euskaldunei buruzko irudi leiala eskaintzearren.
-Laxalt jauna,
hasteko deskriba al ditzakezu zure euskal sustraiak eta zure familiak
Estatu Batuetan izandako esperientziak? Tira, nire aitarekin
Euskal Herrira joan nintzenean, 1950ko hamarkadan alegia, guztiz
txundituta geratu nintzen, ez nuen ezer ere ezagutzen Euskal Herriari
buruz, ezer ez bere historia edo kulturari buruz. Hala ere, nire
lehen hizkuntza euskara zen. Nire anaia Paul-ek eta nik euskaraz
hitz egiten genuen euskal etxaldetan bizi ginenean. Baina Carson
City-ra bizitzera joan eta eskolan hasi ginenean, umeen artean
inork ez zuen euskaraz egiten, eta horrela eskola utzi behar izan
genuen. Eta garai hartan kutsu etniko hori ez zuten gogoko. Orain
bai, baina orduan ez zen hala gertatzen. Beraz, euskara ahalik
eta bizkorren ahaztu egin genuen.
-Noiz
hasi zinen zure euskal sustraiak aztertzen? Aitarekin Euskal Herrira
joan nintzenean, leku hartaz maitemindu egin nintzen. Ezin nuen
inor imajinatu ere egin herri zoragarri hartatik alde egiten.
Ez zuten ezer aintzat hartu, ia denak pobreak baitziren eta han
ez zuten inolako aukerarik. Baina ni basamortuan hazi nintzen,
eta horrela hara ailegatu nintzenean zoratzen nengoen. Ezin nuen
ezta sinistu ere egin. Betidanik han izan nintzela sentitzen nuen.
Nire herri oroimenean hor nonbait sartuta neukan. Gainera, Euskal
Herriko jendea zoragarria da. Inoiz ez nintzen baztertuta sentitu.
Nire gustuko jendea zen: indartsuak ziren eta zintzoak. Han izan
ginen bigarren aldian, Garazira joan ginenean, hain hutsune handia
sumatu nuenez, garrasi ere egin nuen. Ez naiz hala nola garrasi
egiten hasten. Herria maite dut.
-Noiz eta zergatik
pentsatu zenuen Euskal Herriak eta euskal etorkinen esperientziak
Estatu Batuetan Amerikako irakurleen arreta erakar zezaketela?
Berez, zure lehendabiziko liburuak, "Violent Land: Tales
the Old Timers Tell" (1953), ez dauka inolako zerikusirik
gai honekin. Oh, ez, eta gauza bera
gertatzen da A Lean Year and Other Stories (1994) liburuarekin.
Horietako gehienak ez dira euskaldunak, amerikarrak dira. Berez,
Sweet Promised Land idatzi arte ez nintzen nire euskal
aldiarekin hasi, baina oso zaila izan zen New York-eko argitaratzaileei
euskaldunei buruz idazteak benetan merezi zuela sinestaraztea.
Argitaratzaileek dirua eta merkatua besterik ez daukate buruan
eta inguru horretan ez zegoen euskaldunik. Horrela, etsita geratu
nintzen. Hasieran, ezin nuen ulertu ere egin zergatik ez zuten
inolako interesik euskal gaiak ezagutzeko. Dena den, orduan, Bill
Douglass-ek esan duen bezalaxe, hori nire mesederako izan zen
Sweet Promised Land etorkinei buruzko liburua bilakatu
baitzen. Berez, ez zen euskaldunei buruzko liburua, ez nuelako
gauza askorik ezagutzen euskaldunei buruz. Baina liburuak hain
arrakasta handia izan zuenez, esparru berri bat ireki zuen eta
beste euskaldun batzuk ere idazten hasi ziren eta euskaldunak
ez zirenak ere idazteari ekin zioten.
-Zure ustez,
"Sweet Promised Land" liburuak, nobela ez bada ere,
halako arrakasta izan zuen fikziozkoa ez den istorioa modu pertsonalean
eta bihotzez kontatzen duelako?
Inoiz
ez dut aztertu zergatik izan zuen arrakasta. Niretzat txundigarria
izan zen. Urte bete eman nuen liburu hori hasi nahian. Azkenean,
idazten hasi nintzenean, ia bertan behera uzteko prest nengoen.
Ezin nuen nobela bezala idatzi hor tartean zerbait falta zelako.
Nire ustez, Euskal herrira egin nuen bidaiaren bizitasunak benetan
hunkitu egin ninduen. Nik esango nuke niretzat aurkikuntza baten
istorioa izan zela, baina inoiz ez nuen bide horretatik jo, berez
hori nire aitaren istorioa zelako. Orduan beste behin saiatuko
nintzela esan nuen nire artean, eta papera eta idazmakina hartu
nituen. Ez nintzen pentsatzen ari, eta zera idatzi nuen: "Nire
aita artzaina zen eta mendietan bizi zen". Gero lerro hori
idatzi nuenean eta zer idatzi nuen sumatu nuenean, liburua eskuratu
nuela konturatu nintzen.
-Oro har, zein
izan zen irakurleen erantzuna "Sweet Promised Land"
irakurri eta gero? Esan genezake etorkinen artean harrera hobea
izan zuela, batez ere Estatu Batuetako euskal etorkinen atean? Bueno, hasieran, kritikak.
Komentario pila bat kaleratu ziren. Toki guztietatik ailegatu
ziren, New York Times eta bestelakoak. Eta gero Ingalaterran
segitu zuen. Ez nuen horrelakorik espero. Eta euskaldun-amerikarren
harrerari dagokionez, hasieran zalantzan nengoen, gogoko ez zutelakoan
bainengoen, eta aitaren jarreraz ere zalantza handiak neuzkan.
Baina euren erantzuna ikusgarria izan zen. Beste etorkinei ere
liburua gustatu egin zitzaien, baina euskaldun-amerikarrek liburua
maite zuten.
-Behin zera
esan zenuen: "Oso lan zaila da euskaldunei buruz edota beste
herrialderi buruz idaztea jendea bere herrian bertan ikusi ez
baldin baduzu". Zer eragina izan zuten zure lanean Euskal
Herrira egindako bidaiek? Hemengo euskaldunak
ezagutzen nituen, baina herrialde honetan ezagutzen nituen euskaldunei
beti zerbait falta zitzaien. Zikloa ez zen erabat osatu. Aparteko
zerbait sumatzen da jendea bere sorterrian eta bere lagunekin
ikusten denean, han eman nituen bi urtetan ikusi nuen bezalaxe.
Euren erreakzioak ikusi nituen eta hemen zein erreakzio ezberdinak
zituzten sumatu nuen. Hemen beti beste etorkinak bezalakoak dira,
hots, hemengoak ez balira bezala jokatzen dute. Eta benetan pentsatzen
baduzu, ez dira hemengoak.
-Zure liburu
gehienetan Euskal Herriko irudi positiboa eskaintzen duzu, idilikoa
ere badela esan daiteke, "A Cup of Tea in Pamplona"
eta "Child of the Holy Ghost" liburuetan izan ezik.
Ados al zaude horrekin?
Oh,
zintzotasunez jokatu nahi nuen Euskal Herriari buruz idatzi nuenean.
Bueno, Child of the Holy Ghost idatzi nuen nire sorterrian
gertatzen ari zenaz kezkatuta nengoelako. Benetan sentitzen nuen.
Ez nuen herriaren irudi krudela eskaini nahi. Gauzak horrelakoak
ziren besterik gabe. Hori ere niretzat ona izan zen objektibotasuna
eskaintzen baitzidan. Ikusi nuen krudeltasuna ere eman zitekeela
eta gogora etorri zitzaizkidan Ingalaterra eta Irlandako gertakariei
eta herrixketako bizitzaren krudelkeriari buruzko irudiak. Beraz,
horrek guztiak eragina izan zuen. Eta A Cup of Tea in Pamplona
benetako bizitza izan zen, hau da, jendeari ez zitzaiola aukera
bat ematen ikusi nuen, pobrezia ... Ikuspegi zintzoa da. Euskal
Herria eta euskaldunak maite ditut, baina horrek ez du esan nahi
oker daudela esateko eskubiderik ez daukadanik. Bestela, ezin
izango nuke zuzen jokatu.
-Azkenik,
etorkizunari begira nola ikusten duzu euskaldun-amerikar belaunaldi
berriek euskaldunei buruz egindako idazlanak? Berez, ezin dut esan
zein izan daitekeen belaunaldi berrien jokaera etorkizunean. Badirudi
gazte jendea euren arbasoez interesatzen ari direla gero eta gehiago.
Monique (Laxalt, Robert-en alaba), adibidez, Euskal Herriarekin
eta euskaldunekin identifikatzen da, eta oso ondo idatzi dezake.
Eta beste batzuk ere gauza bera egin dezakete kutsu zaharkitua,
erromantikoa edota exotikoa emanez, baina oro har ezin dut gehiago
esan. Ezin dut etorkizunari buruz hitz egin arbasoekiko maitasuna
pertsona batzuengan ematen delako eta beste batzuengan aldiz ez.
Baina Monique bezalako idazleak sortzen diren heinean –eta bera
taxuzko idazlea da– nik uste dut baikorrak izan gaitezkeela etorkizunari
begira.

Robert Laxalt
eta David Río, Laxalten Carsan City ondoko etxean (Nevada).
|
David
Río Gasteizen Euskal Herriko Unibertsitateko
Amerikako Literaturako irakaslea da. Sweet Promised Land:
Dulce Tierra Prometida liburuaren gaztelerazko argitalpenean
sarrera idatzi zuen, duela gutxi Ttarttalo-k argitaratu
duen edizioan alegia.
Robert Laxalt
idazlea, euskal etorkinen semea, 2001eko martxoaren 23an
hil zen Renon, Nevadan, 77 urte zituela. Laxalt Nevadako
Unibertsitateko Argitaletxearen zuzendaria izan zen berau
sortu zenetik, 1961etik, erretiroa hartu zuen arte, 1983ra
arte alegia, eta gainera zeregin handia izan zuen Euskal
Ikerkuntzarako Zentroa osatzerakoan.
Haren oroimenez
martxoaren 28an eginiko ekitaldian, UNR-ko Presidente ohiak,
Joe Crowley-k esan zuenez, Laxalt "Nevadako autore
handienetako bat zen" eta "hiriko pertsonaia handia
izanik, unibertsitateak pribilegio handia izan du berak
urte asko eman zituelako bertan – administratzaile argia,
idazleen maisu, liburuen maitale, ikasleen eta beste irakasleen
laguna". Idazmenari buruzko eskoletan ikasleak txundituta
uzten zituen bere esperientziaz eta adoreaz; trebetasun
berezia zeukan norberaren idazteko estilo propioa aurkitzeko.
Nazioartean ospe handia lortu zuten bere liburu gehienak
Nevadako Unibertsitateak argitaratutako Basque Book Series
bilduman eskaini ziren, besteak beste, In a Hundred Graves:
A Basque Portrait (1972), The Basque Hotel (1989) eta A
Time We Knew: Images of Yesterday in the Basque Homeland
(1990). Sweet Promised Land lehenengo aldiz 1957an argitaratu
zen eta liburu horrek euskal kulturari buruzko adituaren
maila eskaini zion eta aldi berean euskaldun amerikarren
bozeramaile bilakatu zen.
1986an,
Laxalt-i Donostiako Urrezko Danborra eskaini zioten, euskaldunen
alde eta gure kulturaren hedapenaren alde egindako lanagatik.
Bere bizitzan zehar beste sari asko ere jaso zituen eta
bitan Pulitzer Saria jasotzeko izendatu zuten fikziozko
istorioei dagokien sailean. Nevadako estatuari eta Unibertsitateari
eskainitako ekarpenak direla eta goratu egin dute.
Robert Laxalt-en
hutsunea nabarituko dute bera ezagutu zuten lagun guztiek.
Goian bego Robert. |
Argazkiak: Lehenengoa John Ries-ena, bigarrena
"Nevada Appeal"tik ateratakoa eta hirugarrena Joyce Laxalt-ena
da
Euskonews & Media 132.zbk
(2001 / 7 / 20-27)
|