Koldo
Ameztoi, Amikuzeko herri ttipi batetan sortua da, telebista baino
lehen, ahozkotasuna bizi zen garai haietan. Koldori esker ahozkotasun
hori bizi da oraino, bera ahozkotasunetik bizi baita: bere lana,
kondalari. Ipui zahar ala berri kondatzen ditu bai Euskal Herrian,
bai Euskal Herritik kanpo, bai Euskal Herriko, bai Euskal Herritik
kanpoko altxorretarik hartuz. Berak asmatzen dituenak bestalde.
Inspirazioa errexten dio Otsozelaiko harpeetan bizi diren laminen
auzo izateak. Nork daki ez ote dituen batzutan ilargi xuritara
ikusten, Eltzarruzeko"laminen bidean" gora behera ibilki: mendi
horren xolan dauka etxea.
-Haurtzaroan,
etxeko giroa nolakoa zenuen? Etxean aita-amak euskaldunak nituen hizkuntzaz eta izatez.
Nire haurtzaro eta gazte denboretan, oralitatea, ahozkotasuna
zen errege gure herrietan. Gure etxean behintzat, telebistarik
ez zegoen, irratia bai (frantsesez soilik, garai haietan)... Aitak
eguneroko kontakizunak etxera ekartzen zizkigun eta kontatzen
(errepide eta zubi konponketarako langile funzionaria zen): lantokietan
berak entzun eta erabilitakoak hiru hizkuntzetan pasatzen zizkigun:
euskaraz, kaskoinez eta frantsesez. Ondotik, amak, etxeko eta
inguruetako gertakarietaz beste aipamen batzuk ekartzen zituen,
gainera. Aste bukaeretan bestalde, aita-amak, biak ehiztari edo
arrantzale izanez, bi aldiz kontakizun gehiago, belarrietatik
gogoan sartzen zitzaizkidan. Mintzatzen denak ereiten badu,
isilik dagonak biltzen du! Eta alderantziz ?
-Ondorioz, hizkuntza eta kultura zale bilakatu zinen?
Bai, nire gogoa hizkuntzari eta hitzari zabal zabalik neuzkan,
beti egarri. Orain ere funtsean, beti gosez daukat. Euskarazaleari,
euskal kulturzaleari bezala, beltz, arabiar, edo beste edozeinen
hizkuntza eta kultura (kantu, musika, bizitzeko era, sukaldaritza,...)
bisitaz datorrenari, nire adiskide eta auzokidebezala
irekitzen dizkiot nire bihotz eta etxeko ateak. Gogo onez, eta
pozik.!
-Nolaz antzerkiaren ildotik abiatu zinen
ba?
Ttipi-ttipidanik,
bakarlari eta zoko-mokozale, mutiko isil eta lotsatia izan naiz.
Nire baitako alde ausartena (hau banuenik ere ez jakinez!) ezagutu
nahian edo, antzerki munduan, Lizeoko antzerki klubean sartzeko
parada ukan nuen eta, jo aurrera...
Ausartziarekin topatu nintzen ere, behin. Zer gozamena! Zer poza!
Hortik aurrera, antzerki ikastaro motz eta luzeagoetan, "Chiméres"
taldeko antzezleekin, beste hango eta hemengo artista batzuekin
hamaika ikastalditan parte hartu nuen (beti euskaldun bakarra nintzela,
ezagun guti eta inguruan gehienak neskak zirelarik...): maskara,
arnasa, ahots, kantagintza, bat-bateko joko, dantza, ipuina, ...
Gorputzaren barneko eta kanpoko oreka eta desorekak aztertzen, ikertzen,
probatzen, eta irudimenaren askatasuna bilatzen. Ez banaute sekula
nire herabetasunaz "sendatu" ere, balio du "zeharbide" horretatik
eskapadatxo bat egitea! Benetan. Denbora berean, Garaziko "Hiruak
Bat" eta Hazparneko "Bordaxuri" antzerki taldeekin lan zerbait egin
nuen. Praktikatzeko bezala...
-Eta gero, "hitzarekilako" ofizioa hautatu
zenuen, ez?
Betitik artisau-ofiziala bakarlari eta eskulangile izan nahi nuen.
Horretan ere saiatu nintzen gazte denboran, etxegintzako teknikak
ikasi eta gero morroi, harategiko langile, hargin eta zurgin,
arotz eta etxe-marrazkigile, arkitekto gisa ere. Eta orain ere
berdin, uste dut beti artisau-ofiziala naizela. Iparraldean, abertzaletasunaren
lehen urratsek, euskal kantagintza eta antzerki berriek, ikastolen
hasierako mugimenduak eta helduen alfabetatze-euskalduntzeko irakasleekin
batera bide puska bat egiteak (AEKan, hiru urtez kolaboratzaile
izan zen) bultzatu ninduen artista bidetik, euskara eta euskal
herriko kultura besapean ; ipuina, makila gisa neramala. "Euskal
Herriko itzulia" abiatuko nuen, hortik urrunago ere nire pausuak
luzatzeko gero nire "compagnonnage", kontalari ofizioan abiabide
bat bezala urratzeko...
-Baina, ez nolanahiko bidetik: -"Ez" erran, "bai" egin - sendatik
ere ibiltzeko behartua izango zinen ere, besteak bezala?
Eskola ttipitiko ikasle nintzenetik, jadanik "ez" erraten eta
egiten hasi nintzen, eskolan bertan eta gero elizan. Oldarkeria
ttipi batzuk gogoan dauzkat
oraindik. Nahi nuena ez baldin banuen ere argi nire baitan, zer
ez zuen nahi banekien! ...
Berantago berdin, irakasle, nagusi edo agintari edozeini ere ez
diet sekula "bai" osoa erran edo eman. Beti "ez" puska bat gogoan
eta ekintzetan atxeki izan dut: askatasun apur bat neretzat gordetzeko
bezala. Gaur ere, nire bakarlari lana, artista bizia eta artearen
bide zuzenena hautatu eta aurrera eramateko, frangotan "ez" esaten
badakit. Hautu hauek, ez didate eguneroko ogibidea borobiltzen,
murrizten baizik, baina... ausartu behar da hori egiten, bestela
?! ... Gero funtsean, laster ohartzen zara bi "ez"ek ekartzen
dizutela, "bai" on bat errateko eta egiteko aukera. Gure etxeko
jabeak erraten duen bezala: - Gure ardi horiek, hobe dute "ase
on bat bi gose baino".
-Bakarlari zoaz beraz, zakua indarrez eta... ahuleziez beterik?
Bai, bakarlaria naiz nire lanean eta ere, militante gisa, ahal
bezain zintzoki nire laguntza soila ekarriz, ekintza xumeak eramanez,
beti. Taldearen indarrean sinesten dut eta hau gogotik onartzen,
baina banakoek osatutako elkartea bada. Bestela,...tirrit !..
ez du taldeak balio handirik, ez iraupenik izango.
Nire kreazio "garrantzitsuenak", gehienak euskal mitologian oinarriturik
daude: "Ibarxola", "Apanize" Pascal Gaigne musikariarekin, "Maribil"
Maddi Oihenartekin, "Makilargi", eta azkenik lantzen ari naizen
"Harriola Marriola". Ipuin hauek landuz, gero salduz eta kontatuz
bizi naiz. Denborarekin, ibilian ibiliz, eskuin eta ezker, Hego
Euskal Herritik, Frantzian gaindi ipuin ekitaldi eta festibaletan
kontalari, "francophonie" delako herrialdeetan zehar,... Diru
laguntzarik eskatu gabe, dosier, bulego, diru-iturri banatzaile
"mekanika-makinak" alde batera utzirik, gure politikoen aurretik
pasatu barik, beti aurrera banabil... Urrunetik agurtxo bat
egin eta aparte egonik hobe ! Gogoa eta hitzak libre eta ekintzak
libreago oraino.
-Biziak nonbaitik ekarriak eta hurbileko ontasunak,
berdin erabiltzen dituzula dirudi?
Nire bizi eta laneko erritmoek, bilatzen ditudan isiltasun eta
inguru baketsuek (hartz bat naizela esango dizu nire bizilagunak),
eta berrehun lagunekin baino birekin hobeto izateak ematen dit
ingurua ikusi,
entzun eta gozatzeko denbora eta atsegina. Gure lurrak eta jendeak,
izadiak eta elementuak ikuskatuz, beren baitan betitik dauzkaten
gai, keinu, sinbolo, hatz eta aztarnak, kanpoko eta barneko irudi,
izen eta izanak, errito eta mitoak, gorde nahi eta ezinak, ideia
eta gogoak, ikertzen eta usaintzen, leitzen eta jakiten, ikusi
eta "irakurtzen", entzun eta biltzen saiatzen naiz. Ez sakratuak
balira bezala erabiltzeko, baina lehenik nire izatea egituratzeko,
eta gero, ipuinbakoitzaren lau izkinetan oinarri sendo bezala
erabiltzeko. Elementu horiek nire sorkuntza mamia barnegituratzen
laguntzen dute ipuin bakoitzari "arima", "izpiritu" zerbait ekartzen
diotela ; aitzina joateko gidatzen. Entzuleek ez badute ere dena
ikusten lehen begi ukaldian, belarriek entzun dukete!... Gero
berdin gogo txoko batean nonbait geldituko zaie, batzuei bai ,
besteei ez... Baserri giroan hazia izana naiz, izadiaren baitan
murgildua (nahiz eta, ez laborari seme izan), orduan, animali
eta landaretza, kanpo eta mendialde, oihan eta errekak gogoan
dauzkat beti, eta maiz begien bistan. Naturaren erdian bizi garela
eta honek, nahitaez, bizian beti eramaten gaituela aitzina.
-Atzokoak eta gaurkoak bilduz, biharkoa hornitzen ari ote
zara?
Hau da nire helburuetarik bat. Lehengo sinesmenak; gaurko, hango
eta hemengo erlijio eta sinesteak; ospakizun eta erritualak,...
guztiei gogo bihotzak zabalik, errespetuz eta kuriositatez, ahal
bezainbat harrapatu, jakin eta ulertu nahiean ibiltzen naiz, begiaz
zorrotz eta beharriak xut. Maiz egoten naiz ere, oraingo eta gure
aitziñako izpiritualitateen arteko borrokak eta konparaketak
aztertzen ; uztarketak nire aldetik asmatzen. Badakit ez naizela
bakarra. Beste artista batzuk ere daude beti erne, olerkari, musikari,
kantari, margolari, zizelkari,... , "Arima"rik gabeko estetikak,
bakarrik ezin baitu bide luzerik egin. Euskal Herriko eta
kanpoko; atzoko, gaurko, biharko, eta eguneroko biziari eta edozein
gertakariei "kaptatuta",kasu handiena eman behar diet... Jakiteko
alde batetik, eta gai horiekin ere, biharko tradizio biziaren
eraikitze lana jarraitzeko, beste euskal "langile" guziekin batera...

-Ipuingintzan, beste artegintzetan bezala,
lehenik "jende" eta gero "artista" izan behar ote da
? Nahas-mahas, bietarik pixka bat... Den bezala naiz, nire
indar eta ahuleziekin, lan asko eta ausartia pixka batekin, ipuingintzan
hitzaren zerbitzari dihardut. Lehenik gaiak bilduz, osatuz, mamituz,
moldatuz, apainduz, batzutan artista adiskide bati edo besteari
laguntza eskatuz eta gero, ahotik belarrira, gure herritarrei
beraien altxorra, ondarea beste era batez berritzultzeko, eta
kanpoko jendeari, gure "gauzetaz" dakidana emateko... kontalari
nabil. Nora heltzeko ez dakit. Baina uste du, betiko berantarekin
helduko naizela... Hogeita hamar urtetan ipuin kontalari profesional
hasi nintzen, berrogei urtetan lehen semea ukan, berrogeita hamar
urtetan nire etxea eraikiko, eta lagun batek zion bezala, "besteak
baino berantako hilen haiz hain segur ?!... Ikusiko! Anartean,
hil arte bizi beharrez... Argazkiak: Jean Claude Broca
Euskonews & Media 119.zbk
(2001 / 4 / 20-27)
|