Hogeita
hamaika urteko gaztea dela jakitea deigarri gertatzen da, izan
ere trinkotua eta aberatsa baita Xabier Iriondo Arana donostiarraren
jarduera. Zuzenbidean lizentziaduna da eta Zuzenbide Europarrean
masterra egiteaz gain, lau urtez Zuzenbide Fakultateko bekaduna
izan zen hizkuntza eskubideen ikerketarako. Urte betez Zuzenbide
Administratiboko irakasle gisa aritu zen Donostian . HAEEko zerbitzu
juridikoan ere izan da eta egun Eusko Jaurlaritzan dago, Barne
Saileko aholkularitza juridikoan lanean. Abokatu bezala tarteka
udaletxe zein partikularrentzat txosten juridikoak egikaritu baditu
ere, hizkuntza eskubidea adoptatu du arlotzat. Esparru honen inguruan
20 bat artikulu idatzi ditu –Revista Vasca de Administración
Pública, Bat, Llengua i dret, Eleria, Administrazioa Euskaraz...-
eta konferentziak eman ditu nazioartean zein Euskal Herrian. Eusko
Ikaskuntzak eskaintzen duen Jakitez programako irakaslea ere bada,
eta "La institucionalización jurídica y política
de vasconia" liburua idatzi du Gurutz Jauregi eta José
Manuel Castellsekin batera. Honetaz gain, Hizkuntza Eskubideen
Deklarazio Unibertsaleko egile taldeko partaidea izan zen arlo
juridikoan eta baita europar batzordeko aditu taldeko partaidea
ere, Moldaviako hizkuntza normalkuntza bideratzeko taldean.
-Zer dira Hizkuntza Eskubideak?
Non aurrikusten dira, nazioartean eta Estatu mailan? Zein legetan? Egia esatera, gai hau nahiko
metajuridikoa da, bertan uztartzen baitira Zuzenbidea, Soziolinguistika
eta hizkuntzarekin zerikusia daukaten beste hainbat diziplina.
Hizkuntza Eskubideak berez ez dira aurrikusten inongo ordenamendu
juridikoan. Hizkuntza Eskubideak zeharka babesten dituzten ordenamendu
juridikoak badaude, izan ere konstituzio gehienek aurrikusten
baitituzte. Aurrikuspen honek ondorioz dakarrena da hizkuntza
horien estatus juridiko bat. Estatus honek hizkuntza horien babes
handiago edo txikiago bat dakar. Nik dakidala, inongo konstituzioek
ez dute aurrikusten Hizkuntza Eskubiderik bere horretan. Egin
den saiakera bakarra "Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala"
izan da, Bartzelonan onartu zena 1996. urtean. Deklarazio honek
Hizkuntza Eskubideak definitu eta zerrendatu nahi zituen; zer
diren eta zeintzuk diren. Saiakera egin zen baina gaur, 2001.
urtean, ez dakigu zehazki non dagoen.
Hizkuntza
Eskubideak izan daitezke bakoitzak, gizabanakoek zein komunitate
linguistikoek, daukan eskubide bat bere izaeraren ardatz nagusia
den hori ezagutzeko eta erabiltzeko. Hizkuntza Eskubideak bere
horretan ez existitzeak, Hizkuntza Eskubideen babesa beste eskubide
batzuen bitartez bilatzera garamatza. Hizkuntza Eskubideak beste
eskubide batzuen barnean edo bitartez azaltzen zaizkigu: Adierazpen
askatasunaren eskubidea, Hezkuntza eskubidea, Katedra askatasunaren
eskubidea... Eskubide guzti hauek eskubide konkretuak dira, eta
horien eduki linguistikoari deitzen diogu Hizkuntza Eskubidea.
Egun ez da existitzen Hizkuntza Eskubide konkreturik, ez da existitzen
Hizkuntza Eskubide positiborik, eta ondorioz ez da existitzen
Hizkuntza Eskubide horiek babesteko inongo organo judizialik.
Eta hori da, hain zuzen ere, Justizia eta Euskararen auzi honetan
arazo nagusiena. Zaila da Hizkuntza Eskubideak definitzea ez direlako
existitzen. Gure baitan existitzen dira eta baita gure izaeran,
baina ez ditugu idatziak inon aurkituko. Hizkuntza Eskubideak
ez dira inon aurreikusten, baina beste eskubide batzuetan bilatu
behar dira.
-Ba al dago honen existentzia
gauzatuko den itxaropena? Lortuko al da noizbait? Bai, baina oso zaila izango
da Hizkuntza Eskubidea beste eskubide batetik argitzea. Zuk nahiko
bazenu Hizkuntza Eskubideak zerrendatu, beti ere egingo zenioke
erreferentzia eskubide konkretu bati eta honen eduki linguistikoari.
Hizkuntza Eskubideak entelekia bat dira, inork ez daki non dauden
baina guztiek hitz egiten dute beraietaz. Pertsona batek hizkuntza
bat edozein lekutan hitz egiteko eskubidea dauka, herri batek
bere hizkuntza babesteko eskubidea dauka eta hizkuntzak berak
ere, existitzeko eskubidea dauka. Baina ez daude inon definituta,
ezta zerrendatua ere.
-Zein balorazio egingo zenioke
Euskararen Normalkuntzarako Legeari? Euskararen Normalkuntzarako
Legeak hogei urte bete ditu eta bere hegalpean lorpen asko egin
dira, nabariak gaur eguneko gizartean. Egia da ere sektore batzuetan
oso motz gelditu dela, baina ez legea bera, legeak esaten duen
dena beteko balitz, gaur egun ez ginateke gai hauetaz hitz egiten
egongo. Legeak argi jartzen baitu hiritarren eskubidea Justizia
Administrazioaren aurrean existitzen dela. Lege horren garapenerako
egin diren dekretuak dira ezin izan direnak guztiz garatu. Legea
bera ona da, lorpen handiak egin ditu eta bere osotasunean beteko
balitz ikaragarria izango litzateke. Ez da bete, eta, hala ere,
bete ezak ez du esaten legea ona edo txarra denik. Betetze ezak
gizarte honetan legea iristen ez den esparrua badagoela adierazten
du, borondate politikoak bete beharko lukeena alegia. Euskararen Normalkuntzarako
Legearen balorazio positibo bat egingo nuke baina zalantzarik
gabe legea ere hobetu daiteke. Konkretuki elebitasun simetrikoa
ezartzen duen 8.2 artikuluak onura baino kalte handiagoa egin
du eta egiten du gaur egun, baina hori ez da legearen errua, Konstituzionalaren
errua izan zen. Lege ona da Euskararen Normalkuntzarena, garapen
eskasa izan du ordea.
-Zein da lege honen baliagarritasuna
gaur egun? Legea ez dago guztiz garatua
baina gaur egun eta bizi dugun egoera kontutan harturik nik ez
nuke ukitu ere egingo. Ukituko bagenu txarrerako izango litzateke,
orain dagoen botere oreka ikusirik. Legea izozkailu batean sartu
beharko lukete eta bertan utzi. Beste egoera politiko batetan
legea hobetu zitekeen, arlo konkretu batzuetan behintzat. Planteatuz,
adibidez, maximo eta minimo desberdinak egoera soziolinguistiko
ezberdinetako barrutietan. Guztiz euskaldunak diren hainbat herrietan
legea motz gelditzen da, baina ez die ere lan egitera oztopatzen.
Beste alor bat izango litzateke lege horrek udalei eman beharko
liekeen babesa, nahi izanez gero euskara hutsa erabil dezaten,
beti ere euskaldunak ez diren pertsonen Hizkuntza Eskubideak errespetatuz.
-Zer deritzozu Nafarroako Vascuencearen
Legeari eta Hizkuntza Eskakizunei buruzko dekretuari? Dekretuak legea garatu
beharrean, lege horrek ezartzen zituen zenbait minimo zeharo murrizten
ditu. Nire ustez, dekretua alor askotan Vascuencearen Legearen
kontrakoa da. Vascuencearen legeari buruzko balorazioa ez dator
gaira. Lege hau baino askoz larriagoa den dekretua baldin badaukagu
ez gara Vascuencearen Legea bera kritikatzen hasiko. Eta
Vascuenceran Legeari buruz gauza asko esan daitezke, hala eta
guztiz ere, Vascuencearen legea on bezala hartuz, dekretua askoz
eskasagoa da eta, zalantzarik gabe, legez kontrakoa. Horregatik
aurkeztu dira helegiteak, aurrera ateratzeko aukera handiak dituztenak.
Euskararen merezimendu bezala, balorazioarena, ez dator dekretuan,
orden batean aldiz. Orden honek dekretuak dioena zehazki garatzen
du eta dekretu honek aurreko bat indargabetzen zuenez, orden berri
bat atera behar izan dute, koofizialtasunaren aurka doana gainera.
Lotsagabekeri bat iruditzen zait eta helegitea berehala aurkeztu
beharko litzatekeelakoan nago.
-Eta Nafarroako
Gobernuaren Hizkuntza Politikari? Nafarroako Gobernuaren
Hizkuntza Politika beste lotsagabekeri bat iruditzen zait. Eta
lotsagabekeria izateaz gain, iruditzen zait gainera, ordenamendu
juridikoak zer suposatzen duen ez ezagutzea inondik inora, eta
ezagutzen badute ere, nahita ordenamendu juridikoak adierazten
duena bortxatzea, helburu politiko batekin, euskara helburu politikoetarako
erabiliz, euskara manipulatuz. Nafartasuna errebindikatzeko ez
dago zertan euskararekin sartu beharrik. Pertsona bat oso nafarra
sentitu daiteke, eta euskalduna izan. Nik helegiteetan esperantza
jarrita daukat, baina ezin dezakegu ezer espero. Hala ere, euskaldunek
ere badaukagu honen errua, agian guk, euskaldun batzuk, hasi dugu
euskararen manipulazioa eta eskuetatik joan zaigu. Eta agian euskararen
manipulazio politiko hori eragin dugunok, orain jasan behar ditugu
gure erabilera horren efektuak. Nafarroak, Euskal Herriari jarriko
balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak. Eta horrek
urratzen ditu printzipio orokor guztiak eta nazioarteko itun asko.
Astakeria da, baina gure errua ere bada. Aingeru Epaltza idazleak
behin esan zuen, euskaldunak iskanbilatsuak garen arren itzal
gutxikoak garela, gure gauzak behar ez diren neurriak erabiliz
aldarrikatzen ditugula. Itzal handia izatea da premiazkoa, euskarari
prestigioa eman nahi badiogu euskaldunok prestigioa izan behar
dugu. Onenak baldin bagara gauza askotan, gure hizkuntzak ere
itzala izango du gizartean eta garrantzitsua izango da. Hori ez
da gertatu ordea. Hala ere, egoerak ez du txarrera egingo, Espainiak
Europar Hizkuntza Gutxiagotuen Karta berretsi berri du eta horrek,
derrigorrez suposatu behar dizkielako Estatu Espainiarrari eta
Nafarroari obligazio batzuk. Nire ustez Dekretuak Hizkuntza Gutxiagotuen
Kartaren zenbait artikulu urratzen ditu, beraz ezin du okerrera
jo.
-Zer iruditzen zaizu Euskal
Autonomi Erkidegoko Administrazioan euskarak berak duen presentzia? Administrazioa elebitasunera
egokitu behar da eta horretarako, hizkuntza biak menperatzen dituzten
langileak eduki behar ditu. Hau oinarritzat hartuz, gero praktikara
eraman behar da. Jaurlaritzak dekretu bitartez ezarri zuen euskara
menperatu beharko lukeen ehunekoa, eta nire ustez neurri egokiak
erabili zituen: euskaldunak gehi ia euskaldunak zati bi. Badakit
honek eramaten duela ikaragarrizko ezberdintasunetara. Badaude
pertsona batzuk zeintzuk uste duten neurri hau gutxiegi dela,
eta astakeri bat dela dioten beste batzuk. Nire aburuz ez da gehiegikeria
baina ezta gutxiegi ere. Gaur eguneko egoera kontutan hartuz,
duela urte batzuk baino euskaldun gehiago daudela esan dezakegu,
beraz portzentai hori igo beharko litzatekeela uste dut. Eta are
gehiago, agian administrazioak gizarteko portzentai horietara
egokitu beharrean aurretik joan beharko litzateke, eredua izan
beharko litzateke.
-Europa, Globalizazioa, Teknologia
Berriak, Inmigrazioa... Hauek guztiak gaur eguneko hitz potoloak
ditugu, hauen artean, non aurkitzen da euskara?
Gurea
herri txikia da eta hizkuntzak hiztun gutxi ditu. Hala ere, euskarak
bere unibertsoa lortu behar duelakoan nago. Unibertso hori ez
da lurralde konkretu batera murriztu behar. Frantzian frantsesa
ingelesaren aurrean babesteko legeak atera dituzte. Nik esango
nizuke, euskarak beti izango duela bere lekua, azken finean gure
nortasunean oso errotua dagoen hizkuntza delako, eta guk beti
mantenduko dugu. Baina bai bilatu behar duela bere esparrua teknologia
berrietan, zuzenbidean, kimikan, medikuntzan... Esparru guztietan.
Euskara ez da globalizazioaren mundu honetan desagertuko. Globalizazioarekin
denon arazoak denonak egingo ditugula uste dut, eta zentzu honetan
ulertu beharko genukeela uste dut. Globalizazioa elkartasunaren
parean egon beharko litzatekeela uste dut. Guztiok guztion arazoak
ulertu behar ditugu, eta mundu hobeago bat egiten saiatu behar
gara. Argazkiak: Teresa Sala
-
Euskonews & Media 120.zbk
(2001 / 4-27 / 5-4)
|