Charles
Carrère, Angeluko beiragileak onartu du bere obraz mintzatzea.
Bere lanak aurkezterakoan, apaltasun handiz agertzen digu bere
burua: hastapenak Lesquibe-ren itzalpean, lehen beirateak, bere
kultura erlijiosoa, irudi-trinkotasun harrigarriaren sorburu dena,
teknika (beirazko lauza, Reunion uharteko 18 beirateak, egin duen
obrarik handiena)… eta halaber, lan horiek, erlijiosoak edo ez,
egitera zerk bultzatzen duen, maite duenaren gainean pausatzen
duen begirada. Hona Charles Carrèreren mundua.
Hastapenak
-Charles Carrère, nola
abiatu ziren zure artearekiko harremanak? Louis
Frédéric Dupuis-ekin hasi nintzen marrazten 1941ean,
Baionako udalaren marrazki eta pintura eskolan, gaueko eskolan
1948 urtea arte. 1943an hasi nintzen margotzen, 1944an oinarrizko
hezkuntza maila amaitzean utzi nituen ikasketak eta 1945, 1946ko
hasieran, beiragile ofizioa ikasten hasi nintzen. Beiragile maisua
bere lantegian nagusi da, ez da inoren mende, horren aurretik
aprendiza izan behar, gero compagnon delakoa eta, ororen
buru, maisua. Lesquiberekin geratu nintzen 1976 urtea arte, hots,
hogeita hamar urtez, nik "obratu" egin nuen Lesquibe.
-Nor zen Lesquibe? Parisen 1927an lanean
hasia zen beiragile bat, bertako lantegi handietan ari izana,
batez ere Gaudin etxean non mosaikoa eta lauzazko beiratea ikasi
zituen. Bi teknika horiek ekarri zituen hona, Angelura. Berak
egin zituen Angeluko Herriko Etxeko beirateak, eta benetan 1937ko
Erakusketa Unibertsalean abiatu zen. Ni haren obratzailea nintzen
eta 1976an ene lauza eta mosaiko-beirateak egiteari ekin nion.
Zaharberritze eta sorkuntza lana egiten nuen, egun sorkuntza lana
besterik ez dut egiten. Erakutsi
behar dizkizut Angeluko San Leon elizako beirateak, eliza hori
Baionan eraitsi eta harriz harri ekarri zuten hona XVI. mendean.
Beirateak hondaturik zeuden.
-Zenbat beirateko
saila?
Neurri
desberdineko 18 beiratekoa. Bi arku zorrotz eta arkuarte bat dituen
beirategiak Gurutzea irudikatzen du, biziaren zuhaitza, Kristoren
bost estigmaz hornitua, Gurutzetik jaisteko eskailera, kolore
gorria, isekazko mantuaren sinboloa eta lezka berdea, hemen Ostiraleko
liturgian ageri den zur hilaren aurrez aurre. Ostiral Santuaren
ilunpeak gorri bilakatzen dira. Arkuartean, Bazkoko eguzkira pasatzen
da, pizkundera eta gero Gurutzera eta Elizara, basaziapeko aleakk
zuhaitz handia ematen du.
Kultura erlijiosoa
-Zure lanean agertzen duzun
kultura erlijioso hori, nondik datorkizu? Haurra
nintzelarik, Baionako Luc kaleko eskolara joaten nintzen, Kristau
Eskoletako Anaietara. Hamar urtez, katixima, historia santua ikasi
genuen. Eta gero, ondoren ikasi dudan guztia.
-Irakurketa ere? Bai,
irakurketa, ofizioa.
-Naturaren behaketa? Bai, pinturari doakionez… Hona
elikagaien kontua aipatzen duen beirate bat: halako zuhaitz bat,
fruitu ugarirekin, lurreko paradisuan jan litezkeen fruituen arbola
da. Bi zuhaitz ziren: jakinduriaren zuhaitza, onaren eta gaizkiaren
zuhaitza, ukitu behar ez zena eta fruituz beteriko zuhaitza, mundu
guztiari dohaineko elikadura ematen ziona. Goian, zelaietako lilia
jarri dut zeren eta Salomon bera, bere loria guztiarekin ere,
ez baita inoiz haietako bat bezala jantzi (Mateo 6-28). Behean,
otarrea, gizonen lanaren emaitza.
-Egiazki hitzaren irudia da? Bai, begira: hau oturuntza
da, gainezka egiten duen kopa ageri dela (23. salmoa (Jauna dut
artzain), ogia eta ardoa, arraina, bere burua elikagaitzat ematen
den Kristoren sinboloa, eta horrek bost ogi eta hiru arrainen
parabola oroitarazten digu. Hemengoa errota mistikoa duzu:
garia ehotzeko eta irina egiteko, dolare mistikoak ardoa egiteko
balio duelarik. Historia hori Elizako Lehen
Gurasoen predikutik dator, halako "hitzen irudi" horietatik
"irudi-irudiak" egiteko balio izan duten iruzkinak.
Adibidez, ilargia Ama Birjinaren sinboloa da, eta eguzkia, haren
laguna, Kristoren sinboloa. San Leon elizako lehen galerian,
128. salmoa irudikatu dut: «seme-alabak olibondo gazteen pareko
(izango dira) zeure mahai inguruan». Katekumenoen olioa dago.
Abenduko lehen prefazioaren arabera: «Bera berriro etorriko da
bere loriaz apaindurik». Fedearen argitan itxaroten da: ilargiarenaren
antzeko argi hauskarak gizadiaren fedearen iluna argitzen du…
Kristoren argi betearen zain. Hor zeruko Jerusalem duzu ikusgai,
ate estu bat duela: «Zure izenak, Jerusalem, diamante baten gisa
distiratuko du», Isaias 60. Hemen,
1. salmoa: «(Gizona)… Ur-xirripen ondoan landaturiko zuhaitzaren
antzeko da: bere sasoian fruitua dakar, eta ez zaio hostorik ihartzen».
Hor, berriz, mahastia duzu, Itun Zahar eta Berrian ageri den molde
eta manera guztietan.
-Beti
ere, aldaketa txikiak izango dira kartoitik gauzatzera bitartean? Bai beti, zeren eta
hemen kartoia pintorearen abiapuntua baita, gero «tamaina naturaleko»
marrazkia dator, beiratearen aurretik. Hemen, Lazaroren piztueran,
kusku bat esan liteke, zerrenda batzuk ageri dira, hilobiko iilunpeetatik
ateratzen da eta landare bat atzetik pasatzen da, hilobitik erauzia
bezala.
-Zure lana preziatzeko, halako
kultura erlijioso baten jabe izan beharra dago; zure ustetan,
San Leonen sartzen den edozein ez da harrimenak jorik geratzen,
beirateen sinbolismoa dela eta? Alabaina, dena idatzia
duzu, erreferentzia biblikoak beirateetan daude, testuak irakurri
besterik ez duzu egin behar! Bigarren galerian, hegoaldean, Moiseren
Bokazioa azaltzen da sutan zegoen sasiarekin, Jainkoaren izenaz
horniturik, «Ni naiz», behean Bazko leheneko arkumea, belar mingotsekin.
Leihoburuan, gurutzea odolez marrazturik dago. Ikusten duzu, badira
hor Irteera 3 eta Irteera 12! Hor,
Kristo ospe handitan Erdi Aroan irudikatzen zuten eran, Vézelayko
Kristo, oinak lurrean dituena, beirazko lauza da.
Beirazko lauzaren teknika
-Orain, azal iezaguzu zer den
beirazko lauzaren teknika beiragintzan. Beira
lauza moduan da, mailuz lantzen den harria bezalakoa…
-Hortik datoz printza txikiak? Bai,
hala beraz, printza horiek nahita eginik daude harriaren perimetroa
tailatu ondoren, materia alderik alde zeharkatzen duen zera bizi
hori ematearren.
-Hala berean, akuarelista dohainak
ere badituzu zuk… Bai,
hona organoa argitzen duen leihoko beiratea: antifonario edo kantu
sakratuen bilduma bat irudiztatzen du, beirate zaharretan berreskuraturiko
armak ageri direla, beste testuinguru batean antolaturik, hemen
Laetare (Bildu guregana) igandeko sarreraren hasierako partitura
gregoriarra eta antzinako erlijio liburuetatik harturiko bi iruditxo.
Hemen Angeluko basoa, lore mota guztiekin, eta hemen loraturiko
gurutze bat.
-Proiektu benetan betea eliza
hau… Bai… Sarreran Ama
Birjina eta Haurra ageri dira, abuztuaren 15eko liturgiarekin,
eguzkiak apaindurik, koroa gisa hamabi izar dituela. Hemen, Ama
Birjinaren letaniak –izanez omengarri, arrosa miragarri, haranetako
lilia–, Jeseren kimua, Kristoren zuhaitz genealogikoa.
Markoak begirada kontzentratu
beharra dakar
-Markoen barnean
lan egitea, neurri batean, Giottok Paduako Arenako kaperan egindakoa
bezalakoa da, horrek definitu baitzuen 1305ean koadroaren nozioa
freskoetan.
Bai,
zeren eta beiratea neurriz gainekoa baita, leihoarekin uztartu
beharra dago, eta irudia horren mende izango da: leiho estu eta
luzea, zuhaitz baterako egokia izango da; leiho zabalak, friso
bat har dezake. Markoak begiratzen ari denarentzat
begirada kontzentratzea dakar… eta beiragintzak espazioa erabat
betetzera behartzen du! Adibidez, Landetako Buglosse
ondoan, San Bizente Paulekoaren sorterriko seminarioko kapera
baten beirateko gurutze-itxura duen Kristo hori. Haren atzean,
Ostiral Santuko eguzki gorria aurkitzen da, heriotzaren aurrean
eguzkia itzaltzen da eta hemen pizkundea ageri da, eguzki bat
letra grekoetan. Larrañeko elizan, uraren
gaia ageri da: Moisesek makilaz jotzen du urre koloreko haitza
eta ura jariatzen da. Hebraitarrak egarri izaki, gaizki esaka
ari ziren Jainkoaren aurka. Hemen Moises dugu, 41. salmoa, Horebeko
haitzetik ura jariarazten duela. Erromes bat, gau eta egunez dabilena. Aiñharbeko eliza, Donapaleuren
eta Mauleren artean, «Jakobe bidean»: gelditu den erromesa eta
bidegurutzea. Artzaina, eta herriarekin zerikusia duen guztia:
haritzak, iturriak, artoa…
-Eta Arbonan? Bai,
Cestac aitaren arrebak Arbonan ematen zituen oporrak eta apaizak
beirate hori egin nahi izan zuen Michel Garicoïts santuaren
eta Louis Edouard Cestac aitaren erretratua, euskarazko hitz hauekin
«Xutik eta ibil». Erori den norbait da.
Obra handia Reunion uhartean
-Zure lanak nonahi aurkitzen
dira gure eskualdean, Angeluko San Leonen eta non gehiago? Departamenduko alde
guztietan baina nire lanik handiena Reunion uhartean egin nuen,
Saint-André-n, sumendiaren hegaletik gertu, 1990-1991 bitartean.
Garaiko apaiza, Baptiste apaiza, nire kapitaina izana zen armadan… Hona
Reunioneko beirateak: 5 metro bider biko lau beirate handi, 2
metroko diametroa duten 3 arrosa-leiho handi, 2,5 x 1,5 metroko
10 beirate.
-Kontuan hartu behar izan zenuen
uharte hartako argi berezia? Ez,
bakarrik hango beirateek are molde bereziago batez distiratzen
dute. Ez da eguzkiak distirarazten duena, baizik eta egunak…
-Are eguneko argia ere desberdina
da han, zeren eta eguraldi eroria denean ere, argi-kontraste harrigarriak
baitira… eta gero elizek irekiune aski dituzte… Aireztatuak
gainera…
-Zein gai aukeratu
zenituen? Lana agindu zuenarekin eginiko solasetatik sortu zen?
Guztiz aske zinen? Apaizarekin ados jarririk,
hor Ama Birjina bat, bat Ikonoena bezalakoa, hemen Gurutzea munduaren
gainean landatua eta txoriez hornitua, Espiritu Santuaren zazpi
dohainak. Hemen, ekaitza, arrantza San Andresen
Gurutzearekin, eta bataiategian irakurketarekin zerikusia duen
guztia: sua, bazko zuzia, Espiritu Santua. Arrosa-leihoan, Kristoren
judizioa eta heriotza, gizakien heriotza eta arimak pisatzea,
Kristo ospe handitan, honako esaldi honekin «Zure izenak, Jerusalem,
diamante baten gisa distiratuko du» Isaias 60. Batzuetan, baziren ezinbestean
betebeharrekoak: koruko hiru beirateetan, eukaristian, adibidez,
komunioko arrainak gorria izan behar zuen. Kristoren gurutzea,
landuriko zurean, habe baten gisa, hondo gorriaren gainean Espiritu
Santuaren zazpi dohainak irudikatzen dituzten zazpi adarrekin,
XII. mendeko gaia da, katedral batzuetan aurkitzen dena.
-Zuk jakin-min handia duzu,
guztiz irekirik zaude orotara zure erreferentziak oso anitzak
dira eta. Bai, bai…
Teknika, obratze-aldiak
-Zein dira obratze-aldiak? Lehenik zirriborro
bat, gero akuarela, eta maketa: kartoi aldia duzu hori… Gero, eskumenean ditudan koloreen
artean aukeratzen dut, zatikatzea behar denean egingo dut, egiazki. Nik
exijentzia txiki bat dut nirekiko, guztiz bidezkoa anitz urtez
beste baten obrak gauzatu dituen batentzat, nik ez nuke inoiz
beste baten esku nire marrazkiak gauzatzen utziko, neuk Lesquiberekin
hogeita hamar urtez egin dudan bezala…, eta hala ere, bera ez
da horretatik hil (barrea), ez dut orain nire burua exekutatzen
utziko…
-Baduzu lehentasunik teknikak
aukeratzeko orduan? Ez,
aise moldatzen naiz teknika guztiekin, hori mandatuaren araberakoa
izaten da.
-Zerk dakar lanen onarpena?
Halako itzala uzteko gogoa, Ebanjelioa irudiztatzekoa, ebanjelizatzeko
ahaleginetan parte hartzekoa…? Ez,
plastikaren bilaketa da bultzatzen nauena, bai eta irudiztatzen
dudan gaia Eskritura Santuetatik aterea izatea ere… Gero, iruzkinak
egitea ez da nire kontua…
-Zuk aprendizak prestatu dituzu? Ez,
hori ez da jadanik egiten, bakarrik emakume bat izan dut, bi aldiz
sei hilabetez geratu zena…
-Non aurkitzen dira zure beirateak? Alde guztietan pixka
bat, Angelun San Leon, San Migel eta Hirutasuneko elizetan, non
beirate guztiak neuk egin ditudadn, eta Blancpignon-en, Lesquiberekin
batera egin nuena. San Leon bukatu berria dut. Eta gero, pixka bat, Euskal
Herriko alde orotan: Elizaberri, Hazparne, Zuberoko
zazpi edo zortzi elizatan…
Une honetan Cestac* apaiza irudikatzen duen agindu
bat burutzen ari da Angeluko Notre-Dame du Refuge-n.
Charles Carrèreren estiloa:
maite duenari leial
-Charles
Carrèreren beirateen ezaugarriak azaldu behar izanez gero,
zer esango genuke? Hogeita hamar – berrogeiko urteak? Ez, nolanahi ere, ez
dagokit niri hori esatea, beirateak dira, besterik ez.
-Abstraktu asko ikusten den
garai batean, ez zara aldaezinaren papera egiten ari? Bai,
abstraktua modan dago, baina nik ez diot beldurrik haizearen kontra
joateari…
-Eta hori betidanik ezen, antza
denez, zuk zure estiloari aski leial iraun duzu Bai,
figuratiboari.
-Hala berean garrantzitsua
da beirateak beren testuinguruan ikustea, tokiarekin harmonian… Bai,
bestalde, bisitarazten ditudanean, ez ditut beirateak erakusten,
kapera ikustarazten dut… beirateekiko kontrastea sortzen duen
harria. Eremu txikiak, oso horma lodiak, eliza erromanikoak atsegin
ditut beren estilo soilagatik…
Beirateak partikularrentzat
-Pasa gaitezen arlo «zibilera»
orain. Partikularrentzako lana marjinalagoa da, agintzen dizkizuten
gaiak bestelakoak dira? Erromes
bat, antzezle bat, gaua eta ilargia saretxo batean biltzen dituen
«esnalea», loreen iratzartzea, farol piztailearen antza, Graal
Santua, Espiritu Santua eta jariaten den ura… urrezko oilarra,
gaua eta eguna begi gainean benda bat duela, lore multzoak, bere
errautsetatik berpizten den fenix hegaztia, lore gotikoz hornituriko
zuhaitza, liliak…
-Aski gai klasikoetan geratzen
gara, horrenbestez. Beirate guztiz originalak edo oso gaurkoak,
abangoardikoak egin behar izan dituzu, erakutsi didazun pierrot
ameslariaren ildokoak? Bai,
hori beirateetan egin dugu.
Agian, gutxien ezagutzen dugun
Charles Carrèreren alderdia: marrazkiak, pintura, betidanik…
-Goazen orain marrazkietara,
gouache lanetara. Horiek nire «kapritxoak»
dira, Goyak egindakoaren antzekoak, «kapritxoso» hutsa naizenez…
(barrea). Dena egin daiteke, bizitza,
heriotza, natura hilak, egiazkoen arabera egiten ditudan txoriak,
irudiak burezurretan… ezin dut zuhaitz enbor bat, burezur bat
ikusi, beraietan formak ikusi gabe, pixkana-pixkana etorri zaidan
fantasiazko era da hori… antropomorfismoaren bidetik espresioa
jartzen diet marrazten ditudan animaliei edo objektuei. Izenburuak
ere horrela etorri ohi dira, «Simon Estilita Egiptoko basamortuan,
zutabe batean bizi zen santua, behean haren gortea moldatzen duten
txori mahukadunak…, txorieme burukodunak eta ama nagusia»… 1967tik
1980ra bitarteko obrak dira horiek… Badira
nik jasotzen ditudan esaldi bikainak, irratian, France Culturen
entzuten ditudan esaldiak, liburuetatik atereak, Jacques Préverten
esaldiak.
-Noiz ezagutu zenuen Goya? Baionan,
eta Louvren.
-Eguneko zein alditan egiten
duzu lan? Hori gauez
egiten nuen, behiala lan asko egiten nuen gauez, baina orain ezin
dut. Igandetan margotu egiten nuen, gorde dudan langile-ohitura
da hori…
-Non eta noiz erakutsi dituzu
zure marrazkiak? Azken erakusketa Page
etxean, 1984an, eta ez ditut gogoko talde-erakusketak, besteren
artean itorik zaudenean, horrek ez du zentzurik niretzat… Orain, beste erakustoki bat
proposa diezadaten zain nago…
* Pierre Molères
monsinoreak 2001eko martxoaren 24an, 15h30etan, N-D du Refuge-n
inauguraturiko beiratea. (ITZULI) Argazkiak: Sophie Hontaas
Euskonews & Media 123.zbk
(2001 / 5 / 18-25)
|