Zalantzarik
gabe estatu aurreratuetan, tabakoa erretzea da hilkortasun goiztiar
eta morbilitatea prebeni eta ekiditzeko dagoen gauzarik maizena.
Gaur egun, munduan zehar ia 4 milioi pertsona hiltzen dira urtero
tabakoarengatik eta zenbaki hau arinki goraka doa: 2030. urterako,
10 milioi heriotz izango direla itxaroten da eta hiru hildakotik
bat, tabakoaren ondorioz izango dela. Espainian eta Euskal Komunitate
Autonomoan orokorrean ia %35 pertsonek erretzen dute (Espainian
% 51,5 gizonak, % 21 emakumeak; Euskal Komunitate Autonomoan %34,9
gizonak eta %24 emakumeak) eta %13 erretzaile izanak dira. Nahiz
eta azken urteotan, tabakoaren kontsumoa Europa eta Ipar Amerikan
murrizten joan, estatu azpiaurreratuetan eta emakumezkoetan aztura
hau goraka doa, batez ere emakume gazteetan.
Zigarrotxoak dira Espainian eta
Euskal Komunitatea Autonomoan tabako mota zabalenak. Tabako keak
ia 4000 kimikagai ditu, bai toxikoak eta bai minbizia sorterazteko
gai direnak: horietatik garrantzitsuenak karbono-monoxidoa, nitrogeno-oxidoa,
amoniakoa, hidrogeno-zianuroa eta akroleinak dira. Zigarrotxoa
erretzen danean kea korrente bi desberdin ematen dira: bata printzipala
eta bestea albokoa. Korrente printzipala (45%), erretzaileak arnasten
duena, kono gori eta zigarrotik zehar fitararteko ke-bidean dauden
alde beroetatik dator. Alboko korrentea (55%) astiro-astiro erretzen
dan tabakotik jaso eta airearekin nahasten da, baina ikerketetan
ikusi da alboko korrente honek, korrente printzipalak baino osakin
kartzinogenetiko eta karbono monoxido gehiago dauzkala.
Nikotina da, tabako menpekotasuna
sortarazten duen kimikagaia . Zuzenki ez du kalterik ematen ez
bronkioetan ez biriketan, baina erretzen jarraitzea egiten gaituen
sustantzia da. Nikotinak bakarrik bederatzi segundu behar ditu
kearekin arnastu, garunera heldu eta bere ekintza emateko, horrek
ematen dio menpetasuna sortzeko izugarrizko indarra.
Birika
eta bronkioetako kaltea nola ematen dan oso konplexua da, horietako
mekanismo batzuk oraindik ez dira guztiz ezagutzen. Tabakoaren
keak bai mekanismo fisiko eta bai mekanismo kimiko baten bidez
sortzen du biriketako zauria. Bronkioetako mukosako lehenengo
kaltea fisikoa da: babesazaleko zauria, eta mukosako zelulen aldaketak
sortuz. Horren ondorioz, gero birika eta bronkioetan, zelula handigarri
batzuk aktibatzen dira zauria mantentzen laguntzen dutenak. Gainera
tabakoak zuzenki, birikako estruktura zauritzeko gai diren sustantzi
oxidagarri batzuk ematen ditu. Tabakoaren errekuntzak aerosol
bat ematen du, barnean 0,45 diametrozko mikrotanta dituenak, nikotina,
alkitrana, oxidagarri eta beste osakin batzuekin konposaturik.
Mikrotanta hauen neurriak errestatzen du partikula hauek beheko
arnas bide zentraletan eta inguruetan jartzea, kaltea emanez.
Minbizia alde batean
utziz, tabako azturari zuzenki lotuta dauden arnas bideko eritasunak
hauek dira: enfisema, bronkitis kronikoa (biriketako butxaketazko
gaixotasun kronikoa), arnas bide txikien gaixotasuna eta birikako
gaixotasun interstizialari loturik dagoen bronkiolitisa. Bigarren
tokian utzi ditzakegu tabakoak gaiztotu edo larriagotu egiten
dituen arnaz bideko eritasunak: asma, arnas aparatuko infekzioak,
berezko pneumotoraxa, X histiozitosisa, birikako odol jarioa,
birikako fibrosi interstiziala eta beste birikako gaixotasun urriagoak.
Apurka, apurka hurrengo lerroaldeetan azalduko ditugu horietako
eritasun maizenak.
Biriketako butxaketazko
gaixotasun kronikoa (BBGK): gaixotasun hau arnas bideko
eritasun desberdinak osotzen duta, baina guztiak fluxu aeroaren
obstrukzio kroniko bat eta eboluzio progresiboa dutenak. Oso eritasun
naharoa da biztaleen artean (helduetan, %5-10 bitarteko prebalentzi
duena). Definizio honen barruan sartzen dira bronkitis kronikoa,
enfisema eta bronkiektasiak. Lehenengo gaixotasun bi hauek, %90
tabakoarekin zuzenki erlazionaturik daude eta askotan erretzaileen
biriketan min biak ikus dezakeguz batera. Sintoma printzipalak
estula, gorro darioa eta arnas estua dira.
Hogeita bost urtetik
aurrera birikako kapazitatea berez murrizten joaten da, batez
ere lehenengo segunduko fluxu espiratorioa deritzoguna (BFE1a):
urtero 25 ml inguru galtzen ditugu. Pertsona arrunta baten
BFE1a 3000 ml koa da, baina zifra hau luzera, adina eta sexuarekin
aldatu egin daiteke. Erretzaileen artean murrizketa hau handiagoa
izaten da: 30-100 ml urtero, eta urritasun honek azkenerako sintomak
dakartza, batez ere arnas estua, lehenengo aktibitate handiekin
eta gero apurka apurka edozein ekintzetan edo atsedenean.
Zenbat eta zigarro
gehiago erre, zenbat eta kea sakonago arnastu, BFE1a arinago gutxitzen
da.
Tabakoa ustearen
mozkinak berehala eta epe luzean ikus daitezke. Tabakoaren keak
ematen dituen sintomak: eztula eta gorro darioa, zigarroa laga
eta denbora gutxian hobetzen dira. Erretzaileak biriketako butxadura
kronikoaren gaixotasuna duenean, bere biriketako kapazitatea ez
da gehienetan normaltzen. Hori bai, handik eta aurrera urtero
urritzen dan BFE1a gutxitu eginen da.
Asma, bronkioetako
eritasun inflamatorio kronikoa da, zergati desberdinak eragina
eta horietako bat, alergia izan daiteke. Eztula, eztarriko hazkura,
bularreko estutasuna, txistuak eta arnas estua dira bakarka edo
batera ikus ditzakegun sintomak. Tabakoaren keak alergiagaien
sentiberatasuna errazten du, asmaren garapena gaiztotzen du, bai
hilkortasuna, bai morbilitatea gehitzen, eta azkenez tratamenduaren
eraginkortasuna gutxitu egiten du. Haurtzaroan erretzaile pasiboa
izateak, asma izateko arriskua bikoiztu egiten du eta asmaren
kontrola ere gaiztotzen du.
Arnas aparatuko
infekzioak: Erretzaileek arnas bideko infekzioak edukitzeko
erraztasuna daukate eta hilkortasun handiagoa gripe eta neumoniatan,
inoiz erre ez dutenekin konparatuz.
Zergati desezagun
bategatik, bat batean airea pleurara pasatzearideritzogu
berezko pneumotoraxa. Eritasun hau pertsona gazteetan, biotipo
eta seinale kliniko berezi batzuk dituztenekin ikus daiteke: gehienetan
20 – 30 urte bitarteko gizonezkoak, itxura astenikoa eta erretzaileak
dira. Tabakoak, berezko pneumotoraxa izateko arriskua gizonezkoetan
22 bider gehitzen du eta 9 bider emakumezkoetan.
Honetaz gain, erretzaileek,
kirurgia ondoren arnas aparatuko konplikazio gehiago izateko arriskua
daukate, batez ere bularreko, bihotzeko eta goiko sabelaldeko
prozedura kirurgikoetan, lo eragozpenak, zurrunka eta apnea, sarriagoak
dira ere.
Beste alde batetik
tabakomenpekotasun pasiboaren zeregina bronkio eta biriketan,
jo behar dugu artikulu honetan. Helduen artean, tabako kearen
menpe eta erretzen ez duten pertsonek arnas bideko sintoma gehiago
dituzte: eztula, gorro jarioa, arnas estua, urtean zehar lanegun
gehiago galdu beharra arnas bideko gaixotasunengatik. Ondorio
hauek ugariagoak dira, zenbat eta ordu gehiago eta urte gehiago
tabakoaren menpekotasunean egon. Horrexegatik lantokiak dira puntu
arriskutsuenetarikoenak. Azkenik tabakomenpekotasun pasiboa, BBGK
jasateko eta asma duenek larriagoa izateko arriskuarekin erlazionatu
egin da ere.
Haurdunaldian,
emakume erretzaileak eta bere umekaiak ia nikotina neurri berdina
daukate odolean. Honek, haurrarentzat ondorio larriak ekar ditzake
jaio eta gero: birikako kapazitate urritua, arnas bideko butxaketa
eta bronkietako hiperaktibitea. Umekaietan arnas bideko zauria,
biziaren momentu garrantzitsuenean ematen da: birikak eratzen
direnean. Oraindik alterazio funtzional honek haurrengan zenbat
denbora iraun dezakeen ez dakigu, gehienetan haur hauek jaio eta
gero erretzaile pasiboak izaten jarraitzen baitute.
Tabakomenpekotasun
pasibora haurra jaio eta gero hasten denean, maizagoak dira arnas
bideetako infekzioak. Horrez gainera , birikako kapazitate urritua,
bronkioetako hiperaktibitatea eta asma sarriagoa eta larriagoa
izan daiteke. Azkenez, aipatu behar da, edozkitzaileen bat bateko
heriotz sindromea, sarriagoa dela emakume erretzaileen haurren
artean.
Myriam Aburto Barrenetxea,
Pneumologiako Zerbitzua. Galdakaoko Ospitalea
Argazkiak: medicinatv.com eta univision.com webguneetatik |