PADURA-EKOSISTEMAK
Hezeguneak
edo leku hezeak orohar, bai itsasaldekoak eta bai barrualdekoak
ere, biosferako ekosistemarik berezienetakoak dira, eta aldi berean
ahulenetakoak ere. Hauen artean aipa daitezke padura ekosistemak.

Padurak ibai bokaletan
eratzen dira, landaredi fanerogamaz estaliriko lur eremuak dira,
eta itsas uraren aldian-aldiko urgaineztatzea jasaten dute. Eremu
hauek marea hiletan sedimentuak marea goreneko maila heltzen duenean
sortzen dira. Ibaietatik eta itsasotik datozen materialak pilatuz
doazen moduan lur eremu horiek landare eta animaliaz kolonizatuak
izan daitezke. Deposizio eta sedimentazioa aurrera doala landare
eta animalia espezie ezberdin gehiago finkatzen doaz.
Padurak orokorrean
dibertsitate baxuko baina ekoizpen primario eta singularitate
altuko eremuak dira. Paduretako lurzoruek gazitasuna eta aldian-aldiko
ureztapena dute berezitasun, eta bertan espezie askoren garapena
mugatuta dago. Itsas bazterreko baldintza gogorrak, baldintza
salinoak, haize gogorrak, oxigeno falta, materia organikoaren
akumulazio eskasa, besteak beste, landarediaren hazkuntza
muga dezaketen baldintzak dira.
Paduretako landaredia
marearen gradientea jarraituz finkatzen da, kanpotik barrura itsasadarreko
baldintza fisiko eta kimikoak aldatuz doaz ureaztatze maila aldakorra
da eta. Padurako goi aldea normalean ez da urazpian geldituko
baina, marea bizien kasuan urazpian geldituko ohi da eta padurako
behe aldea urazpian gelditzen da marea gorenetan.

Landare espezie gutxi
batzuk, halofitoak kasu, mekanismo fisiologiko berezi eta konkretuak
garatzen dituzte ingurune hauetan bizi ahal izateko, eta estrategia
hauek ezberdinak dira paduran zehar. Finkatzea lortzen duten espezieek
balio ekologiko handia dute ekoizpen altua eta estaldura handiak
lortu ahal baitituzte. Honek berebiziko garrantzia du elikagai-zikloan
eta hainbat animaliren habitatean ere, adibidez arrain, hegazti
eta ornogabe ugarien habitatean.
Padurak kostaldeko
eremuak izanik gizakiaren eragin handia jasan izan eta jasaten
dute eta honekin transformazio eta atzerakada handia. Orain gutxi
arte, padurak finkatzen direneko lur eremu horiek bestelako ekintzetarako
(nekazaritza, etxegintza, industria...) erabili izan dira mundu
osoan zehar. Itsasadarrak eta bertan kokatzen diren padurak ekoizpen
gabeak eta zatarrak bailiren bezala ulertu izan dira eta gainera
itsasertzean duten kokapenagatik gizakiaren presio bortitza jasan
izan dute. Askotan nekazaritzarako erabilgarriak diren soroetan
bilakatuak izan dira, honetarako uraren sarrera galerazten duten
muroak eraikitzen dira, zonaldea bete eta gehiegizko ureztatzea
ekiditen duten kanalak irekiz. Era berean, eremu hauek etxebizitzak
zein industrialdeak eraikitzeko erabili izan dira.

PADUREN EGOERA EUSKAL HERRIAN
Euskal Autonomia
Erkidegoko kostaldeak 192 km ditu (Bizkaian 108, Gipuzkoan 84),
eta ibaiertzek ere antzeko luzera dute. Aintzinagoko beste garaietan
(Postflandrienseko garaian) 18 itsasadar zeuden 72 km 2 tako
azalerarekin. Geroztik 32 km 2 (44 %) galdu ditugu
eta gure kostaldean itsasadarrek 40 km2 tako azalera
betetzen dute. Galera hori arrazoi ezberdinengatik eman da; alde
batetik, faktore naturalak kontutan hartu behar dira baina bereziki
faktore antropikoei egotziriko eraginak kontutan hartu behar dira;
azken hauen eraginez 29 km 2 tako azalera galdu baita
(desagertutakoaren 91 %).
Euskal kostaldean
padurek egun jasaten duten egoera larria da, itsasadar batzuetatik
guztiz desagertu dira eta beste batzuetan azaleraren ehuneko txiki
bat baino ez dute suposatzen. Beraz, ibai bokaletako padurek Euskal
Herrian duten egoera ez da oso lasaigarria, ibai bokaletan kokatzen
baitira gure herri asko eta garapenarekin loturik dauden hainbat
ekintza ere, lehenago aipatu dugun bezala.
Tradizioz,
Euskal Herrian 17 itsasadar deskribatu izan dira (9 Bizkaian,
8 Gipuzkoan), eta horietako batzuk desagertutzat jotzen dira arrazoi
antropikoengatik, nahiz gainerakoek ere eraldaketa maila desberdinak
dituzten. Honekin loturik, padura horiek berreskurapen potentzial
ezberdinak dituzte. Barbadun, Butroe, Urdaibai, Lea, Artibai,
Deba, Urola, Inurritza, Oria eta Txingudiko itsasadarrak aipa
daitezke oraindik, hauek padurako landaredi naturaleko guneak
dituzte geruzatan banatuta, eta maila batean beraz, funtzionalki
aktiboak dira.
PADUREN GARRANTZIA ETA KONTSERBAZIORAKO
ZERGATIAK
Dibertsitate biologikoa
4000 milio urtetako eboluzioaren ondorio da, eta eboluzio honen
ondorioz espezie ezberdin ugari sortu dira. 1.400.000 landare-
eta animali-espezie deskribatu izan dira, baina hauek benetan
existitzen diren guztien 5%-a baino ez direla uste da. Eboluzio
prozesu honetan espezie batzuk beste batzuk ordezkatzen dituzte,
baina, gaur egun gizakiaren eraginak iraungitze naturalaren erritmoa
azeleratu du.
Dibertsitate biologikoa
eta habitaten dibertsitatea mantendu behar da interes orokorreko
ondare bezala, baita superbibentziako arrazoiak direla eta. Medikuntzan
eta elikadurarako erabilitako hainbat konposatu izaki bizidun
basatietatik lortzen dira.

Padurak inguru akuatiko
eta itsasadarren arteko trantsizio eremuak dira, eta ekosistema
lehortarrekiko minoritarioak dira. Eremu hauek betetzen dituzten
espezieen ezaugarri taxonomiko, genetiko, ekologiko eta fisiologikoak
eta baita prozesu ekologikoen konplexutasuna errepika ezinak eta
esklusiboak dira. Uraren biltegi direnez, uholdeen kontrolean
zerikusi handia dute, padurek kostaldeko perfilak eta barnealdeko
lur eremuak gordetzen dituzte. Mareen dinamikan elementu erregulatzaile
izateaz gain, elementu kutsakor ezberdinen erretentzioan garrantzia
dute, eta baita uren depurazioan ere. Ekosistema hauek paper oso
garrantzitsua dute flora eta faunaren kontserbazioan. Padurek
komunitate ugari eta ezberdinak mantentzen dituzte eta adibidez,
arrantzarako garrantzitsuak diren zenbait arrain espezieren ale
gazteek bertan igarotzen dituzte bizi zikloko lehen faseak eta
hegazti migratzaileek pasaleku bezala erabiltzen dituzte eta era
berean sistema zabalagoen dinamikan duten garrantzia agerian gelditzen
da. Horrezaz gain, gainerako lurraldeek baino emankortasun handiagoa
erakusten dute, udaldietan aktibo dirautelako inguruko lursailak
lehortu egiten diren bitartean. Guzti honegatik esaten da bertan
ematen diren erlazio ekologiko, aberastasun floristiko eta faunistikoak
errepika ezinak direla.
Padurak baliabide
ekonomiko, kultural, zientifiko, turistiko eta jolasgarri dira,
jasan izan duten presioa kontuan harturik, babes, kontserbazio
eta birsortze estrategiak behar dituzte. Zona hauek berezkoa dute
balio ekologiko eta naturalaz gain, ikerketa eta hezkuntza-helburuko
zona bezala bereizten dira eta baita singularitate berezia edukitzeagatik
ere.

Gaur egun gora egiten
du ekosistema hauek duten balioen kontserbazio eta mantenurako
egiten diren esfortzuak, baita berreskurapenerako egiten diren
esfortsuak ere. Baina era berean, eta tamalez, ekosistema hauen
ingurugiro balioen ezagutza nahiko geldoa izan da eta batzuetan
ere, suntsipenak ekiditeko beranduegi izan da, garapenerako erabili
izan diren zenbait irizpide egokiak izan ez dira eta.
Guztia laburbilduz
esan daiteke, guztiz beharrezkoa dela egoera onean aurkitzen diren
paduren mantenua ziurtatzea, baita euskal kostaldean zehar dauden
hainbat padura degradatuen errekuperazioa ziurtatzea ere. Itsasadarretako
dinamika eta funtzionamenduari buruzko ikerlanak bultzatu behar
dira hauen ezaguera eskasarekin ezin baita padura-ekosistema hauen
biziraupena ziurtatu.
BEGIRATUTAKO
BIBLIOGRAFIA
Aseginolaza, C., Gómez
García D., Lizaur X., Montserrat, G., Morante, G.,
Salaverria, M. R. & Uribe-Echeberria, P.M. 1996: Vegetación
de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Eusko
Jaurlaritzako argitalpen zerbitzu nagusia. Vitoria-Gasteiz
Chapman, V.J. 1976: Coastal
Vegetation.. Pergamon Press, Oxford.
Figueroa, E.,
Martos, M.J., Rodríguez, M. & Fdez. Palacios,
J.M. 1985: Papel geomorfológico de Spartina maritima
(Curtis) Fernald y Spartina densiflora Bromg en las marismas
del río Oriel. Actas de la 1ª Reunión del
Cuaternario Ibérico 1: 367-378. Lisboa.
Eusko Jaurlaritza
1998: Euskal Autonomia Erkidegoko hezeguneen sektorekako
lurralde plana aurrerapidea. Lurralde antolamendu, etxebizitza
eta ingurugiro saila. Eusko jaurlaritza.
Eusko Jaurlaritza
1998. 1998ko Ingurugiro Egoera Euskal Autonomia Erkidegoan.
Lurralde antolamendu, etxebizitza eta ingurugiro saila.
Eusko Jaurlaritza. |
Sorkunde Mendarte, Isabel Albizu,
Ibone Amezaga eta Miren Onaindia, Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak
Saileko bazkideak |