MEREZI
DU ERRETZEARI UZTEA |
Osasungintzaren
arlotik iristen zaizkigun mezu gehienak kolesterola, hipertentsioa
edota diabetesa bezalako gaixotasunei ematen zaien tratamendu
eta kontrolari buruzkoak izaten dira, eta agian behar baino arreta
gutxiago eskaintzen zaio erretzeko ohiturari.
Ostera, tabakismoa da gure
gaurko gizartean morbihilkortasun ekidingarrien artean heriotza
gehien sortzen dituena(1).
Ekidingarria dela diogu, gure esku dagoelako ohitura horri aurrea
hartzea, ez baitago inolako baldintza genetikorik.
Morbihilkortasun tasa, oraindik bizi-urte
ugari zeuzkaten pertsonen kasuan igo da gehienbat; horregatik,
tabakoa erretzea da gure inguruan heriotza goiztiar gehien
sortzen dituen lehenengo arrazoia(2).
Tabakoagatik hiltzen diren gehienek 35 eta 69 urte bitartean dauzkate,
eta 20tik 25era bitarteko bizi-urte galtzen dituzte batez beste.
Tabakismoak EEBBetan, HIESak, alkoholak, trafiko
istripuek, droga ilegalek, suteek, hilketek eta
suizidioek baino heriotza gehiago sortzen ditu(3).
Euskadin, berriz, heriotzen %20 egozten zaizkio tabakoari(4).
Adibide gisa 10.000 pertsona heldu
artatzen dituen osasun zentro estandar bat hartuz gero, ikusiko
litzateke horietatik 3.600 inguru erretzaileak direla, eta urtean
12 edo 13 pertsona hilko direla tabakoa erretzearen ondorioz.
Artikulu mediku asko eta askotan
aurki daiteke tabakoa erretzeak sortzen dituen kalteei buruzko
informazioa, baina oraingo honetan erretzeari uztearen abantailak
azpimarratu nahiko nituzke: minbizia sortzeko arriskua txikitu
egiten da, odolaren zirkulazioa hobetu egiten da, norberaren gaitasun
fisikoa ere bai, energia eta bizitasun handiagoak lortzen dira,
ingurumena garbiago mantentzen da, larruazalaren zahartzaroa atzeratu
egiten da, dirua aurrezten da...
Gainera, argi eta garbi esan behar
dugu erretzeari uzteak funtzionatu egiten duela. Patologiarik
ez duen pertsona batek erretzeari uzten dionetik 8 ordutara, bere
odoleko oxigeno maila normaltasunera itzultzen da. Oro har, erretzaile
ohiek erretzen jarraitzen dutenek baino askoz ere arrisku txikiagoa
daukate biriketako minbizia izateko. Arnasketakoak ez diren minbizien
kasuan, arriskuak nabarmen egiten du behera erretzeari utzitakoan,
eta, ikerketa batzuren arabera, 10 urtetan ez-erretzaileen egoera
lortzen da. Ondorio kardiobaskularrak -arteriosklerosiak izan
ezik- erretzeari utzi eta epe gutxira lehengoratzen dira; 5 urteren
buruan erdira jaisten da bihotzekoa izateko arriskua, eta 15 urteren
ondoren sekula erre ez dutenen maila berdinera iristen da. Gainera,
erretzeari bizitzaren erdialdean uzten baldin bazaio,
patologia garrantzitsuren bat garatu baino lehen, ekidin egin
daitezke tabakotik eratortzen diren hilkortasun gehienak. Eta
erretzeari lehenago utziz gero, are handiagoa izango litzateke
onura(5).
Arrazoi asko daude erretzeari uzteko,
ez osasuna hobetzea bakarrik: seme-alabei eredua ematea, substantzia
batekiko mendetasunik ez izatea, arinago sentitzea, dirua aurreztea,
kirol gehiago egitea, kiratsa hobetzea, larruazalean zimur gutxiago
izatea, arnasten dugun airea hobetzea, usaina gutxitzea, tabakoari
buruz eztabaida gutxiago izatea... Izan ere, pertsonek arrazoi
desberdin ugarigatik aldatzen dute beren jarrera, eta oso
modu desberdinetara. Garrantzitsuena, nolanahi ere,
erretzeari uztea da.
ERRETZEARI
UZTEKO PROZESUA |
Erretzeari uzteko moduen berri eman
baino lehen, zergatik erretzen den azaltzea komeni da.
Hiru gauza izan behar ditugu kontuan:
- Erretzea adikzio bat da:
Nikotina substantzia kimiko bat da. Plazerra ematen du, arreta
handitu, gosea gutxitu, umorea hobetu, eta abstinentziaren sintomak
baretzen ditu.
- Erretzea, ohitura bihurtzen
da: Lagunekin ateratzean, kafea hartzean, lasaitzeko
tarte bat hartzean, ikastean... eguneroko bizitzako egoerei
lotuta dago erretzea.
- Erretzea, mendetasun soziala
da: Gure bizitzako une garrantzitsu askotan egoten dira
zigarroak presente: ezkontzatan, bataioetan, ospakizunetan...
Beste alde batetik, erretzeak heldu bihurtzearen sinbolo bat
izaten darrai, eta taldeko kide izatearen ezaugarri.
Horregatik
guztiagatik, jakin badakigu duela urte batzuk uste zena baino
konplexuagoa dela erretzeari uztea. Normalean, erretzeko ohitura
ez da bat-batean baztertzen, erretzaile bat ez baita
ez-erretzaile egun batetik bestera bihurtzen. Aitzitik,
orokorrean nahiko denbora luzea hartzen duen prozesu
hau hainbat etapa edo fasetan dago banatuta.
Prochaska eta Di Clemente-ren(6)
iritzian, gaur egun 6 fase bereiz daitezke aldaketa prozesuan
zehar:
- Azterketa aurrekoa
- Azterketa
- Prestakuntza
- Ekintza
- Mantenimendua
- Bukaera
Azterketa
aurrekoa Ez du hurrengo
6 hilabeteetan erretzeari uzteko asmorik
Azterketa Hurrengo 6
hilabeteetan aldatzeko asmoa du
Prestakuntza Aldaketa txikiak.
Hilabete batean uzteko prest
Ekintza Erretzeari
uzten dionetik 6 hilabete igaro bitartean
Mantenimendua 6 hilabeteetatik
urte betera bitartean
Bukaera Erretzeari
utzi dionetik urte betera
Berrerorketa
|
Azterketa aurreko egoeran,
erretzea ez da arazo kontsideratzen, eta erretzaileak ez du bere
ohitura hurrengo 6 hilabeteetan aldatzeko asmo handiegirik.
Azterketa egoeran, erretzailea
arazo baten aurrean dagoela jabetzen hasten da. Baina anbibalentziaren
fenomenoa agertzen da; alegia, "nahi, baina ezin" edota
"gustura utziko nuke, baina ezin dut". Erretzeari hurrengo
6 hilabeteetan utzi nahi dionean egoten da erretzailea egoera
honetan.
Prestakuntza egoeran, erretzaileak
hurrengo 30 eguneko epean utzi nahi dio erretzeari, eta aldaketa
txikiak egiten hasten da: beranduago pizten du lehenengo zigarroa,
zigarro gutxiago erretzen ditu...
Ekintza egoeran, erretzaileak
aldatu egiten ditu bere ohiturak, eta erretzeari uzten hasia da.
Tabakismoaren prozeduran, 6 hilabeteko iraupen akademikoa du.
Hain zuzen ere epealdi honetan daude berrerortzeko aukera gehien.
Mantenimendu egoeran, erretzailea
ikasi dituen jarrerak mantentzen, eta berrerorketa ekiditen saiatzen
da.
Berrerorketa, erretzaileak
lehenagoko ohiturak berreskuratzen dituenean gertatzen da. Ohiturak
aldatzeko prozesu guztietan gertatzen dira horrelakoak. Kasuotan,
azterketa aurreko edo azterketako egoeretara itzul daiteke erretzailea.
Oro har, erretzaile bakoitza 3 edo 4 aldiz berrerortzen da, erretzeari
behin betiko utzi baino lehen.
Mantenimendu garaia gainditu ondoren,
pertsona ez denean gehiago berrerortzen, bukaera fasean
egongo da. Hortik aurrera, jarrera berri bat izango du.
ERRETZAILEARI
ALDAKETA PROZESUAN LAGUNTZEKO OSASUNGINTZAK DUEN PAPERA |
Osasungintzaren zeregin zehatzenetako
bat, osasuna sustatu eta prebenitzen laguntzea da. Horrez gain,
pertsonekiko hurbiltasuna du ezaugarri. Biztanleen %70 baino gehiago
etortzen da osasungintzako zentroetara, urtean batez beste 4-6
aldiz. Gainera, gehienetan ondo ezagutzen ditugunez pertsona bakoitzaren
inguruabar familiar eta sozialak, profesionalei errazagoa egiten
zaie mezua pertsonari egokitzea. Bada hirugarren abantaila bat
ere; hau da, taldean egiten dela lana, diziplina anitzek batera
dihardutela, eta ondorioz guztien artean banatzen da erretzaileari
laguntzeko prozesua.
Lehenik eta behin
eman beharreko pausoa, erretzailea bere historial klinikoan identifikatzea
da.

Gogoan izan beharrekoa da erretzaileari
laguntzeko moduak ezin duela guztientzat berdina izan. Batik bat
erretzailea dagoen aldaketa fasea hartu behar izaten da
kontuan, interbentzioak etapa bakoitzari egokituta egonez gero,
ondorio hobeak lortu ahal izango direlako. Lehenengo ebaluazioko
emaitzen arabera erabakiko du Osasungintzako profesionalak zeintzuk
diren zehazki landu behar dituen alderdiak.
Horrela, azterketa aurreko
egoeran, gehienbat informatu egin beharko litzateke: zein
onura ekar ditzakeen erretzeari uzteak, zein kalte sor ditzakeen
erretzen jarraitzeak, zein modu dauden erretzeari uzteko... Betiere
laguntza eskaini behar zaio erretzaileari, eta, erretzeari
uzteko saiorik egin izango balu, positibizatu. Hori guztia
mezu argi, labur eta pertsonalizatuen bidez egin behar da.
Honen bidez lortu nahi dena da erretzaileak, lehen erretzeko ohitura
arazo gisa ikusten ez bazuen ere, erretzeari uztea merezi duela
ikusten hastea da; hau da, azterketa aurreko fasetik azterketa
fasera igarotzea.
Azterketa fasean dagoen erretzailea
anbibalentzia egoera batean egongo da; "nahi, baina
ezin" tankerako balantza batean. Profesionalak, erretzailearen
autonomia errespetatuz eta bere jarrera ulertzen duela adieraziz,
erretzeko ohiturarekin duen lotura, eta erretzearen alde onak
eta txarrak adieraztera bultzatuko du erretzailea.
Berez fase guztietan erabili beharko
litzatekeen arren, osasungintzako profesionalak lehen bi fase
hauetan erabil dezake oinarrizko elkarrizketa motibazionalaren
teknika: erretzailea bere ohiturari buruz erabateko askatasunez
hitz egitera bultzatuko duten galdera irekiak egingo dizkio.
Erretzailearen "ispilu" gisa jokatuz, erreflexiboki entzungo
du, erretzaileak bere ohitura eta anbibalentzia ikusteko moduaren
inguruan sakondu eta hausnar dezan. Ordura arte lortutakoa azpimarratu
edo positibizatuko du, edo, besterik gabe, gaiari buruz hitz
egingo du. Hizpide dutenari buruzko laburpenak egingo
ditu, erretzailea eta profesionala gaian zentra daitezen. Baieztapen
automotibatzaileak probokatuko ditu, erretzailea bera izan
dadin aldaketari ekiteko arrazoiak emango dituena(8).
Azterketa fasean dagoen erretzailearen
helburua, prestakuntza fasera igarotzea da.
Prestakuntza fasean, erretzaileari
estrategiarik egokiena aukeratzen lagunduko diogu, betiere zein
behar dauzkan ikusirik. Erretzaile asko beren kabuz saiatuko dira,
eta azkenean erretzeari uztea lortuko dute, baina beste batzuek
gure laguntza beharko dute, eta beren alboan egon beharko dugu
prozesuan zehar. Horretarako, sakondu egin beharko dugu beraiekin
dugun harremana, eta horrek denbora gehiago eskatuko du ziurrenik,
gauza asko aztertu beharko baititugu: motibazioak, dependentzia,
erretzeko ohiturari lotutako jarrerak, eta prozesuan zehar
erretzaileak familiaren eta gizartearen aldetik jasoko duen
laguntza. Garrantzitsua da, halaber, erretzeari uzteko aurrez
egin zituzten saioen esperientziak gogora ekarri eta orduko
alderdi onak eta oztopoak aztertzea. Fase honen helburuak, erretzeari
uzteko aldaketa txikiak egitea eta data bat zehaztea lirateke.
Ekintza fasean, estrategiarik
onenak erabiliko ditugu erretzailearekin: familiaren eta gizartearen
laguntza jasotzeko teknikak, pentsamenduak birbideratzeko teknikak,
eta arazoak konpontzeko teknikak. Zenbaitetan, tratamendu farmakologiko
eraginkorrak, nikotina ordezteko terapiak edota bupropiona erabiltzea
gomendatuko dizkiogu. Fase honetan nahiz aurrekoan, taldeko
tratamendua jasotzeko aukera ere azter daiteke. Berrerorketak
ekiditeko asmoz, unerik zailenak aztertuko dira, eta erretzaileak
berak hautatuko ditu bere aukerak, edota, bestela, profesionalak
iradokitakoei atxikiko zaie. Aldaketak nola doazen jakiteko, jarraipenerako
kontaktuak egingo ditugu.
Mantenimendu fasean, jarrera
eta harremanetarako ildo berriak errotuko dira, eta jarraipenean
zehar, batik bat ordura arte lortutakoa positibatzen saiatuko
da profesionala, berrerorketak ekiditeko estrategiak bilatuz.
Berrerorketa fasean, erretzailea
ulertzen eta egoera normalizatzen saiatuko gara, ordura arte lortutakoa
positibatuz. Erretzaileak hala nahi izanez gero, prozesuari berriz
ere ekiten lagunduko diogu, zein fasetan dagoen kontuan hartuz.
Gogoan izan behar dugu prestakuntza
berezia eta denbora luzea behar direla fase aurreratuetako interbentzioetarako
(prestakuntza, ekintza, mantenimendua). Izan ere, litekeena da
lehen faseetan aholku soil bat emateak 2 edo 3 minutu baino gehiago
ez hartzea.
Halaber, kontuan izan behar dugu
ohitura bat aldatzeko interbentzioek arrakasta handiagoa izan
ohi dutela profesionala, sendagilea edo erizaina enpatikoa
denean, erretzailearen autonomia sustatzen duenean (esate
baterako, aukeren artean bat hautatzerakoan), eta autoeraginkortasuna
bultzatzen duenean.
ONDORIOAK
Azaldutako guztiaren
ondoren, zera ondoriozta genezake:
- Merezi du erretzaileei
erretzen uzten laguntzea.
- Erretzailea bera da
aldaketarako prozesua garatzen duena; guk, osasungintzako
profesional garen aldetik, estimulatu egin dezakegu
prozesu hori.
- Hainbat fase daude aldaketa
prozesuan. Fase bakoitzera egokitzen jakinez gero,
modu eraginkorrago batean lagundu ahal izango diogu
erretzaileari fase batetik bestera igarotzen.
- Ziklo honetan zehar,
erreminta komunikatiboak erabili ahal izango ditugu
fase batetik bestera igarotzeko (galdera irekiak,
hausnarketarako entzutea, laburpenak, positibizazioak,
automotibazioa sustatzea...)
- Faserik aurreratuenetan
(prestakuntza, ekintza, mantenimendua, berrerorketa),
interbentzioek espezializatuagoak izan behar dute
erretzaileak bere helburua lor dezan.
|
Nire eskerrona Antton Aldanondo
Gabilondo sendagileari, artikulua berrikusi eta zuzentzeagatik.
1.
Fiore MC. Bailey WC,Cohen Sj et al: Smoking Cessation:Clinical
Practice Guideline Nš 18.Rockville,Md:US Dept of Healt and
human services,Public Healt Service, Agency for Healt Care
PoliCy and research,1996. AHCPR publication Nš 00-0032.
(ITZULI)
2.
Gonzalez-Enriquez J, Villar-Alvarez F y cols. Tendencia
de la mortalidad atribuible al tabaquismo en España,
1978-1992. 600.000 muertes en 15 años. Med Clin (Barc)
1997; 109: 577-582. (ITZULI)
3.
Mc Ginnis JM et al. Actual causes of death in the United
Stattes.J ama 1993;270:2207-2212. (ITZULI)
4.
Esnaola S, Aldasoro E. Las enfermedades cardiovasculares
en la C.A.P.V. Osasunkaria,1994; 7:15-18. (ITZULI)
5.
Peto R, Lopez AD y col. Healt c. Mortality from tobacco
in developed countries: indirect estimate fromnational vital
statistics (revised August 1993).ICRF Cancer studies Unit
WHO Tobacco or Health Unit. (ITZULI)
6.
Prochaska JO, Norcross JC , Di Clemente cc. Changing for
good. Nueva York, Wiliam Morrow and Cia, 1994. (ITZULI)
7.
Prochaska JO, Goldtein MG. Process of smoking cessation.
Implications for clinicians in Clin. Chast.Med, 1991;12:727-735.
8.
Miller WR, Rollnick S. La Entrevista Motivacional. Preparar
para el cambio de conductas adictivas. Ed Paidós
Iberica S.A. 1999. (ITZULI) |
Juan Carlos Arboniés
Ortiz, Familiako eta Erkidegoko Medikuntzan Espezializatua.
Beraungo Osasun Zentroa. Errenteria.
Gipuzkoa
Argazkiak: larioja.com webgunetik |