Merkataritza elektronikoaren lilura faltsua
* Traducción al español del original en euskera
Josemari Velez de Mendizabal

Edozeinek dakien bezala, merkataritza elektronikoaren gaineko kontzeptua abiadura esponentzialarekin aldatzen ari da, egunetik egunera. Orain dela hiruzpalau hilabete indarrean eta bizirik zirauten ideia batzuk zeharo zokoratuta geratu zaizkigu, e-M bataia genezakeen mundu ikusgarrian. Ideiak sortu bezain laster zaharkitu egin dira, teknologia berrien esparru ulergaitzeko joerek eraginda.

Gaur egun, ordea, inork ez daki norainoko hedapena eduki dezakeen e-Mko behatoki berri batetik iragarritakoak. Guruak mututu egin dira bapatean, eta zuhurtasunaren aldeko deiak entzun daitezke nonnahi, aurreneko aldiz, erokeria global baten ondoren buru-osasuna agertu izan balitz bezala. Baina, iruditzen zait, lehen bezain faltsuak gerta daitezke dei horiek; mobilizapen azkar eta zorora deitzen gintuztenean legez.

Zuhurtasuna, nioen, lehen zeharoko noraeza galarazlean aritu baitira hainbat eta hainbat, e-Mko planteamendu irekietan unibertsoaren formula magikoa asmatu izan bailitzan. Eta uhin basatiak bereak egin ditu merkataritza elektronikoko sektore ahuletan, egundoko ondamendia sortaraziz. Beti gertatzen den bezala, noski, ahulenek askoz gorriagoak pairatu dituzte. Ezer berririk, beraz, zeru azpian.

Iazko amaieran, artean irabazpide erakargarri eta osasuntsutzat saltzen zitzaiguna RIP soil eta adierazgarri baten oinetan datza egun, hil ezkilek defuntuaren izen-abizenak luzatu dizkigutelarik. Heriotzaren arrazoia, ordea, ezkutatu egiten da sarritan, datua ez emateak galeraren maila arinduko bailuen. Eta, iruditzen zait, jarrera horrek ez du gaisotasunaren larritasuna txikitzen, e-Mko parametroak aztertu dituen edonork baitaki non dagoen hainbeste hilotzen zergatikakoa. Gainerakoa errealitateari bizkarra ematea da, kontzienteki.

Merkataritza elektronikoaren geziak norabide berriak markatzen ari dira. Oraintsu arte, ekonomia berriaren paradigma ezinbestekoa lutuz jantzi da eta negarrez utzi ditu hainbat eta hainbat gizaraxo, eta iragarle ausartek aurrerantzerako ildo berriak seinalatzen dituzte, mundu berria deskubritu izan balute bezala. "Orain, bai" diotela dirudi. Bidean gorpu utzitakoa beraiei leporatzerik ez balego bezala.

e-Mko mundu eroa, Interneteko leherpen inkontrolatuaren antzera, fikziozko burbuila gertatu da. Ezin zitekeen bestela izan, den-dena espekulazioaren arma itogarriaren gainean eraiki baitzen. Sektore interesatu guztiek aintzazko kantak interpretatu zituzten, entzulego ezjakin eta itsu baten aurrean. Izan ere, ezjakintasuna eta itsukeria -sarri askotan- elkarren ondoan doazen kontzeptuak dira. Bapatean, gure harridurarako, mendetako merkataritza era tradizionalak bide ematen zion elektronikoari. Eta, azterketa ekonomiko xehe bakar bat ere egin gabe, inbertsioetako parketean dantza erogarria piztu zen. Denak ziren dantzari eta denak musiko. Hark ezin zuen funtzionatu!

Zuhurtasuna, edozein ogibidetan aurreneko arautzat hartu behar den ideia, toki guztietatik heldu zitzaigun "albiste ona"-k azpiratu zuen. Inori ez zitzaion otu, aurrerantz abiatu baino lehen gutxieneko segurtasun-neurriak hartu behar zirena. Itxura guztien arabera, eta ikusitakoari jarraiki, bazirudien "edozein ergelek erlojuak ekoiz zitzakeela". Hori bai, elektronikoak. Eta e-Mko egitura inozoen erresuma bilakatu zen, hein handi batean eta teorian behintzat, praktikan -beti legez- ahaltsuek agintzen baitzuten, itzaletatik.

Ene ustez, eta merkataritza unibertsaleko historiari nagokio, azken urte bakar batzuetan askoz gehiago aldatu da negozioak egiteko sistema, aurreko gainerakoetan baino. Eta ez dugu ahaztu behar gizakia mundu honetara agertu zenetik era bateko zein besteko salerosketak burutu direla, gizakiaren beraren izaeraz bat baitator trukearen premia. Kasu batzuetan eskuz-eskuko zenbait produkturen aldaketa soilaren bitartez eta, gehienetan, dirua erabilita. Informazio eta Komunikaziorako Teknologiek, IKT ospetsuek, onura ekar zezaketen merkataritzako sektore erraldoira, eta -batere zalantzarik gabe- horren iritzikoa nauzue ni ere, teknologiaren erabilpen zuzenak beti uzten baititu bere hatz positiboak. Beraz, merkataritzaren baitan benetako iraultza eman daiteke IKTen bitartez.

Baina gauza bat da horretaz itxaropentsu izatea, eta beste bat -arras desberdina- Anbotoko Señora-ren eraginpean bagenbiltza bezala- egun batetik bestera IKTei esker denak merkatari bilakatzea eta, gainera, guztiek irabazi ederrak ateratzea, gizona bezain zaharra den ofizio horretan. Gizona bezain zaharra eta beste edozein irabazpide bezain konplikatua.

Zer esanik ez, burbuila puztu egin zen, kontzienteki. Komunikabideak erokeria kolektiboa handitzera jolastu dira. Eta hemen ez da batere salbatu, denek bultzatu baitute gurdi inkontrolatua, gutxiago ala gehiago. Eta gurdiak bidaiariak zeramatzana ahaztuta, e-Mko bikaintasun eta liluraz aritu zaizkigu, dantza frenetikora gonbidatuz. Orain, dirudienez, iragarritako paradisurik ezean, iragarle faltsuek soingaineko larrua aldatuta bestelako mezuak zuzentzen dizkigute "esaten genuen, bada, esaten genuen…" okerrarazlearekin. Baina, funtsean, helburu berdinarekin jarraitzen dute: euren nagusiek jotako doinura dantza egin dezagun.

Eta izango dira, oraindik ere, ergelak, hogerlekoak lau pezetatan saltzen dituztenak ezagutzen dituztela diotenak. Horrelako inozoak beti izan dira eta, noski, aurrerantzean ere ugari ageriko dira, irabazpideetan maisutasuna "Jesus" batean erdiets daitekeela konbentzituta. Eurentzat txarrago.

Dena den, eta baikorra izan nahian, guztia ez da aurrerantzean berdina izango, hori garbi. Ekonomia zibernetikoak -edo e-Mak- irrazionaltasunetik zertxobait ikasi duelakoan nago; horixe liteke ikasgairik preziatuena, zalantzarik gabe. Ekonomia berriak, I+E (informazioa + ezagutza)-ren gainean eraikitakoak kontuan izan beharko ditu, atzean utzitako hilotzak, prozesuak aldatu beharko baitira, helburura iritsiko bada. Asiar pinpilinpauxak -edo amerikarrak- ez luke berriz ere munduko beste muturrean haize zirimola hiltzailerik sortu beharko. Kirats larregiko giroa hedatu baita gure artean, eta horri aurre egitea zuhurtasunetik eta praktika burutsutik bakarrik era daiteke.


Josemari Velez de Mendizabal, idazlea

Euskonews & Media 123.zbk (2001 / 5 / 18-25)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved