Euskalgintzako
50 bazkide bere baitan dituen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak
urtero izan ditu nazioarteko talde eta erakundeekiko harremanak:
Zelanda Berriko maoriak, Txileko maputxeak, Kanadako Sindikatua,
Mexikoko talde indigenak, frantses estatuko hizkuntza gutxiagotuen
ordezkariak, Kataluniako Organitzacio pel Multilingüisme,
Plataforma per la Llengua, CIEMEN, Galiziako A Mesa, UNESCO eta
abar... baina azken urte honetan hats berriarekin ekin dio Europa
eta mundu mailako erakundeen aurrean euskararen egoeraren berri
eman eta bere status juridiko-administratiboa hobetzearen aldeko
laguntza eskatzeari.

Kontseiluaren Sortze Batzarra Durangon.
Jarrera horren lekuko
dira Kontseiluak bere Idazkari Nagusiaren bidez Strasburgera eta
Genebako Nazio Batuetara egindako bidaia eta hitzaldiak eta Unescoko
zenbait goi-arduraduni helarazitako txostena.
Martxoaren 14an Strasburgera
joan zen Kontseiluko Idazkari Nagusia Europako Parlamentuko Hizkuntza
Erregional eta Gutxiagotuen taldearteko bileran esku-hartzera.
Hitzaldi batean euskararen egoeraren berri eman eta azken boladan
jasaten ari den erasoen aipamena egin zuen, azkenik Europan hizkuntza
gutxiagotuen alde egin diren aitorpenen, eurokartaren eta abarren
ildotik bere babeserako laguntza eskatuz.
Maiatzaren 14tik
18ra bitartean, halaber, Idazkari Nagusia eta Prentsa Arduraduna
Geneban izan dira Nazio Batuetako Giza Eskubideen Sustapen eta
Babeserako Azpibatzordearen Gutxiengoei buruzko Lantaldearen bileran
esku-hartuz adituen, estatuetako behatzaileen eta Gobernuz Kanpoko
Erakundeen aurrean.
Bi esku-hartze horietan
funtsean euskararen egoerari buruzko txosten bat aurkeztu eta
bertaratuei hitzezko azalpen bat egiteko aukera izan du Kontseiluak.
Euskararen egoeraren inguruko argibide horiek interes nabaria
sortu dute eta hizkuntza gutxiagotuez arduratzen diren erakundeekin
harremanetan jartzeko aukera izan dute Kontseiluko ordezkariek.
Txostenaren atal
nagusiak Aipaturiko abaguneetan
Kontseiluko Idazkari Nagusiak aurkezturiko eta http://www.kontseilua.org/
webguneko Azken Berriak izeneko atalean irakur daitekeen "Euskararen
eta Euskal Hiztunen Eskubideen Egoerari Buruzko Txostenak" hiru
atal nagusi ditu:
a) Sarrera: Bertan euskararen historia
eta gaur egungo zenbait datu ematen dira, hala nola, hiztun-kopurua,
ama-hizkuntza, jarrerak, irakaskuntza-ereduak...)
b) Euskararen egoera juridikoa:
Euskarak bere lurraldean jasaten dituen bost eraentza juridiko-administratiboen
berri ematen da.
c) Euskararen aurkako erasoen adibideak:
Nafarroako Gobernuaren dekretua, Iparraldeko euskaldunen hizkuntz
eskubideen aintzatespenik eza, AEKren aurkako Garzon epailearen
ekimen judiziala, Espainiako Historia Akademiaren txostena ikastolen
jardunaren aurkako iritziekin.
Esku-hartze horietan
egindako hizkuntz eskubidea babestearen aldeko eskaerak nazioarteko
hainbat hitzarmenetan eta adierazpenetan oinarritu dira, hala
nola Nazio Batuen Biltzar Orokorraren Gutxiengo Nazional, Etniko,
Erlijioso edo Hizkuntzazkoetako Pertsonen Eskubideen Aitorpena,
Europako Kontseiluaren Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmena
eta Hizkuntza Erregional eta Gutxiagotuen Europar Karta,
eta Arrazismo eta Intolerantziaren aurkako Europar Batzordearen
eta Europako Kontseiluko Biltzar Parlamentarioaren hainbat adierazpen.
Etorkizuneko urratsak Kontseiluak orain arte
bezala mundu mailako hizkuntza gutxiagotuen ordezkariekiko harremanak
estutzen jarraituko du, azken urte honetan ireki duen Europa eta
munduko erakunde nagusietan bere presentzia ziurtatzearen ildotik.
Etorkizun hurbilean datozen hilabete eta urteetan Europaren lehendakaritza
izango duten herrialdeetako agintariekin hitzorduak eskatu eta
euskararen berri ematen jarraituko du.
Kontseiluak bide
hori indarberriturik egingo du arestian sortu berria duen Hizkuntz
Eskubideen Behatokiaren eta bertako Zuzendaria den Paula Kasaresen
lankidetza segurtatua duenez gero ibilbide berrirako.
Kontseilua sinetsirik
dago bere Kudeaketa Planean urtez urte lantzen ari den ildo sozial,
politiko eta diskurtsibo-komunikatiboaz gain nazioarte mailako
harremanen ildo hau ere garrantzi handikoa dela euskarak munduan
zehar bere burua ezagutarazteko eta dagokion lekua pixkanaka bereganatzeko.
Horren lekuko hoberenak dira nazioarteko erakunde eta ordezkarien
artean piztutako arreta eta interesa eta Euskal Herri osoko ehundaka
hiritarrengandik jasotako aldekotasuna, eskerronezko adierazpenak
eta lankidetza.
Xabier Mendiguren Bereziartu,
Kontseiluko Idazkari Nagusia
Argazkiak: Kontseiluko webgunetik |