|
Espainiako
Konstituzioak bere 3. artikuluaren 2. atalean honela dio:
"Espainiako
beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego
Autonomoetan, berauen Estatutuei dagozkien eran".
Euskadiko Autonomi
Estatutuak bere 6. artikuluaren 1., 2. eta 3. ataletan honako
hau aldarrikatzen du:
"Euskarak,
Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialaren
maila izango du Euskadin gaztelaniarekin batera eta guztiek dute
bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
Komunitate Autonomoko
erakunde amankomunek Euskadiko egoera sozio linguistikoaren ñabardurak
kontutan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, beroien
ofizialtasuna erregulatuz, eta beroien ezagutza segurtatzeko behar
diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte.
"Hizkuntza
dela eta, ez da inor gutxietsiko".
Konstituzio Auzitegiak,
Euskararen Normalkuntza Legearen aurka jarri konstituzioaurkako
helegitean eman zuen 82/1986 epaian, hizkuntzaren ofizialtasunaren
definizio edo mugaketa zehatz bat ezarri zigun. Ofizialtasunak
hizkuntzaren erabilpena bermatzen du, balioztapen osoz eta lege
eraginkortasunez, ohiko komunikabide bezala, botere publikoetan,
botere publikoen artean eta subjektu pribatuekiko harremanetan.
Berdin Konstituzio Auzitegiaren 74/1989 epaiak, bere 3. Lege Oinarrian.
Hizkuntza ofiziala
lege ordenamenduan Estatuaren hizkuntza bezala aintzat hartzen
da. Beraz, Administrazio eta Botere Publikoek derrigorrez ezagutu
behar dute eta baita erabili ere, hiritarrek eskatzen badiete.
Ofizialtasuna lege-baldintza bat da, hizkuntzari lotua bai esparru
publikoan bai esparru pribatuan. Hizkuntzaren ofizialtasunak ez
du zer ikusirik gizarte egoerarekin, lege kontua da. Horregatik,
Epaile Botereak eta Justizia Administrazioak nahi ta nahi ez ezagutu
behar dute.
Orain, Konstituzio
jurisprudentziak dioenez, ezagutza hori Administrazio edo botere
publikoari bere osotasunean dagokio eta apurka apurka gauzatzen
joango da, mailaka lortzen, poliki poliki, ez bat batean, justizia
Administrazioaren langileria elebidun egiten doan neurrian eta
hori ez da egun batean burutzen dena. Baina, honek ez du esan
nahi "sine die" utzi behar denik; zentzuzko eta
egoki diren epeak premiazko dira.
Justizia, legeak
aplikatuz, Epaile eta Magistratuek administratzen dute, Fiskal
eta Idazkariak inguruan dituztela, Ofizialak, Administrariak eta
Agenteak laguntzaile izanik eta Sendagile forenseen ikerketa eta
txostenak frogatzat harturik.
Ba, guzti hauei
eta hauetariko bakoitzari, ezin zaie derrigorrez hizkuntza koofizialaren,
hau da, gure kasuan, euskararen ezagutza eskatu, ezin zaie hizkuntza
eskakizunik ezarri lanpostu zerrendan.
Euskara ikasi,
euskaran trebatu eta euskaraz jabetzea merituzko gauza izango
da, borondatezko zerbait, bakoitzaren nahiari loturik geldituko
da, soilik.
Orduan, derrigortasunik
ez bada, esango didazue Justizia Administrazioa nola euskaldundu
daitekeen. Justizia Administrazioak euskara ezagutu behar du,
baina administratzen dutenek ez dute zertan ezagutu ("contradictio
in terminis"), ez dute ezagutu beharrik, eta, ikasten
badute, meritu hutsezko izango da, ez ezinbesteko zerbait. Eta
guzti hau Epaile Boterearen Lege Organikoak bere 471. artikuluan
hizkuntza koofizialaren ezagutza "meritu gisa" balioztatuko
dela dioelako, nahiz eta erregelamenduz, zerbitzuko langileentzat,
funtsezko baldintza bezala kontuan hartua izango dela agindu.
Juzgatzaile edo
funtzionario, euskara ikasi beharrik ez dute, ikasiko dute nahi
badute.
Bien bitartean,
itzultzaileekin jokatu beharra dago, hauen lanaz baliatu, beste
erremediorik ez dago.
Baina, hizkuntza
ofiziala eta itzulpena ez datoz bat, ezin dira josi. Kontraesan
nabari bat ematen da bien artean.
Itzulpena ofizial
ez diren edo atzerriko hizkuntzentzat da, hauen hiztunek ere funtsezko
eskubideak bermatuak behar dituztelako eta epaitegi eta auzitegietatik
benetako babesa behar dutelako eta ez defentsarik eza. Hizkuntza
ofizialekiko itzulpena diskriminatzaile eta gutxiesle da justizia
administrazioan. Ikusi, bestela, Epaile Boterearen Lege Orokorraren
231. artikuluaren 4. atala eta Euskararen Normalkuntza Legearen
9. artikuluaren 1. atala. Itzulpena bakarrik litzateke beharrezko
auzi partaideren batek hizkuntza ofizial hori ezagutuko ez balu.
Herrialde edo
Gutxiengo Hizkuntzen Europar Gutunak hizkuntza hauentzat bakarrik
onartzen du itzulpena (9.artikulua), badakielako hizkuntza hauek
ez direla ofizialak (1.artikulua). Ofizialak balira, "a
sensu contrario", ez lukete itzulpenik beharko.
Amaitu baino
lehen. Aipatu dugun Euskadiko Autonomi Estatutuaren 6. artikuluak
euskara "Euskal Herriaren berezko hizkuntza" dela dio.
Zer adierazi nahi da horrekin? Euskadik hizkuntza hori "bere"
duela. Hizkuntza honen "jabe" dela, ondorio guztiekin.
Jabegotik datorkion eskubide oro erabili behar duela hizkuntza
hori jagon, babestu eta garatzeko. Hau da, lehenik, hizkuntza
hori Administrazio "autonomikoarena" dela, Administrazio
honek erabili egin "behar" duela eta usatu, eta
erabili behar duela "batez ere". Euskadik beste
hizkuntza, gaztelania, ofiziala du soilik. Euskara "berea"
du, aurrenik, eta "ofiziala" ondoren; beraz, "berea"
eta "ofiziala". Hots, "ofiziala" baino gehiago.
Autonomia Administrazioaren hizkuntza printzipala. Eta Administrazio
horretara daude eskualdaturik 1996ko martxoaren 15etik Justizi
Administrazioaren baliabide pertsonalak ere. Ondorioz, Justizia
Administrazioaren zerbitzuan dagoen langileria honek euskara erabili
behar luke "batez ere", Autonomia Administrazioak "bere"
duelako, ez bakarrik "ofizial". Eta hau ez da lortzen
"merituzko" zerbait kontsideratzen bada soilik; "derrigorrezko",
"funtsezko" kategoria formala behar du.
Euskara gure
Erkidegoan ofiziala da, batik bat, "berezko" delako,
eta gaztelania legeak dioelako. Horra hor diferentzia.
Harira datozkigu
Konstituzio Auzitegiaren 46/1991 (2. eta 3. Lege Oinarriak) eta
337/1994 epaiak.
Gauzak honela,
Epaile Boterearen Kontseilu Orokorrak, hizkuntza eskakizuna Justizia
Administrazioan arautzen duen Dekretu proiektuari buruzko aurtengo
martxoaren 7ko bere txostenean, hara non dioen euskararen eskakizunak
merituzko behar duela eta ez funtsezko baldintza mailadun.
Ministro Kontseiluak,
bere aldetik, bi egun geroago, martxoaren 9an, alegia, Justizia
gaurkotu eta lan baldintzak finkatzeko Sindikatuekin egin II Akordioa
onartzen duen 309/2000 abenduaren 26ko Dekretuari buruz, eskuduntza
ezaz salatzen du Eusko Jaurlaritza eta Dekretu hori deusezta dezala
eskatzen, besteak beste, euskararen inguruko arazoa dela eta,
hau da, merituzko behar duela lanpostu zerrendan eta ez derrigorrezko.
Mehatxu egiten
dio, gainera, Gasteizko Jaurlaritzari ihardetsiz Konstituzio Auzitegiaren
aurrera eramango duela, eskuduntza gatazka positiboa aurkeztuz.
Egia esan, eskuduntza
gatazka hau orain bi urte ere jarri zuen (3783/98) Eusko Jaurlaritzaren
63/1998 Dekretuaren aurka (Justizia Administrazioaren Langileriaren
lan baldintzaz).
Gure Kontentzioso-Administratibo
Aretoak ez du gutxiago izan nahi eta oraintsu, berriki (00-X-27),
epai bat igorri digu Justizia Administrazioaren bitarteko funtzionarioei
ezin zaiela euskararen ezagutza exijitu erabakiz, horrek 249/1996
otsailaren 16ko Errege Dekretua hautsiko lukeela eta.
Hala ere, ez
dugu harritu behar. Autonomian gaude eta autonomiaren sustraia,
erroa, ez da eskubidea; autonomia opari bat da, subiranotasuna
duenak eman dezakeena. Autonomia hartu egiten da, besterik gabe.
Autonomian subiranotasunaren esku zaude. Subiranoaren menpetik
alde egiteko autonomia gainditu egin behar da. Gu ez gara "geu"
opariz, erregaluz. Berez eta eskubidez gara "geu".
Abel Muniategi Elortza, Justizia
kontseilari ordea |