Sarako
Joanes Etxeberrik Iuventutis cotem -gazteriaren zorrotz-harria-
izatearen zama bota zuen bere lepo gainean, XVIII. mendeko lehenengo
urteetan Euskal Herriko gazteriari zuzendutako diskurtso eder,
bitxi eta ahaztutako batean. Medikuaren asmoak garaiko kezka handi
bat islatzen du, gazteriaren akats nagusia ezjakintasuna zenez,
ikasketako nahia bultzatu beharra zegoen. Berez, diskurtsoa jakintasunaren
alde eta ignorantziaren kontrako diatriba sutsu bat da. Etxeberrik,
arazo honen erroa gazteen hezkuntzan ikusten zuenez, diskurtso
bat prestatzen du gizartea hutsune kultural horretaz konturatzeko.
Euskal gazteriari
diskurtsoa, Etxeberriren eskuizkribuetarik lehenengo liburukiaren
barruan egongo zatekeen ataletako bat da eta irakurri nahi duenak
Julio de Urkijok 1907ko argitalpena erabil dezake, 1976ko erreprodukzio
faksimilean.
Diskurtso zibil
bat izatea garrantzitsua da gizarte dinamiko bat adierazten
duelako. Historikoki, ikertzaileek azpimarratu dute Elizaren
babesak euskal kultura baldintzatu duela. Hala eta guztiz ere,
nagusitasun erlijioso horren ondoan, XVII. eta XVIII. mendeen
artean, euskal kultura zibilaren aztarna batzuk soma daitezke
eta Etxeberriren diskurtsoa testuinguru horretan koka dezakegu.
Gazteriaren aldeko
Etxeberriren diskurtsoa ahoskatua edo irakurria izateko diskurtsoa
izanez, XVIII. mendeko euskal oratoria ezagutzeko oinarrizko
tresnatzat har dezakegu. Era berean, Etxeberriren diskurtsoa
langai paregabea da tradizio klasikoaren eragina euskal kulturan
eta pentsamenduan ikusteko.
Diskurtso osoa
jakintzaren gorespen handi bat da, Sarakoak burututako jakintasunaren
elogium bat, alegia. Etxeberriren garaiko euskaldun jendearen
ikasketa mailaren egoera, eskola faltaz eta ez gaitasun faltaz,
horrela deskribatu zigun: Ordea hunelako laguntza faltaz
hambat adimendu eder, eta gai onac dohacabequi guelditzen dira
mendi, eta arrocapean ehortciac, escoletan emplegatuac izaiteko
laguntzarik izan gabez, eta eguinbide hautara igaiteco bideric
ez izanez. Diskurtsoan zehar exenpla eta konparazioa erabiltzen
ditu Etxeberrik eta, bidenabar, ohartuki ala oharkabean, tradizio
klasikoaren transmisioa egiten du.
Etxeberriren lanera
hurbildu diren euskal ikerlari gehienek azpimarratu dute Sarako
medikuak ospe handiko jakitunen aipamenak biltzeko duen zaletasuna,
baina ez dira urrutirago joan bere analisietan, edo azalpen
errazak bilatu dizkiote, Axularren eraginari egotziz, berez,
garai askotako testu erretorikoen ezaugarri komun bat dena.
Gidor Bilbao ikerlariak
frogatu du, Etxeberriren eskuizkribua aztertuz, beste gauza
batzuen artean, latineko aipamenak biltzen dituen euskarazko
zatia, ezkerraldeko latin sotileko zatia baino lehenago idatzitakoa
dela. Baina inork ez du adierazi, guk dakigula, latineko aipamen
horiek guztiak Etxeberriren argudioak tradizio klasikoari esker
transmititzen ziren ereduetan oinarri hartzeko baliabide erretorikoak
direla nagusiki.
Dena den, ikusteko
Etxeberrik bere estilo propioa duela aipa daiteke konparaketen
barruan daukan gustua medikuntzako hainbat gaixotasun eta sintomarekin
gertatzen direnak aipatzeko: sukarrarekin gertaturikoa eta haurrei
estudiora ez ematera ohitzearekin gertaturikoa, biekin gertzatzen
da berdin, bati kaso ez egiteak heriotzera darama, besteari
betiko alferkeriara, beti ere denbora zeino erremedioak eman
gabez.
Axularri buruz esandakoarekin,
hala ere, ez dugu ukatu nahi bere eragina; Etxeberriren zorra
Axularrekin handia da. Eta Etxeberrik berak guztiz onartua da
kontu hau: euskara gaietan, erabilitako euskaran eta idazkeran,
Axularren idazkera nahi du eta Axularren estiloaren jarraitzailea
da. Argi dago, beraz, Axularren liburuaren eragina
handia dela.
Axularrekiko antzekotasun
horrek eramaten du asko aipamenen azalpena bide horretatik azaltzera.
Era honetan dio L. M. Mujikak: Es de
destacar el gran acopio de autores clásicos que aparece
en los escritos de nuestro escritor. En efecto, se dan citas de
Aristóteles, Socrates, Galena, Marcial, Cicerón,
Tertuliano, Santo Tomás de Aquino, etc. Indudablemente,
también en ello se observa cierto influjo de Axular. Eta
Mitxelenak ondorengoa baieztatzen du: Axularren ondokoa eta
imitatzailea izan zen ura, baiña Axularren indarrik eta
berezitasunik ez zuena.
Baina azken finean,
Etxeberrirena, Axularrena bezalaxe testu erretoriko bat da,
testu inguru eta garai konkretu batean gertaten dena eta normala
da lege berdinen arabera moldatuak eta tajutuak izatea.
XVI. mendez gero
eta bereziki XVII. eta XVIII. mendeetan Trentoko kontzilioaren
ondoren, erretorika sakratuak pretzedenterik gabeko loraldia
ezagutu zuen. Eliza katolikoak lanabes sendoak behar zituen,
erreformari aurre egiteko eta herriak alde egin ez diezaion.
Eskakizun honen erantzuna erretorika sakratua izan zen, bereziki
sermoigintza herrikoia. Eta hori da Etxeberri sartu beharreko
tradizioa eta eragina: bere asmoak beste batzuk izanik ere eta
erretorika laikoaren ordezkaria den arren, Etxeberri autore
gisa eredu horren morroia da, eredu horren barruan ikasi eta
garatu duelako bere pentsamoldea. Etxeberri jesuitekin ikasitakoa
da, siuraski Paben, eta tradizio horren uretatik edan du. Jesuitek,
arazoak izaten hasi aurretik, prediku handia izan zuten, Frantzian
eta Espainian, bereziki hezkuntza gaietan. Beraz, aipu latinoen
gustu hori ez da, orduan, beste gabe, Axularren eragin zuzen
bat, XVI. mendean hasi eta bere loraldia XVIII. mendean ezagutuko
zuen erretorika baten ezaugarri formalik behinenaren eragin
zuzena baizik.
Aldiz, euskararentzako
eredu bat hautatzeko orduan Axularrekiko morrontza ageriagoa da.
Etxeberrik berak aitortzen du hizkuntza kontuetan bere egitasmorako
eredu bat behar duela, eta Axular aukeratzen du.
L
M. Mujika, "Historia de la Literatura Euskerika", 1979,
171. orr. (ITZULI) |