Ez
da erraza José Sanmartínen jarduera profesionala
lerro gutxi batzuetan biltzea. Hainbat eta hainbat dira egun dituen
funtzioak: Valentziako Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateko
zuzendaria da, Valentziako Ikerketen Organismo Publikoko Zientzia
eta Gizartearen Institutuko zuzendaria, Humanitateen Saileko koordinatzailea,
Zientzia eta Teknologiari buruzko Ikerketen Institutuko (INVESCIT)
zuzendaria, Belgikako European Association on Society, Science
and Technology (ESST)-ko zuzendariorde ohia, eta Indarkeria Aztertzeko
Reina Sofía Zentroko zuzendaria. Azken honen egoitzan egin
zigun harrera.
Bere ibilbide profesional luzean zehar, organismo askotan ibili
da José Sanmartín, eta kargu desberdin ugari izan
ditu. Aipa ditzagun esanguratsuenak: Alexander von Humboldt Fundazioko
ikerlaria (1974-76, 1986) Akisgrango (Aachen) Goi Eskola Teknikoan
eta Seewiesen-go Max Planck Institutuan, Europar Batasuneko TEMPUS
(Teaching Social Assessment of Science and Technology) Proiektuko
zuzendaria (1991-94), eta EEBBetako Society for Philosophy and
Technology-ko presidentea. Era berean, hirurogeita hamabost idazki,
bost liburu eta kontaezin monografiko, konpendio, mintegi eta
monografia idatzi ditu. Zalantzarik gabe, Espainia eta Europako
zientzialaririk garrantzitsuenetariko bat da aurrean duguna.
-Ikuspegi zientifiko eta teknologikotik,
zein da zure iritzian XX. mendearen legatua? Legaturik
garrantzitsuena, nire ustez, teknologia biologikoen garapena da,
eta zehazkiago, Giza Genomaren Proiektuaren inguruan garatutako
teknologia. Izan ere, teknologia hauei esker, bide berrietatik
doan medikuntza mota bat ari da garatzen: medikuntza prediktiboa.
-Medikuntza hori izango al
da gure ondorengoei utziko diegun legaturik nabarmengarrienetarikoa? Bai, inolako zalantzarik
gabe. Ikuspegi zientifiko eta teknologikotik begiratuta, XX. mendean
bi aro izan dira, erabat desberdinak: mendearen lehen erdian,
aurrerakuntza fisikoak izan ziren nagusi, eta bigarren erdian,
biologikoak. Garapen biologiko hori oso garrantzitsua izan da
giza genomari buruzko ikerketak egiteko. Dagoeneko badakigu zeintzuk
diren gure genoma osatzen duten hiru mila milioi oinarri pareak
-ez da ez, txantxetako kopurua- , eta zein ordenetan dauden ere
bai. Gero eta gene gehiago ari gara identifikatzen, eta horri
esker gero eta gaixotasun hereditario gehiago diagnostikatu ditzazkegu;
lehenengo sintomak agertzen hasi baino askoz ere lehenago gainera.
Oraintxe ari gara medikuntza prediktiboaren lehenengo pausoak
ematen.
-Izan duen eragina ikusita,
XX. mendeko zein pertsonaia azpimarratuko zenuke? Eta, alderantziz,
nor iruditzen zaizu ahazteko modukoa? Ahaztu,
ideologia suntsitzaileen alde aritutako zientzialariak ahaztuko
nituzke. Zientzialari hauen prototipoa Joseph Mengele izan zen
ziur aski, zorigaiztoko genetikari nazia. Baina, hala ere, asko
dira azpimarratzeko moduko pertsonaiak. Watson eta Craig Venter
aipatuko nituzke, biologian egindako ekarpenengatik. Watson, azido
desoxirribonukleikorako helize bikoitzaren ereduaren egileetariko
bat izan zen, eta, Venter, giza genoma sekuentziatu zuen lehenengoa
izan zen. Fisikaren arloan, ez dut uste Albert Einsteni konpara
dakiokeenik dagoenik, baina nolanahi ere leku berezi bat egingo
nioke Werner Heisenberg-i, Alexander von Humboldt Fundazioko presidenteari,
kuantikari egindako aportazioagatik.
-Zein da Globalizazioaren inguruan
daukazun iritzia? Globalizazioak,
gauza guztiekin gertatzen den bezala, bere alde onak eta txarrak
dauzka. Baina, nire ustez, askoz ere alderdi positibo gehiago
dauzka negatiboak baino, batik bat komunikatzeko eta informatzeko
bitarteko berriei dagokienez. Garapen bidean dauden herrialdeek,
eta azpigaratuta daudenek, etekin handia atera diezaiokete. Argi
dago Globalizazioak merkataritzari ere eragiten diola, eta hor
ondorio positiboak eta negatiboak izan ditzake. Eta ondorio negatibo
askoren errua delinkuenteen organizazio transnazionalek daukate,
berentzat sarea oso egokia delako kapitalak ia batere kosturik
gabe zuritzeko.
-Topikoa dirudien arren, zeintzuk
izango dira mende berri honetako erronkak?
XXI.
mendean sartu bezain laster, zelulen muga nuklearra hautsi dugu,
eta gizakiaren eremurik pribatuena aztertzen hasi gara, hau da,
genoma. Gene berriak aurkitzen ere ari gara. Geneetan, bizitzaren
gora-behera guztiak daude idatzita, liburu batean bezala. Beraz,
nik uste dut arazorik larrienak ezagutza genetikoak diskriminatzeko
erabiltzean sortuko direla. Alegia, pertsona batek geroan gaixotasun
hereditario sendaezin bat izango duela jakinez gero, posible da
osasunean, hezkuntzan edo lanean diskriminatzea. Eta, arrazoi
genetikoengatik diskriminatzeko aukera horren aurrean, gizartean
debatea piztu beharko litzateke, eta lege eta arau egokiak sortu.
-Ingeniaritza genetikoa eta
TKIak (Teknologia, Komunikazioa, Informazioa) izango al dira XXI.
mendeko zientziak? Nik
uste dut mende honetako aurrerapenik handienak informaziorako
teknologiak eta teknologikoa genikoak bat egitean emango direla.
Orain bertan biotxip izeneko teknologia berriak lantzen
ari dira diagnostiko genikoen inguruan. Biotxip hauei esker,
pertsona baten ADNa azkar batean azter daiteke, gaixotasun hereditariorik
izan ote dezakeen jakiteko, eta zein sendagai zehatz beharko dituen
ikertzeko. Biotxipa farmakopea zehatz baten oinarria da,
zeren gaixo guztientzat sendagai bakar bat ekoiztu beharrean,
pertsona bakoitzari berea prestatu beharko zaio. Oraingoz bidearen
hasiera-hasieran besterik ez gaude, baina etorkizuna oso oparoa
izango dela dirudi.
-Zein leku izango du ekologiak
panorama horretan? Hain zuzen ere, esandako
guztiaren atzean ingurumenaren arazoa dago, arazo larria gainera.
Aplikazio teknologiko gehienek eragina izango dute bai gizartean,
bai ingurumenean, eta zenbait kasutan oso eragin handia. Hor ditugu,
adibidez, energia sortzeko teknologia nuklearrak, edota elikaduran
erabiltzen direnak. Oraingo
teknologiak sintetikoak dira batik bat; molekula eta organismo
biziak sintetizatzen dituzte, orain arte izadiak bakarrik ekoiz
zitzakeela pentsatzen genituenak. Hortaz, gaur egungo teknologiak
prozesu naturalak aztertu bakarrik ez, baizik eta sintetizatu
ere egiten ditu, eta horrek hautsi egiten ditu naturaltasunaren
eta artifizialtasunaren arteko mugak. Hori, ingurumenaren ikuspegitik,
oso arriskutsua da, baina ez dugu ostrukarena egin behar, ezertaz
konturatu nahi izango ez bagenu bezala. Ez dugu hondamendien aurrean
gaudenik ere pentsatu behar. Arriskuen aurrean prospektibaz, arrazionaltasunez
eta eraginak ebaluatuz jokatu behar da. Gainera, ebaluazio horien
ondorioak praktikan jarriko direla esaten denean, sinistu egin
behar da.
-Zientzia aplikatuek arazo
materialak konponduko al dizkigute? Arazo
batzuk konpondu egingo dira, baina, beti bezala, beste batzuk
azalduko dira, larriagoak agian.
-Zeintzuk izango dira gizakia
bultzatuko duten indar nagusiak? Zalantzarik
gabe, ezagutza izango da mende berri honetako indar nagusia.
-Zenbateko garrantzia izango
du hiritarren hezkuntzak? Nola hartuko dute parte beraiengan eragina
duten akordioetan? Hezkuntzak izugarrizko
garrantzia izango du. Garapen teknologikoek daukaten -eta izango
duten- boterea ikusita, hiritarrek erabakiak hartzeko unean parte
hartzeko moduren bat bilatu beharko da, beren ahotsa entzun ahal
izan dadin. Ni parte hartzeko mekanismo demokratikoak sortzearen
alde nago, garrantzitsuak diren gaien inguruan gizartean eztabaida
piz dadin. Garapen teknologikoa, hain zuzen ere, gai horien artean
legoke. Nire ustez, Botere Exekutiboari, Legegileari eta Judizialari
aholkuak emateko mekanismoak sortu beharko lirateke, gizarteak
garapen zientifiko teknikoei buruz pentsatzen duena entzun dezaten.
"Ebaluazio sozialeko prozesua" deitzen zaio horri.
-Zer izango da immigrazioa
Europarentzat, arazo bat ala aberastasun iturri bat? Ba al dago
tolerantziaz eta integrazioaz hitz egiterik? Immigrazioak
aberastasun iturria izan beharko luke. Behar-beharrezkoak diren
mugez gain, ez luke muga batek ere egon beharko. Nire ustez une
honetan Europa immigrazioaren beharrean dago, lehen Estatu Batuak
egon ziren bezala. Immigrazioak mota guztietako aberastasuna ekarri
beharko luke, ekonomiatik hasi eta kulturara bitarteko arlo guztietan,
biologia ahaztu gabe. Biologikoki puruak diren gizakiak sortzeko
endogamiak, azkenean, gaixotasun hereditarioz betetzen du gizartea.
.Mende honetan lehiakorragoak
izango al gara? Argi
dago lehiakorrak izaten jarraituko dugula, baina lehiakortasuna,
bere neurrian, ona da. Neurriz kanpo ez, jakina. Hala ere, altruismoz
jokatu beharko genuke, ez orain bezala, lehiakortasuna handitzeko.
-Zein paradoxarekin egingo
dugu topo? Gai izango al gara sortzen zaizkigunei aurre egiteko? Agian,
sortzen ari garen gizarte berrian taldeen arteko bereizketak egingo
dira, bakoitzak ezagutzak eskuratzeko izango duen gaitasunaren
arabera. Teknologiaren ondorioz, ezagutzak eskuratzerik izango
ez duten taldeak sor litezke. Eta horri, arrazoi genetikoengatik
sor litezkeen diskriminazioak gehitu behar zaizkio.
-Ez al zaizu iruditzen hainbesteko
gaitasun teknikoa izan arren, oso proiektu gizatiar eta ideologiko
gutxi dauzkagula? Bai horixe. Erabat
ados nago. Horregatik, teknologiaren ebaluazio sozial bat egin
behar da, ebaluazio horrek giza garapenaren proiektuak, baloreak
eta abar hartzen dituelako kontuan. Zoritxarrez,
gizarteak gero eta garrantzi gutxiago ematen dio Humanismoari,
eta horrek, epe luzera, garapen zientifiko teknikoa kalte dezake.
-Teknikoki posible den oro
egin behar al da? Marko etiko, sozial
eta legalak egotea garrantzitsua da, batez ere ekintzak delikatuak
direnean; adibidez, potentzialitate handia daukaten teknologien
kasuan, arriskuak benetan larriak direnean. Ez da teknikoki egin
daitekeen oro egin behar, baizik eta gizartearen arabera egokia
dena. Arauek, balioek eta senak ipini behar dizkiote mugak teknologiari. Argazkiak: Valentziako Generalitatea eta Diario Médico
webguneetatik
Euskonews & Media 116.zbk
(2001 / 3 / 23-30)
|