| 
|   Alicia 
 Castellanos, jatorri mexikarreko antropologoak, "Erbestea 
 eta alteritatea Mexikon: espainiarrak eta euskaldunak" izenburuko 
 hitzaldi bat eman zuen Baionan aurreko hilean. Bere ikerketa 
 Mexikoko erbestealdi errepublikarrari egindako lehen hurbilketa 
 bat besterik ez dela dio, eta batik bat erbesteratu errepublikarren 
 eta indigena mexikarren arteko harreman kulturala hartu 
 duela oinarritzat. |  -Jatorri espainiar 
 edo euskalduna izan gabe hartu duzu erbestealdi errepublikarra 
 ikertzeko erabakia. Nolatan?Ikerketa hau, oraingoz, 
 Mexikoko erbestealdi errepublikarrari egindako lehen hurbilketa 
 bat besterik ez da, eta horren barruan arreta berezia eskaini 
 diot euskaldunen erbestealdiari. Nire ikerketa lanarekin lotura 
 handiena daukana, batik bat, kulturen arteko harremana da. Hor 
 kokatu behar da erbestealdi errepublikarrarekiko piztu zaidan 
 interesa. Ikerketa lanean esaten dudan bezala, Mexikoko erbestealdiaren 
 gaiak beste gizarte batekin sortzen diren harremanak lantzeko 
 bidea ematen du, orokorrean hartuta alteritatea deitzen dugun 
 hori alegia, hau da, kulturaren aldetik erabat desberdinak den 
 jendearekin harremanetan jartzea. Antropologoa naizenez, nire 
 lanean batik bat bi alderdi aztertu ditut: kulturen arteko harremanak, 
 eta Mexikoko indigenekiko arrazismoa. Nire helburua diagnostiko 
 orokor bat egitea da. Hala ere, ikerketatik kanpo ere interesatzen 
 zait erbestealdiaren gaia, erbeste errepublikarrean bizitu den 
 jendea ezagutu dudalako. Errepublika garaiko errefuxiatuek sortutako 
 institutu batean ikasi nuenez, beren egoera gertutik ikusi eta 
 ulertzeko aukera izan dut. Nire irakasleak erbesteratuak ziren, 
 eta beren seme-alabak nire ikaskideak ziren. Unibertsitari batzuek 
 harreman handia izan dute erbestearekin, baina oso ezaugarri desberdinekin. 
 Nik indigena ez diren mexikarrek (unibertsitarioek, parlamentariek 
 eta gizarteko beste sektore batzuek) indigenei buruz daukaten 
 ikuspegia jaso dut, mexikar horien jatorria derrigorrez bereiztu 
 beharrik gabe.
 -Zenbaterainoko 
 garrantzia izan zuen Errepublika garaiko immigrazio intelektual 
 honek Mexikon?
  Egia 
 esan urte haietan intelektual, idazle eta zientzialari espainiar, 
 euskaldun, kataluniar eta galiziar asko eta asko joan ziren Mexikora 
 eta, orokorrean, Hegoameriketara, baina agian ez erbestealdi errepublikarrean 
 bezainbeste. Ikerlari mexikarrek argitaratutako datuen arabera, 
 Errepublika garaiko immigrazioan erbesteratuen %28 intelektualak 
 ziren. Horiez gain, beste jende asko etorri zen, baina sektore 
 horri garrantzi berezia eman izan zaio, horrek jende ikasi asko 
 etorri zela adierazten duelako: artistak, filosofoak, idazleak, 
 zientzialari sozialak eta abar. Haietako gazte batzuk zuzenean 
 Mexikon trebatu ziren, eta gero Mexikoko arlo sozial desberdinak 
 bultzatu zituzten. -Hala ere, Errepublika garaiko 
 erbesteratuak iritsi baino lehen, Mexikon bazen immigrante euskaldun 
 eta espainiarrik. Zein desberdintasun zeukaten Errepublikako erbesteratuen 
 aldean?Egia da ordurako bazela 
 erbesteraturik, baina ez Errepublika garaikoak bezainbeste. Euskal 
 Etxeak, adibidez, XX. mendearen hasieran sortu ziren. Ordura arte, 
 aurreko garaietako immigrazio historikoak sortutako elkarte euskaldunak 
 zeuden.
 -Zure ikerketan diozunaren 
 arabera, euskaldunek, kataluniarrek eta galiziarrek beste modu 
 desberdin batean tratatu zituzten herrialde indigenak. Zertan 
 oinarritu zara ondorio horretara iristeko?Hori, lantzen ari naizen 
 teoria bat da. Ikerketa sakonago bat egin beharko litzateke hori 
 frogatu ahal izateko. Nik adierazi nahi dudana da idazle hauetako 
 batzuk, beharbada, beste errefuxiatu taldeak baino sentiberagoak 
 izan zirela herrialde indigenek bizi zuten egoeraren aurrean. 
 Hipotesi bat besterik ez da, baina frogatu egin nahiko nuke. Ideia 
 hau defendatzeko, batez ere bi autoretan oinarritu naiz: Agustí 
 Barta, jatorri kataluniarrekoa, eta Otaola, Euskal Herritik etorria. 
 Ez dira Mexikori buruz idatzi duten autore bakarrak, baina bi 
 hauek agertzen zuten interesa berezia da. Agustí Bartak, 
 adibidez, askotan aipatzen ditu kultura aurrehispanikoak bere 
 idazkietan. Protagonista mexikarrak erabiltzen ditu, eta liburu 
 batzuetan 1910eko iraultza mexikarra bezalako gertakizun historikoak 
 aipatzen ditu. Oraindik ezin izan ditut Otaolaren idazki guztiak 
 aztertu, baina uste dut autore hau oso modu interesgarrian hurbildu 
 zitzaiola errealitate mexikarrari. Mexiko erdialdeko herri batean 
 bizi da, eta gertutasun berezi batekin idazten du herri horri 
 buruz. Euskaldunak une horretan zein egoeran zeuden ikusita, beren 
 kultura eta hizkuntza nola garatzen ari zen ikusita, nik uste 
 dut Estatu-nazioarekin zuten harreman gatazkatsuaren ondorioz 
 idazleak sentiberagoak zirela beste egoera gatazkatsuen aurrean, 
 kasu honetan Mexikoko egoeraren aurrean.
 -Garai hartako 
 beste intelektualekin alderatuz gero, tratua antzekoa izan zela 
 esango al zenuke?
  Idazleei 
 dagokienez -eleberrigileak, poetak, arte kritikariak edo artistak 
 izan-, guztiz onartuta eta ikertuta dagoena da beren obra erbestean 
 izan zuten esperientziarekin eta gerrarekin lotuta dagoela. Hori 
 da idazle errefuxiatu espainiar eta euskaldun asko eta askoren 
 ezaugarri nagusia. Askoz ere maila baxuagoan hartu zituzten gaitzat 
 Mexiko edota Amerika. Ondorio batzuk atera daitezke gai nazionala 
 albo batera utzi izanetik. -Hainbesteko garrantzia al 
 zeukan aberriak euskaldun erbesteratu hauentzat?Logikoa da, kontuan 
 hartuz behartuta immigratu behar izan zutela. Ez ziren beren gogoz 
 joan. Traumatikoa egin zitzaien aberria abandonatu behar izatea. 
 Hala ere, erbesteratuek beren aberriko kultura Mexikon garatzeko 
 aukera izan zuten, zeren Mexikon agintariek oso aintzatespen zabala 
 egin zieten, eta gainera ordurako bazeuden zentro eta klubak ere, 
 Euskal Etxeak adibidez. Garai hartan, erbesteratuek unibertsitatera 
 sartu aurreko formazioa emateko eskolak zabaldu zituzten, eta 
 horrelako organismoei esker errefuxiatuak beren nortasuna garatzen 
 joan ziren. Horrek ziur aski eragina izan zuen Mexikoko gizarteari 
 hurbiltzerakoan. Hori da ikerketa batzuk egin ondoren atera dudan 
 ondorioa.
 -Nolakoa izan zen eragin hori?Maila intelektual eta 
 unibertsitarioan oso harreman estua sortu zen erbesteko gizartearekin, 
 errefuxiatu asko sartu zirelako unibertsitatean. Errefuxiatuek, 
 fakultateez gain, lan eta ikerketa ildoak sortu zituzten goi hezkuntzaren 
 eta ikerketaren adarretan. Erbesteratu hauek erreprodukzio kulturaleko 
 espazioak bilatzen aritu izanak hasiera batean behintzat gizartearekin 
 harreman estuago bat izatea eragozten ziela pentsaraz dezake, 
 baina denborarekin integratu egin ziren. Bigarren eta hirugarren 
 belaunaldiek ez dute nortasun espainiar edo euskalduna galdu, 
 baina erabat integratuta daude. Oso barnean daramate kultura mexikarra. 
 Hala ere, nortasun bikoitza izaten jarraitzen dute; garbi ikusten 
 da belaunaldi berrien obretan.
 -Erreprodukzio kulturalak izan 
 al du inolako jarraitasunik?Ikertzaile mexikar 
 batzuk hori aztertzen aritu dira, eta beren esanetan orain gaia 
 eta trataera desberdinak dira. Pertsona hauek jatorriz euskaldunak 
 direla esan arren, askotan euskararik ere ez dakite. Baina, nire 
 ustez, hirugarren belaunaldiak aztertu egin beharko litzatekeen 
 nortasun bat dauka. Nik uste dut erreprodukzio kulturalaren aldetik 
 badagoela jarraitasunik. Interesa behintzat badago. Baina ikusi 
 egin beharko litzateke zein punturaino mantentzen den euskal nortasuna, 
 eta, gainera, euskal nortasun horrek ez du zertan nortasun mexikarra 
 baztertu behar. Ikusi egin beharko litzateke nortasunak zenbateko 
 garrantzia duen belaunaldi berrientzat. Nik uste dut euskaldunen 
 kasuan beste taldeetan baino askoz ere indartsuagoa dela. Hori 
 nire ikerketaren bigarren zatia izango da. Bi belaunaldietako 
 jendea elkarrizketatu nahiko nuke.
 -Errefuxiatu 
 errepublikarrek unibertsitatera sartu aurreko formazioa emateko 
 eskolak sortu zituztela aipatu duzu. Zein izan da beren ekarpena?
  Unibertsitatera 
 sartu aurreko formazioa emateko eskolak sortu zituzten. Nik horietako 
 eskola batean ikasi nuen. Errefuxiatu intelektualek oso ekarpen 
 garrantzitsua egin zuten filosofian, artean, gizarte zientzietan 
 eta zientzia zehatzetan. Garai hartan Mexikoko unibertsitateetako 
 programetan existitu ere egiten ez ziren espezialitate berriak 
 sortu zituzten. Jende hori, denborarekin, integratu egiten da. 
 Erbesteratu horietako askok Mexikon gelditu behar izaten dute, 
 eta horrela integratu egiten dira. Belaunaldi horrek oso eragin 
 handia izan zuen bizitza akademikoan. Erbesteratu errepublikarrei 
 esker onetsi zuten atzerrian mundu latinoamerikarra. Argazkiak: Antonio Di Bellonio
 
 Euskonews & Media 127.zbk 
 (2001 / 6 / 15-22)
 |