Bergarako
Udalak Eustaquio Aguirreoleari buruzko liburu bat argitaratu berri
du. Aldi berean, Udaleko Pleno Aretoan erakusketa bat ere antolatu
dugu. Bi ekintza horien helburua Eustaquio Aguirreolearen lana
ezagutaraztea izan da.
Hasiera Udal
artxiboan argazki fondoak jasotzeari ekin genionean, 1996an, argazkiek
duten informazio motagatik izan zen; eta ordutik aurrera artxiboko
egitasmoen artean izan dugu argazki fondoak jasotzea, antolatzea
eta hedatzea. Horrek, berriz, Bergarako argazkigintzaren historian
sakontzera eraman gaitu.
Horrela izan genuen
Eustaquio Aguirreolea argazkilariaren berri. Alde batetik, Bergarako
jende nagusiak beretaz hitz egiten zigun. Bestetik, artxiboan
Eustaquio Aguirreoleak ateratako postalak ere bageneuzkan. Gure
hurrengo pausua bere familiarekin harremanetan jartzea izan zen;
ez dira Bergaran bizi baina bertan dauzkaten ezagunei esker eurekin
egotea lortu genuen. Lehenengo momentutik oso harrera ona egin
ziguten eta gordetzen zutena erakusteko prest agertu ziren.
Eustaquio Aguirreolea
fondoa Familiak gordetzen zuen
fondoa herritarrentzako interesgarria zela baieztatu ondoren,
akordio batera iritsi ginen: Kristalezko plaka orijinalak garbitu
eta kaxa egoki batzutan gordetzea eta bidenabar internegatiboak
ateratzea. Internegatiboak Udalak jaso ditu eta handik irudiak
digitalizatu egin dira, "tif." formatuan bina kopia
eginez; bata familiarentzat eta bestea Udalarentzat. Harrezkero
Udalak irudiak erabiltzeko baimena jaso du, eta irudiak hartu
ondoren deskripzioa egin da datu-base batean.

Bergarako
bista orokorra, 1918 inguruan Egilea: Eustaquio Aguirreolea
Bergarako Udal Agiritegia. E. Aguirreolea fondoa, 0048.
Liburua Liburua,
beraz, egitasmoaren azkeneko urratsa izan da. Horretarako, argazki
fondoa eskuratu ondoren, Eustaquio Aguirreoleari buruzko ikerketa
egin dugu. Udal artxibotik bultzatutakoa izan arren, pertsona
ezberdinek parte hartu dute lan honetan, ikuspuntu osagarriak
jasotzea garrantzitsua dela uste dugulako.
Liburua honela banatzen
da:
- Hitzaurrea Leopoldo Zugazak egin
du.
- "Argazkigintzaren hasiera
Bergaran" Mikel Murgizu Bakaikoak idatzitakoa da.
- "Eustaquio Aguirreolea: biografia"
Arantzazu Oregi Goñik egindakoa.
- "Eustaquio Aguirreolea pintorea"
Ana Arregui Barandiaranek egindakoa.
- "Fondoaren kontserbazioa"
Pablo Ruiz Garciak egindakoa da.
- Katalogoa
- Postalak
Hasierako lau kapituluetan
Eustaquio Aguirreolearen bizitzan eta lanean sakontzea nahi izan
dugu. Irudiak soil-soilik argitaratzea ez dela nahikoa pentsatuta,
gure herriko argazkigintzaren historiaren lehenengo saioari ekin
diogu. Gure ustetan, tokian tokiko ikerketak eginez, denon artean,
argazkigintza nola, noiz eta zeintzuren artean zabaldu zen jakiteko
bidean egongo gara.
Esan bezala, lehenengo
kapituluan, argazkigintzak Bergaran izan zuen hasiera lantzen
da, Mikel Murgizuren eskutik. Datuak jasotzea zaila izan bada
ere, argi eta garbi azaltzen da Valleko III. kondeak –Jose Maria
Murua Gaytan de Ayalak– zuen zaletasuna, 1842. urterako Sevillan
atera zuen dagerrotipoari esker (kontuan izan behar da Daguerrek
1839.ean Parisen aurkeztu zuela bere asmakuntza). Bergarako handiki
honek bere bidaietan argazkiak erosten zituen; eta kontuan izan
behar da garai horretan oraindik argazkiak erostea ez zegoela
edozeinen esku, garestiak baitziren.
XIX.
mendeko bigarren zatian, 1854.ean hain zuzen, Jose Miguel Olazabal
gure herrira etorri zen bizi izatera. Azpeitiar hau Errege Seminarioko
marrazketako ikuskari laguntzaile zen, baina argazkilaria zela
era badakigu, Valleko IV. Kondearen argazki baten "J.M. Olazabal.
Pintor y Fotógrafo" jartzen duelako. Hasiera batean
argazkigintzaren eta marrazketaren arteko harremanak estuak zirela
ziurtatzen du honek.
Lehen aipatu dugun
Valleko IV. Kondeak –Ignacio de Murua y Balzolak- bere aitaren
zaletasuna areagotu egin zuen; argazkiak erostetik argazkiak egitera
pasatu baitzen. 1863an jaio zen Errotalde jauregian eta bertan
hil 1953an. Badirudi bere etxean sekulako laborategia zuela eta
milaka eta milaka kristalezko plaka zeuzkala. Tamalez, bere argazki
fondoaren zati txiki bat bakarrik heldu zaigu udal artxibora.
Badirudi, beraz,
Bergarak zituen berezitasunek —Errege Seminarioa alde batetik
eta hainbat familia dirudun eta errentadun bestetik— gure herriko
argazkigintzaren hasierarekin lotura zuzena dutela.
Eustaquio Aguirreolea,
Valleko IV. Kondearen garaikide da: 1867an jaio zen Bergaran eta
1953 hil zen Donostian. Bere lehenengo ikasketak Bergaran egin
zituen eta marrazketa klaseak ere hartu zituen Jose Miguel Olazabalek
izan zuen akademian. Bukatu zuenean, familiak zuen gozodendan
gelditu beharrean, Donostiara joan zen. Dakigunez, 1883rako joan
zen eta hango Arte eta Lanbide eskolan ikasi zuen. 1885ean, berriz,
ikasketa-planak aldatu egin zituzten, hiru atal ezberdin bereizteko;
bata industriala, bestea artistikoa eta azkena komertziala. Eustaquiok
atal artistikoa aukeratuko zuela uste dugu, bere ogibidea pinturara
bideratzeko asmoarekin. Ikasgaiak hauexek ziren: irudien eta adornuen
marrazketa, igeltsuzko kopiak, aritmetika eta geometria praktikoak.
Ikasketak 1888 inguruan bukatuko zituen, eta nota onak eta sariak
ere jaso zituela badakigu "La Voz de Guipuzcoa" egunkarian
azaldu zen artikulu bati esker.

Zubietako
zubia eta kalea mende hasieran (Postala) Egilea: Eustaquio
Aguirreolea Bergarako Udal Agiritegia. Juan Idigoras fondoa, R.
8742
Ikasketak bukatu
ondoren, Parisera abiatu zen ikasketak sakontzera. Hango Julian
akademia famatuan hartu zituen klaseak. Parisen zegoela, Gipuzkoako
Aldundiak ateratzen zituen dirulaguntzetara aurkeztu zen, baina
bigarren gelditu zen. Gero Erromara ere joan omen zen.
Berriz gure herrira
bueltatu zenean, 1891n, Juliana Josefa Aranarekin ezkontzeko izan
zen. Ezkonberriak Barrenkale 19ra joan ziren bizitzera eta etxe
bereko beheko solairuan denda jarri zuen Eustaquio Aguirreoleak:
drogeria, perfumeria, pintura, dekorazio lanak eta argazkilaria.
Gure ikerketaren arabera —industria-zergako datuak 1905ean hasten
dira—, Eustaquio Aguirreolea Bergaran zegoen argazkilari bakarra
zen. Argazkiak bere etxeko ganbaran ateratzen zituen egun-argia
aprobetxatzeko eta gero behean errebelatzen zituen. Eustaquio
Aguirreoleak 1918an utzi zien dekoratzaile eta pintura lanei.
Denda, berriz, Toribio Jauregiri traspasoan eman zion 1927an.
Eustaquio Aguirreoleak
pintura arloan egindako lana aztertu duena Ana Arregui Barandiaran
izan da. Esan dugun bezala, pintura ikasketak Bergaran hasi zituen,
Jose Miguel Olazabalen akademian, eta gero Donostiako Arte eta
Lanbide eskolan jarraitu zuen. Parisera joan ziren euskal artisten
artean, lehenengo taldean sartuko genuke; garai hartan joan baitziren
Manuel Losada, Nemesio Mogrovejo, Ignacio Zuloaga eta Pablo Uranga
euskal artistak ere Parisera, euren pintura ikasketak sakontzera.
Ez da batere erraza
Eustaquio Aguirreolearen pintura-lan guztiak zeintzuk diren jakitea.
Hala eta guztiz ere, ezagutzen ditugun pintura-lan gehienak 1891tik
1905-1910era bitartekoak dira. Aurretik San Martzial ermitarako
bi apostolu margotu zituen 1887an eta San Blas ermitarako beste
bi apostolu bi urte beranduago. Seguraski, egin zuen lehenengo
lan handia Antzuolako Errukizko Amaren elizan izan zen 1891n,
erdiko nabean dauden lau petxinetan, bakoitzean ebanjelari bat
margotu zuen eta. Aipatzekoa da, baita ere, Bergarako Udalarentzako
1900ean Pleno Aretoan egindako lana; badirudi orain dela gutxi
eraberritu den dekorazio lanaren egilea dela. Angiozarko San Migel
elizako presbiterioko bi hormetan ikus daitekeena 1901ean margotu
zituen; batean Familia Santua agertzen da eta bestean San Joseren
heriotza.
| San
Inazio irudia.
Seminarioko elizan kokatuta dago Gregorio Hernández-ek egindako
eskultura hau (Postala)
Egilea: Eustaquio Aguirreolea.
Bergarako Udal Agiritegia. B.K.E. (Ariz Ondo) fondoa, R.4827 |
Eustaquio Aguirreolearen
lanjarduna ez da honetan bukatzen. 1902tik aurrera Marrazketa
akademia bat zabaldu zuen bere etxean, Cayetano Bornerekin batera.
Mende honen hasieran, Gipuzkoako Aldundia dirulaguntzak ematen
hasi zen, udalek arte eta lanbide eskolak zabal zitzaten. Bergarako
Udalak, egoera hau aprobetxatuz, berarengana jo zuen eta udalaren
arte eta lanbide eskolako zuzendari eta irakaslea izendatu zuen.
Klaseak, 1906tik aurrera, azokarako egin berria zen eraikuntzako
azkeneko pisuan izan ziren. Ikasgaiak hauexek ziren: aritmetika,
geometria, marrazketa lineala, irudi marrazketa eta adornu marrazketa.
Lana alde batera
utzita, Eustaquio Aguirreoleak bazuen kulturarekiko eta Bergararekiko
ardura. Hori dela eta, gure herriko kultur ekintza askotan parte
hartu zuen; 1905ean izandako Euskal Jaietan adibidez, eta 1926an
Hilzoriko Kristoa Bergarara heldu zeneko III mendeurrena
ospatzeko egi ziren jaietako batzordekide ere izan zen. Beranduago,
1930ean ere, Eusko Ikaskuntzako V. Kongresua antolatzeko eratu
ziren batzordeetako bateko kide izan zen.
Liburuaren azkeneko
bi kapituluak Eustaquio Aguirreoleak berak egindako lana ezagutarazteko
dira. "Katalogoa" eta "postalak" kapituluetan
aldi berean Udaleko Pleno aretoan egindako erakusketan ipini direnak
azaltzen dira orohar. Argazkien katalogoak lan handia eman digu,
argazki bakoitzari buruz batere informaziorik ez zegoelako. Gure
asmoa bakoitza bere testuinguruan azaltzea izan da; hau da, non
aterata dagoen jakitea, noiz egina eta nortzuk azaltzen diren.
Horrek Bergarako jende nagusiarekin hitz egitera, Udaleko aktak
eta espedienteak begiratzera edo/eta bere garaiko aldizkariak
irakurtzera behartu gaitu.

Dantzariak
San Martzial ermitaren aurrean, 1911 inguruan Egilea: Eustaquio
Aguirreolea Bergarako Udal Agiritegia. E.Aguirreolea fondoa, 0066
Liburua argitaratzerakoan
argazki bakoitzaren neurriak gorde egin dira, orijinala ahal den
gehien errespetatzeko. Denera 44 argazki dira eta gaika banatuta
daude. Lehenengo gaia Eustaquio Aguirreolea eta bere familia da.
Bigarrenen atalean Bergarako Arte eta Lanbide Eskolari buruzko
argazkiak ditugu. Hirugarrenean, berriz, herriko bistak eta kaleak.
Laugarrenak Bergarako arte lanak erakusten ditu. Bosgarrena argazkilariak
estudioan ateratako argazkiek osatzen dute. Hurrengo bietan, Bergaran
izandako ekintza sozial ugari daude: prozesioak, dantzariak, ikasleak.
Aurrerago, Bergaratik kanpo ateratako argazkiak agertzen dira:
Elgetan, Zumaian, Arrasaten eta Antzuolan. Azkenekoak, berriz,
Bergaran egondako beste argazkilari baten argazkiak —Jose Miguel
Olazabalenak— eta argazkizale batenak —Valleko Kondearenak— dira.
Eustaquio Aguirreoleak
Bergarako postalak ere egin zituen. Askotan erabili izan diren
argazkiak izan arren, gehienetan ez da egilea aipatu izan. Denak
1905etik aurrerakoak dira. Hiru bilduma kaleratu zituen; bi postal-bilduma
"Vergara. 10 tarjetas postales" izenarekin; eta hirugarrenean
"E.A. Vergara" eta agertzen denaren identifikazioa tinta
gorriz azaltzen da idatzita. Postal horietan gure herriko arte-lanen
(Hilzoriko Kristoa eta San Inazioren eskultura, adibidez) eta
etxe dotoreen (Zavala etxea - Errege Seminarioko laborategia egon
zenekoa - edo Olaso dorrea adibidez) argazkiak agertzen dira.
Garai hartan Bergara ezagutarazteko modu bat zen, postalak bidaltzeko
ohitura edo moda zabaldu zelako.
Arantza Oregi Goñi, Udal
Artxibozaina |