Pedro
Gorrotxategi ez da edonolako sendagilea. Modu miresgarri batean
uztartzen ditu lanbidea eta bokazioa; hots, medikuntza batetik,
eta pediatria eta medikuntzaren historiaren azterketa bestetik.
Berrogeita bi urteko tolosar hau 1984an lizentziatu zen Euskal
Herriko Unibertsitatean, eta 90. urtean kalifikazio gorena eskuratu
zuen "Luis Martín Santos doktorearen biografia" doktore
tesiarekin, José Luis Munoa Ruizen zuzendaritzapean prestatua.
Handik bost urtera, Kutxa fundazioak "Luis Martín Santos:
historia de un compromiso" izenarekin eman zuen argitara. Gorrotxategik berrogeita
hamar artikulutik gora argitaratu ditu nazioko nahiz Europako
aldizkari espezializatuetan. Halaber, pediatriari eta gai historiko-medikuei
buruzko kongresu ugaritan hartu du parte, eta bai nazio mailan,
bai nazioartean, hitzaldi anitz eman ditu Luis Martín Santos
zenaren inguruan. Gaur egun aldizkari batzuetan parte hartzen
du, hala nola Mundaiz aldizkarian, Pediatriako Elkarte Eusko-Nafarreko
Boletinean, eta Eusko Ikaskuntzaren RIEVen. Aldi berean, elkarte
desberdin askotako partaide da, besteak beste Sociedad Española
de Pediatría Extrahospitalaria-koa, Medikuntzaren Historiako
Euskal Sozietatekoa, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartekoa, eta
Eusko Ikaskuntzakoa. Azken honetan, Mediku Zientzien Saileko lehendakaria
da 1990az geroztik. Lehen mailako atentzioan pediatria sailean
jarduten duen aldi berean, historiari eta pediatriari lotutako
ikerketa batzuk egiten ari da.
-Eusko Ikaskuntzako
Mediku Zientzien Saileko lehendakari izanik, zein jarduera nabarmenduko
zenituzke?
Nik
uste dut jarduera guztiak direla nabarmentzeko modukoak. Orain
arte hiru jardunaldi antolatu ditugu. Lehenengoetan Iñaki
Barriolari sendagile donostiarra omendu genuen, Saileko lehendakari
izan zena. Aparteko gizona zen, bai medikuntzan, bai unibertsitatean...
alor guztietan. Omenaldia egitearekin batera, kiroletako dopajea
eta errendimendua hobetzeko erabiltzen diren beste metodo batzuren
azterketa sakon bat egin genuen. Bigarren jardunaldietan drogei
buruz aritu ginen, ilegalei buruz bereziki, ikuspegi sozial eta
sanitariotik begiratuta. Besteak beste Kontxi Gabantxo izan genuen
gure artean, Eusko Jaurlaritzako Drogomenpekotasun Saileko arduraduna.
Oso ideia ona iruditu zitzaidan droga legalei buruzko monografiko
bat prestatzea, oso gai garrantzitsua delako, eta oraindik aztertu
gabe geneukalako.
-Tabakoa eta alkohola droga
legalak dira, ekidingarriak eta kaltegarriak. Zure ustez, zerk
bultzatzen du jendea hauek kontsumitzera? Nik
uste dut jendea adoleszentzian hasten dela drogak hartzen, gauza
berriak probatzen eta helduak direla sentitzen hastean. Errito
bat bezalakoa da. Droga hauek kontsumituz haurtzaroa atzean utzi
eta heldutasunean sartzeko zubia igarotzen dutela pentsatzen dute.
-Heldu ahala,
ordea, edaten edo erretzen uzten saiatzen dira gazte horiek...
Bai,
eta gainera gero eta produktu berri gehiago ari dira asmatzen
tabakoa edo/eta alkohola behin betiko utzi ahal izateko. Duela
gutxi, errezeta medikuarekin eros daitezkeen pastilla batzuk merkaturatu
dituzte, erretzeari uzteko. Pastilla hauek, garunean eragiten
duen osagai antidepresibo bat daukate. Nikotinazko txikleak ere
badaude. Eta gero partxeak sortu zituzten. Horrelakoak dira terapia
berriak. Baina erretzeari edo/eta edateari behin betiko uzteko,
pertsonak berak uzteko borondatea izan behar du. Oso garrantzitsua
da utzi nahi izatea. Medikamentua hartzea ez da nahikoa; horrez
gain, aldatzeko eta menpekotasuna baztertzeko borondatea behar
da.
-Eraginkorra al da prebentzioa? Hasiera-hasieratik
prebenitzea benetan zaila da. Prebentzioko hezkuntza hori batez
ere gurasoen eta eskolen esku dago. Erretzeari edo edateari uzten
diotenek, osasunagatik egiten dute gehienetan, ez une jakin batean
gaixotasun larri bat sortu zaielako. Erretzea edo edatea epe luzera
kaltegarria dela ikusten duenean hasten da jendea bere ohiturak
aldatzen.
-Adoleszentzian
hasten omen da jendea droga hauek hartzen. Zein adinetan uzten
dio jendeak droga hauek behin betiko hartzeari? Emakumeen kasuan, gehienetan
haurdunaldian uzten dira menpekotasunak, droga hauek haurrarengan
eragina izan dezaketela ikusten direlako. Bestelakoan, bai emakumezkoek,
bai gizonezkoek, arriskuez jabetzean uzten dituzte droga hauek.
Horregatik, monografiko honetan, haurdunaldian zehar erretzeak
edo/eta edateak fetuarengan izan ditzaketen ondorioak azpimarratu
nahi izan ditugu. Hori guztia, tabakoak sor ditzakeen arazo kardiobaskularrak,
arnasketakoak eta minbizia ahaztu
gabe, jakina. Eta alkoholismoak sortzen dituen arazo psikologiko
eta sozial larriak. Gure helburua da informazio hau jasotzen dutenek
erretzeari edo/eta edateari uzteko dauden arrazoi guztiak ezagutzea.
Beste atal batean, lehen mailako atentzioaren bidez ematen den
tratamendu kontzeptuala aztertzen da, eta gaixotasun hauetarako
dauden tratamendu espezializatu eta farmakologikoak ere bai.
-Zeintzuk dira tabakoaren eta
alkoholaren ondorio nagusiak, eta zein adinetan agertzen dira
bereziki? Tabakoak eta
alkoholak kalte handia egin diezaiokete haur jaioberriari. Amak
haurdunaldian zehar erre egiten baldin badu, haurrari oxigeno
gutxiago iritsiko zaio, eta gutxiago haziko da. Baina, alkoholari
dagokionez, bere ondorio psikologikoak azpimarratuko nituzke,
eta tabakoari dagokionez, biriketako minbizia, heriotza dakarten
gaixotasunak, eta biriketako gaixotasun kronikoak. Tabakoa eta
alkohola uztearen alderdirik garrantzitsuena da gaitz hauek epe
luzera gutxitzen joaten direla, ia desagertu arte. Adibidez, erretzaile
batek urte batzuk erre gabe igaroz gero, biriketako minbizia izateko
arriskua inoiz ere erre ez duen batek duenaren parekoa izatea
lor dezake. Noski, betiere kontuan izan behar da pertsona horrek
zenbat zigarro erre dituen bere bizitzan zehar. Gainera, aipatzekoa
da erretzaile pasibo batek ere berdin-berdin izan ditzakeela tabakoak
sortutako gaitzak.
-Menpekotasunari
lotutako kasurik ezagutu al duzu?
Bai,
nire lagun min bat biriketako minbiziaz hil zen, erretzeagatik.
Ziur nago erretzaile eta edaleak, monografiko hau irakurtzen,
beren gorputzarekin zer egiten ari den konturatu, eta aldatzen
hasiko direla.
Argazkiak: Teresa Sala
Euskonews & Media 124.zbk
(2001 / 5-25 / 6-1)
|