Literatur
aldizkari bat zen Susa, estreinakoz 1980ko urtarrilean Donostian
agertua, eta 1994 bitartean 33 zenbaki kaleratu zituena. Bien
bitartean, 1983ko udazkenean argitaletxe bilakatu zen, Xabier
Montoiaren lehen poema liburua plazaratuta: Anfetamiña.
Aurreneko
urte haietan eragile nagusiak Josu Landa, Eneko Olasagasti, Iñaki
Uria, Pablo Sastre, Xabier Montoia eta Mikel Antza izan ziren,
eta pixkanaka beste idazle batzuk ere batu zitzaizkien (adibidez):
Joxerra Utretx, Itxaro Borda, Edorta Jimenez, Jon Arano, Iñigo
Aranbarri.
1986an Gabriel Arestiren lan
osoak argitaratu zituen Susak hamar liburutan.
1987an bilduma bereziak atondu
ziren, gaur egun ezagutzen ditugunak: Narratiba saila (nobela,
ipuina, kronika), Poesia saila, Erreferentziak saila (itzulpena),
Liburuak saila (saiakera, gutunak, artikuluak).
1995etik Zarautzen dauka egoitza
Susa literatura argitaletxeak, Gorka Arresek gidatua.
LIBURUAK ETA IDAZLEAK
170 liburu argitaratu
ditu Susa literatura argitaletxeak 2000ko abendua bitartean; orotara
105 idazleren lanak (horietatik euskaratutako idazle atzerritarrak:
17). Katalogoan 81 poema liburu aurkituko dituzu, antzezlanak
12, saiakerak eta gutunak 9; gainerakoak kronikak, ipuinak eta
nobelak dira.
Narratiban irakurrienak
izan diren idazleak: Juan Luis Zabala, Xabier Montoia, Harkaitz
Cano, Koldo Izagirre, Jon Alonso, Edorta Jimenez, Iñigo
Aranbarri, Pablo Sastre.
Poesian irakurrienak:
Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi, Gabriel
Aresti, Itxaro Borda, Juanjo Olasagarre, Urtzi Urrutikoetxea,
Igor Estankona.
Gaur-gaurko literaturaz
arduratzeaz gainera, Susa bi proiektu berritan murgildu da: 20.
mendeko euskal POESIGINTZA eta LITERATUR ALDIZKARIGINTZA ahalik
eta bizien eramatea-ekartzea 21. mendera.
XX. MENDEKO POESIA KAIERAK
Berrogei antologia laburrez osatuko
den XX. Mendeko Poesia Kaierak izeneko bilduma hasi zuen Susak
2000ko ekainean eta 2001eko azaroan amaituko du, Koldo Izagirrek
apailatua goitik behera. Dagoeneko 20 kaiera argitaratuta daude;
beste 20 kaleratuko dira aurtengo udaberrian eta udazkenean.
Gure
literaturak XX. mendean eta poesiaren bitartez eman ditu urratsik
garrantzitsuenak. Baina kontu jakina da poesia ez dela sekulan
izan kontsumo handiko jeneroa (nahiz eta askok uste baino kantatuagoa
izan den). Euskal literaturako obra nagusi batzuk liburu zirkulaziotik
desagertu egin dira. Horrexegatik iruditu zitzaigun egitasmo funtsezkoa
izango zela, XX. mendeko poesigintzaren antologia moderno bat
apailatzea.
Hiru arazo nagusi zituen egitasmoak:
a) antologiak edukiz sakona
eta zehatza izan behar zuen; eta orduan, bolumenez mardula
(beraz, garestia; irakurle gazteentzat batere komeni ez
zena);
b) antologia erabilgarria
egin behar genuen (ez pisu handikoa), irakurria izateko
sortu nahi baikenuen (eta ez zuzenean liburutegietan gordetzeko
sortua);
c) mendea ia amaituta zegoenez,
presazko lana zen (ez genuen lanean asko luzatu nahi, XXI.
mendeko ahalik eta denbora gutxien baliatu behar zen, alegia).
Hortik ondorioztatu genuen liburu
oso bat egitea baino hobe zela kaierak edo koadernoak egitea:
40 kaiera-antologia, 64 orrialdekoak. Modu honetan lortu ditugu
abantaila hauek denontzat:
1) autore bakoitzak bere
antologia propioa eta autonomoa dauka: espresuki idatzitako
hitzaurrea, poema antologia, bibliografia propioa, eta diskografia;
2) antologia bakoitza merkea,
osoa eta erabilgarria da;
3) derrigorrez dena batera
kaleratu behar ez denez, ez da dena batera ekoiztu behar;
eta aldi berean, irakurleek pixkanaka jaso eta barneratu
dezakete mende oso bateko edukia;
4) multzoka argitara ematen
dihardugu (hamarnaka): 2000ko udaberrian, 2000ko udazkenean,
2001eko udaberrian eta 2001eko udazkenean; hamarreko multzo
bakoitzean mendeko garai ezberdinetako poetak erakutsiz;
5) poetak ez ditugu ordena
kronologiko baten arabera plazaratu behar, adibidez: Orixe,
Lizardi, Lauaxeta...; beraz, Orixe, Atxaga, Aranbarri...
egin dezakegu, edo Lizardi, Aresti, Montoia...; irakurleek
estimatuko dute orotarik izatea argitalpen multzo bakoitzean,
antzinakotik pixka bat, gaurkotik beste pixka bat.
Beraz,
40 kaiera 64 orrialdeko: antologiak orotara: 2.560 orrialde (bi
urtetan). Neurri egokia mende osoko poesigintzaren erretratu sakona
eta zehatza eskaintzeko.
Kontu nagusia falta zen: Nork
egingo du? Talde lanean burutuz gero, irizpideak ia bateraezinak
bilakatuko ziren; antologia desorekatua eta nahasia. Koldo Izagirre
idazleari (eta poetari) proposatu genion egitasmo erraldoia, bakarrik
burutzekoa, maratoilari baten gisara. Baietz esan zuen, 16.000
poema baino gehiago irakurri zituen, eta argitaratzeko lehen 10
poetei erakutsi zizkien antologiak eta sarrerak. Sorpresa pozgarria
izan zen denentzat.
Lehenik plazaratu genituen: Orixe,
Salbatore Mitxelena, Xabier Iratzeder, Nemesio Etxaniz, Joxe Azurmendi,
Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Iñigo
Aranbarri eta Luis Berrizbeitia. Ondoren iritsi dira: Xabier Lizardi,
Iokin Zaitegi, Juan Mari Lekuona, Manex Erdozaintzi-Etxart, Gabriel
Aresti, Joxanton Artze, Jose Luis Otamendi, Xabier Montoia, Patziku
Perurena eta Rikardo Arregi Diaz de Heredia.
Interneten ere
irakur daitezke kaieretako pasarte batzuk. Eta osorik sarrera
guztiak, bibliografiak eta diskografiak. Hilik diren idazleen
poemei ahotsa ipini die Koldo Izagirrek, audio-artxiboetan. http://www.susa-literatura.com
LITERATUR ALDIZKARIEN GORDAILUA
Literatur aldizkariak izan dira,
nolabait esateko, gaur egungo literaturaren sukaldea.
1975eko urtarrilean sortu zuten
"Panpina Ustela" aldizkaria Bernardo Atxagak eta Koldo
Izagirrek. Handik gutxira hil zen, ekainean, XX. mendeko idazle
handienetariko bat, Gabriel Aresti. Fusilatuak izan ziren Txiki
eta Otaegi irailean. Franco jenerala, Espainiako diktadorea hil
zen azaroan. 25 urte besterik ez ziren falta mende berri batera
jauzi egiteko, ia dena zegoen berregituratzeko, eta gainera gure
literatura modernoko editorial garrantzitsuena (Lur argitaletxea)
erabat ahulduta geratu zen: aurrena istripuan hil zen Rikardo
Arregi eta ospitalean gero Gabriel Aresti.
Jarraian etorriko dira aldizkari
gehiago: "Pott Bandaren Berriemailea" Bilbon 1978an
(Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Jon Juaristi, Manu Ertzila,
Joseba Sarrionandia, Jimu Iturralde); "Oh! Euzkadi"
Donostian 1979an (Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Joxan Elosegi,
Juanba Berasategi, Ramon Etxezarreta, Gotzon Egia, Joxan Muñoz).
Eta berehala gehiago: "Susa"
eta "Xaguxarra" (Donostia), "Maiatz" (Baiona),
"Txistu y Tamboliñ" (Durango), "Korrok"
eta "Pamiela" (Iruñea), "Stultifera Navis"
eta "Kandela" (Gasteiz)...
Gaur egun idazle oso ezagun diren
askoren plaza, frogaleku eta aldarrikapen tresna izan ziren literatur
aldizkariak. Aldizkari haietatik gehienak amatatu dira (bizi dira
hala ere Maiatz, Idatz eta Mintz, Egan...). Zaila da liburutegietan
denak eskuragarri aurkitzea. Literatur aldizkari horiek aztertu
gabe (eta ia irakurri ezinik) herren geratuko da gure literaturaren
historia ulertzeko bidea, kontuan hartuta idazleen garai bizi
eta gazteena hor zela jokoan.
Guri, Susa literatur aldizkaria
osorik liburu batean ematea otu izan zitzaigun noiz edo noiz.
Baina ez zuen zentzu handirik Susa soilik argitaratzeak. Desagertutako
aldizkari guztiak argitaratzen hasi beharko genuen? Aldizkarien
antologiak egiten agian? Astakeria zen, ekonomikoki eta editorialki.
2000ko
ekainean hasi ginen lanean 16 aldizkari digitalizatzen eta fitxak
egiten. 2001eko martxoaren 24an aurkeztu genuen jendaurrean IBIÑAGABEITIA
PROIEKTUA (Literatur Aldizkarien Gordailua). Oraingoz 16 aldizkariren
zenbaki guztietako testuak osorik paratu ditugu Interneten, doan:
"Igela", "Ustela", "Pott", "Oh!
Euzkadi", "Susa", "Xaguxarra", "Txistu
y Tamboliñ", "Korrok", "Kandela",
"Ttu-ttua", "Txortan", "Porrot",
"Literatuz Gazeta", "Mazantini", "Garziarena"
eta "Zantzoa".
Hurrengo fase batean erantsiko
ditugu gehiago: Euzko Gogoa, Gernika, Plazara... eta abar.
Literatur Aldizkarien Gordailua
Interneten: http://www.armiarma.com/andima
Eskerrik asko hauek guztiak egiten
lagundu diguten adiskide guztiei. Eta bereziki hiru idazle eta
langile nekaezini: Koldo Izagirreri, Mikel Elorzari eta Josu Landari.
Gorka Arrese, Susako editorea |